111 Zenbakia 2001-02-16 / 2001-02-23

Elkarrizketa

Pilar Aróstegui: "Gasteizko Udal Artxiboan dauzkagun agiriek, bata bestearen atzean jarrita, kilometro eta erdiko luzera hartzen dute"

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Pilar Aróstegui Pilar Aróstegui, artxibozaina "Gasteizko Udal Artxiboan dauzkagun agiriek, bata bestearen atzean jarrita, kilometro eta erdiko luzera hartzen dute" * Ismael Diaz de Mendibil Ia hogeita hamar urte daramatza Pilar Arósteguik Gasteizko Udal Artxiboko arduradun nagusi gisa. Bertan jasotzen da hiriburu arabarreko historia, hiria sortu zuen agiritik hasi, eta udaletxean izan den azken udalbatzako aktara bitarteko guztia. Arósteguiren esanetan, udalak hiritarrekiko dauzkan eskubide eta betebeharrak bermatzeko dago artxiboa, eta alderantziz. Era berean, leku aparta dela dio, "nor garen, non gauden eta norantz goazen jakiteko". 1881. urtean, egun Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua dena, Gasteiz izeneko eskualde txiki bat baino ez zen. Data horretakoa al da artxiboa? Bai. Gasteiz izeneko eskualde zahar horretan Erdi Aroan hiria sortu zuen gutuna da artxiboko lehen agiria, Nafarroako Antso VI. erregeak emana. Gerora hiria hainbat aldiz erre zen arren, guk ez dugu hutsune kronologikorik izan. Guztira, Erdi Aroko agirien laurehun erregistro baino gehiago dauzkagu. Hortaz, XII. mendetik aurrera, aldizka aldizka sortzen ziren agiriak. Bai, Erdi Aroko agiri gehienak Gaztelako Kantzelaritzak eman zituen, Gasteiz Nafarroako Erreinuaren baitan egon zelako 1200. urtera arte, eta handik aurrera Gaztelako Erreinuan. Orduko agiri gehienak errealak dira. Hurrengo mendeetan, erregistroak gehiagotzen joan ziren urtetik urtera. Agirien bigarren multzo batean, akten liburuen bilduma egongo litzateke. Zaharrena 1428koa da; kontuan izan behar da garai hartako oso liburu gutxi daudela. Eta ordutik gaur arte, ez da inolako hutsunerik egon. Inprenta asmatu zenean areagotu egin al zen agiri erregistratuen kopurua? Ez, arrazoi batengatik: udalaren agiriak eskuz idazten zirelako. Zenbait gauza bai, inprimatzen ziren, baina ez zeukaten garrantzi handirik. Gasteiz eta Arabako ordenantzak, adibidez, ezagutzera emateko kopia batzuk behar zirelako inprimatu zituzten,baina, idazmakina agertu arte, agiri gehienak eskuz idazten ziren. Hiriko lekurik onenetako batean dago artxiboa, Artxibo Probintzialarekin batera Arabako campuseko zati handi bat hartuz. Lekualdaketa asko izan al ditu historian zehar? Batzuk bai. Hiri askotan, agiriak elizetan gordetzen ziren, bertan egiten zirelako udalbatzak, eta Gasteizen kasuan San Miguel eliza zaharra zen, oraingoaren aurretik zegoena, biltegi lanak egiten zituena. Eliza gotikoa eraikitzerakoan, XVI. mendean, Santa María del Cabello Ospitalera eraman zuten artxiboa, gaur egun Postetxea dagoen lekura, baina sute bat sortu zen eta banatu egin behar izan zituzten agiriak: zaharrenak Santa Mariako katedralera eraman zituzten, eta berrienak San Frantziskoko Konbentura, hor biltzen zirelako agintari publikoak udaletxea eraiki artean. Antza, artxiboak ez zuen kokaleku finkorik izan udaletxea Plaza Berrin eraiki zen arte. Hain zuzen ere. Justo Antonio de Olaguibel arkitektoak udaletxea proiektatu zuenean, artxiboarentzat areto bat diseinatu zuen. Horregatik, XVIII. mendearen bukaeraz geroztik, agiri guztiak batera egon dira. Mende hasieran, lehen solairutik beheko solairura eraman ziren gauza guztiak, eta hor egon ziren 1972ra arte. Ni sartu nintzenean, Alava Generala kalera joan ginen, baina behin behinekoa izan behar zuen egoera 18 urtez luzatu zen. Agiri guztiak banatu behar izan genituen: berrienak alde batera, argazkiak bestera... Gainera, 60 eta 70, hainbeste hazi zen biztanleria, ezin izan genuela materil berririk jaso, ez geneukalako horiek gordetzeko leku fisikorik. Pozez kabitu ezinik egongo zineten orduan Flandesko kuartel deituriko hauetara etorri zinetenean. Leku aparta da. Artxiboa ekartzeko berritu zuten. Berez 4.000 metro karratu dauzka, baina guk 3.000 erabiltzen ditugu. Zerbitzuz betetako gune batean gaude, inolako trafiko arazorik gabe. Udalak trenbidea kenduz gero, oso etorkizun polita izango genuke (Abiadura Handiko Trenaren etorrerarekin, gaur egun dagoen trenbidearen desagerketariburuz ari da Aróstegui). Ikertzaileentzat ere garrantzitsua da unibertsitateetatik eta Arabako Foru Aldundiaren agirietatik bi pausotara egotea. Gainera, laster artxibo berri bat izango dugu hemendik gertu: Artxibo Historiko Probintziala, Estatuaren esku egongo dena. Baina, era berean, hamabost urtez dokumentaziorik jaso gabe egotearen ondorioak pairatzen ari gara. Azkenaldian, informatikan izan diren aurrerapenekin, asko aldatu dira lan tresnak eta artxiboaren edukia, baina oraindik ez gara maila gorenera iritsi. Zenbat tona agiri daude artxibatuta 3.000 metro karratu horietan? Ez dakit zenbat tona izango ote diren. Guk beti metroa erabili dugu erreferentzia gisa: dokumentazio guztia apaletan linealki ipiniz gero, kilometro eta erdiko luzera hartuko luke. Gaur egun ia 220.000 biztanle ditu Gasteizek. Nolako jendea hurbiltzen da artxibora? Jende asko etortzen da, gauza desberdin askotarako. Hasteko, aipatu behar da artxiboak udaleko bulego eta sailei eskaintzen diela bere zerbitzua, askotan gai zehatzei buruzko aurrekinak behar izaten dituztelako. Kontsultak ikuspegi teknikotik nahiz politikotik egiten dituzte. Kontsulta asko establezimenduak zabaltzeko baimenen ingurukoak izaten dira, horrelakoak ipintzearen zergatia jakin nahi den bakoitzean artxibora jo behar izaten da eta. Hirigintza plan handien aurrekinak ezagutzeko ere jotzen da hemerotekara edo agirietara, aurreko udalbatzaren batek inoiz halakorik proposatu ote zuen ikusteko, atzera bota ote zen, eta abar. Artxibozain gisa daramatzazun hogeita zortzi urte hauetan izan al duzue bereziki zalapartatsua izan den gairen bati buruzko agiririk? Ez dut bitxikeria gehiegi kontatzeko, baina gogoan dut Ospital Militar zaharra dagoen lursailari buruzko informazioa eskatu zigutenekoa. José Ángel Cuerda alkate ohiak lur horiek berreskuratu nahi zituen, baina Defentsa Ministerioak ezezkoa eman zuen; dirua eskatzen zuen trukean. Cuerdak, orduan, horren inguruko agiriak eskatu zizkigun, eta horrela aurkitu ahal izan genuenudalak lurrak garai hartan "Ramo de la Guerra" izenekoari doan lagatu zizkioneko agiria. Lagapen hori baldintza batzuekin egin zen, eta horien artean bi aipatzen ziren: batetik, lursaila ekintza militarrak burutzeko erabili beharra zegoela, eta bestetik, klausula batek zioen lursailak ez balira halako ekintzak egiteko gehiago erabiliko, orduan Gasteizko udalak lurrak berreskuratzeko eskubidea izango zuela. Horregatik, Cuerda alkateak ez zuen lursailak eskuratzeagatik ordaindu behar izatea onartu. Artxibora mota guztietako jendea etortzen dela diozu. Udalak erabiltzeaz gain, beste jende asko etortzen da udalaren aurka daukaten gairen baten inguruko informazio bila, dela eraikitzeko espediente bat edota erreklamazio ekonomiko bat, eskubideak aitortzen dizkion espedientea bilatzeko. Beste alde batetik, ikerlari asko etortzen zaizkigu: doktore tesiak prestatzen ari diren lizentziadunak, jakintsuak, kuriosoak... Zein tresna erabiltzen dituzue kontsultak egiteko? Agiri originalak kontsultatzen dira. Hala ere, Erdi Aroko dokumentuak eta akten liburuen bildumak digitalizatzeko aurreproiektu bat prestatzen ari gara. Arabako Foru Aldundiak oso lan ona egin du arlo horretan; zortzi pertsonak urteak eman dituzte hori prestatzen. Originalak erabiltzeak arazoak sortzen ditu, eskuizkribuak izatean kaligrafian aditu direnek bakarrik kontsulta ditzaketelako antzinako agiriak. Ezin ahaztu mende honetan zehar bildutako argazkien fondoa ere. Ez horixe. Artxiboak 1921ean jaso zuen lehenengo argazkia, Enrique Guinea argazki zaletuak bere lan grafiko guztia udalaren esku uztean. Oso garrantzitsuak dira Santiago Arina funtzionarioak eta Arocena eta Querejazu argazkilarien "Arque" markako doantzak ere. Gaur egun fondo, doantza eta eskurapenen artean, 430.000 irudi dauzkagu. Gasteiztarrentzat hauxe da artxiboaren alderdirik ezagunena, honen inguruan difusio bat egin genuelako, oso harrera ona izan zuena. Edonork eska ditzake agirien erreprodukzioak; aski da eskaria betetzea. Urte hauetanzehar gobernu talde eta alkate asko ezagutu ditu Pilar Arósteguik. Zaila gertatu al zaizu honelako zerbitzu baten garrantzia azpimarratzea? Bai. Izan ere, ez da ez gairik presazkoena, ezta garrantzitsuena ere. Baina ulertzekoa da, politikariei eguneko kontuak interesatzen zaizkielako, eta guri, aldiz, historia osoa. Lehenengo hamabost urteetan pertsonal eta leku gehiago behar nituela errepikatzen nien behin eta berriro. Orain pertsonala bakarrik behar dut. Kontuan izan behar da hogei urtetan Gasteizen 50.000tik 200.000ra hazi zela biztanleen kopurua, eta ondorioz biderkatu egin zirela agiri eta argitalpenak. Orain bertan ez daukagu leku arazorik, baina bospasei urtetan metro gehiago beharko ditugu, eraikina txikia geldituko zaigu eta. Agiri berriak jasotzeko egoitza berriren bat beharko dugu. Zein argudio erabili izan dituzu politikariak konbentzitzeko? Artxibo bat bi arrazoi nagusigatik da garrantzitsua. Batetik, agiriak sortzen dituen erakundearen eta hiritarren eskubide eta betebeharrak bermatzen dituelako, eta bestetik, ikuspegi kulturaletik, artxiboak hiri eta kolektibo gisa nortasuna daukagula adierazten duelako, ez besteek baino hobea, ezta okerragoa ere, baina bai desberdina. Nortzuk garen, non gauden eta norantz goazen adierazten digu. Kokagune geografikoak, ekonomiak eta bilakaera historikoak ere eragiten dute horretan. Bukatzeko, gogoratzen al duzu artxiboari esker ezagutu ahal izan duzun gertaera bitxirik? Gaur egun guztiok ezagutzen dugu Ernestina de Champourcin idazlea, baina duela hogeita bost urte inork ez zekien Gasteizen jaioa zenik. Artxiboko langile batek kasualitatez aurkitu zuen datu hori, agiri batetik bestera joaz. Bere amaren ginekologoak uda hemen pasatzen zuela jakin zuen, eta orduan, hemen jaio zela ondorioztatu zuen, "La casa de las jacquecas" izeneko etxean pasa zutelako uda. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 111.zbk (2001 / 2 / 16 23) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria