Berrikusketak Manuel Lekuona Echabeguren "Bertsolarien pentsamentu ritmoa" Título de la publicación: Revista Internacional de los Estudios Vascos Año de la publicación: 1985 Páginas del artículo: 257 263 Resumen: Al realizar el estudio del ritmo del pensamiento de los bertsolaris (tomo XXVIII), Manuel de Lekuona no se refirió a una de las partes más importantes de los versos, el final. Aquí nos cuenta como tras una pensada elaboración en la que el verso va tomando cuerpo después del inicio, se prepara un gran final. Para ello utiliza varios versos. Gure Aldizkari RIEV'en leengo (tomo XXVIII año 1983) zenbakia irakurri nuan bezain laister, konturatu nintzan, an argitaldutako neure lanak utsune bat ba zuala; utsune naiko garrantzitsua; lanaren bukaeran; eta, ain zuzen, bertsoaren "bukaerari" dagokiona. Ez nuan okerrik esan. Utsune bat egin baizik. Eta ezta utsune berebete bat ere; naikoa ez esana baizik. Zer utzi nuan esan gabe? Ea alkarraitzen degun. Nere lanean, bertsolarien pentsamenari buruz lau eredu aukeratu nituan: "Kopla zaarrak", "Iztueta", "Xenpelar" eta "Zapirain". Eta zapirain aipatzean, aren bertsoen pentsamen ibilpera azkarra ta urduria aipatzen nuan. Eta ortaz gañera, aipatzen nuan, baita, beste gauza bat ere, sobra garrantziduna: bertsoaren bukaerako ostikada: "Ostikada" bai; bañan Retoriko latinoak izen itsusiagoz "benenoa" esaten zutena: "In cauda, venenum" = "Isatsean, edena, benenoa"... Estetika politagoan, benenoaren ordez guk ostikada esango degu. Ez bait da, ordea, ostikadaren izaeragatik; ostikadaren prozesu jebetikoagatik baizik prozeso ori; oso jakingarria da, izan ere. Ikustagun. Pello Errota'ren bertso batekin argituko degu gure gauza. Onela dio bertsoak: Buenas dias, Txanbergo Jauna, erantzirikan txapela. Gaurko onetan ez bait det uste izango dedan kartzela. Aspalditxoan urrea baño geiago degu papela. Ta ikusi dezan, ar beza, Jauna, Komunioko Txartela.. Bertso onek ba du bere historia. Bigarren Karlistatea, bukatu berri zan. (1876 inguru).Garai artan Asteasu'n Pello Errota bertsolaria bizi zanbere errotan. Errotara, irin billa, etortzen ziran erriko "bezeroez" gañera, ba zituan Pello'k inguruko errietan beste bezero batzuek, bear zuten iriña etxera errotariak eramaten zien oietakoak. Aya'ko errian, adibidez. Gerratea bukatu berri bezela, zenbait erritan oraindik ere Guardia Zibillak, errira zetorren guztiari, pasaportea eskatzeko oitura zuten. Aya'n adibidez. Bein batean Aya'ko Sarreran erriko Guardiak gure Pello'ri: Alto! El papel... Galdera onentzako erantzuna izan zan Pello'ren bertsoa: Buenas dias, Txanbergo Jauna... ATZEKOZ AURRERA Bertso biribilla ta tipikoa, Pello'ren bertsoa. Nolakoa izan zan, ordea, bitarte artan, Pello'ren barrunbean bertsoaren pentsamen ritmoa? nundik nora ibilli zan pentsamen ori? Ba dirudi eta edozeñek esango luke, Pello'k bere bertso erantzunaren asiera asiera pentsatu zuala lenengo, eta bukaera, azken azken . Bañan "Ez, Jauna"! Ain zuzen asiera ez baño, bukaera pentsatu zuan lenengo, eta gero gañerakoa. (Gero ikusiko degu gauza zeatz/zeatz). Lenengo pentsatu zuana, bukaerako "Komuniyoko Txartela" izan zan. Dana, itxuraren kontra. Olakoxea da, izan ere, besteak beste, gure bertsolarien pentsamen ritmoa, puntu onetan. Itxuraren kontrakoa... IZEN ETA EXPLIKAMEN Itxuraren kontrako pentsamen ritmo onek ba du euskeraz bere izen eta bere explikamen. "Atzekoz aurre" esaten zaio, edo, berdintsu dana, "Azpikoz gain". Eta ari ontan bai bait da antziñako Filosofia Eskolastika zaarrean esaera bat onela diona: Causa finalis est primum in conceptione, ultimum in exequtione. Egite guztietan "elburua dala, alegia, lenengo pensatzen dana, bañan azken betetzen, osatzen dana". Ala berean gure Folklorean, ere ba da beste esaera bat, gauza onekin zer ikusi zerbait duana: Aurresku dantzan arau praktiko dana: "Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu"; bañan funtsean gure kasuan kontrara bait da gauza; aurreak ez baño atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu; bertsoetan atzeak erakustendu bertsoaren aurreak nola izan bear duan: atzea da neurri bertsoaren