Eraikuntza zaharrentzat erabilera berriak. Arkitektura garaikidearen erronka berriak Euskal Herrian (VII)

José Javier FERNÁNDEZ ALTUNA

Lagundu

Azken hamarkadetan iraganeko eraikuntza zaharren balio orokorra onartu bada ere eta zorionez asko izan dira aurrera eraman diren zaharberritze prozesuak, egun tamalez oraindik ere askotan zenbait eraikinen birgaitze edo berreskuratze prozesuaz hitz egiten denean ulertezinak gertatzen diren zalantzazko jarrerak sortzen dira.

Arazo hau batez ere sortzen da eraikina ez badago iraganeko garai historiko esanguratsu batean kokatuta —arkitekturaren historiaren ohiko ikuspegitik— eta gainera, tipologia erligiosoa edo zibila garrantzitsu bat bete ez badu; adibide gisa, gure artean tamalez XX. mende hasieran —bereziki lehen hiru hamarkadetan— eraikitako lantegi gehienak ez dira zaharberritu eta ondorioz galdu egin ditugu.

Horrela, bai ondare artistikoa zein gizartearen oroimen sentimentala galtzeaz gain, eraikin hauei ez diegu eskaini erabilera berriak jasotzeko aukerarik, irtenbide hau gehienetan eraikin berri bat altxatzea baino merkeagoa denean eta gainera askotan azkarragoa ere. Eta erabaki honekin gainera aipatutako ondare guztiak kaltetzen ditugu eta ez soilik artistikoa eta historikoa, baita gizartearena ere.

Hau horrela izanda, Euskal Herriko arkitektura garaikidearen erronka berriei eskainitako gure azterketa honen zazpigarren hausnarketa hau, lau bidetik jorratzen eta sakontzen saiatuko gara, zaharberritze prozesuen inguruan hainbat gai desberdin baina osagarri aztertuz eta zorionez azken urtetan modu bikainean zaharberritu diren hainbat eraikin nabarmenduz honako izenburu hauekin: Itxuran nortasuna mantenduz, Funtsean guztia aldatuz, Elkarrekin baina nahasi gabe eta Elkarrekin nahasiz, bat eginez.

Itxuran nortasuna mantenduz

Zaharberritze erronka baten aurrean jarrera desberdinak hartu litezke. Eta jarrera hauek zalantzarik gabe jatorrizko eraikinaren egoera eta balioa neurri batean baldintzatzen badute ere, garrantzitsuena eraikin zaharberrituak etorkizunean jaso behar duen funtzio berria izan beharko luke, eraikinak bizirik iraun ahal izateko ezinbesteko osagaia. Hala ere, erronka nagusia azken hau izanik helmuga honetara heltzeko bide desberdinak egon litezke eta bereziki jatorrizko eraikinareriko, batzutan berdin utzi litekelako, beste batzuetan zerbait eraldatu eta bestetan guztiz moldatu.

Alhondiga, Bilbo (Philippe Starck)

Alhondiga, Bilbo (Philippe Starck).

Jarrera edo bide desberdin hauen arabera guk lau aukeratu ditugu, eta lehenengoa izango litzateke eraikinarekiko itxurazko errespetoa sortzen denean, hau da, printzipioz eraikinaren kanpoaldean ez dira aldaketa handirik egiten baina barrukaldean bai, orduan bai eraikina guztiz aldatzen dela, funtzio berrietara egokituz eta moldatuz. Irizpide hau defendatzeko orduan gehienetan jatorrizko eraikinaren garrantzi historikoa eta herri edo hiriaren bilbean jokatzen duen garrantzia kontutan hartu izan dira, oroitzapen sentimentala ere ahaztu gabe.

Azken urtetan Euskal Herrian zaharberritu eta itxuran behintzat jatorrizko irudia mantendu duten hainbat eraikinen artean honako bost hauek aukeratu ditugu lehen gai hau irudikatzeko asmotan: Bilboko Alhondiga eraikuntza (Philippe Starck), hiri berean Erriberako Merkatua (Emilio Puertas), Bilbon ere Ulibarri auzoan Castañoseko Udaltegia (IMB estudioa, Gloria Iriarte, Eduardo Mugica eta Agustin de la Brena arkitektoak osatuta), Bergarako Errege Seminarioaren birgaitzea UNEDen egoitzan bihurtzeko (Iñaki Aspiazu) eta Topic-Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (Anton Pagola, Miriam Varela eta Santiago Lorenzo).

Bilboko Alhondiga eraikuntza (Philippe Starck), Bilbon ere Ulibarri auzoan kokatzen den Castañoseko Udaltegia (IMB estudioa, Gloria Iriarte, Eduardo Mugica eta Agustin de la Brena arkitektoak osatuta) eta hiri berean Erriberako Merkatua (Emilio Puertas) XX. mende hasierako hiru eraikin garrantzitsuak dira, lehenengo biak Ricardo Bastidak eraikiak eta hirugarrena Pedro Ispizua. Horretarako eraikin bakoitza bere auzoan bere ibilbidearen zehar bete behar zituzten funtzioak betzea lortu dituzte, eta gainera hiria eta gizartearen oroimen sentimentalaren zati esanguratsu batean ere bihurtu dira. Ondorioz, eraikinak eguneratu eta lehenengo bi adibidetan funtzio berriak txertatu nahi izan zitzaizkienean argi ikusi zen eraikinak barrutik guztiz moldatu behar baziren ere kanpotik jatorrizko itxura mantentzea aukera bideragarria izan zitekela. Horrela, Alhondigaren kasuan adibidez barruan aisialdiarentzat zuzendutako eraikuntza batean bihurtu bada ere uztartuz gorputza eta arima, hau da, alde batetik ariketa fisikoak egiteko guneak ditugulako —igerilekua, gimnasioa— eta bestetik garuna ere elikatzeko aukera badagoelako —erakusketa aretotak, mediateka, zineak—, eraikin bera gainera hirian jostun lanak betetzen ditu, pasabide eta elkargune funtzioak ere egiten baititu Alhondigak. Castañoseko Udaltegia ere jatorrian osasun eremuan lan egin ondoren eta gero merkatu gisa, egun kultur funtzioak betetzen ditu jatorrizko eraikuntzaren azal modernista errespetatuz baina barrualde berri bat sortuz. Azkenik, Erriberako merkatuan jatorrizko funtzioa oraindik betetzen bada ere berrantolamendu berri bat eskaini zaio eta kanpoko itxura mantendu badu ere hau eguneratua du, iragana eta oraina uztartu nahian.

Bergarako Errege Seminarioaren birgaitzea UNEDen egoitzan bihurtzeko (Iñaki Aspiazu) eta Topic-Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa (Anton Pagola, Miriam Varela eta Santiago Lorenzo) XIX mendeko eraikinak izanik —lehenengoa Mariano Jose de Lascurainena, eta bigarrena Jose Eleuterio de Escoriazarena— Gipuzkoako bi herrien bilbean txertatuta dauden neurrian bertan gainera eraikuntza esanguratsuak izanik, barrutik guztiz eraldatu badira ere kasu bi hauetan ere kanpoko itxura mantendu da iraganari omenaldi bat egin nahian eta aipatutako oroimen sentimentala ere defendatzeko asmotan. Bi kasutan gainera barruan egindako moldaketak ikusgarriak izan dira, Bergarako Errege Seminarioaren birgaitzean egurraren erabilpena nabarmenduz eta Topic-Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroan berez duen eduki berezia jasotzeko sortu diren espazio eta eszenografia goraipatuz.

Funtsean guztia aldatuz

Baina jatorrizko eraikuntza mantentzea beti ez da posible izaten edota zuzenean ez du merezi, zaharberritzearen defentsa ez duelako esan nahi eraikuntza zahar guztiak mantendu behar direnik; askotan eraikuntza zaharren egoera tamalgarria izanik, garrantzi historikoa edo oroimenarekikoa txikia, edota zuzenean eginkizun berriak ezin dituelako ongi bete, hobe da zaharra bota eta berria egin, baina bestetik aipatu beharra dago ere zaharra guztiz bota soilik fatxada mantenduz askotan egin izan den bezala ez dela ere irtera egokiena. Hala ere kasu batzutan fatxada ez den beste egiturazko zatiak mantentzea posible denean eta erabaki honen ondorioz kostuak gutxitu eta bereziki denbora murrizten bada aukera hau kontutan hartu beharrekoa da; egia da ere kasu hauetan azken emaitza eta jatorrizkoa alderatuz harremana galdu egiten dela baina bestetik eraikuntzaren egitura mantenduz bide batez ere aurreko eraikinaren nortasuna ere mantentzea suposatzen du.

Erriberako Merkatua, Bilbo (Emilio Puertas)

Erriberako Merkatua, Bilbo (Emilio Puertas).

Ondoren, azken urtetan Euskal Herrian zaharberritu diren eraikinen artean eraikuntzaren itxura guztiz aldatuz, honako bi eraikuntza hauek aukeratu ditugu: IDOMen egoitza berria Bilbon Biltegi Frankoren egoitza zaharberrituz (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri) eta Itsasondoko udaletxearen birgaitzea (Gurutze Aldanondo).

