Eraikuntzen txertaketa testuinguru zabalean. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (VIII)

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA

Lagundu

Arkitekturaren egitasmo nagusia gizartearen beharrei erantzutea dela esan ohi bada ere, argi dago azken bi hamarkadetan eraikitako arkitekturaren zati handi bat bakartua egoteko ohitura hartua zuela, harremanik sortu gabe testuinguru orokorrean. Ondorioz, garai berri hauetan eraikuntzak testuinguru zabal batean txertatzen jakin behar dute, eta testuinguru hau ertz asko eta desberdin dituen forma konplexu bat da: paisaia, iragana, hirigintza, gizartea, gizakia, beharrak, errealitatea, e.a. Eta orain arte arkitekturari bereziki iragana eta paisaiarekiko errespetoa eta jarrera adeitsuago bat eskatu bazaio ere, orain arkitekturari nabarmenki errealitate ekonomiko berria inposatu den neurrian errespetoa beste arlo batzuetara zabaltzea ere eskatu beharra diogu, ahal den neurrian eraikinak funtzionalak eta merkeak izan behar baitira, eta helburu hau eraikinak eraikiz lortu badaiteke ere, argi dago arkitekturaren bitartez lortzen saiatu behar garela.

Testuinguru anitz eta zabal honetan osotasunean eraikuntzak txertatzea erraza ez bada ere, zenbait eraikinak hasi dira testuinguru honen zenbait alderdiak jorratzen eta bereziki azken urtetan paisaiarekiko sentsibilitate berri bat garatu dela argi dago, orain dela hamarkada batzuk iraganarekin gertatu zen bezala. Hau horrela izanda, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honen zortzigarren hausnarketa honetan oraingoan ere lau bidetik jorratzen eta sakontzen saiatuko gara eraikuntzen txertaketa testuinguru zabalean gaiaren inguruan hainbat bide eta aukera desberdin baina osagarri aztertuz honako izenburu hauekin: Eraikuntzaren txertaketa paisaiarekiko, Eraikuntzaren txertaketa iraganarekiko, Eraikuntzaren txertaketa hirigintzarekiko, eta azkenik, Eraikuntzaren txertaketa gizartearekiko.

Eraikuntzaren txertaketa paisaiarekiko

Azken urtetan natura eta paisaiarekiko sentsibilitate berri bat piztu eta zabaldu den neurrian honek ere arkitekturan eragina izan du eta ondorioz gero eta gehiago dira inguruko paisaiari arreta eskaintzen dieten eraikinak. Baina arreta eskaini ondoren gero testuinguru honetan txertatzen jakin behar da eta hori ez da beti erraza izaten. Eraikinak sortu dezakeen irudiarekiko ez baitu paisai horrekin soilik harremanetan jarri behar, hori egitea erraza baita. Ondorioz, eraikinak jakin behar duena zera da, paisaia ulertzen eta bereziki barneratzen eta ez bakarrik paisaia errespetatuz baizik eta ahal duen neurrian nabarmenduz, goraipatuz.

Azken urtetan Euskal Herrian paisaiarekiko errespetoa eta bertan txertatzeko asmoa erakutsi duten eraikinen artean honako hiru hauek aukeratu ditugu lehen gai hau irudikatzeko asmotan: Donostian Aieteko Jauregiaren moldaketa Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean eta Kultur Etxe berria (Isuuru Estudioa, Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias), hiri berean UBA Etxea (Isuuru Estudioa ere, Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias) eta Lantziegon Telmo Rodriguez upategia (Paul Basañez eta Diego Garteiz).

UBA Etxea, Donostia (Isuuru Estudioa)

UBA Etxea, Donostia (Isuuru Estudioa).

Donostian Aieteko Jauregiaren moldaketa Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean eta Kultur Etxe berria (Isuuru Estudioa, Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias) lan harrigarria gertatu da. Horrela, Bakearen eta Giza Eskubideen etxea jauregi zaharrean kokatu den neurrian —Adolphe Ombrecht arkitekto frantsesaren diseinu eklektikoa 1878an eraikia eta 35 urtez Francisco Franco diktadorearen udako egoitza izan ostean— eraikinari edukia guztiz aldatuz, Kultur Etxeari zabalpen berri bat egin zaio estilo garaikidean baina lurperatuz, honela nahiz eta jauregiaren eta bere lorategiaren ondoan egon oharkabean pasatzeko asmoarekin. Ondorioz, eraikin multzo berdina badira ere biak, zaharra eta berria, tunel baten bitartez lotuta baitaude, bakoitza bere sarrera du eta modu independientean funtzionatzen dute. Horrela ere orokorrean multzo osoak —jauregi zaharra, eraikin berria eta lorategia— primeran funtzionatzen badu ere, paisaiarekiko erakutsi den begirunea nabarmentzen da, eraikin berriak bere hizkuntza garaikideari muzin egin gabe lorategia eta paisaia errespetatzen dituelako, bere esanetara ipintzen da, eta ondorioz guztiak irabazten irten dira.

