
Gaiak
Ekonomia Sozial eta Solidarioko esperientziak sustatzeko politika publikoen azterketa eskualde eta udaletan
ARRILLAGA MÁRQUEZ, Pablo SOTO GORROTXATEGI, Aratz ETXEZARRETA ETXARRI, Enekoitz
Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Sareak (EGES) eginiko eskaera batetik, tokiko esparruan Ekonomia Sozial eta Solidarioko (ESS aurrerantzean) esperientziak sustatzeko xedearekin aurrera eraman litezkeen politika publikoen analisian sakontzen duen ikerketa[i] burutu genuen Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuan (GEZKI). Ikerketa, EAEko tokiko mailan (eskualde eta udal mailan) eta herri-erakunde ezberdinen (udal edo garapen agentzia) parte hartzearekin aurrera eramandako praktika onen inguruko kasuen azterketa batean oinarritu zen. Guztira 16 esperientzia dokumentatu eta landu ziren oinarrizko txostenean, eta horietan guztietan esperientziaren deskribapen bat, ekimena aurrera eramatea erraztu eta zaildu duten faktoreen analisia, eta ekimenok lurralde osoan zehar barreiatzeko beharrezkoak liratekeen faktoreen gaineko analisia burutu ziren.
Izan ere, lan honek, aldi berean, ESS sustatzeko politika publikoen ziklo berri baten testuinguruari erantzuten dio. 2008an eztanda egin zuen krisi ekonomiko sakonak goitik behera astindu baitzuen ordura arteko egoera instituzionala eta politika publikoen garapena. Ordutik hona, «bigarren belaunaldiko» politika publikoez dihardugu (Chavez, 2019), zeinetan bi ezaugarri nabarmentzen diren lehen belaunaldiko politiken aldean: ESSren inguruko ezagutza eta aitortza maila zabalagoa, alde batetik; eta tokiko herri erakundeen protagonismo berritu bat, bestetik.
Ekonomia Sozial eta Solidarioa
Ohiko irakurketa juridiko batetik, kooperatibak, lan-sozietateak, mutualitateak, elkarteak, gizarteratze enpresak, enplegu zentro bereziak etab. bezalako antolakundeak barneratuko lirateke ESSaren barnean. Hala ere, ikuspegi substantibo batetik, beti lotu izan da ESSa eta behar sozioekonomikoen asetzea. Horrela, lan- edo kontsumo-elkartuko kooperatibak edo elkarteak, elkarren arteko laguntzan oinarritutako mutualitateak edo funtsak, etxebizitza edo irakaskuntza kooperatibak, aurrezki kutxa kooperatiboak etab. horietako arlo bakoitzean sortzen diren beharrei aurre egiteko modu kolektiboan aurrera eramandako erantzunak dira.
Hortaz, ESSak merkatuko, ez-merkatuko edo ez-diruzko jarduera ekonomiko bat aurrera eramaten duten antolakunde autogestionatuen multzoa osatzen du, enpresa pribatu-kapitalista edo publiko-estatalekiko independenteak direnak eta jabetza kolektiboa dutenak. Demokratikoki kudeatzen dira, eta zenbait alderdi, hala nola, erabakitzeko ahalmena edo irabazien banaketa, ez dira kapitalaren arabera zehazten; are gehiago, kasu batzuetan, azken horien banaketa mugatuta dago. Beraz, pertsonen inguruan —eta ez kapitalaren inguruan— eraikitzen den sektore batez ari gara; non onuradun kategoria ez duten inoiz inbertitzaile kapitalistek osatuko. Izan ere, ez dira kapitalak kontrolatzen, kudeatzen eta gidatzen dituen antolakundeak izango, hau ez delako helburu bat bezala ikusten. Helburua aldiz, pertsonen ongizatea izango da, langileak edo erabiltzaileak izanik antolakundearen jabeak eta kudeatzaileak. Hala, ESSko erakundeetan, balioaren sorkuntza ez da lotzen plusbalioa sortzearekin, baizik eta bazkideen eta/edo interes orokorraren beharrak asetzearekin (Arrillaga, 2021).