IDOMen egoitza berria Bilbon Biltegi Frankoren egoitza zaharberrituz (ACXT Estudioa, Javier Pérez Uribarri) ingeniaritza enpresa handi honen egoitza nagusia da, eta lanak ere ACXT bulegoak burutu ditu bera baita IDOMen arkitektura bulegoa ere. Asmoa erronka handia zen hirurogeitamargarren hamarkadan altxatutako eraikin industriala bulego eraikin modernoan bilakatzea baitzen. Horretarako eraikin zaharraren hormigoizko estruktura besterik ez dute zutik utzi eta beste guztia eraitsi ondoren beirazko fatxada altxatu dute eguzkitik babesteko aluminiozko xaflak gainjarriz elementu adierazgarri eta ikoniko gisa baina ez soilik kanpoko itxurarekiko baizik eta baita asmo eta edukiekiko ere, xafla hau eraikuntzaren estalkian langileen atsedenerako estalki berde bat bihurtzen baita.

Itsasondoko udaletxearen birgaitze (Gurutze Aldanondo) prozesuaren jatorrian ere hirurogeigarren hamarkadan eraikitako eraikina zegoen, egungo funtzioak eta beharrak asetzeko eta eskaintzeko zaharkitua. Ondorioz eraikin zaharra matentzeaz gain berreskuratu egin da bai barnean bai kanpoaldean itxura berri bat eskainiz, eraikuntza berri baten aurrean egongo bagina bezala baina jakinez ere ez dela horrela, jatorrizko bolumena eta irudia bere baitan mantentzen badira ere aipatutako oroimena eta sentimenduak ez direlako traizionatzen, iraganarekiko errespetoz jokatzen baita baina era berean ere arkitektura gaurkotuz eta egokituz.

Elkarrekin baina nahasi gabe

Beste kasu batzutan zaharberritze prozesuak beste modu batean planteatu dira, eta eraikin zaharrak berritu badira ere funtzio berriak jasotzeko beste eraikin berriak ere altxatu dira biak uztartuz baina nahasi gabe. Kasu hauetan gainera jatorrizko eraikinarekiko sekulako errespetoz jokatzen den neurrian ahal den gutxien itxura aldatuz, eraikin berrietan neurri batean logikoa den bezala gehienetan arrazionalismo abstraktua eta minimalismoaren aldeko apustua egiten da jatorrizkoarekin alderatuz guztiz desberdina den eraikuntza altxatuz. Erabaki honek hasieran eta printzipioz kontrastea eta zalantzak sortzen baditu ere azkenean emaitza ere aproposa izan liteke.

Azken urtetan Euskal Herrian altxatu diren eraikinen artean bat eginez lehendik zeudeten eraikinekin honako bost hauek nabarmenduko ditugu: Krea eraikina, hots, Gasteiz hirian Betoñako Karmeldar oinutsen Komentuaren zaharberritze eta handipena (Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo), Donostian Aieteko Jauregiaren moldaketa Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean eta Kultur Etxe berria (Isuuru Estudioa, Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias), Donostian ere bai San Telmo Museoaren zaharberritzea eta eraikin berria (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano), Basauriko Social Antzokiaren birgaitzea eta handipena (MaaB Estudioa, Jorge Mallagaray, Angel M. Cea eta Belen Rodriguez) eta Getxon BiscayTIK proiektuaren egoitza berria Bake Eder eraikina berrezkuratuz (G&C Estudioa, Marta Gonzalez, Martin Gonzalez, Jorge Cabrera eta Jesus Maria Baranda).

Krea eraikina, hots, Gasteiz hirian Betoñako Karmeldar oinutsen Komentuaren zaharberritze eta handipena (Roberto Ercilla eta Miguel Angel Campo) ez da oharkabean pasatzeko asmotan eraiki komentuaren zaharberritzearekin formalki kamuflatuz, baizik eta nahita nabarmendu egin da —materialen erabilpenean ere bereiztasuna nabaria da, polikarbonatua eta beira nagusi baitira eraikin berrian— horrela zaharra eta berria elkartuz baina ez nahastuz. Funtzionalki ere bereizketa mantentzen da, handipen berrian aldizkako bisitariek erabiliko dituzten edukiak ipini dituztelako, eta berriz zaharberritutako eraikinean beste jarduera guztiak.

Donostian Aieteko Jauregiaren moldaketa Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean eta Kultur Etxe berria (Isuuru Estudioa, Aitzpea Lazkano eta Carlos Abadias), kasu honetan ere aurrena eraikin zaharra errespetatuz —bertan kokatu baita Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea—, eraikin berria, kultur etxea jasotzen duena, bere irudia eta formak testuinguruan inposatu beharrean jatorrizko eraikinarekin lehian sartuz, nahiago izan du albo batean kokatu eta mendiaren azpian sartu ezkutatuta, soilik argia eta naturarekiko harremana bilatuz.

Casta?oseko Udaltegia, Bilbo

Castañoseko Udaltegia, Bilbo (IMB Estudioa, Gloria Iriarte, Eduardo Mugica eta Agustin de la Brena).

