83 Zenbakia 2000-06-16 / 2000-06-23

Gaiak

Euskal ekologismoaren dilemak

BARCENA, Iñaki

Euskal ekologismoaren dilemak Euskal ekologismoaren dilemak * Traducción al español del original en euskera Iñaki Barcena Kontzientzia ekologikoaren aztarnak. Kontzientzia, diskurtso eta balore ekologikoak errotzen joan dira gure gizartean pixkan pixkanaka. Beste eremu sozialetan gertatu den legez, egun, naturarekiko errespetua eta bizimodu osasuntsu edota sustengarriaren defentsa, teorian behintzat, ez dagokie talde ekologistei soilik. Triskantza ekologikoak, Seveso eta Amocco Cadiz (78), Harrisburg (79), Bhopal (84), Rhin (Sandoz) eta Chernobyl (86), Exxon Valdez eta Vandellós (89), Doñana (98) Tokaimura (99), edo gertuago ditugun Erika eta Rumaniako Aurul ekoa, adibide esanguratsuak eta adierazkorrak dira, planeta osora zabaldu den inguramenarekiko kezka nondik etorri den jakiteko. Doñana. Jadanik ez dira talde ekologistak soilik ardura eta erantzukizunak aldarrikatzen dituztenak, administrazio eta instituzio politikoetan, enpresa zein sindikatuetan gai ekologikoekiko arreta eta begirunea sartuta baitago. Maila eta konpromiso desberdinekin noski. Hain zuzen ere, egoera berri honek ekologismoa eta "ambientalismoa" ren arteko haustura ekarri zuen. Andrew Dobson en (Pensamiento Político Verde, 1997) esanetan, ekologismoak praktika politiko, sozial eta ekonomikoak erradikalki kolokan jartzen dituen bitartean, "ambientalismo" ak ez. Honi loturik, gogora datorkit Jesus Ibañez soziologoa zenak, ekologismo eta ekologiaren arteko bereizketa ulertarazteko, soziologia eta sozialismoaren arteko binomioa adibide gisa jartzen zigunean. Erkaketa horrek agerian uzten baitigu, zientziak eta gizarte mugimenduak, ideologia berriak eta egokipen sistemikoak ez doazela helmuga berdinetara. Eta gure aburuz, salbuespenak salbuespen, kontzientzia ekologikoaren hedapenean mugimendu ekologista izan bazen protagonista nagusia, gaur egun, lehiakideak agertu zaizkio nonahi. Historiara joz, gure antipodetan, Zelanda Berrian, antolatu zen munduko lehen partidu berdea 1972 urtean. Aurreko urteanbertan Nafarroan ANAN lehenengo euskal talde "ekologista" jaio zen, eta Stokholm en, Nazio Batuek nazioarteko konferentzia bat (Giza Inguramena) deitu zuten estreinuz, gizakiok planetan eragindako garapenkeriaren kalte antinaturalak aztertzeko. Hogei urte luzetan, partidu berdeak edonora ugaldu ziren, (Alemania eta Frantziako gobernuetako kide izan arte) eta 1992.eko urte emblematiko hartan Rio de Janeiron aldaketa klimatiko (Iparreko gobernuentzat) eta biodibertsitatearen (Hegokoentzat) gonbenioak sinatzeaz gain, garapen sustengarriaren leloa mundu osora hedatu zen. Euskal Herriko mugimendu ekologistak ere "Erreka" plataforma bateratzailea martxan jarri zuen dema berriei eusteko. Europako Batasunak V Ingurumen Programa famatua martxan jarri zuen, "garapen sustengarriruntz" izenburuarekin. Sustengarritasunaren inguruan bazirudien administrazio, partidu politiko, sindikatu eta enpresarien aldetik ere adostasunezko minimum bat jartzen ari zela. Baina errealitateak kontrakoa erakutsi digu. Euskal ekologisten protestaldiak. Diplomazia berriak ez ditu mugimendu ekologistaren mobilizazio eta protestaldiak gelditu, ez hemen ezta atzerrian ere. Alderantziz, talde ekologisten instituzionalizazioak (estrukturala zein sozio politikoa) talde berrien sorrera ekarri du eta gure artean ziklo mobilizatzaileak ez dira baretu "garapen sustengarriaren" diskurtso politikoaren etorrera berantiarrarekin. "Inguramen Aktibismoaren Eraldaketa" lelopean Europako zazpi estatu nazioetan burutzen ari den ikerkeketa baten partaideak garen heinean, Euskal Herrian azken urteetan (1987 1998) eman diren protesta ekologistak aztertzen ari gara. Jakin bagenekien, Lemoiz eta Leitzarango Autobiaren auzien ostean, Itoitzeko aferan aurkituko genuela protestaldi indartsuena. Harritu egin gaitu, ordea, jakiteak Nafarroa izan dela epe horretan, beste euskal herrialdeen gainetik, mobilizazio gehien ezagutu duen lurraldea (329 ekintza). Zergatik hori? Horrenbeste protestaldi bertako gizarte ereduan dagoen kulturapolitiko eta urte hauetan han burutu diren garapen plangintzekin loturik daudela iruditzen zaigu. Protestaldi kopuruan, Bizkaia dator bigarren postuan (282), Bilbo Handian batez ere, eman diren Superportua, Lindano, Aser, Errauskailua, Ur horniduraren gabezia eta bestelako arazoei ohiartzuna emanez. Gipuzkoa (195), Araba (56) eta Iparralde (30) atzetik datoz. Aldarrikapenen edukiari begiratuz gero, eta beste nazioetako datuekin gonbaratuta, harrigarria da ikustea zer garrantzi gutxi izan duten kontserbazionismo eta naturalismoaren gaiek. Azpiegiturak eta obra publikoak izan dira euskal ekologisten helburu nabarmena. Enpresak baino gehiago, administrazioa etsai. Formari dagokienez (deialdiak, manifestaldiak, konfrontazioa, biolentzia...) euskal ekologismoaren praktika kritikoa manifestaldietan oinarritu da eta konfrontazio gradu altu bat eman dela baiezta dezakegu. Horrek interlokutoreen arteko komunikazio eta "zubien" gabezia isladatzen du. Eraketaren aldetik, hainbat talde nazional izateaz gain (Eguzki eta, egun, Ekologistak Martxan; CADE Iparraldean) lokalismoa dugu fenomenorik aipagarriena. Alegia, edozein gatazkaren aurrean koordinadora edo talde "sui generis" bat antolatzen da, non arazoari bertotik eta modu berezi eta partikularrean erantzuna eman nahi zaion. Bestalde, Greenpeace k, nahiz eta E.H. an kide gehien daukan erakundea izan (6000 bazkide inguru), eta beste nazioarteko talde ekologistek (WWF, FoE,..) ez dute hemen ez bulegorik zabaldu, ezta kanpaina edo ekitaldirik burutu ere, kasu berezi batzuetatik aparte, Aser edo Itoitzekoa adibidez. Hutsune horren zergatiak aztertzea beste baterako utziko dugu. Globalizazio ekonomikoa, informatiboa eta kulturalaren sasoian, produkzio eta kontsumoaren moduak unibertsalki zabaltzen direnean eta plagintza energetikoetan, garraiogintzan eta hedabideetan aztarna pisutsuak topatzen ditugunean, euskal ekologismoak "Think globally, act locally" Orokorki pentsa, berton ekin leloarekin tinko segitzen du baina ez da gauzaizan, oraindik, esalditik harantzago joateko. Dilemak eta erronkak. Filosofian, dilema bat, bi proposizio bateraezinen arteko alternantzia litzateke. Solasaldi arruntetan ere, bi gauza kontrajarrien arteko aukeratu beharrari dilema diogu. Ingurumen alorretan eta Euskal Herrian bereziki bizi dugun egoera dilematzat jo genezakeen, duda izpirik gabe. Nork uka dezake, tokian toki zein globaltasunean agerian diren krisialdi ekologikoaren sintoma eta adierazpenak? Inork ez. Aktore berriak, instituzioak eta administrazioa, partidu eta sindikatuak, enpresariak eta korporazioak, komunikabideetan batez ere, eztabaida ekologikoaren parte izatera erdu dira. Komunikabideak enpresak dira eta gero eta ingurumen informazio gehiago eskeintzen dute, antza, publikoari interesatzen zaiolako. Modu honetan ingurumenaren diskurtsoa sozializatu egin da eta kezka horrek "denak gara ekologistak" parametroetara eramaten gaitu. Pixkanaka ia denok erabiltzen dute "garapen sustengarriaren" leloa. Adibide bat. 1999.eko Gasteizko Gobernu akordioan (EAJ EA) garapen sustengarria "ahalezko eredu bakartzat" jotzen da. Dena den Euskal instituzio politikoetan ikutu berde berria, pasibo ekologiari aurre egiteko erabiltzen da, ez aurrerantzean beste eredu ekologikoago bat martan jartzeko, eta zoritxarrez hori Inguramen arloko arduradunen garunean baino ez dabil oraindik. Euskadi XXI plana, Foru Aldundien egitasmoak edo "EVE" delakoaren Energia plangintzak aztertuz gero ez dago zalantzarik, instituzioek ez dutela orindik sustengarritasunaren kontzeptua barneratu. Are okerrago, Bilbo inguruko udaletxeek hala eskatuta, Eusko Jaurlaritzak Zonalde Kutsatuaren Aldarrikapena (1977) kentzeko eskatu berri dio gobernu zentralari. Zertarako? Bilboaldera ekarri nahi dituzten proiektu energetiko kutsakorrak (Petronor, Zabalgarbiren errauskailua, Aireportuko hedakuntza, Superportuko bi proiektu energetikoak ...) Europako Batasunaren murriztapenik gabe ezarri ahal izateko. Sustengarritasunik ezean, egungo instituzio politikoek,oraindik ere hazkunde ekonomikoa, aldaketa teknologikoa eta irudi berria baino ez dute bilatzen. Arlo pribatuari dagokionez, enpresariak orain dela gutxi arte inguramen eztabaidetatik kanpo egon dira. Duela bost urte (1995 96) dena den, Aclima "Cluster Vasco del Medio Ambiente" antolatu zen (Sener, Zabalgarbi, Cementos Rezola, Lemona, Aser, Iberdrola, Vidrala, ACB, ...) Europako arau berrien presioari aurre egiteko alde batetik eta dugun pasibo ekologiari etekin teknologiko eta ekonomikoa ateratzeko bestetik. Ez dezagun ahaztu, zarama eta hondakin toxikoak, negozio borobila ere izan daitezkeela. Enpresa mundu honetan, Confebask eta Eroski lirateke adibiderik onenak ikusteko nola teorian eta diskurtso publikoan jarrera aldaketa sakon bat eman arren, erantzukizun izugarria dutenez biek produkzio eta kontsumo tankeratan, praktikan ez duten ezer egiten. Alabaina, ezin dugu ahuztu Autonomia Erkidego eremu publikotik etorri den enpresen teknologia eta jardurera aldaketarako bultzada nagusia, IHOBE ren programen eskutik (Ekoizpen garbia Ingurugiro Kudeaketa ISO14001) izan dela. Baserritarren sindikatuaren (EHNE) konpromiso ekologiko sendo eta nabarmenaz aparte, gainontzeko sindikatuetan "gaia" ri eusteko arduradun bat edo beste izendatu da eta noizean behin administraziotik jasotako dirulaguntzekin ikastaro edo mintegiren bat antolatzen da. Horretaz kanpo hainbat kanpainetan, zenbait sindikatuk (LAB, CCOO, STEE EILAS, ESK, CGT,....) talde ekologisten deialdiekin bat egiten dute. Horraino ailegatzen da langileen aktibismo berdea. Radiografia honek agerian ipini nahi du teoria eta praktikaren arteko alde dilemikoa. Alde batetik ingurameneko aktore berriek (instituzio politikoak, enpresak, sindikatuak,...) argi daukate "fitxa" mugitu behar dutela xake ekologikoan, iritzi publikoak eskaturik, baina bestalde ez dute inongo konfiantzarik ekologisten jarrera eta postulatuetan, nahiago dutelarik euren jokabide tradizionalak mantendu. Gatazkaren kultura gainditzeko aurrerapausoak.Euskal Herrian une nahiko berezian gaude, sozialki, politikoki eta ekonomikoki. Sasoi aldakorra dela eta, ekologisten artean polemika eta afera ekologikoak antzoki sozio politikoaren erdigunera eraman beharraz ez dago zalantzarik. Kontua da ea igarotako hiru hamarkadetan bezala, gatazkarena izan behar den bide bakarra. Ikusi dugun legez, beldurrak eta mesfidantzak alde guztietatik datoz. Aurreko koadroari (Bilbo nora zoaz? 1999) so eginez gero, gatazka ekologikoaren parametroak Bilbo Handitik Euskal Herri osoari eraman daitezkeela pentsaten dugu. Orokorrean mintzo, sindikatuak eta unibertsitatea ezbai ekologikotik kanpo, alboan edo ertzetan egoten dira baina hauexek izan zitezkeen balantzari itzulia emateko euskal ekologisten aliatu berriak. Bestalde politikagintzan, demokrazia partehartzaileago bat errebindikatuz, udal, aldundi edo intituzio autonomikoetan dauden "aktibista instituzional" ekin elkarkolaborazioa beharrezkoa dute talde ekologistek korporazio, gobernu eta sektore pribatutik datozen proiektu anti ekologiko eta anti sozialak geldiarazteko. Hor dago dilema nagusia. Nola eragin, nola lortu elkarren arteko eztabaidaguneak, zernolako irizpideak erabili adostasunak lortzeko eta bereiztapenak egiteko ere, non ezarri akordioak eta nondik jarraitu gatazka publikoaren dinamikarekin. Eta hor ez dago inongo makila magikorik. A. Machadok zioenez, "Bidea ibiliz egiten da". GATAZKAREN KULTURA POLITIKOA Iñaki Barcena, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Euskal Herriko Unibertsitatea Euskonews & Media 83.zbk (2000 / 6 / 16 23) gratuita | Abonnement gratuit | Free subscription Eusko Ikaskuntzaren Web Orria webmaster@euskonews.com http://ikaskuntza.org/cgiBanner/banner.cgi?datos=denda&link=www.euskoshop.com http://ikaskuntza.org/