Ikastolen publifikazioa: Euskal nazionalismoaren jokaera politikoa Ikastolen publifikazioa: Euskal nazionalismoaren jokaera politikoa * Traducción al español del original en euskera Txoli Mateos Euskal Autonomia Erkidegoan, 1993an, ebatzi zen Euskal Eskola Publikoaren Legeak hautsak erabat harrotu zituen. Momentu hartan, lurralde honetako ikastolek sare publikora biltzeko edo sare pribatuan geratzeko erabakia hartu behar izan zuten. Ordurarteko egoera atipikoari amaiera eman gura izan zitzaion lege harekin, ondorio praktiko guztietan, ikastolek sare bereizi bat osatzen baitzuten. Jakina da zelango tirabira mikatzak gertatu ziren non nahi, eta nolako zatiketa giroa indartu zen mundu abertzalean. Eta deigarria izan zen, itxuraz behintzat, lerro politiko eta ideologiko antzetsu batean kokatzen ziren abertzaleek ere, batzuetan, oso ikuspuntu kontrajarriak adierazten zituztela auzi hartan. Eta are deigarriagoa abertzale den denek esaten zutela euren proposamena euskal gizarteak alegia, euskal nazioak behar zuen hezkuntza ereduaren mesedean zihoala. Hezkuntzari buruzko eztabaida hark hartu zuen ohiartzun sozial eta politiko itzelak koloka jarri zuen gure artean luzaz agertu den ideia bat, hau da, euskal nazionalismoaren berezko joera dela ikastolari eustea, eta, ondorioz, eskola publikoa eragin eremu bezala zokoratzea. Alabaina, ikastolek hartu behar izan zuten erabakiak hil ala biziko arazoa zirudien, eta dudaezina da jarrera kontraposatu bi horien azpian eskola publikoak irabazitako legitimitate berria egon zela. Hori horrela, talde abertzaleek ikastolaren geroaz proposamenik egitean, eskola publikoaren zeregina zuten gogoan, eta alde biok banaezinak izan ziren. Izan ere, eraketa autonomikoaren ondorioz, aldaketa eskergak jazo ziren Hego Euskal Herrian. Bi dira, besteak beste, aipagarri. Lehena, mugimendu abertzalearen baitako aniztasuna. Multzo nagusi bitan banatu zen: nazionalismo moderatua eta arradikala, bai jokaera politikoan bai ikuskera ideologikoan. Eta bigarrenaEAEko hezkuntzaren eraldaketa izan zen. Alde batetik, eskola publikoaren arian ariko euskalduntze prozesua garatu zen; eta, bestetik, ikastolak onespen instituzional eskerga jaso zuen. Eskola publikoa ez zen abertzaleentzako ezin sartuzko eremua, eta ikastola ez zen euskarazko irakaskuntza bermatzen zuen bakarra ezta abertzaleen bilgune ere. Nola edo hala, nazionalismoa bien arteko hautua derrigorturik egon zen, eta, aukerarik egin ezean, sare bien osagarritasuna justifikatu behar izan zuen. Hortaz, frankismoaren garaian ikastolaren inguruan lortutako adostasuna erabat ahuldu zen. Baina, hala eta guztiz ere, abertzale guzti guztiak batu zituen Hezkuntza Sistema Propio baten aldarrikapenak. Ander Deuna Ikastola. Sopela. Hartara, ezinbestekoa da gai honen azterketan talde abertzaleen artean garatu ziren adostasunak eta ezadostasunak aztertzea, mundu nazionalista, diogun berriro, baturik eta banaturik agertu baitzen urte horietan zehar, eta, alde komun eta bereiz horiek hezkuntzaz zabaldu zituzten diskurtsoetan eta mantendu zituzten jokaeretan beha daitezke. Diskurtsoetatik harago, alabaina, hiru ardatzen inguruan koka daitezke talde abertzaleen arteko aliantzak eta aurkamenduak ikastolarentzako irtenbide jakin bat hobesteko orduan. Lehena, ardatz linguistikoa da. Nire iritziz, ez du azalpen nahikorik eskaintzen jarrera ezberdinak ulertzeko. Izatez, euskararen izenean, eta batzuetan ikuspegi arradikaletatik abiaturik, topa zitekeen eskola sare publikora biltzea argi eta garbi defendatzen zuenik. Bestela esanda, euskal eskolaren aldarrikapenak abertzale guztiak batu zituen; eta, hain justu, horixe izan zen indar abertzale eta ez abertzaleen arteko tirabira iturri nagusia. Bigarren ardatza ikuskera ideologikoak ezarri zuen. Horren arabera, ezkerreko abertzaleak nolabait baturik agertu ziren EAJri egindako kritikan, 80ko hamarkadaren erdialdera arte, batez ere. Eskola publikoarekiko utzikeria egozten zioten, eta ikastola sektore priblegiatuentzako eskola bihurtu nahi zuelasalatu. Eta hirugarrena eta, duda barik, inportanteena ardatz politikoa izan zen; hots, ikastolen publifikazioa batik bat auzi politiko bezala ulertu behar da. Beste era batera esanda, 1978tik 1993ra arteko abagune politiko ezberdinak guztiz esanguratsuak izan ziren prozesu horretan. Lehenengo aldian, botere instituzionalaren jabe zen nazionalismoa eta oposizioko abertzaleak jarri ziren aurrez aurre. EAJk, prozesu autonomikoa amaitugabetzat jotzen zuen neurrian, ikastola sareari eustea defendatu zuen. EAJrekiko areriotasunak, berriz, EE eta HB bildu zituen, ikastolaren balizko ghettizazioaren aurka jarri zirelarik. Bigarren aldian alegia, EAJk eta PSE PSOEk gobernu koalizioa osatu zuten momentutik aurrera, hiru bloke gauzatu ziren, nola edo hala, normalizazioa versus borroka eztabaidaren ingururan kokaturik: a) EAJ, aipatu itun politikoaren kariaz, hezkuntza sistema normalizatzearen alde jarri zen, eta ikastolaren erabakiari zama politikoa kentzen saiatu zen. Euskadiko Ezkerrak, Alderdi Sozialistarengana hurbiltzen zen neurrian, ikastola sarearen desagerpena gizartearen normalizazio politikoaren baldintzatzat jo zuen. b) EAk, EAJrekin zeukan lehiak eraginda batik bat, Euskal Eskola Publikoaren Legea hezkuntza sistema propioaren eraikuntzarako oztopotzat jo zuen, baina ez zuen jarrera argirik erakutsi ikastola sare bereizi bezala mantentzeari begira. ELA ere erdibide batean geratu zen, baina alde sindikalak eraginda, ikastola sare publikora biltzea hobetsi zuen. c) HBk eta LABek, aldiz, ikastolari esangura politiko eskerga eman zioten, eta hura sare publikora biltzea administrazio autonomikoaren eta, batez ere, Alderdi Sozialistaren arrakasta bezala atzeman zuten. Beldur hori zela eta, ikastola sare pribatuan geratzea defendatu zuten indar handiz. Eurekin bat egin zuen Ikastolen Elkarteak, EAJrekin harreman onak zituen arren, ikastola sarearen biziraupena ziurtatu nahi izan baitzuen. Eta, azkenik, EILAS sindikatuak batik bat alde ideologikoak eraginda gogozdefendatu zuen ikastola sare publikora biltzea, PSE PSOEren asmoen kontra agertu bazen ere. Haurtzaro Ikastola. Oiartzun. Hala ere, Ezker Abertzalearen inguruko taldeak eta norbanakoak izan ziren jarrera ugaritasun handiena erakutsi zutenak eta, ondorioz, barne urradura sakonena nozitu zutenak. Horrela, esparru hartan bildu ziren, batetik, herritar guztientzako eta euskaldun atzematen zen eskola publikoaren aldeko militante sutsuak; eta, bestetik, ikastola sareak ustez islatzen zuen nazio proiektuaren defendatzaile gartsuak. Neurri batez, hortaz, bateraezin bilakatu ziren ezkerreko ikuspegi ideologikoa eta jokaera politiko arradikala Txoli Mateos, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia Irakaslea Argazkiak: Ikastola bakoitzeko webgunetik Euskonews & Media 88.zbk (2000 / 7 / 21 28) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.