Donostian ere bai San Telmo Museoaren zaharberritzea eta eraikin berria (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano) prozesu bikoitza izan da, alde batetik jatorrizko eraikina zaharberritu baita bere alderdi ederrenak nabarmenduz, eta bestetik eraikin berri bat atxikitu zaiolako guztiz desberdina, arrazionala eta abstraktua delako lehen itxuran. Baina eraikin honen asmoa ere bikoitza izan da, kasu honetan ere jatorrizko eraikinarekin lehian sartu beharrean nahiago izan duelako Urgull mendian kokatuta dagoen gazteluaren harresiak gogoratu arazi eta bide batez inguruko naturarekin ere eraikin berria harremanetan ipini bere fatxada guztiz zulatu egin baita bertatik landareak sortzeko asmotan.

Basauriko Social Antzokiaren birgaitzea eta handipenaren kasuan (MaaB Estudioa, Jorge Mallagaray, Angel M. Cea eta Belen Rodriguez) aurreko eraikinei kaxa eszeniko berri bat erantsi zaio estiloan desberdina baina multzoa desitxuratzen ez duena nortasun propioa baitu eta ondorioz aurreko guztiarekiko ekarpen berri bat bihurtzen da. Horretarako garrantzitsua izan da alde batetik erabilitako materiala —korten altzairua, Bilboko garai bateko industriaren oroigarri gisa, bai labe garaiak bai itsasontziak gogora arazten duelao— eta bestetik huntzaren irudia ikusi daitekelako altzairuzko xafletan zulaturik inguruko landarediarekin bat egin nahian.

Getxon BiscayTIK proiektuaren egoitza berria (G&C Estudioa, Marta Gonzalez, Martin Gonzalez, Jorge Cabrera eta Jesus Maria Baranda) bi eraikinetan banatu da, berreskuratutako Bake Eder eraikinean —sute baten ondorioz egoera tamalgarrian zegoena— eta eraiki berri den beste eraikuntza batean, oso xumea, beirazko fatxadarekin inguruko landaredia islatzeko asmotan eta berdegunean desagertu jatorrizko eraikinari nagusitasuna, protagonismoa eskainiz.

Elkarrekin nahasiz, bat eginez

Baina badaude beste aukera batzuk, eta zenbait esku hartzetan ondorioz uztarketa osoaren aldeko apustuak ere egon dira, hau da, zaharra eta berria elkarrekin nahasiz azkenean guztia bat eginez. Proiektu hauek zailenak izaten dira muga egokia aurkitzea zaharberritze prozesuan ez baita batere erraza, zaharra nagusitzen bada funtzio berriak kaltetutak atera litezkelako, eta alderantziz ere, berria inposatzen bada aipatutako oroimena, bai iraganarekiko bai sentimenduekiko ere traizionatu dezakegulako

Bukatzeko, arlo honetan azken urtetan Euskal Herrian hainbat esku hartze interesgarriak egin dira maila eta izaera desberdinetako xehetasunen bitartez, eta guk gure artikulorako honako bi hauek nabarmendu nahi izan ditugu: Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikina (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy) eta Ortuellan Siderita Kiskalketa Labeen birgaitzea Erabilera anitzeko eraikuntza batean (Ramon Garitano).

Usurbilgo Potxoenea kultur bulego eraikinak (Ainara Sagarna, Maialen Sagarna eta Juan Pedro Otaduy) herriko bilbe historikoan kokatuta zegoen etxe zahar bat berreskuratu du eraikinari jatorrizko eta ohiko irudia itzuliz Dema plazara ematen duen fatxadan —jatorrizko harria, leiho txikiak eta antolamendua errespetatuz— baina Askatasuna plazarako altxaera bestelakoa eginez —beltzez margotutako egurrez eraikita eta leiho handiekin— egitura guztiz garaikidea proposatuz. Bien arteko konbinaketa bikaina gertatzen da ausarta baina hausturarik gabekoa, iragana eta oraina lotuz hegoaldera ematen duen hormaren bilakaeran antzematen den bezala.

Azkenik, Ortuellan Siderita Kiskalketa Labeen birgaitzea (Ramon Garitano) etorkizunean erabilera anitzeko eraikuntza batean bihurtzeko asmotan baita eredugarria gertatzen da ere. Jatorrizko egitura errespetatuz eta bolumen nagusiak, eraikuntza berri honek ere lortzen duelako iragana eta kasu honetan etorkizunaren arteko elkarrizketa sortzea, argi adieraziz iraganeko ondarea berreskuratu litekela eta erabilgarria bihurtu oinarrizko moldaketak eginezgero. Horrela aipatu dugun bezala guztiok irabazten aterako gara baina bereziki arkitektura bera.

 

Sarrerako argazkia: San Telmo Museoa, Donostia (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano)

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia