Brasileko euskaldunak Brasileko euskaldunak * Arantxa Ugartetxea Ohore bat da niretzat Brasileko euskaldunei buruz zerbait idaztea, beraietako bat naizenez eta brasildar kutsuaz nagoelako ukituta. Agertuko ditudanak nire bizipenetik eginiko adierazpenak izango dira eta ezagutu ditudan euskaldunen zenbait jarrera kontutan hartuz. Ni iritsi nintzen São Paulora 1.982 ko udan, maitasunaren deiera erantzunaz horregatik lur hartze ura zeharo pozgarria izan zen niretzat. Nire gizonak naiz eta Getxotarra izan Brasilerako zituen bere hitz samurrenetakoak, han askatasunaren ezaugarriak hobeto dastatutakoa baitzen. Euskaldun izateari ekin zion beti São Paulon igarotako hogeita hamar inguruko urteetan. Guda ondoren joandakoa zen eta bere euskal askatasunaren bizipenak Brasileko hiri eskerga honetan saiatu zen egiaztatzen. Garaiko beste euskaldun batzuekin 1.963 an GERNIKA KUTTUN Euskal Etxea eraiki zuten bere frontoia eta guztiz. Nik hau dena eginda aurkitu nuen eta ez bere denbora onenetakoan baina zutik eta gaur egun belaunaldi berri bati esker eta batez ere euskaldun batzuen euskal senaren indarrari, berpizten eta eguneratzen ari da. Euskal Etxe bakarra da egun Brasil osoan. Horrek esan nahi du, ez direla nolanahikoak São Pauloko euskaldunak. Nik igarotako zortzi urteetan ea igandero elkartzen ginen hamabi bat euskaldun GERNIKA KUTTUN eko babespean. Goizean pilotan eta arratsaldean musean zenbait elkarrizketa tartean zirela. Egun ezin ditut banatu euskaldunak brasildarrengandik bata besteekin osatutakoak garelako. Brasileko euskaldunei buruz hitz egiterakoan hein berean brasildarrei buruz hitz egin beharrean aurkitzen naiz. Euskal izatearen irakurketa brasildar kultura abegikorraren esparruan kokaturik bizitzen den zerbait delako. Horrela ba, hiri eskerga hartara iritsi nintzenean, denontzako lekua bazegoela lurralde haietan, izan zen nire lehenengo sentipena. Eta lekua esaterakoan kultura ere esan nahi dut, hau da kultura anitzetako eremu baikor eta berezi gisara biziizan nuela eta gaur arte horrela sentitzen dut. Ikuspegi orokorrean nik esango nuke Brasilen bizi diren euskaldunak brasildar herriarekin adostasunean bizi direla, naiz eta hizkuntza portugalera izan eta bera ongi ez menderatu arren zenbaiten aldetik, Portoñol ez hitzeginaz Brasil osoa zeharkatzeko gai sentitzen gara. Beraiek entzule argi eta irekiak direlako noski!. Lurralde haietan euskaldun izatea normaltasun osoz bizi daitekeen zerbait da. Bakoitzari dagokigun kultura begirunez bizitzen da, eta aniztasun honetan bata bestearen erreferentzi ezin hobea gertatzen gara. Dena dela brasildar izateari argi eta garbi eusten dio herri honetako gizarteak egunerokotasunean zenbait kultur mota ezberdinen artean bizi den heinean. Euskaldun gehienok, Euskal Herriari urrutitik begira bizitzen gara gure herritik kanpo. Horregatik geure arteko elkarrizketak, gure garaietako Euskal Herriari lotuta daude: haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, heldutasun garaia eta abar. Eten gabeko solasaldian igarotakoa naiz Brasileko euskaldunen artean igande pilo bat. Bakoitzaren historiaz osatutako historia erreala egin daiteke azken batean euskal kultura eta historiaren subjektu eta objektu parte hartzaileak garenez. Euskaldun bat dagoen lekuan, Euskal Herriaren historia zati bat aurkitzen da, eta historia honen irakurketa sakona nor banakako irakurketaz osaturik dagoenez, ezaugarri anitzetatik eta kutsu edo kultur ukitu ezberdinetatik eginiko irakurketa aberatsa gertatzen da Garai batean, Brasilera joan zirenen seme alabak Euskal Herriaren erreferentzia jaiotzetik bizi izan duten sentiberatasuna da, famili giroan ezinbestekoa den ikurra izanaz eta beti dago beraien gogo multzo baten artean gure herria ezagutzeko gogoa. Horrela, historiaz jositako ezaguera hori hona etortzen direnean bizitzen dutenarekin alderatzeko aukera ezin hobea gertatzen da. Hau ez zaie euskaldunen seme alabei bakarrik gertatzen baizik eta garai batean joandakoei ere bai. Bizitza bizia denez eta historia eta gertakizunak etengabeko bilakabidean eratzen direla jakinik, gertatzen dena da, berriro Euskal Herrira itzultzen garenean, herria ez dela lehengoa eta gu ere ez. Eraldatze bat gertatu da gugan eta baita herriarengan. Berriro egokitzearen egoeran aurkitzen gara eta hau askotan onartezina gertatzen zaigu iruditzen zaigulako geure herrian beti egokituak aurkitu behar garela. Malgutasuna, begirunea, eta neurri handiko tolerantziaren ildoan bizi beharrean aurkitzen gara. Benetan Euskal Herria ez dela baizik eta izaten ari dela apaltasunez onartzea bideratuak gara. Euskarak edonon ikusmira sortzen du. Niri bai unibertsitatean eta bai lagun artean askotan eskatu didate euskaraz mintzatzea, portugalera eta beste hizkuntzekin alderatzen den une berean. Paulo Freire pedagogo ospetsuak behin baino gehiagotan euskaraz hitz eginarazten zidan ikasgelan, ezer ez zuela ulertzen adieraziz eta bere burua nahiko harriturik uzten nuelarik. Berak gutxienez zazpi hizkuntza zekizkien eta ez zuen alderatzeko parekorik aurkitzen. Gure hizkuntza miresgarri honek xarmaz behin baino gehiagotan jantzitako emakume euskalduna sentitzen naiz brasildar kulturaren esparru abegikorrean. Horrela ba nire kultura ez den eremuan nire euskara sendotzen eta osatzen joan da euskaldun eta brasildarrei esker. Hau esaterakoan gogoan dut gertakizun bitxi bat. Ni Freirerekin lehenengo ikastaldia egiten ari nintzela São Paulo ko Pontifizia Unibertsitate Katolikan, egindako lanen aurkezpena unea iritsi zen eta gutariko bakoitzak irakasleari eman genion egindakoa. Egun batzuk barru berak itzuli zizkigun banan bana eta niri txanda egokitu zitzaidanean esan zidan: Lan kritikoa eta argia, horrelako artikuluak zure herrian eta zure hizkuntzan idatzi behar zenituzke. Nire harrimena nabaria zen eta berriro errepikatu zidan berdina. Etxera iritsi nintzenean eta Joxerramonekin komentatu ondoren Argia aldizkarira bidali nuen nire lehengo artikulua euskaraz, handik hamabost egunetara argitaratua jaso genuen. Hemendik aurrera eraldaketaren ildoangaur arte jarraitzen dut. Eguneroko euskal eraldaketaren lur aberatsean poliki poliki saiatzen noalarik. Brasileko euskaldun gehienak, garai batekoak behintzat metalgintza lanean ibilitakoak dira. Egun, mota honetako zenbait lantegien jabe egin direnak. Beste batzuk etxegintzan eta abar...Gehiengoak ongi bizi dira lan asko egin ondorengo saria gozatuz. Baina gaurko giroa ez da lehengoa bezalakoa, han ere gauzak aldatu dira ekonomia aldetik batez ere, eta gerrikoa estutu beharrean aurkitzen dira garai batean lasai bizi zirenak ere. Globalizazio dela medio eta denei ari zaigu tokatzen egokitze prozesu berri bat. Horrelakoak gertatzen direnean Euskal Herriari begira jartzen gara baina urte pilo bateko lana eta egokiera ezin dira gauetik goizera utzi eta lekuz aldatu, hein berean brasildarrak sentitzen diren seme alabak eta ilobak daudelako familia elkarte babespean. Brasileri buruz ari naizenez ezin utzi ditzaket ihauteriak aipatu gabe. Nik nire euskaldun izatetik egiten dudan balorapenaz egindako komentarioak izango dira eta nire nortasunetik noski. Lehenengo aldiz telebistan ikusi nituenean Rio de Janeiro ko ihauteriak halako lurrikara fisikoa sentitu nuen. Gorpuz hizkuntza eder baten aurrean nengoela konturatu nintzen. Alaia. Kolorea duena, musikala, sortzailea, herriaren ikuspegi kritikoaren adierazgarri edertasunez jantzia. Gorputzaren festa, gorputzetik jasotzen baititugu gero sinbolikoki adieraztera eta bizitzera eramango gaituzten jokaerak. Nire formazioan dagoen gorputzaren hutsunea nabarmenki nabaritu nuen ikuskizun haren aurrean. Brasil eta ihauteriak topiko bat izan daitezke azaletik ikusten baditugu baina nigan bizi den aurresku ederraren ondoan edo aurrez aurre jarrita, bikote lirain ezin hobea osatzen dutela iruditzen zait. Brasilera maite minaren sentiberatasun babespean joandako euskalduna banaiz, egun brasildar ukitu pozgarri eta aberatsaren euskaldun emakumea sentitzen naiz, horregatik brasileko euskaldunei buruz zerbait esaterakoan denongan bizi deneuskal brasildar izateari buruz ari naiz. Han nagoenean Euskal Herrirako dira nire gogoak eta hemen nagoenean hara itzultzeko gogoz bizi naiz. Uste dut hau adierazterakoan euskaldun brasildar mordo baten oihartzuna neurri batean naizela. Eta hau ez da bihotza zatituta bizitzea baizik eta euskal kultura gunetik brasildar kulturara joan etorri mugimendu osagarrian murgildurik egoteko era. Benetan biziera osasuntsua nire iritzi apalean. Arantxa Ugartetxea Euskonews & Media 103.zbk (2000 / 12 / 15 22) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.