Tokiko Garapena eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa
ESSak hainbat ekarpen egin diezaioke tokiko garapen ekonomikoari. Horien artean, ESSko erakundeak jarduten duten lurraldearekiko errotze handiagoa erakusten dute; enpleguaren defentsa handiagoa egiten dute eta deslokalizaziorako eta itxiera selektiborako arrisku txikiagoa daukate; demokrazia ekonomikoan sakontzen dute; sortutako aberastasuna modu berdinzaleago batean banatzen dute; lankidetza sustatzen dute; berrikuntzaren ikuspegi sozialagoa eta kolektiboagoa daukate; lurraldeetako ongizate eta kohesio-soziala handitzen dute; ohiko lan merkatutik baztertuta egon daitezkeen pertsonen enplegagarritasunean eragiten dute; gizartearen parte-hartzea sustatzen dute; komunitatea ahalduntzen dute, prozesu, jarduera eta baliabide ekonomikoen gaineko kontrola komunitateari (langileei, erabiltzaileei…) ematen diotelako; nortasun kolektiboa indartzen dute lankidetzan, elkarrekiko konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako kapital soziala garatzen laguntzen duelako; garapen jasangarriago baten alde egiten dute; eta enpresa kapitalistek errentagarritasun faltagatik muzin egiten dieten, baina baliagarritasun sozial handia izan dezaketen sektore edo jarduerak bere gain hartzen dituzte, besteak beste (Mozas eta Bernal, 2006; Guridi eta Pérez de Mendiguren, 2014).
Are gehiago, ESSa tokiko garapenaren helburuei erantzuteko orduan, enpresa kapitalistak baino bide eraginkorragoa izan daiteke bi arrazoi nagusiengatik: Lehena, ESSak hartu ditzakeen forma ezberdinek helburu ezberdinetara hobeto egokitzea ahalbidetzen dutelako. Eta bigarrena, esku-hartze publikoaren helburuaren eta ESSaren helburuaren arteko simetria handiagoa sortzen delako.

Ekonomia Sozial eta Solidarioa sustatzeko politika publikoak
Aipatutako ESSa sustatzeko bigarren belaunaldiko politika publikoak bi multzo nagusietan sailkatu ditzakegu: ESSko antolakundeetara bideratutako politika publikoak eta ESSan enplegua sortzeko bideratutakoak. Lehenengoen artean, ESSaren eskaintzan oinarritutakoak (ESSaren hedapena eta ikerketa, ekintzaileentzako formakuntza programak, administrazio publikoaren aurrekontu- edo zerga- neurriak etab.) eta eskarian oinarritutakoak (kontratazio publiko arduratsua, lankidetza publiko-kooperatiboak etab.) leudeke. Bigarrenen artean aldiz, ESSko antolakundeen sorkuntza (aholkularitza, orientazioa, dinamizazioa, parte-hartzea, edo, zuzenean, jabego publikoko ESSko antolakundeak sortu) eta ESSan ekintzailetza laguntzeko azpiegituren sorkuntza (kudeaketa komunitarioko azpiegitura edo ekipamendu publikoak) leudeke.
