Herri Irratia milurte berriaren aurrean Herri Irratia milurte berriaren aurrean * Txema Auzmendi LOIOLA, DONOSTIA eta GASTEIZko HERRI IRRATIAk milurte berriaren aurrean bi erabaki garrantzitsu hartu ditu: batetik zuzendaritza osatzea eta bestetik programazioa sendotzea. Kontuok argitzen hasi baino lehen aipa ditzadan etorkizun hurbilaren aurrean HERRI IRRATIAK dituen erronka nagusiak: euskararena lehendabizi eta nolabaiteko irrati sarea osatzea (gutxienez Eusko Autonomia Erkidegoan eta gehienez Euskal Herri osoan). Has gaitezen dagoeneko harturiko erabakiak azaltzen: l) lehenengoa ZUZENDARITZA OSABERRITZEA esan dugu eta 2) bigarrena PROGRAMAZIOA SENDOTZEA.. l) Zer esan hahi du ZUZENDARITZA OSABERRITZEAK? Hauxe besterik ez: aldaketa handiak egin direla zuzendaritza batzordean. Orain arte 3 pertsonak osatu dute talde hau: zuzendariak berak, zuzendariordeak eta gerenteak. Egun, berriz, 6 lagunek (zuzendariak, produkzioburuak, gerenteak, Loiolako ordezkariak, euskara eta euskal kulturaz arduratzen denak eta informatiboburuak) osatzen dute. Honek barne funtzionamenduari dagokionez aldaketa nabarmenak ekarri ditu bai pertsonen aldetik bai erabakiak hartzeko aldetik (bide hau konplexuago eta, aldi berean, aberatsago egin baitu). Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordekideak: Juan Lekuona, Karmele Eraso, Iñaki de Mujika, Laxaro Azkune, Ramon Ibeas eta Txema Auzmendi. 2) PROGRAMAZIOA SENDOTZEA izan da aipaturiko bigarren erabakia. Honekin funtsean hauxe adierazi nahi dugu: batetik saio edo programa berri batzuk sortu ditugula eta bestetik pertsona berriak ere jarri ditugula. Esan dezagun argitze aldera programazioak 5 sail nagusi dituela: informatiboena, magazinena, kirolena, kulturarena eta musikarena.Denborari dagokionez, alegia sail edo zati bakoitzak hartzen duen astiari dagokionez, %20 dela gutxigorabehera bakoitzarena. Sail bakoitzak bere arduradun edo erantzulea du: Ramon Ibeas, Iñaki de Mujika, Laxaro Azkune eta Jose Joakin Forkada "Forki", hurrenez hurren.HERRI IRRATIAren programazioari dagokionez, hauexek dira ezinbesteko oinarri edo zutabe nagusiak. Saio berriak direla eta, ahalegin berezia egin dugu albistegi edo informatiboetan. Horrela, astelehenetik ostiralera bitartean, albistegi laburrak egiten ditugu orduero goizeko 9etan hasi eta gaueko 9ak arte. Gainera, albistegi lokala egiten dugu egunero arratsaldeko 6.30 7.00 tartean (Loiolan eta Donostian guztiz ezberdina delarik, bai egilearen aldetik bai edukiaren aldetik. Asteburu eta festegunetan, berriz, goizeko albistegi laburrak eskaintzen ditugu eta bai eta EUSKADIN GAUR informatibo berezia ere (arratsaldeko 2etan igande eta festegunetan). Ez dut saio honi buruzko informazioa bukatu nahi larunbat arratseko saio berezia aipatzeke: astean zehar nahiko izkutuan gelditu edo zarata handirik gabe pasa diren zenbait berri garrantzitsu berreskuratu eta lantzen dituzte gure albistegietako lankideek 7.30etan. Lan talde honetan bi lagun berri ari dira: Ramon Ibeas koordinatzailea eta Goreti Dañobeitia igande eta festegunetako arduraduna. Bestelako berrikuntzarik ere badugu aurtengo programazioan: ALO, ALO arratsaldeko magazina, egunero astelehenetik ostiralera, 3.30etatik 6etara bitartean, Xabier Riezuk zuzentzen duena. Lankide hau HERRI IRRATIAn lehenagotik baldin bazegoen ere, orain erabat inkorporatu da lan taldera. Gurea bezalako irrati pribatuak, publizitate hutsetik bizi denak eta inongo sostengu edo babes ofizialik ez duenak, zaila du etorkizuna: alde batetik eguneko 24 orduz baliabide pertsonal eta material askoz handiagoak dituzten irrati indartsuekin (bai Euskal Herriko EUSKADI IRRATIA eta RADIO EUSKADIrekin bai espainiar Estatuko SER, COPE, ONDA CERO, RADIO NACIONAL DE ESPAÑA eta abarrekin) lehiatu behar delako eta bestetik inolako irrati sarerik ez osatzean publizitate agentzi sonatuak ez direlako sarri gurekin gogoratu ere egiten. Eta amaitzeko artikulu honen hasieran aipatu ditudan bi erronka nagusiei heldu nahi nieke laburki: l) lehenengoa euskararena dugu,ene ustetan, eta 2) HERRI IRRATIen sarea sortzearena bigarrena. LOIOLA HERRI IRRATIA duela ia 40 urte sortu zen, Francoren diktadura garai beltz eta gogorrean. Sorreratik beratik beti izan du euskara eta euskal kulturarekiko atxekimendua eta horrek, besteak beste, eman dio, nire irudiko, Euskal Herriarengan txertatua izatea. Gaur egun euskararen presentzia gure programazioan %25 30ekoa da, baina bi sail garrantzitsutan (informatiboenetakoan eta kirolenetakoan) askoz murritzagoa da. Hementxe ikusten dut, beraz, gure irratiak bete beharko lukeen hutsunea. Bigarren erronka zailagoa dela esango nuke: irrati sarea sortzeaz ari naiz, noski. Azken urte honetan Eusko Autonomia Erkidegoko HERRI IRRATIAk elkar lanean aurrerapauso handiak egiten saiatu gara, nahi genuena ez dugu lortu baina. Agian azkarregi eta arinegi egin nahi izan dugu ibilbide ezberdinak ditugula ahaztuz, euskarari eman beharreko tratamendua gerorako utziz e.a. Proiektua ez zegoela nahiko landua, nahiko heldua uste dut. Elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa dugu eta aurrerantzean saio amankomunak eta elkarren arteko loturak mantsoago baina sendoagoak eginen ditugula espero dut. Txema Auzmendi, Herri Irratiko kazetaria Euskonews & Media 103.zbk (2000 / 12 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.