746 Zenbakia 2020-01-15 / 2020-02-19

Gaiak

Ekonomia zirkularra: ekonomia eta ekologiaren adiskidetzea?

SAN FRANCISCO LASA, Aitor

nere ama hil zait / lanak itota / lanaren amoreagatik / hil zait / zertarako den bizitza / jakitera iritsi gabe.” [Joxean Artze]

Aita lana dela eta Ama lurra dela esatea [William Petty] edo aita ekonomia dela eta ama ekologia dela esatea, gauza bera litzateke; oikos[1]-aren bi ikuspegi desberdin. Azken mende luzean aita jaun eta jabe izan den arren, ekonomiaren maila teorikoan hori ez da beti horrela izan. XVIII. mendean, ekonomia modernoaren hastapenean, aitaren eta amaren arteko elkarrekintza kontuan hartzen zen, oraindik ezkonduak zeuden. Fisiokratak, garaiko teoria naturalei erantzunez hazkundean sinesten zuten arren, moneta-ekonomiaren kudeaketa munduko lege fisikoetara bideratzen ahalegindu ziren. Ez zuten berebiziko arrakasta izan ekonomia lege fisiko batzuetara mugatzerako bidean. Hazkundearen mantra, aldiz, hor geratu zen; gaur egun bizi-bizirik jarraitzen duen mantra, hain zuzen.

XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran amarengandik dibortziatu zirenak ekonomista neoklasikoak izan ziren. Horrek esan nahi du ekonomista neoklasikoek ekonomiaren lotura fisikoaren teoria bertan behera uztea, eta ekonomia balioaren eremu soilera murriztea. Hau da, egun ezagutzen dugun ekonomia; inongo lege fisikotara loturik ez dagoen teoria ekonomikoa.

Hamarkada luzez (eta ilunez) aitak bere bakardadean, bere nahikerian eta bere harrokerian, lurraren jaun eta jabe zela sinetsi zuen, Natura bere eskuetara zegoen ustearekin: bi mundu gerra, milioika hildako, faxismoen igoerak eta jaitsierak, sistema kapitalistaren gailentzea, etab. amaigabea. Garai horretan guztiz ahaztu zen gure etxearen (ingurumenaren) ikasketa eta horren zaintza; horren kudeaketan baino ez genuen pentsatu[2].

XX. mendearen bigarren erdian, aldiz, ama, apurka bada ere, bere diaspora luzetik itzultzen hasi zen. Rachel Carsonek 1962. urtean argitaraturiko Udaberri Isilak izango da horren arrazoietako bat. Gizakiak naturaren gain duen erantzuna aztertzen da bertan eta kontzeptu ekologikoak diziplina desberdinetan lantzen hasteko inflexio puntua markatuko du. Ekonomia ez da mugimendu horretatik at geratuko. 60. hamarkadako beste argitalpen esanguratsuen artean, besteak beste, Paul R. Ehrlich eta Anne H. Ehrlichen The population Bomb dago, demografiaren hazkundearen arazoa mahai gaineratzen duen liburua.

Hurrengo hamarkadaren hasieran sortu zen hazkundeari mugak jartzea planteatu zuen lehen ikerketa garrantzitsua. Garaian zorotzat hartu zituzten Erromako Klub-ekoak Meadows-en I. txostena (1972) argitaratu zutenean: The Limits of the Growth edo Hazkundearen Mugak. Bertan, hazkunde ekonomikoak muga biofisikoekin talka egiten duela aztertu zuen Donella Meadoesek, argi utziz hazkunde fisikoak mugak izan, badituela. Iñigo Ruiz de Apodakak Euskonews-en argitaraturiko Ekonomia Zirkularra: hazkundearen limiteei erantzun tekno-optimista bat artikuluan argi utzi zuen 2016an bazirela Hazkundearen Mugak txostenean azaltzen ziren agertoki estandarraren iragarpenak betetzen ari zirenaren zantzuak.

Hala ere, ondorengo hamarkadetako joerak ez dira era nabarmenean aldatuko. Era itsuan jarraituko dute gehienek, mundua festa bat balitz legez, baliabideak amaigabeak balira bezala; hau da, baliabideak errenta direla pentsatuz, ondasunak direla jabetu beharrean; kontziente izan gabe, erregai fosilak ez ditugula guk sortu, ezin ditugula, inondik inora, eraberritu.

Ama, bere diasporatik, gero eta zarata handiagoa egiten hasiko da; 1987an Gro Harlem Brundtlan Norvegiako lehen ministro izandakoak Our Common Future izeneko lana argitaratuko du NBErentzako. Ikerketa horretan azalduko da lehen aldiz garapen iraunkorra terminoa, eta hain famatu bihurtu den lelopean definituko da: “Garapen iraunkorrak oraingo betebeharrak ase behar ditu, etorkizuneko belaunaldien betebeharrak baldintzatu gabe”.

1990ean plazaratuko da, lehen aldiz, ekonomia zirkularra, termino teoriko akademikoan bada ere. Pearce eta Turnerrek termodinamikaren lehen bi legeetan oinarrituriko termino ekonomikoa definituko dute. Ekonomiaren eta ingurumenaren arteko elkarrekintza kontuan hartzen duen sistema itxia definituko dute bertan. Hala ere, hasiera batean, bere horretan geratu zen.

Mende amaierak aurrera egin ahala, oihuen ozentasuna gorantz joan zen. Maila akademikoak, adibidez, argi eta garbi esaten zuen joera horretan jarraitzea ez zela inolaz ere iraunkorra. Bestetik, 1995. urtean COP sortu zuten, NBEren Aldaketa Klimatikoaren Konferentzia. Lehen konferetzia Berlinen egin zuten arren, 1997an Kyoton egindakoa izan zen ezagunenetakoa; Kyotoko Protokoloa izeneko mundu mailako akordiora heldu ziren bertan, berotegi efektuaren gasen murrizketa maila markatzen zuen akordioa, hain zuzen. Hala ere, azkenaldian ikusi ahal izan den moduan, beheranzko joera ez, kontrako joera izan dugu gasen isuriekin. 2015. urtean, COP 21ean, Parisko akordioa sinatu zuten mundu mailako 195 estatuk, euren berotegi efektuko gasak murrizteko konpromisoarekin; akordio horren helburu nagusia da 2100. urterako munduak 2 graduko batez besteko tenperatura igoera ez izatea. Hala ere, 2017an AEBak atera egin ziren bertatik, Parisko akordioari uko eginda.

Ekonomia larriki zaurituta zegoenean gailendu zen ekonomia zirkularra, argi utziz ekologiak ere bere lekua izan nahi duela.

Baina itzul gaitezen geunden tokira, XX. mendearen amaierara. 2000. urteko efektua eta mundu amaieraren apokalipsia garaiturik, industrializazioak eta kutsadurak joera gorakorra izan zuten; berotegi efektuko gasen isuria esponentzialki goraka zihoan, 2008ko kolapso ekonomikoa iritsi zen arte. Garaiko krisirik handienak industria arloko atzerapausoa eragin zuen.

Errealitate horren erdian, ekonomia larriki zaurituta zegoenean gailendu zen ekonomia zirkularra, argi utziz ekologiak ere bere lekua izan nahi duela, ez soilik eztabaida mahaian, baita etorkizuneko errealitatean ere. 2010. urtean Ellen MacArthur Fundazioak, McKinsey aholkularitzak lagunduta, ekonomia linealetik ekonomia zirkularrerako trantsizioa garatzeko erronkari heldu zion.

Ordura arte izandako mugimendu ekologiko-ekonomiko gehienak daude ekonomia zirkularraren barnean, eta ordura arte zeuden mugimendu desberdin askoren marko komuna izan nahi zuen, hain zuzen ere: industria ekologia, ekodiseinua, berrikuntza iraunkorra, birfabrikazioa, birziklapena, ikuspegi sistemikoa, ziklo itxiak, eta abar luze bat. Definizio asko aurki daitezkeen arren (eta adostasunik ez izan arren) ondorengoarekin gera gaitezke: “Planifikazioa, baliabideak eskuratzea, produkzioa eta birprozesatzea ekosistemen funtziondua maximizatzeko, eta gizakien ongizatearen ikuspegitik diseinaturiko eta kudeaturiko modelo ekonomikoa da ekonomia zirkularra (Murray et al, 2015).

Batetik, argi ikus daiteke ekosistemez hitz egiten hasten direla ekonomia zirkularrean, eta baita biodibertsitatea leheneratzeaz ere (hori nola egin oso argi definitu ez arren). Bestetik, berriz, muga biofisikoak onartu zituzten eta baliabideen gainean kontrol handi bat ezartzea planteatu zuten, produktuen bizi zikloak luzatuz eta euren bizi amaieran propio dituzten baliabideak berriz ere ekonomian barneratuz.

Badirudi diaspora bere amaierara heltzen ari dela, eta, ezkontza, oraindik, gertu izan ez arren, adiskidetze bat izan badagoela esan daiteke. Hala eta guztiz ere, adiskidetzearen lehen faseetan dago oraindik, eta ekonomia zirkularrak ez du egin bide luzerik, Europako Batasunak argi utzi duen arren etorkizunak zirkularra izan behar duela. Ursula von der Leyenek klima larrialdia aldarrikatu duen honetan, Europa mailako plan berdea aurkeztu du egin berri duten COP 25ean, eta ekonomia zirkularrak badu zeresanik plan horretan.

Hala eta guztiz ere, adiskidetze prozesuan oraindik ere ez da mahaigaineratu benetako mamirik. Hazkundeak berean jarraitzen du. Ellen MacArthur Fundaziotik eta Europatik argi dute “hazkunde iraunkorraren” bidea ekonomia zirkularra dela, hazkundearen mantra zalantzan jarri gabe, baliabideen gaineko kontrola indartzearekin nahikoa balitz legez.

Kontziente izan behar gara ekonomiak Naturaren eta ekologiaren bidetik joan behar badu (aitak eta amak elkar maitatu nahi badute), ezinbestekoa dela muga batzuk daudela onartzea, eta muga horiek zeintzuk diren ikasi beharko da; hau da, aitak ezin du bere nahia nolanahi inposatu eta hori iraunkorra izan daitekeela pentsatu.

 

[1] Oἶκος (oikos): grekoz, etxea.

[2] Λογία (logia): grekoz, -ren ikasketa; νόμος (nomos): grekoz, legea; nem: grekoz, kudeatu. Ondorioz, ekologia etxearen ikasketa da, eta ekonomia, etxearen kudeaketa.

 


Eusko Jaurlaritza