746 Zenbakia 2020-01-15 / 2020-02-19

Gaiak

Intersekzionalitatea: ibilbideak eta tresnak tradizio intelektual kritikoetatik

ZUGAZA GOIENETXEA, Uxue

Oinarrian, intersekzionalitatea klase, genero, arraza, etnia, sexualitatea eta bestelako egituren arteko elkarreraginen ondorioz jasotako zapalkuntza eta pribilejio harreman konplexuez ari zaigu. Harreman hauetaz aritu diren ekarpen zerrenda luzean izen eta korronte asko sartzen badira ere, ia ezinezkoa da intersekzionalitatea eta hura lehenbiziz izendatu zuen autorearen ekarpenari arretarik ez jartzea. Azken hau ez hainbeste intersekzionalitatearen berezko testu edo autorea kanonizatzeko, ezta milaka ertz dituen ibilbide konplexu bat narratiba sinplifikatu batetan bihurtzeko. Bai, ordea, intersekzionalitatearen bidaia eta bilakaera erakundetuek aurrean dituzten zenbait kritika eta erronkari heltzeko.

Intersekzionalitatea Kimberlé Crenshawren ekarpenaren argitan

Hain zuzen ere, 1980. hamarkadetako Estatu Batuetan aktibismo antiarrazistek eta arrazismo erakundetuak astindutako testuinguru nahasietatik proposatzen du Kimberlé Crenshawk intersekzionalitatearen metafora. Ekarpena Teoria Kritikoaren koordenadetan kokatzen da, hain zuzen ere Black Feminism [Feminismo Beltza] eta Critical Race Theory [Arrazaren Teoria Kritikoa] pentsamendu eta aktibismo tradizio luzetik. Ia erreferentziazko zita bilakatu den lehenengo testuan (1989), jurista afroamerikarrak enpresa desberdinen aurka emakume beltz langile batzuk galdutako epaiak hartzen ditu kasu-analisi gisa. Kasu konkretu hauen bidez, Estatu Batuetako antidiskriminazio doktrinan emakume beltzen errekonozimendu eza nahi du salatu autoreak, eta horretarako darabil, hain zuzen, gerora hainbeste aipatuko den bidegurutzearen irudia: errepide batetan noranzko desberdinetatik datozen zenbait autok talka egin dezaketen moduan,  emakume beltzen diskriminazioan genero eta arraza talkek aldi berean ere eragin zezaketen. Intersekzioak, ordea, halakorik kontenplatzen ez duen sistema judizial baten puntu-itsu bat irudikatzen du: emakume beltz batek emakume beltz gisa pairatutako diskriminazio egoeren salaketa soilik zen onargarri legearentzat, baldin eta emakume edo beltz izateagatik diskriminatuak izatea argudiatzen bazuten. Gauzak hala, bi noranzkotan datozen autoen talka gertatzerakoan kalteen arrazoiak bereizteko gai ez izanda, zaurituen gaineko ardurarik hartu nahi ez duen osasun asegurua bezala ari zen sistema judiziala bera.

Generoa eta arraza desberdintasunak modu baztertzailean, hau da, elkarrekiko era autonomoan, bateraezinean, irudikatzen zituen sistema juridikoa kritikatzen du Crenshawk testu honetan, kodigo legalak nahita ikusezin mantentzen zituen errealitate eta zapalkuntzak desestaliz. Esperientzia pribilejiatuetatik sortzen diren eta esperientzia pribilejiatua erreproduzitzen duten kategorien eraikuntzak betean egiten du topo are konplexuagoa den errealitate batekin: legearentzat emakumeak azal zuria du berez, eta beltza, berez da gizona, bata ala bestea logika monolitiko honetatik kanpo geratzen den oro errekonozimenduaren itzaletan utziz. Esklabo izandako Sojourner Truth aktibista abolizionistak 1851. urteko Ohioko konbentzioan egindako galderaren ohiartzunak errez entzun daitezke Crenshawren kritikari erreparatzean: Ain’t I a woman? Alegia, ez ote dira, orduan, emakume beltzak emakume?

Intersekzionalitatea testuinguruaren eta boterearen bitartez ulertu: dominazio-matrizearen figura

Intersekzionalitatea bidegurutzeek eragiten dituzten puntu-itsuetan kokatutako zapalkuntzen isilpen eta omisioen islada baldin bada, ekarpen honek erakusten digu intersekzionalitateak zapalkuntzak eta pribilejioak modu konplexuan ulertzeko tresna analitiko gisa duen indar eraldatzailea. Patricia Hill Collins soziologo afroamerikarrak proposatutako dominazio-matrizearen figurak (2000, 2017) intersekzionalitatearen dimentsio honetan sakontzen du. Matrizearen figurarekin botere harremanak antolatzen dituen molde edo patroi bateri egiten dio erreferentzia autoreak. Alegia, testuinguru jakin batean opresio eta pribilejio harremanak alor desberdinetan nola antolatu eta erreproduzitzen diren adierazten digun botere posizioen antolaketari. Matrizearen figurak egiturari egiten dio erreferentzia, agerian jarriz zein modutara antolatzen diren testuinguru zehatzetan taldeen arteko botere harremanak.

Hiru oinarrizko premisatan sakontzen laguntzen digu tresna honek (2017: 25). Bat, erresistentzia eta dominazioa testuinguru desberdinetan era desberdinean antolatzen direla. Bi, testuinguru partikular batetan egitura edo kategoria batzuk beste batzuk baino gehiago gailenduko direla. Eta hiru, erresistentzia eta dominazioa aldi berean aritu daitezkeela, pribilejio eta opresio harreman kontraesankorrak jarriz agerian. Dominazio-matrizeak opresio intersekzionalak ulertu eta kokatzeko testuinguruaren zentralitatea adierazten digu. Testuinguru bakoitza prozesu historiko eta sozial partikularren produktu bat da, zeintzuek pribilejio eta opresio harremanen antolaketa jakina baldintzatuko dute. Zapalkuntzak ez daude berdin egituratuak Bilbon edo Frantziako herri txiki batetan. Belztasuna eta zuritasuna desberdin egituratuak egongo dira testuingu bakoitzean: arrazismoak ez dauka esanahi berdina Afrikan edo Europan. Belztasuna eta zuritasuna ere dinamikoak edo kontingenteak dira: Euskal Herrian zuri bezala identifikatutako emakume bat Latina bezala identifikatua izan daiteke Europa iparraldean. Arraza bera, klase edo jatorri bezalako egiturekin modu desberdinean harremanduko da, eta inplikazio desberdinak izango ditu testuinguru bakoitzean. Migratu kategoriak ez ditu konnotazio berdinak izango lan kontratu batekin Europatik Hego-Amerikara migratzen duen emakume zuri batentzako, eta Hego-Amerikatik Europara lan kontraturik gabe migratzen duen emakume arrazializatu batentzako. Matrizeak, beraz, testuinguru bakoitzak ezkutatzen duen konplexutasuna lagunduko digu azaltzen. Botere harremanak intersekzionalak direla esateak testuinguruari arreta jarri barik, suposa baidezake intersekzionalitatea bera botere harremanekiko iheskorrak diren marko akritikoetan asimilatzea.

Intersekzionalitatea klase, genero, arraza, etnia, sexualitatea eta bestelako egituren arteko elkarreraginen ondorioz jasotako zapalkuntza eta pribilejio harreman konplexuez ari zaigu.

Tradizio kritikoen garrantzia intersekzionalitatearen bitartez pentsatzeko

Crenshawrekin ikusi dugu intersekzionalitatea zentrala dela ez bakarrik marko unitario edo monolitikoen bitartez ulergaitz diren errealitate eta zapalkuntzak ulertzeko, baizik eta isilpen eta omisio horiek esanahiz betetzen dituelako. Crenshawk sistema judizialaren genero eta arraza kategorien eraikuntza baztertzailea jartzen du agerian, eta eraikuntza hori egiturak berak erreproduzitzen dituen pribilejio eta zapalkuntza harremanekin lotzen ditu. Ekarpen hau, ordea, feminismo ez-hegemonikoek egindako kritiken adibide txiki bat besterik ez da. Intersekzionalitateak, feminismo beltzen, feminismo ijitoen, feminismo dekolonialen eta bestelako eskola eta aktibismoen marko analitikoetatik, ikusezin edo ulergaitz zaigunaren atzean dauden botere harremanei galdetzen die, hankaz gora jarriz arraza, jatorri eta klase pribilijoetatik pentsatutako feminismo hegemonikoak darabiltzan zenbait nozio eta ideia klabe: generoa bera, familia, sexualitatea, komunitatea, lana, eta egunerokotasuna astintzen duten hainbat eta hainbat errealitate bizi. Patricia Hill Collinsek modu zirikatzailean galdetzen digun bezala (2019), nola begiratuko genioke errealitateari bidegurutzeetako ikuspuntuetatik hasiko bagina?

Collinsen galdera buruan izango balu bezala, Vivian M. Mayk intersekzionalitateari ematen dion definizioa iradokitzailea da zentzu askotan: “intersekzionalitatea ohiko pentsamoldeak nahasteko erresistentzia jakintza mota bat da (…) Justizia sozialaren aldeko borroketan errotua, dominazioari aurre egiteko, imajinario kritikoak bultzatzeko, eta aldaketarako modelo kolektiboak eratzeko tresna bat” (2015: xi). Zapalkuntzak erreproduzitzen dituzten eta erresistentziatik ehotu diren pentsamendu markoenganako desafioan datza, hain zuzen, intersekzionalitateak proposatzen digun bestelako begirada. Nola desikasi eta entrenatu bestelako begiradetan?

Ideia potolo honi heltzeko zenbait gako interesgarri ematen dizkigu Lucas Platerok (2015: 84). Intersekzionalitatea pribilejioak eta zapalkuntzak ulertzeko eta horiei aurre egiteko tresna analitiko erabilgarria da, haren bitartez, gure lanetan behintzat lau elementuri heltzen laguntzen digulako: bat, errealitatea aztertzeko darabiltzagun kategoria analitikoak kritikoki aztertzen; bi, kategoria edo egitura sozialen artean ematen diren harremanak nolakoak diren azaltzen; hiru, pentsaezinak diren errealitate eta arazo sozialak ikusezinak direla erakusten; eta lau, edozein begiradak botere harremanetan ezkutatzen duen kokapena kontutan hartzen eta horren inguruko ardura hartzen.

Horregatik ere, intersekzionalitatearen tradizio kritikoek gure ezagutza edo eskuhartze praktikak ikuspuntu kritiko, arduratsu eta erreflexibo batenganako deia luzatzen badigute, intersekzionalitatearen inguruan azken hamarkadetan piztutako interesa ezin dugu banandu aniztasunaren inguruko diskurtso neoliberalarengandik. Susmoak piztuta, eta aniztasuna ospatzera deitzen duten begirada akritikoen aurrean, intersekzionalitateak badu aurrean haren irismen kritikoa osasuntsu mantentzeko erronka handia.

Erreferentzia bibliografikoak:

Collins, Patricia Hill (2000). Black feminist thought. Knowledge, conciusness, and the politics of empowerment (2. ed.). Londres: Routledge.

Collins, Patricia Hill (2017). The difference that power makes: Intersectionality and participatory democracy. Investigaciones Feministas, 8(1), 19-39.

Collins, Patricia Hill (2019). Intersectionality as critical social theory. Durham: Duke University Press.

Crenshaw, Kimberlé (1989). Demarginalizing the intersection of race and sex: A black feminist critique of antidiscrimination doctrine, feminist theory and antiracist politics. The University of Chicago Legal Forum, 140, 139-167.

May, Vivian M. (2015). Pursuing intersectionality, unsettling dominant imaginaries. New York: Routledge, Taylor & Francis Group.

Platero, Raquel (Lucas). (2014). ¿Es el análisis interseccional una metodología feminista y queer?. In I. Mendia Azkue, M. Luxán, M. Legarreta, G. Guzmán, I. Zirion & J. Azpiazu Carballo (Ed.), Otras formas de (re)conocer. Reflexiones, herramientas y aplicaciones desde la investigación feminista (pp. 79-95) UPV/EHU.


Eusko Jaurlaritza