Donostian ere eta aurreko arkitekto talde bera egina UBA Etxea (Isuuru Estudioa, Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias) eraiki da, gazteentzako pentsatuta dagoen ostatu berria. Kasu honetan ere ingurunearekin orokorrean —Ametzagaña mendiaren magalean, Lau Haizeta parkearen ondoan— eta zehazki hurbileko landarediarekin loturak sortzeko asmotan eraikin berriaren fatxadan berde kolorea erabiltzeaz gain, aterpetxearen fatxadan ere kableak eta zutabeak kokatu dira landare igokariak ezartzeko asmotan. Kasu honetan proiektuaren helburu nagusia argi bazegoen ere —Donostian egonaldiak egin nahi dituztenei azpiegitura merke bat eskaini—, horretaz gain arkitektoek beste erronka bat bere gain hartu dute eta testuinguruarekin harremanetan ipintzen saiatu dira. Horretarako fatxadan hartutako erabakiekin batera aterpetxeko erabiltzaileen espazio komunak —sukaldea, jantokia, egongela, garbitegia— azken solairuan kokatu dira terraza batez inguratutak paisaiaz gozatzeko asmotan. Azken finean ere ez dugu ahaztu behar jatorrian orube honetan Donostiako Erietxe Antituberkulosoa kokatzen zela eta eraikuntza tipologia honetan paisaia eta klimarekiko harremana oso estua zela.

Lantziegon Telmo Rodriguez upategia ere (Paul Basañez eta Diego Garteiz) arkitektura eta paisaiaren arteko uztarketan adibide adierazgarria da. Arabar Errioxako upategi deigarri eta ospetsuen aurrean —Marques de Riscal, Antion, Ysios, Baigorri, Viña Real— honek beste proposamen mota baten alde egin du apustua, proiektuaren ardatza testuinguru naturala baita, upategia inguratzen duen paisaia eta bere berezitasunak. Horrela hainbat dira hartutako erabakiak: lehenengoz eraikin nagusiak ipar-hego haize nagusien noranzkoan ipini dira modu honetan iparraldeko haizea probesten baita lurperatutako hodi batzuen bidez upategiaren barnean sartzeko eta aire berritzeak erregulatzeko; bigarrenez eraikinen hormen hormigoia bertako lurrarekin egin dira, erabaki honekin lokatz testura moduko bat lortuz paisaiaren tonuarekin bat egiten duena, eta gainera, isolamendu termikoa bermatzen eta hezetasuna erregulatzen laguntzen duena; eta azkenik, eraikinen estalkietan bertako landaredia kokatu da, alde batetik aipatutako baldintza termikoak hobetuz, eta bestetik, paisaian berriro ere hobekiago txertatuz, eta horrela erakutsiz funtzioa eta arkitekturak bat egin dezaketela.

Eraikuntzaren txertaketa iraganarekiko

Posmodernidadea izeneko mugimenduak aurreko mendearen zazpigarren hamarkadan iraganaren berreskurapena proposatu zuenetik —gure artean arrakasta handia izanik, bereziki Donostiako Arkitektura Eskolaren bitartez eta geroztik nabarmendu beharra dago eskola honetako ikasleak tokiari jartzen dioten arreta bereziagatik bereiztu direla—, gure arkitektura garaikideak ez du iragana ahaztu eta eraikuntza gehienetan iraganarekiko errespetoaz jokatzeaz gain beste batzuetan zuzenean iraganak eragina handia izan du. Azken finean gure herri eta hiri nagusiak hainbat garai historikoak bizi izan dituzte eta guzti hori metatzen joan da eta eraikin berriak, arkitektura garaikideak arrasto guzti hauek kontutan hartu behar izan dituzte. Hala ere, iraganarekiko jarrera honetan aukera desberdina daude eta errespetoz jokatu liteken bezala —antzinako eraikuntza bat zaharberrituz lehen zegoen bezala utziz— badaude ere beste aukera batzuk, adibidez, eraikin berria sortu baina ez mimetikoki askotan egin den bezala edota ohiko kanpoko itxura eman nahian —tamalez aukera hau oraindik askotan ikusi dezakegu gure artean, bereziki etxebitzaren tipologian—, baizik eta iraganetik ikasiz edo inspiratuz zerbait berria sortzeko asmotan.

