Berrikusketak José Miguel Barandiarán Ayerbe "Euskal ohikunde edo legediazaz hitz bi" Título de la publicación: Revista Internacional de los Estudios Vascos Año de la publicación: 1986 Páginas del artículo: 523 525 Resumen: Diferentes leyes o costumbres de Euskadi relacionadas con los trabajos relacionados en cierto modo con la tierra, como son la ganadería, agricultura, pesca, etc. Estas leyes nunca han sido legalizadas como tales, pero se respetan. Idazki honen gai, zenbait sineste, irizpen eta ohitura izango dira, batikbait behintzat euskal hezikeraren eta etniaren oinharri bezala ageri zaizkigunak eta gure legedi bezala esoindu digutenak. Euskalherriak baditu oraino bizikera bereziak, gure lurralde honek eskaintzen dizkion auta bideai eta bere lehendikako joerai erantzunaz eraikiak: batez ere esku langintza, olagintza, nekazaritza, abelzaintza, eiza, arrantza eta merkataritza. Bizimolde hauen egikera bereziak maiz aipa ditugu gure idazkietan eta beren urratsak usmatu ditugula askotan adierazi degu. Aipa ditzagun orain heuren inguruko zenbait ohikunde eta irizpide: oinpeko legeak eta heuren agerpenak. 1. Euskal lurra herriaren lurra izan dela. Oraino ere bai, zatika bederen, toki askotan. Ba da ordea euskal esaunda bat: "gizakiak ba du lurra, berain bizitzeko eta berain ehortzeko". Bainan honek ez du esan nahi lurraren jabe dala, beraren iraule eta ustiazale baino. 2. Euskaldunok ba ditugu geuron elkargoak. Baita hauen eskarri agiriko bat ere: euskera. Izkuntza hau ez da gure elkargoaren eskarri utsa; bera baida gure arbasoen ibilaldi luzeko oiharzuna. Adibidez, astearen egunen izenak astelehen, astearte, asteazken , lehengo lege baten agerpena; ilen izen batzuek berdin epaila, jorraila, orrila, garagarrila, uztaila, iraila ; eta beste zenbait izen, e.b. ozpinarria, oneztarria, aiztoa, zulakaitza, garranga (igitaiarena), jentilarri. Beraz euskera garrantzi haundiko ogasuna, agerkai zoragarria, lehenaroetatik datorkiguna. 3. Gure elkargoetarik aipagarrienak:etxea edo azkazia, auzunea, herria, eskualdea eta Euskalherria. Hauek ere egikera berezikoak, batik bat azkazia (etxeko bizien eta hilen edo arbasoen elkartea). Bakoitza bere etxean bizi da gehien, nahizta orain, giro arrotzen erakarpenaz, geroz ta gehiago besteentzen ari da. Horregatik etxea azkaziaren erdoki eta ezaugarri bezala ageri zaigu. Etxeari loturik datozkigu azkaziaren erdi muintzat dauzkagun inguruneak eta eginkizunak. Batez ere gure artean etxea, famili edo azkaziaren aterbea dalako; baita lantegia, tresnen bildegia, eliza, hilarria eta arbasoen erdokia dalako ere. Ikuspegi honen adierazgarri diran egintzak lehen aroetatik heldu zaizkigu. Adibidez, auxe: beste herrialdeetan elizai eta hilarriai bakarrik dioten begiramena (horien inguruan biraka ez ibiltzea, alegia) euskaldunak etxeari ere badiote. Beraz elizaren eta hilarriaren mailakoz beren etxea daukate. Bertako etxekoandrea berriz elizandretzat. Sineste eta ohitura honek ere lehenaroetako legeetara garamatza . 4. Diogun horrek gure hezikeran eta ohikuntzazko nahiz idatzitako legedietan zenbait ondoramen sarrerazi du. Ikus egikera bat: etxearekin bizilagunak ezezik arbasoak ere zerrikusia baidute: hauei hil otoitz eta opariak zor die. Orregatik lehen aldietan (ia gaurdaño) etxearen ardura zuten burungarriak etziran osoro etxearen jabe: etxea ezin ausi zezaketen, ezta azkariaren menpetik atera edo aldendu ere: osorik atxikitzea behartuak zeuden. 5. Hortik heldu da honako ondore hau: gurasoak beren haurretarik bat bakarra (semea edo alaba) oinordeko aukeratzea. 6. Etxea, eliza delarik, babesleku eta igesleku da. Batebat, bere etsaiagandik igeska dijoala, etxe batean sartzen bada, onik da eta egon deike lasai, jazartzaileak, nahizta irelua izan, ez dauka an sartzerik. Etxea babesleku baida . 7. Etxeko burungarriak jaun andreak beren egintzekin elgar osatzen baidute, bertako goraberetan eskubide berdinekoak ditugu oraindik ere leku askotan. Halaz ere, hezikeraren zenbait ikuspegi garrantzitsutan,etxekoandrea da lehenengo. Ikus egikera heuek: etxeko jaunak, bere garaietan, abereak bedeinkatzen ditu; etxekoandreak ordea, esko bedeinkatuz, etxean etxekoak onesten ditu jaunagandik asita azkeneko haurrarengaino; etxekoandreak, arbasoekiko hartu emanetan, etxea ordezkatzen du; amaren onespenari onura dario, amaren biraoari zori gaitza; ikusbiran ageri zaizkigun izakirik larmentsuenak emakumezkoak direkazko sinestea gaurdaino iritxi zaigu: Andra Mari Muiroko ("arpeetako Mari"), Eguzki amandrea, Ilhargi amandrea eta hauen ama Lurbira. 8. Sinismen eta ohitura hauek, nahizta zenbait tokitan kristaugoaz ikutuak edota indartuak, lehen gogoeten eta ekanduen lekuko ageri zaizkigu. Eta eragile horiek, euskal foru eta legediaren ardatza e.b. euskal etxe eta azkaziaren egitamua gure aldi hontaraino ekarri digute. 9. Sinismen eta ohitura horiek, euskal gizabideak gogorki kutsaturik, datorzkigu. Izan ere euskaldunai, beste edozeini bezala, bethidanik sortu zaizkie munduarekiko eta gizakiarekiko galde nagusiak ni zer naiz eta zertarako? ; baita hauei dagozkien erantzuerak ere. Gai hortan euskaldunak baditu, lehen aroetatik, zenbait gogai eta buruzpide. Baita guri eta mundu guztiari eragiten digun izakiagaz Jainkoagaz, alegia zinestea eta itxaropen berezia eta hor errotutako egitarau eta jokabidea ere. Gogoeta hauei begira moldatuak ageri dira euskal ohikunde edo lege asko; gogoeta berak zurejatu zuten gure arbasoen gizabidea eta honen lekuko edo adierazgarri dan geroztiko legedia, ohiturazkoa lehenengo eta idatzia gero. Beraz euskaldunak, millaka urtheetako ibilaldi luzean, gertu, albizitu eta mamitu dute beren hezikera eta eraiki beren etnia eta, hauen arauera, sorrerazi beren legedia. Heurek atxiki dute ogasun hori eragozpen iguingarri batzuek bidean jarri zaizkigun arte. Drango horieri eragin eta gure bizikera euskal gizabideaz ornitzea, hara hor gure zerregin bat. (1) Begira Etxe nere Diccionario de Mitología vasca'n ("Obras Completas", t. I). (2) Begira Oyulariitza (ibidem). Euskonews & Media 106.zbk (2001 / 1 / 12 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.