gorputzeko "puntuak" eratzean. Eta gertatu ere, ala gertatu bait zan Pello Errota'ren kasuan. Pello'k bertsoaren "azkena" asmatu du aurren; eta gero, azken orren "soñudun" iru itz iru puntu asmatu ditu, soñu berean bertsoa bukatuko dutenak. "Txartela" bait dio bertsoaren bukaerak, iru itz ela ela, dunak sortu bear zituan, eta sortu ere ditu: ixtanpantean sortu ere: txapela, kartzela eta papela... Olakoxea da gure bertsoaren pentsamen ritmoa: ibilli ori egin du gure Pello'ren pentsamenak trantze ortan. Ondo begiratuzkero, gauza bera egiten dute bertsolari guztiak Sariketaetan "Puntu jartze" esaten zaion ariketaetan, "Puntu jartzalleak", bukaera bera duten lau itz eman, eta berak bertsoa osotzen dutenean. Pentsamen ritmo benetan interesgarria eta arrigarria, gure Pello'k ain biribil bukatu zuana. Entzun dezagun berriro: Buenas dias, Txanbergo Jauna, erantzirikan txapela. Oraingo ontan ez bait det uste izango dedan kartzela. Aspalditxoan urrea baño geiago degu papela, ta ikusi dezan, ar beza, Jauna Komunioko txartela. Pentsamen ritmo dotorea ez bada, ba, gure Pello Errotarena! BERTSOAREN GORPUTZA Dotoretasun orren ezagungarri, ikus dezagun orain, nola montatzen duan Pello'k bertsoaren gorputza. Lenengo lenengo Txanbergoa aipatzen digu. Txanbergoa, Guardia Zibilla da. Eta buruan daraman kapelutik datorkio bere izena, Guardiaren kapeluak, denbora bateko "Txanbergo" zeritzan kapeluaren antza bait du. Bigarren, bere buruan daraman txapela kentzea aipatu bear du, kortesiaz. Irugarren, kartzela aipatzen du, eta kartzela aipatzeko egokitasuna, gauza argia zan urte aietan: Guardiak, baserritarrai bildurra sartzeko, "kartzela" itzetik ortzera erabiltzen zuten itza zan. Orregatik aipatzen du Pello'k kartzela bere egun artako toparizuan. Oso jakingarria da baita, orren ondoren datorren aipamena ere; urrea baño papela, geiago erabiltzeko oitura zabaltzen ari bait zan baztarretan Espaiñiaren Ekonomia argalzebillelako garai artan. Orregatik, Gobernuaren aginduz, Banko de España, urrea erretiratzen eta papela banatzen asia zan. Ori esan nai du Pello'ren beste aipamen orrek. Gañerakoan Komunioko Txartelaren kontua, Pello'ren umore onaren señale bat da. Orain "txiste" esango gendukeana. Txiste biribilla. Gure kasurako, lenengo pentsatua; bañan azken kantatua: Primum in conceptione; ultimum in exequtione, atzekoz aurre jator jator batean; dena bertsolarien pentsamen ritmo jator batean... BERTSOAREN BUKAERAN OSTIKADA Atzekoz aurreko Ritmo onek Bertsoari "Pentsamen ritmo" berezi bat ematen dio. Latinoak in cauda venenum esaten ziotena; "Isatzean benenoa" alegia; euskeraz gozoago guk "bukaeran ostikada" esango gendueana. Bertsoaren "muiña" dan gauza bertsoaren azkenerako uztea, alegia. Asiera orrek bertsoaren bukaerari aparteko indar ta grazia ematen bait dio. Pentsamenaren Ritmoan izaera aparteko bat. Izaera karakteristiko bat. Bertsoa Olerkiatik bereizten duana. Bertsolari diran bertsolari danak ondotxo kontserbatzen dutena. Bañan bertsolari ez danak errex aztutzen duana. Ontan igertzen bait diogu bertsolari jatorrari. Bertsoaren bukaerako ostikadatxoan. Olerkariak ez du jarraitzen kanon au. Aldian bein, bai, egingo du ola; bañan ez kanon bezela, nai gabe bezela baizik. Bertsolariak, ordea, obligaziozko kanon bat bezela. Begira eredu batzuek. Ereduak nun nai arki ditezke. Guk bizpairu aukeratuko ditugu. Zapirain'ena: Nere sentimentuak bear ditut esan; suerte txarrerako mundu ontan izan. Gripek arrapatuta emaztia il zan; errezatutzen diyot al dedana Elizan bederatzi umekin alargundu nintzan. Bilintx'ena: Nere ditxa guziyak ba dute ajia; nunbait naiz Jaungoikuak aztutzat lajia; gosiak egin nuen ango biajia; kulpa duenarentzat daukat korajia; apaiz batek jan zuan nere potajia. Xenpelar'ena: Burruka ari dala juan zaizka adarrak, ezin sujetaturik bere indarrak, talentu onak dauzka gure betroi xarrak; lurrera botatzen du euli baten kargak. Jendiaren farrak ez dirade txarrak; ganaduelbarrak juntura igarrak; burruntziya dirudi orren bizkarrak. Euskonews & Media 104.zbk (2000 12 22 / 2001 1 5) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.