Ondoren, azken urtetan Euskal Herrian iraganarekin harremanetan eraiki diren eraikinen artean honako hiru eraikuntza hauek aukeratu ditugu: Bilboko Erriberako Merkatua (Emilio Puertas), Ortuellan Siderita Kiskalketa Labeen birgaitzea Erabilera anitzeko eraikuntza batean (Ramon Garitano) eta Baionako Unibertsitateko liburutegia (Jean de Giacinto).

Basque Culinay Center, Donostia (Vaumm Estudioa)

Basque Culinay Center, Donostia (Vaumm Estudioa).

Bilboko Erriberako Merkatua (Emilio Puertas) aipatutako lehen egoeraren adibidea izango litzateke, jatorrizko eraikina —Pedro Ispizuarena, XX. mendearen bigarren hamarkadan eraikia— guztiz zaharberritu bada ere ez bakarrik jatorrizko funtzioa mantenduz baizik eta baita estetika nagusia ere, bestetik guztiz berrituta dago, behar eta funtzio berriei modu bikainean erantzuna emanez. Gainera, kasu honetan egituran eta fatxada nagusietan aldaketa sakonik egiteko arrazoirik ez zegoen, eraikina berak iraganaren zati bat baita eta gainera bilbotarren oroimen sentimentalean ongi kokatuta mantentzen da.

Ortuellan Siderita Kiskalketa Labeen birgaitzea Erabilera anitzeko eraikuntza batean (Ramon Garitano) kasu desberdina izan da, hemen moldaketa sakonagoa izan baita eta eraikuntzari funtzioa bera ere guztiz aldatu zaiolako. Baina, hala ere eraikuntzaren bolumen eta forma nagusiak mantenduz orain aipatu berri dugun iragana eta oroimen sentimentalarekiko errespetoa, begirune bera ere erakusten da, eta honelako keinuak gure herri eta hiriak, gure gizarteak eta arkitektura berak behar ditu eta ondorioz ere eskertzen dira.

Azkenik, Baionako Unibertsitateko liburutegia (Jean de Giacinto) nahiz eta eraikin berria izan, kokatuta dagoen testuinguruarekin —gaztelua, harresiak— harremanetan dago, elkarrizketan aurkitzen ditugu. Horrela, fatxada nagusia hormigoizko sareta berezi batez osatuta zuhaitzen sustraien modukoa, eta denborarekin lurrez eta belarrez estaliko dena, antzinako gotorlekuetaz hitzegiten digu, gogorazten dizkigu, baina orain babeslekua ez da sortzen gizakientzat baizik eta liburuentzat, jakinduriarentzat.

Eraikuntzaren txertaketa hirigintzarekiko

Aurreko puntuan aipatu dugun bezala, egungo gure herri eta hiriak urte eta mende askotako jostun lanaz osatuta daude, garai historiko desberdinetan aurrera eraman diren hirigintza plangintza desberdinen batuketa izanik. Baina hau amaitzen ez den lana da eta orain altxatzen diren eraikin berriak testuinguru hau ere kontutan hartzen saiatu beharko dira. Azken finean lehen ere aipatu dugun bezala eraikinak ez dira herri edo hiri baten plangintzan isolaturik ipintzen baizik eta testuinguru batean txertatu behar dira eta ondorioz inguruko eraikinekin harremanetan egon eta bereziki gizakien beharrak asetzen saiatu behar dira, baina ez soilik eraikinaren funtzio eta beharrekiko baizik eta baita osotasunean ere, adibidez zirkulazioa edota komunikazioarekiko.

Azken urtetan Euskal Herrian altxatu diren eraikinen artean non hirigintzarekiko kezka berezi bat erakutsi dute irtenbide interesgarriak proposatuz honako hiru hauek nabarmenduko ditugu: Mondragon Unibertsitateak Donostian eraiki duen Basque Culinary Center fakultate unibertsitarioa (Vaumm Estudioa), Ortuellako Kultur Etxea (Ibon Bilbao, Jordi Campos, Caterina Figueroa eta Carlos Gelpi) eta Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikina (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy).

Mondragon Unibertsitateak Donostian eraiki duen Basque Culinary Center fakultate unibertsitarioa (Vaumm Estudioa) harremanetan ipini da alde batetik albo batean duen parkearekin —Miramongoa, bertan erakutsiz bere fatxada, aurpegi ausartena, metatutako plateren itxura sinbolikoa eta ikonikoa duena— eta bestetik inguruko etxebizitzekin, hauei eraikinaren patioa erakutsiz malda batetik behera antolatzen dena modu soilago eta xumeago batean, eta horrela auzoko testuinguru hiritarrean eta gizakiarrean arazorik gabe txertatuz.

Ortuellako Kultur Etxeak (Ibon Bilbao, Jordi Campos, Caterina Figueroa eta Carlos Gelpi) funtzio bera bete du Ortuellako bilbean ere lotu baititu alde batetik parke bat eta bestetik etxebizitza multzo bat horrela eraikinak zubi lanak eginez auzokideen behar kulturalak asetzeaz gain zirkulazioak eta komunikazioak erreztuz. Kasu honetan gainera, eraikinak bere forma eta materialekin herriko tradizioaren zati batekin —mehagintza— loturak bilatzen ditu hizkuntza arkitektoniko garaikideari muzin egin gabe eta eskaini beharreko funtzio guztiak modu egokian antolatuz.

Potxoenea, Usurbil (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy)

Potxoenea, Usurbil (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy).

Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikina (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy) aurreko beste hausnarketetan aipatu dugun bezala eraikin zahar bat errespetoz arkitektura garaikidearen hizkuntzarekin berreskuratzeaz gain, sekulako lana eta funtzioa betetzen du ere Usurbilgo bilbean alde zaharra eta berria lotuz, alde batetik fatxada batek zaharraren trazak mantendu dituena eliza ondoko plazara ematen baitu ?Dema plaza? eta bestea berria eta garaikidearen trazak proposatzen dituena atzeko plazarekin —Askatasuna plaza— komunikatzen baita.

Eraikuntzaren txertaketa gizartearekiko

Azkenik, testuinguruari eskainitakoa zortzigarren erronka honetan baita aipatu nahiko genuke ere nola gero eta eraikin gehiago harremanak sortzen dituzte ez bakarrik eraikuntza zuzenean erabili behar dituztenekin baizik eta baita beste bezero potentzialekin ere, hau da, momentuko erabiltzailekin edota beste modu batean definituz, gizartearekin orokorrean, eraikin irekiak baitira bere baitan erabilpen deberdinak onartzeko prest daudenak. Joera hau zorionez gero eta gehiago ikusten ari gara bereziki eraikin publikoetan, guztiontzat eginak daudenak.

Bukatzeko, arlo honetan azken urtetan Euskal Herrian hainbat esku hartze interesgarriak egin dira eraikuntzaren txertaketa gizartearekiko erraztearren, eta guk gure artikulorako honako hiru hauek nabarmendu nahi izan ditugu: Bilbon Alhondiga eraikuntza (Philippe Starck), Miarritzen aurkitzen den Ozeanoa eta Surfaren Hiria (Steven Holl, Solange Fabi?o arkitektoa eta artistaren laguntzarekin) eta Galar Zendeako Dotazio Eraikin berria (Itziar Iriarte eta Pedro Mariñelarena).

Bilbon Alhondiga eraikuntzak (Philippe Starck) aisialdiarako zerbitzu desberdinak eskaintzeaz gain —kultura, kirola, erosketak, sukaldaritza— estalita dagoen espazio erraldoi eta atsegin bat ere, plaza modukoa, gizartearen erabilpenerako eskura ipintzen digu. Kontutan hartuz gure testuinguru klimatikoaren ezaugarri orokorrak eta bereziki euria egiten duenean, ez dago zalantzarik espazioa mesedegarria gertatzen dela bai eraikinaren erabiltzailentzat zein hiriko guztientzat ere bai.

Miarritzen aurkitzen den Ozeanoa eta Surfaren Hiria (Steven Holl, Solange Fabi?o arkitektoa eta artistaren laguntzarekin) bestelako proposamenarekin etortzen zaigu, kasu honetan eraikuntzaren sabaia baita plazan bihurtu dutena eta ondorioz bertan atsedena hartzeko aukera izateaz gain, surfarekin lotura estua duten beste kirolak praktikatzeko aukera dago ere eta gainera nahi izanez gero paisaiaz disfrutatzeko primerako lekua da, modu honetan sabaia elkargune batean bihurtuz.

Galar Zendeako Dotazio Eraikin berrian ere (Itziar Iriarte eta Pedro Mariñelarena) udalak eskaini behar dituen hainbat funtzioak biltzeaz gain bide batez estalita baina era berean kalean dagoen espazio bat sortu dute arkitektoek hormigoaren erabilpenari esker, frontoia, jolas toki, eszena toki edota gizarteak nahi duen beste funtzioak betetzeko aukera eskainiz. Kasu honetan lehenengo adibidean ez bezala —Bilboko Alhondiga— gainera eraikina ez da ixten, beti zabalik mantentzen da izan ditzazken erabiltzaileen esanetara, argi utziz hasieran aipatzen genuen bezala arkitekturaren egitasmo nagusia gizartearen beharrei erantzutea dela.

 

Sarrerako argazkia: Baionako Unibertsitateko Liburutegia, Baiona (Jean de Giacinto)

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia