113 Zenbakia 2001-03-02 / 2001-03-09

Gaiak

Zumarragak Areriako Alkatetza Nagusiaren antolakuntzarekin izandako harremanak

PRADA SANTAMARÍA, Antonio

Zumarragak Areriako Alkatetza Nagusiaren antolakuntzarekin izandako harremanak Zumarragak Areriako Alkatetza Nagusiaren antolakuntzarekin izandako harremanak * Antonio Prada Zumarragako historiaren lehenengo urteak iskanbilatsuak izan ziren, dudarik gabe. Lurralde hauek oso zailtasun handietan murgilduta zeuden: orokorrean, Gaztela guda zibil gorrian zegoen, eta euskal herri mailan, historiografiak "bando gerra" deitutakoan murgilduta zeuden gure lurrak. Orduantxe, gure herriak Lazkaoko Jauntxoaren (oñaztarren burua zen, eta horregatik goi mailako handikia) menpe ez geratzearren borrokatu zuen. Zumarragaren historian zehar izandako lehengo agiria, hain zuzen, 1366an Gaztelako Koroa hartu nahi zuen Trastamarako Enrikek Francisco López de Lazcano, Lazkaoko Jauntxoari, Zumarragan zegoen monasterioa ematen zionekoa izan zen , herriaren lehenengo eraikin ezaguna eta, halaber, parroki elizaren aurrekaria. Horren bitartez, Lazkaokoak Pedro I. Errege ofizialaren aurkako guda zibil eta krudelean eskaintzen zion laguntza ordaintzea pentsatzen zuen. Emate hori zumarragarrentzat kaltegarria izan zen oso, alde batetik lehen klerikoei bakarrik ematen zizkieten hamarren eta beste zerga batzuk ordaindu beharko zizkiotelako Lazkao Etxeari, eta bestalde, bertako biztanleei Lazkaoko Jauntxoa ez zela eliza zerga batzuk kobratzearekin konformatuko pentsarazi zielako, baizik eta, garai horretan bizi zen guda zibil krudelaren giroan, Lazkaokoak biztanleria erabat menperatu nahiko zuela, bere jauregitik gertu zeuden beste herri hurbilagoekin egin zuen bezala. Biztanleen egoerak ondorengo urteetan okerrera jo zuen, Gaztelako guda (Enrikeren garaipena ikusi zuena) bukatu eta gero. Txartze horren ondorioz, 1383. urtean, inguruko biztanle ausartenak edo interesatuenak, hiri babestu bat sortzearen eskaerarekin, Juan I. erregea zegoen lekura abiatu ziren (koroaren menpe egon behar zuena), eta erregeak, Segoviatik, 1383. urtean "Villa Real de Urrechua" fundatzea erabaki zuen. Sortutako hiriajendeztatzera joan ziren hogeita lau zumarragar eta ezkiotarrei, eta handik aurrera hiri horretara bizitzera joango ziren pertsonei, segurtasun eta pribilegio sorta bat eman zizkien horrela. Erregearengana joan ziren biztanle horiek gizarte eta ekonomia arloan goi mailakoak izan behar zuten; argi dago ez zirela herriko biztanle umilenak izango. Erregeak sortutako hiria aprobetxatu nahiean, berarengana joan ez ziren zumarragarrek, eta, ondorioz, pribilegio horiek ez zeuzkatenek, kolektiboki haietaz baliatu nahi zuten, eta hori lortzearren, 1383.eko abendutik 1384.eko martxora arte, Villarrealeko 24 biztanleekin batera Zumarragako Andre Mariaren parrokiaren lurraldepean zegoen eremuan (goian aipatu dugu, lehenengo monasterio hura ordurako parrokia zela) Urretxuko biztanleek zeuzkaten mesedeak gozatzeko beharrezkoak ziren pausoak eman zituzten. Nahiz eta pauso horiek erregeak berak 1386an berretsi, biztanleen bi nukleo horien elkartzeak ez zuen arrakasta handirik izan, eta huts egite horretan zerikusi handia izan zuten Bandoen borrokek, kontuan izanik, gainera, Bando hauek Urretxuko udal boterearen barruan sartzera iritsi zirela Garai hartan Gipuzkoako lurretan zeuden hiri eta herrien ermandadearen laguntza izanik ere, zeina 1390. urtean Zumarraga Urretxun bildu zen, Zumarragak Lazkaoko Jaunaren pean jarraitu zuen, eta Villa Real de Urrechua bera Erregeak emandako askatasuna galtzeko zorian zegoela, itun bat sinatu zuten bi herri hauek Segura hiri handiarekin, azken honen auzotasunean sartuz. Itun hau 1405eko uztailaren 15ean Enrike III.ak eta 1407ko uztailaren 4ean Juan II. erregeek berretsi zuten. Baina elkartze hori ez zen iraunkorra izango, ez baitzegoen gogoz eginda, baizik eta gutxieneko askatasun batzuez gozatzen jarraitzeko, Segurak leku hauetan bere lurraldetasuna zabaltzearen truke. Horregatik, eta hiru herri horien artean iskanbila batzuk gertatu eta gero, banandu egin ziren, Juan II. erregeak 1411ko martxoaren 26an berretsi zuen akordio baten bidez. Segurarenbarne Ezkio herriak jarraitu behar zuela eta Zumarraga herriak bai Urretxutik kanpo, bai Seguratik kanpo geratu beharko zuela jarri zuen baldintza gisa. Aro berri bat hasi zen orduan Zumarragako herriarentzako; batetik, Erregeak fundatutako inguruko hirien babesetik kanpo geratzen zelako, eta bestetik, Lazkaoko Jaunaren boterepean geratu zelako. Ondorio hori aintzakotzat hartuta, oso zaila da Lazkaokoak Zumarragako herria Segura eta Urretxu hirietatik kanpo geratu izanean zuzenean edota zeharka eraginik izan ez zuela ukatzea, zeren handik aurrera, eta hurrengo 250 urteetan Zumarraga bere menpera pasatu baitzen, 1660. urtera arte. Zer gertatu zen Zumarragan 1411tik 1660ra arte? Ez dakigu ziurtasun osoz, baina, dauzkagun datuekin, zer gertatu zen jakiten saia gaitezke. XV. mendearen erdialdean, Zumarraga Juan Lopez de Lazcanoren eragin zuzenaren pean zegoen, eta gero bere seme Martín López de Lazcanoren pean. Horrela, Zumarraga, Lazkao Jauntxoek, Areriako Alkate Nagusiak izanik, hartzen zituzten erabakiak obeditu behar zuten herrien artean zegoen . Geroxeago, 1470eko martxoaren 21ean, Zumarraga Alkatetza Nagusiaren pean sartu zen formalki, baina Alkatetza hau, formalki ere, 1411. urtekoarekin konparatuz oso ezberdina zen, eta are gehiago hasierako Alkatetza Nagusikoarekin konparatzen badugu. Interesgarria izango litzateke une honetan Gipuzkoako lurraldeaz edota Alkatetza Handiez, eta, zehazkiago, Areriaz, datu batzuk ematea, Zumarragak XV. mendearen erdialdean berarekin izandako harremanaz hitz egin baino lehen. Gipuzkoako Alkatetza Nagusiak usadiopeko lurraldean zeuden, Gaztelako erregegoa baino antzinagokoak ziren eskubide eta erabileretan murgilduta, eta lurralde hau tokiz tokiko jauntxoek babestuta zegoen. Gipuzkoako lurraldeak (Gipuzkoako probintzia ez zen XV. mendearen erdialdera arte eratu) 1200. urtean Alfontso VIII., Gaztelako erregea, bere errege bezala hartu zuenean, hau eta bere ondorengoak lurraldearen jendeztatze era kontrolatze politika bat prestatzenhasi ziren (politika hau Nafarroako erregeekin hasita zegoen), hiri erreal sorta bat fundatzen, zeintzuei bere jurisdikzioa aplikatzeko lurraldea eman baitzieten. Horrela, Erregeek beren onerako mesede batzuk lortzen zituzten: a) Lurraldetasuna kontrolatu zuten. b) Leku desberdinetako biztanleen eskaerei irtenbide bat eskaini zitzaien. Biztanle horiek Jauntxoen menpetik atera nahi zuten, hauek biztanleek lortutako fruituen usurpatzaile zirelako. c) Tokiz tokiko nobleziaren boterea gutxitu zen. Erregeak babestutako hiriei emandako lurraldeekin, gutxitu egiten zen lehen Jauntxoen pean zegoen usadiopeko lurralde hori, eta, horrela, hauen diru sarrerak ere gutxitu egiten ziren. d) Gauzak horrela, lurralde horiei ahalik eta mozkin ekonomikorik handiena aterako zitzaien. Lehen, Jauntxoen menpean, biztanleek ez zuten kultibo intentsiborik egiten, baina behin lurralde horien jabetasuna lortutakoan, era horretan lantzen zuten lurra. Villa errealak sortzerakoan, usadiopeko lurraldea Sayaz, Aiztondo eta Areriako Alkatetza Nagusiek hiri horien estatutu juridikoa lortu zutenean agortu zen. Alkatetza Nagusiei oso azaleko azterketa bat eginik, esan behar da Erregearen eskutik Alkate Nagusiaren titulua jaso zuen biziarteko zaldun baten eskumen komunaren pean zeuden herriska desberdinez osatutako udal eremuak zirela. Dakigun bezala, Alkatetza Nagusiek ez zuten hiriek zeukaten estatutua, eta haiengandik askeak ziren. Dena dela, ez zeuden leinu landatarraren pean, baizik eta erregearen lurraldetasunaren pean (horren pean sortzen zituen erregeak hiriak), erregeak berak zuzenean izendatzen zituelako Alkate Nagusiak. Areriako Alkatetza Nagusiaren kasuan, Alkatearen kargua, formalki erregeak izendatzen zuen arren, 1461. urtera arte Lazkaoko Jauntxoek ondareztatu zuten. Dena dela, ondareztatze horrek ez zuen Lazkaoko Jauntxoak zuzenean aukera guztietan Alkate Nagusi izendatzen zirenik esan nahi, haiek izendatutako pertsonen bidez zeharka jardun zezaketelako, aukeratutako hauek karguaren jabeakizan ala ez. Honen adibide garbia da Ahaide Nagusiek (Gipuzkoako jauntxorik handienak, eta, horien artean, nagusiki, Lazkaoko Jauna) Bando Gerra luzean izandako istilu larriengatik XV. mendearen erdialdean Erregeari eragindako haserre biziaren ondorioz, Enrike IV. erregeak Fontuño de Anunzibay izendatu zuela Areriako Alkate Nagusi. Honek 1460. urtean kargua utzi zuen, ziur asko biztanleek konbentzituta, biziarteko Alkate Nagusi batek lehen Lazkaotarrek urteetan zehar eragindako gehiegikeriak errepikatzea ekiditeko asmoz. Horren ondorioz, 1461. urtean pribilegio handi bat eman zien Erregeak Alkatetzaren pean zeuden herriei. Pribilegio horren arabera, herriei urtero Alkate Nagusi bat aukeratzeko ahalmena ematen zitzaien, eta gainera Alkatetzari Donostiaren forua eman zion. Baina garrantzizko aldaketa formal honek ez zuen Lazkaotarrek Alkatetza Nagusiaren gain zeukaten boterearen galera ekarri, eragin hori izaten jarraitu baitzuten, nahiz eta ez lehen bezain modu zuzenean. Horren adibide, Areriako Alkatetza Nagusiaren aginte makilak Lazkaotarren Jauregian jarraitu zuela dugu. Biztanleek askatasun handiagoa izateko pauso handi bat emanda zegoen, baina pauso horrek gauzatze bat behar zuen, eta horregatik, barruko gobernuak nolakoa izan behar zuen idatziz jarri zen. Horretarako, Alkatetza Nagusiaren pean zeuden herri ezberdinen arteko tirabirak gainditu eta beren arazoen konponketa bi adituren esku utzi ondoren, ordenantzak prestatu zituzten. 73 kapituluz osatutako dokumentu honetan, Alkatetza Nagusiaren antolaketa politikoak nolakoa izan behar zuen arautzen zen. Horrez gain, beste arlo batzuk ere sartzen ziren: nola aukeratu udal karguak (hauteskundeek irailaren 29ro izan behar zuten); morala eta orden publikoa mantentzea, elizatan mantendu beharrekoa barnei, eta ekonomia administratibo arloko neurri batzuk, Alkatetza barruan zeuden herri guztiei zegozkienak (ordenantza guztian zehar, behin bakarrik ematen zaie herriei beren kabuz erabakitzeko aukera: mintegi edo sagarrondoitxietan sartzen baziren aziendak, lur zati horiek ixteko erak eta arauak apurtzen zituztenei zigorrak jartzeko). Alkatetza barruan zeuden herriak kasu guztietan era uniforme batean tratatzen ziren, salbuespen batekin: Arriarango herriak, bertako kargu publikoei ordaintzeko unean, hautazko epaia baitzuen. Alkatetzako lurraldeetan kargu komunak, Alkate Nagusi bat, bi Alkate Arrunt, hiru Juratu, Erregidorea, Eskribau bat, eta Probintziako Batzarretako Prokuradore bat ziren. Alkate Nagusia herri guztien artean aukeratzen zen, eta kausa zibil eta kriminalak epaitzeko ardura zuen (beste bi Alkate Arruntek ere bazuten ahalmen hori), eta baita pertsona batentzako heriotz zigorra jokoan zegoen kausak epaitzeko ardura esklusiboa ere. Bestalde, autoritaterik handiena zuen, zeina biztanleen artean banaketa ekonomikoak egiteko, Prokuradore bat Batzar Nagusietara bidaltzeko, edo guda kasuetan kapitain, alferiza eta bandera bidaltzeko erabil baitzezakeen. Berari zegokion, halaber, bide eta lursail publikoak mantentzea, galarazitako jokorik ez egiteko zaintzea, eta bileretara deitzea (bilera horietan Zumarraga, Itsaso, Lazkao eta Gabiriak, bakoitzak bi ordezkari zeuzkaten; Ezkio, Olaberria eta Arriaranek, aldiz, bakarra zuten). Honetaz guztiaz gain, Alkatetzako herrietan saltzen ziren elikagaiei prezioa ere jar ziezaiekeen; beste garai batzuk kontuan harturik, produktu hauek ardoa, pattarra, haragia, olioa eta kandelak izango ziren ziurrenik. Alkatetzako hiru Juratuek, diru gutxi zuten pertsonen interesak defendatu behar zituzten, ofiziozko abokatuaren lanak egiten. Horrez gain, Alkateek epaitutako pertsonei ezarritako zigorrak betearazi behar zituen. Zigor hauek, askotan, isunekin ordaintzen ziren, eta beste askotan, kartzelan sartzen zituzten; horregatik, kartzela Juratuen etxean bertan zegoen. Beste batzuetan, ofizio batean lan egiteko gaitasungabetze zigorra ezartzen zen, eta hainbat kasutan, erbesteratze zigorra. Zigor horiek betearazteko, Juratuari egindako edozein erresistentziazigor handiekin zigortzen zen; eta Juratuak, zigor horiek betarazteko zabarkeriaz jokatuz gero, joandakoen isunak ordaindu behar izaten zituen. Horretaz aparte, Juratuek Alkateek deitutako bilerak egingo zirela ziurtatu behar zuten. Erregidoreak Alkatetzaren ogasun eta ekonomia arloa garatu behar zuen, batez ere azokak zaintzen, salerosketetan inolako iruzurrik egon ez zedin. Merkatu deliturik komunenak hauek ziren: baimendutako salneurrian baino garestiago saltzea, neurrietan iruzurra egitea, neurtzeko tresna faltsuak erabiltzea, ardoak nahastea edo ardoari ura botatzea, ogiaren iruzurrezko salmenta egitea, eta abar. Horretaz gainera, Erregidoreak azokan saldu beharreko produktuen tasazioa egin behar zuen. Azkenik, Alkateak egindako diru banaketetan, dirua kobratu eta kontrolatu behar zuen. Lehenengo arautegi hauek ikusi eta gero (Zumarraga Alkatetza Nagusian egon zen garai osoan zehar egon ziren indarrean), gure herriak Alkate Nagusiaren pean zegoen Alkate Arrunt bat izan zuela esan behar dugu. Alkate Nagusi hau, Alkatetzaren pean zeuden zazpi herrien artean banatzen zen, herri bakoitzak zazpi urtetik zazpi urtera izendatzen zuela Alkate Nagusia. Bestalde, Zumarragak epe horretan Auzitegi edo epaiketak egiteko leku bat izan zuen; horretarako, Alkatetza Nagusiak zeuzkan bederatzi eskribautzetatik hiru zeuzkan Zumarragak (Lazkaok beste hiru zeuzkan, eta gainontzekoak Gabiriak, herri hauek ere Auzitegi bana zutelako). Zumarragak, bestetik, hiru eskribau arrunt izan zituen . Dena dela, gure herria Alkatetza Nagusiaren barruan ez zegoen gustura. Honela, Gaztelako erregeak mota guztietako enpresetarako diru beharrean aurkitu zirenean, Zumarragak XVII. mendearen erdialdean Felipe IV.ari Alkatetza Nagusitik aldentzea eskatu zion, eta ahalmena eman zekiola herriko Alkate bat izendatzeko, gainontzeko udal ofizioak barne, eta Alkatetza Nagusiak zituen bederatzi eskribauetatik bi eskribau arrunt. Hori guztia 1660. urtean lortu zuen Erregearengandik, Pedro de Ibarrola Kontadoreariehun dukat ordaindu eta gero, zeintzuk Madrileko Santo Cristo de la Ciencia eta San Agustin komentuetan egin ziren zortzidunetakoak ordaintzeko erabili baitziren. Hurrengo urtean, Zumarragari Areriako Alkatetza Nagusitik aldentzearen ondorioz hiribildu titulurik eman ez zitzaionez, Erregeak berak 1661eko urriaren 16an Erret Zedula bat eman zuen, Zumarragak hiribildu maila lortzen zuenekoa. Horretarako, tituluak lortzeko ordaindu behar izaten zen eskubidearen annata erdia ordaindu behar izan zuen, 938 marabedi hain justu, eta kopuru hori hamabost urtetatik behin ordaintzen jarraitu behar zuen, egin ezean lortutako onurak galduko baitzituen. Honela, Areriako Alkatetza Nagusiaren eta dagoeneko hiribildua zen Zumarragaren artean zeuden lotura guztiak apurtu ziren, Zumarragarentzat aro berri bat ireki zelarik. (1) Pertsona askok irizten dionaren aurka, Erregegaiak ez du dokumentu horren bidez tenplu horren patronatu eskubidea ematen, baizik eta askoz gehiago: jabetza, saltzeko eskubidea barne. Beste aldetik, patronatu eskubideak klerikoen aurkezpena barnebiltzen zuen, horrela aurkezleak biztanleriaren adimenen kontrola zuelarik. Patronatu eskubideak erakartzen ez zuena, hamarrenak edota beste zerga batzuk jasotzeko eskubidea zen. Beste gauza bat da Handikiek beren goi mailako bizimodua mantendu eta hobetzeko hamarrenak kobratzen zituztela hasiera hasieratik. Horregatik pentstzen du gaur egungo historiografiako heinhandi batek lotuta daudela patronatu eskubidea eta hamarrenak jasotzeko eskubidea. Praktikan, ordea, Elizarekiko latrozinio handi bat zegoela esan daiteke. (2) Ordurako Areriako Alkatetza Nagusiaren pean zeuden herrien artean zegoen arren, 1454ko otsailaren 26an jakinarazi zien Martin López de Lazcanok Zumarragako ordezkariei handik aurrera bera izango zela Alkate Nagusia, Juan López de Lazcano bere aitaren ordez, eta horregatik, bere aitari zor zizkioten eskubide eta betebehar berberak zor zizkiotela. Non: Iruñako Elizbarrutiko Artxiboan. Ikus 3.064, 6. zbkia,289 orr. eta ondorengoak. (3) Kuriositate bezala esan behar da Juan Martínez de Legazpi, Legazpi jauregiko jauna eta Filipinar Uharteak kolonizatu zituen Miguel López de Legazpiren aita, eskribautza hauetako bateko eskribaua zela, eta bera hil ondoren, Miguel López de Legazpi bera aurkeztu zela lanpostu horretara, eta Karlos V. Enperadoreak 1527ko apirilaren 12an Gaztelako Ganberari zumarragar ospetsu hau azter zezala agindu ziola. Non: Simancasko Artxibo Nagusian, Gaztelako Ganbera, Zedulak, 75. Zk., 438. Or. Atz. 439, eta INSAUSTI, Sebastian (1974), "Miguel López de Legazpi, escribano de Arería" lanean jasoa; non: Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, XXX, urtea, 1. Eta 2. Koadernoak, Donostia, 257. or. Antonio Prada, Historian doktorea Argazkiak: Lehenengoa, Zumarragako Udala; gainontzekoak, Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 113.zbk (2001 / 3 / 2 9) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria