Elkarrizketa: Gurutz Jauregi Gurutz Jauregi, Zuzenbide Konstituzionaleko Katedraduna "Zuzenbideak gizarte moderno eta garatu guztietan funtsezko papera bete du elkarbizitzarako formula gisa" * Teresa Sala Gurutz Jauregi maixuak (Urretxu, Gipuzkoa 1946) aspaldi erabaki zuen bizitza zuzenbide politikoaren ikerketari eskeintzea, eta gazte bat besterik ez zela buru belarri ekin zion bere heziketari. Zuzenbidea ikasi zuen Deustoko Unibertsitatean eta ETA erakundeari buruzko tesia idatzi zuen. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da eta "La Democracia Planetaria" izeneko lana kaleratu berri du. 1981 82 ikasturtean EHUko errektoreordea izan zen eta urte bat beranduago Zuzenbide Fakultateko dekano kargua bete zuen. Irakasle bisitari gisa Nevada, Reykyavik eta Erromako unibertsitateetan izan da. Nazio Batuen Erakundean gatazka etnikoan erabakitasunean aholkulari lanak burutu ditu, eta, beste batzuren artean, Espainiako Senatuan edo Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen erakundearen mendeko hainbat zentrutan aritu da. Euskal Herriko eta atzerriko zenbait aldizkari eta egunkaritan kolaborazio lanak egin baditu ere, nazionalismoa eta demokraziaren inguruko ikerketetan dauzkagu bere emaririk nagusienak. Dagoeneko, eta alor honetan, hamabi liburu kaleratu dituelarik, besteak beste, "La Nación y el Estado Nacional en el umbral del nuevo siglo" (Madril, 1990); "Las Comunidades Autónomas y las Relaciones Internacionales" (Oñati, 1986) edo "Contra el Estado Nación. En torno al hecho y cuestión nacional" (Madril, 1986, 1988). 1996. urtean Ana Frank Saria jaso zuen eta 1997.ean "El Correo" Kazetaritza Saria. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna zara Euskal Herriko Unibertsitatean, errektoreorde eta dekano karguak ere bete izan dituzu. Nolakoa izan da bidea? Zerk bultzatu zintuen Zuzenbidearen esparruan murgiltzera? Hamasei urterekin banku batean hasi nintzen lanean, arazo familiarrak zirela eta ez nuen bere garaian karrera batikasteko aukerarik izan. Bankuan nengoela hasi nintzen Zuzenbidea Deustoko fakultean ikasten. Karrera amaitu bezain laster Zuzenbide Politikoko irakaslea bilakatzea zen nire asmoa baina abokatu lanak ere egin behar izan nituen. Azkenik, 1978. urtean Donostiako Zuzenbide Fakultatean hasi nintzen, eta geroztik, bertan nago. Beti sentitu dut ikasteko grina. Hamalau urte nituela gure aita hil zen eta lan egiteko beharra sortu zitzaidan. Nire asmoa kultura maila hobeagoa lortzea zen. Filosofia zen gustukoan nuen esparrua, baina urte haietan, eta nire egoera ekonomikoa kontuan izanik, zentzu praktikora jo behar izan nuen eta Zuzenbidea aukeratu nuen. Politika ere izugarri gustatzen zitzaidanez, Zuzenbidearen barne politika arloan murgildu nintzen. Zuzenbide Politikoa eta Filosofia bat etortzen dira kasu askotan. Zein paper dauka Zuzenbideak, elkarbizitzarako formula gisa, gaur egungo Baskonian, hemen bizi den problematikarekin? Zuzenbideak gizarte moderno eta garatu guztietan funtsezko betebeharra izan du elkarbizitzarako formula gisa. Eta, Euskal Herriak bezala, harmonian elkarbizitzeko arazoak dauzkaten gizarteetan, oraindik beharrezkoagoa da. Nire ustez Zuzenbideak funtsezko papera izan beharko luke Baskonian bizi dugun egoera konpontzeko orduan. Konta al dezake euskal gizarteak erreferendumaren formularekin arazoei aurre egiteko? Erreferenduma, gizarte demokratikoen dauden gatazkei irtenbideak bilatzeko formula juridiko politiko guztiz homologatu eta demokratiko bat da. Beraz, ikuspegi teorikotik, ez luke inongo arazorik egon beharko beharrezkotzat jotzen denean erreferendumak egiteko. Baina erreferendumak ez dira gatazkak konpontzen dituzten formula magikoak. Euskal Herriaren kasuan, erreferendumaren figura erabat legitimoa izan arren, gakoa ez datza hainbeste erreferendum bat egitean, baizik eta alderdi politikoak, adostasun minimo batera helduz, elkarbizitzako gizarte bat sortzean. Eta hori gizarteko talde eta sektore desberdinen arteko elkarrizketaren bitartez lortukoda. Zein zentzu dauka ukiezin eta sakratutzat hartzen den ordenamendu juridiko bat defendatzeak? Konstituzioak denbora batean bizi dira. Arauak gizarteari zuzentzen zaizkio, eta gizartea aldatzen doanez, horrek nahitaez eragiten dio Konstituzioaren edukiari. Horregatik, Konstituzioak eta Zuzenbide Konstituzionalak adi egon behar dute gertakarien aurrean, arazo berriez jabetuz, xedapen eta erakunde berriak sortuz, etab. Eta Zuzenbide Konstituzionalaren kasuan premiazkoa da hori egitea, azken urteotan alde izugarria sortu delako gizartearen eta erakundeen artean, normaltasunaren eta Konstituzioko araudiaren artean. Ondorioz, gizartea (politika, ekonomia, kultura, teknologia, etab.) XXI mendeko eskemetan kateatuta gelditzen ari dira. Konstituzio asko mende honen hasieran diseinatu ziren, gaur egungo munduarekin zerikusirik ez duten egoeretarako. Oxford, Reykyavik edo Erromako Unibertsitateak ezagutzeko aukera izan duzu. Zein ezberdintasun antzeman duzu Euskal Herriko Unibertsitatearekin konparatuz? Nire prestakuntzari dagokionez, Oxford eta Erromako Unibertsitateetan izan nintzen. Oxfordeko Unibertsitatean 1985. urtea eman nuen liburu bat prestatzen. Familia guztia joan ginen Ingalaterrara eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Oxfordekoak ez zuen zerikusirik momentu hartan Euskal Herrian geneukan Unibertsitatearekin. Oxforden, irakasle eta ikasle kopurua berdintsuak ziren, ikasle bakoitzeko irakasle bat zegoen eta horrek izugarrizko abantaila suposatzen du. Pentsa, 1985ean, Donostiako Fakultataean bostehun ikasle zeuden irakasle bakoitzeko. Oxforden egindako lanaren ondorioz "Contra el Estado Nación" (1986) idatzi nuen. 1984ean lau bat hilabete eman nituen Erroman, Consiglio Nazionale delle Ricerche n. Bertan egindako ikertutakoaren fruitua "Las Comuniddes Autónomas y las Relaciones Internacionales" (1986) izeneko lana da. Italian izandako esperientzia ere izugarri interesgarria izan zen, erabat ezberdina. Erroman bizitzea ikaragarria da, baita Oxforden ere, bainaOxford agian aspergarriagoa da. Baina irakasle gisa ere munduko hainbat Unibertsitate ezagutu dituzu... Bai, Nevada (EE.BB.), Reykyavic edo Puerto Ricoko Unibertsitateak ezagutzeko aukera izan dut. Hego Ameriketakoa oso egoera bitxia da: jende gehiegi dago ikasteko prest eta baliabideak oso eskasak dira. Bertako Unibertsitateko jendea oso esker onekoa da. Mundu anglosajoiko unibertsitateen egoerak ez du honekin zerikusirik. Nazio Batuen Erakundean aholkulari zientifiko gisa ere aritu zinen. Nolakoa izan zen esperientzia hura? Aholkulari gisa joan nintzen eta lau hilabetez aritu nintzen bertan lanean. Europa eta Espainiako arazo etnikoei buruzko lan bat eskatu zidaten Nazio Batuen Erakundean. Oso esperientzia aberasgarria izan zen. Zein da, zure ustez Autonomien presentzia Europan? Noraino heltzen da hauen oihartzuna? Badaude zenbait europar estatu, Belgika, Alemania eta Austria bezelakoak, herrialdeei aukerak eskeini dizkietela Europa mailan ahotsa izateko. Egun, autonomia hauek erabakiak hartzen laguntzen dute eta negoziaketa prozesuetan partaide zuzenak dira. Espainiako zenbait autonomiek, Katalunia eta Euskadi aipagarrienak direlarik, aspalditik ari dira Europako erakundeetan presentzia handiago bat lortzeko ahaleginak egiten. Orain arte ezer gutxi lortu den arren, etorkizuna bide honetatik datorrela uste dut. Autonomi Erkidegook presentzia handiagoa eta garrantzitsuagoa izan behar genukeela uste dut. Europako herrialde ezberdinek gauza bera lortu dute; beraz, ez da hain arraroa. Gainera, autonomiei dagozkien arazoak aurkezten direnean, beraiek bertan egon beharko liratekela iruditzen zait. Hainbat liburu idatzi dituzu, eta baita egunkari ezberdinetan kolaborazioak ere. Nola ezkontzen dituzu idazlearen eta irakaslearen lanbideak? Egia esatera, nire gazte denboran, frankismo garaian, politikak asko erakartzen ninduen eta garai hartako egoerak izugarri kezkatu ere bai. Zuzenbide ikasketak amaitu ondoren ETAri buruzko tesia egitea erabaki nuen. Erakunde armatuazientifikoki aztertu ondoren, "Ideología y estrategia política de ETA" (1981) liburua plazaratu nuen. Beranduago, Euskadiko nazionalismoa ez ezik, munduko nazionalismo ezberdinak ikertzea interesgarria izango litzatekeela ohartu nintzen. Hiru ikerketa maila ezberdin izan ditudala esango nuke: Lehenik eta behin, euskal nazionalismoa, gero nazionalismoaren teoria, eta, azkenik, demokraziaren teoria. Hirugarren maila honetan ikertutakoaren ondorioz "La Democracia Planetaria " liburua kaleratu dut. Liburuak idaztea, ikerketa irakasle lanaren barne daude, eta nik oso gustura idazten dut. Munduko nazionalismo ezberdin asko ikertu dituzu... Nola ikusten duzu euskal nazionalismoa beste kasu batzuekin konparatuz? Ulsterreko egoera kontuan izanik, begirada labur batean esango nuke gure arazoa askoz sinpleagoa dela. Kondizio hobeagoetan geunden eta gaude. Hala ere, Irlandan konponketa bidean daude eta hemen gero eta okerrago gaude, gauza asko gelditzen zaizkigu egiteko eta, nire ustez, gizartearen esku baino gehiago alderdi politikoen esku dago konponbide bat aurkitzea. Guztiz beharrezkoa izango litzateke borroka armatuarekin amaitzea. Erru handiena ETArena da, baina ETA ez da errudun bakarra. Nola aurkeztuko zenuke zeure burua, ikertzaile bezala ala irakasle gisa? Irakaskuntza asko gustatzen zait. Baina irakaskuntza edo ikerketaren artean bat aukeratu beharko banu, ikerketa aukeratuko nuke inongo zalantzarik gabe. Argazkiak: Teresa Sala Euskonews & Media 109.zbk (2001 / 2 / 2 9) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.