Gure azterketan EAEko 16 esperientzia aztertu genituen, bakoitzaren elementu gakoetan, faktore bideratzaile eta mugatzaileetan eta esperientziak erreplikatzeko beharrezko ezaugarrietan arreta jarriz. Hauek lirateke: Lanzituz ekintzailetza programa Urola erdian, Koopfabrika ekintzailetza eraldatzailerako programa Beterri-Buruntzan sortu zena, Getxoko zerbitzu publiko ezberdinak ekoizteko lankidetza hitzarmenak, Hernaniko aurrekontu parte-hartzaileetatik abiatutako gizartean baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonentzako Interesik gabeko mikrokredituak, pribatizazioaren aurrean enpresa publiko baten kooperatibizazioa Oñatin, zerbitzuaren lizitazioan klausula sozialak barneratu San Marko mankomunitatean, erosketa publiko arduratsua aurrera eramateko barne jardunbidea Gasteizko udalean, enpresa kapitalista bat (SL) ESSko enpresa bihurtzeko prozesua (SLL) Urola erdian, burujabetza energetikoan sakontzeko energia berriztagarrien sektorean herri- kooperatiba bat sortzea garapen agentziaren laguntza eta dinamizazioarekin, laneratze enpresa baten sorkuntza garapen agentziaren inplikazioarekin Debabarrenan, laneratze enpresa eta enplegu zentro berezi publikoak Oarsoaldean eta Barakaldon, lanerako, topagunerako, sorkuntzarako eta berrikuntza sozialerako espazio publikoak kudeaketa komunitarioarekin Hernanin eta Bilbon, ESSko proiektuak sortzen laguntzen dituen elkartea Bilbon eta Lea Artibain ESSko proiektuak sortzeko orientazioa, aholkularitza eta laguntza finantzarioa eskaintzen dituen ekimena.
Hauen analisitik lortutako elementu gakoak hurrengoak izanik:
Orokorrean ondorioztatu dezakeguna da tokiko herri-erakundeek (udalak, garapen agentziak…) ESSa sustatzeko duten politika publikoen kopuru eta aniztasuna handia dela, eta lurraldearen eta beharraren arabera egokitu daitezkeela. Horrela, adibidez, kalitatezko enplegua sortu, kolektibo ahulen laneratzea lortu, sektore estrategikoen burujabetza berreskuratu edo, pribatizazioaren aurrean, zerbitzu publikoen kooperatibizazioa bezalako helburuak erdietsi daitezkeela antzeman daiteke. Eta, aldi berean, ESSak tokiko beharrak asetzeko eta esku-hartze publikoaren helburuei erantzun egokia emateko orduan egituraketa forma ezberdinak hartzeko gaitasuna duela.
Dena dela, badaude ESSaren markoan dauden esperientziak sustatzea errazten edo zailtzen duten faktore bideratzaile edo mugatzaileak ere. Batez ere, faktore profesionalei, ekonomikoei eta ESSko antolakundeen artean eta administrazio publikoarekiko duten lankidetza harremanei dagokienak azpimarratu daitezke. Era berean, etorkizunean horrelako esperientziak beste eskualdeetan barreiatzeko beharrezkoak izan daitezkeen faktoreei begira, tokiko herri-erakundeetako (eta goragoko mailetako) teknikarien formakuntza, lankidetza publiko-kooperatibo-komunitarioan sakontzea eta Garapen Agentzien Elkartearen (Garapen) partetik eskualde bakoitzari, bere beharren arabera, ESSa sustatzea ahalbidetzen dion estrategia koordinatu bat aplikatzea beharrezkoa dela ondorioztatzen da.
Erreferentzia bibliografikoak
ARRILLAGA, Pablo (2021): Ekonomia Sozial eta Solidarioan oinarritutako tokiko garapena: Euskal Autonomia Erkidegoaren kasu azterketa, Doktorego tesia, Euskal Herriko Unibertsitatea, UPV-EHU, Donostia.
CHAVES, Rafael (2019): “La segunda generación de políticas de fomento de la economía social en España y en la Comunitat Valenciana. Un primer balance”, In Fajardo, y Chaves, (Dir.): La economía social en la Comunitat Valenciana: regulación y políticas públicas, CIRIEC-España, Valencia, 19-30.
GURIDI, Luis, & PÉREZ DE MENDIGUREN, Juan Carlos (2014): La dimensión económica del desarrollo humano local: la economía social solidaria, Universidad del País Vasco (UPV/EHU), Hegoa Institutua.
MOZAS, Adoración, & BERNAL, Enrique (2006): “Desarrollo territorial y economía social”, CIRIEC-España, revista de economía pública, social y cooperativa, (55), 125-140.