773 Zenbakia 2022-06-22 / 2022-07-20

Gaiak

Basogintza jasangarria

ETXEBESTE, Iñaki

Jasangarritasuna, edo iraunkortasuna, nekatu arte errepikatu zaizkigun slogan horietakoak dira. Euskaltzaindiaren hiztegiak, oreka ekologikoa epe luzera bermatzen duenaren nolakotasuna bezala zehazten ditu sinonimoak diren hitz bi hauek. Garapen iraunkorra, turismo iraunkorra, energia iraunkorra… eta beste hainbeste baliabideen ustiaketari modu ponposoan gehitzen zaien adjektibo bezala ezagutzen dugu. Horien artean basoen kudeaketa iraunkorra edo basogintza jasangarria ere badaude. Baina, nola egiaztatzen da nolakotasun hori iraunkorra den?

XX. mende amaierarekin bat orokortu zen iraunkortasunari buruzko gogoeta berria. Brundtland txostena [1] eta 1992ko Rio de Janeiroko Lurraren biltzarra, urteetan pilatutako ikerketa zientifikoek katalizatu zituzten mugarri garrantzitsu bi dira iraunkortasunaren bilaketan. Garai horretakoa da ere ikerlari talde zabal batek jendarteari luzatu zion iraunkortasun ezari lotutako lehen abisua [2]. Izan ere, zalantzan jartzen ziren gure planetako herrialde aberatsenek bultzatutako ekoizpen eta kontsumo ereduek epe luzean iraun ahalko zutenik. 2017an 15364 ikerlarik bigarren abisu bat argitaratu zuten [3], hainbeste urte ondoren ezer gutxi aurreratu dela azaleratuz.

Garai horietatik gaur gaurkoz gehien errepikatzen dugun basogintza jasangarriaren definizio orokortuena ere iritsi zaigu. Helsinkin 1992an izandako konferentzian zabaldu zen definizioak, basogintza jasangarria “basoak eta baso lurrak modu eta erritmo egokian kudeatu eta erabiltzea, bioaniztasuna, ekoizpen maila, birsortze gaitasuna, bizitasuna, eta, bai orain eta bai etorkizunean, funtzio ekologiko, ekonomiko eta sozial egokiak betetzeko beraien ahalmena mantentzea, tokiko, estatu eta globo mailako eskaletan, aldi berean, beste ekosistema batzuetan kalterik eragin gabe” [4].


 

Baina, basogintza eta jasangarritasuna 1992a baino askoz lehenago landu izan den binomioa da. Adibidez, zur edo su-egur eskasiak kudeaketa iraunkor bat zehazteko beharra azalarazi zuen VII. mendean Bisigotuek agindutako eremuan. Hala ere, basogintza modernoaren hastapenak XVIII. mendean kokatzen dira [5]. Ordutik, jakintza eremu honen garapena kapitalismoari, ekonomia zientziaren zabalkundeari eta baso lurren jabetza eta erabilera desberdinen aldaketari loturik izan da [6]. Erraza da Europan zehar, bai eta Euskal Herrian, eboluzio honen adibide garbiak aurkitzea.

Nagusitu diren baso kudeaketa ereduak baina, ez dira berdinak izan, ez eta kudeaketa horretarako hautatuak izan diren zuhaitz espezieak [7]. European Forest Institute erakundeak argitaratutako baso azaleren eta bertakoak ez diren zuhaitz espezieen hedapenari erreparatzea besterik ez dago EAEko isurialde atlantikoan ematen den egoera, Europako beste leku oso gutxitan errepikatzen dela konturatzeko [8]. Izan ere, XIX. mende erdialdean Adan de Yarzatarrek hasi zuten ibilibidean, intsinis pinuak, Pinus radiata D. Don, nagusitasun osoa hartu zuen, aurretik, besteak beste, nekazaritzarako guztiz soildutako lurretan edo desamortizazioen ondorioz aurrez zeuden basoen ordezkatze prozesu baten ondorioz [9]. Lekuko baldintza egokiei, zaintza intentsiboari, eta espezie exotikoek lehen belaunaldietan izan ohi duten abantaila ekologikoari esker, zur ekoizpen maila altuak lortu izan dira intsinis pinuarekin. Baina itxuran iraunkorra zen oparotasun hori, XXI. mende hasieran, ziurgabetasun maila handiko aktibitate ekonomiko bat bilakatu da.

Lehenago aipatu den bezala, basogintzaren azken mendeko garapena oso loturik dago zientzia ekonomikoaren garapenari. Hala, modelo lineal eta agronomiko bati jarraika, zur eta zelulosa zuntz ekoizpena maximizatu duen kudeaketa eredu bat gailendu da basogintza intentsiboki garatzen den eremuetan [6]. Azken urteetan pilatutako ikerketa zientifikoek sakonki aztertu dituzte kudeaketa eredu honen iraunkortasunari loturiko gaiak, bai eta intsinis pinuaren kasuan bezala, jatorrizkoak ez diren zuhaitzen landaketa erregular eta monoespezifikoen ondorioak [Ikusi adibidez 10]. Gaur gaurkoz, nekez bila daitezke Helsinkiko basogintza iraunkorraren definizioaren oinarriak EAEko isurialde atlantikoan, basogintza industrialaren ikuspuntutik ez behintzat.

Iraunkortasunaren aldeko aldarriari, 2000. urtean landu zen Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa lotu zitzaion [11]. Natur baliabideen kudeaketan, eta bereziki ekosistemen kudeaketan, berebiziko garrantzia duen paradigma aldaketa bat eragin zuen ebaluaketa honek, eta hala, ekosistema zerbitzuen inguruko lanketari bultzada izugarri eman izan zaio ordutik. Historikoki, basoen kudeaketaren barne egon dira basoetan sortzen diren baliabide ez-zurgaiak, adibidez ehiza edo mendi larreen kudeaketa. Baso ekosistemen funtzio aniztasuna, marko kontzeptual berri baten barruan kokatzea suposatu du ekosistema zerbitzuen paradigmak. Besteak beste, basoen kudeaketa zur eta zelulosa zuntz ekoizpen maximizaziora begira jartzetik, baso ekosistemetan eman ahal diren zerbitzu denen optimizaziora begira jartzera eraman du basogintza [6].

Globalizazioa eta klima aldaketa dira gaur gaurkoz basogintza eredu desberdinen iraunkortasuna mugatzen dituzten prozesuak [12]. Adibidez, garraioaren igoerarekin batera, lurreko edozein eremutara iristen diren edonolako espezieen zerrenda esponentzialki igo da [13]. Eta, bestalde, muturreko haizeteen maiztasuna, eta hauek basoetan sortutako kalteak ere igo direla ondorioztatu dute ikerlariek [14]. Azken urteetan EAEko isurialde atlantikoan nagusitzen den basogintza industrialak jasan izan dituen gaitz, kalte eta merkatu gorabeherak dira gertuen ditugun adibideak. Ziurgabetasun maila altu honen aurrean egokitzapen maila altua duten baso ekosistemak behar dira, sarreran aipatu den iraunkortasunaren epe luzerako berme hori bete ahal izateko.


 

Irakurketa eta estrategia desberdinak garatu izan diren arren [12, 15], oinarrizko bost gaik ziurgabetasunari aurre egiteko baliabideak eman ahal dizkie kudeatutako basoei. Lehenik, zuhaitz espezie aniztasuna. Asko dira aniztasuna sustatzearen onurak. Adibidez, seguru ekologikoaren hipotesiaren ikuspuntutik, espezie aniztasunak funtzio aniztasuna, eta erredundantzia funtzionala bermatzen ditu [16]. Beste era batera esanda, espezie desberdinez osatutako basoek, produktu desberdinak ekoizten lagundu ahal dezakete. Izurriteen kalteak ere modu nabarmenean jaisten dira espezie aniztasunak gora egin ahala [17].

Birsortze naturala sustatzeak ere nabarmen hobetzen du egokitzapen ahalmena. Basogintza industrialera begira Europan zehar gehien hedatutako Douglas izeiaren egitura genetikoa ikertzerako orduan ataka genetiko efektuak detektatu izan dituzte [18]. Bestalde birsortze naturala sustatzerako orduan, bertara egokitutako landareak hautatzen dira, balizko zailtasun baten aurrean erresilientzia ahalmena handituz.

Zuhaitz espezieen aniztasunetik haratago, aniztasun estrukturala sustatzeak, ahalik eta eskala txikienean ekosistemaren funtzionamendua hobetzen du [19]. Aniztasun estrukturalak gainera, suaren edo haizearen aurrean erresistentzia mekanismoak garatzen laguntzen dio basoari [20].

Baso ekosistemetako lurzoruaren inguruko zaintzari loturiko ikerketek modu nabarmenean bistarazi duten bezala, bereziki zaurgarria den elementu bat da lurra. Basogintza industrialaren baitan burutu den mekanizazioak ondorio larriak utzi ditu, denboran luzatzen diren kalteak sortuz [21]. Garapen teknologikoekin batera, baso ekosistemetan burutzen diren eskuhartzeak ahal bezain arinak izan beharra dute, beti ere lurraren egitura bermatuz.

Azkenik, bakanketa bidezko mozketak lehenetsi beharra dago, eta hauek burutzerakoan oinez oin zehaztutako hautaketak izan behar dituzte oinarri. Kudeaketa eredu bezala, basogintzan ibilbide luzea duen metodologia da hau. Nabarmentzekoa da Frantziako Association Futaie Irrégulière elkartearen baitan burutu izan den lana [22].

Zehaztu beharra dago oinarri hauek jarraitzeak ere ezin ditzaketela bere horretan baso kudeaketa iraunkorra bermatu. Finean, ziurgabetasun maila altua den bitartean, kudeaketa estrategia honek baso ekosistemei egokitzapen ahalmen handiagoa izaten lagundu ahal die, eta beraz ekosistema zerbitzuen emaria bermatzeko aukera gehiago sortu. Era berean, geroz eta baso ekosistemak hobeto ezagutzeak hauen konplexutasunaren kontzientzia handiagoa hartzen ari da basogintza. Bide horretan baso ekosistemak sistema konplexuen teoriapean ikertzen dituen ildoa hedatu ahala, kudeaketa egoki eta iraunkor baterako monitorizazioak eta basoen irregulartasuna sustatzeko ekintzek geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira [12]. Datu eta erabaki horiek zehaztuko dute XXI. mendean garatuko den baso kudeaketa iraunkorra den ala ez.

Bibliografia

1. Brundtland, G.H., What is sustainable development. Our common future, 1987. 8(9).

2. Union of Concerned Scientists, World Scientists’ Warning to Humanity. UCS, Washing-ton, DC, 1992.

3. Ripple, W.J., et al., World scientists’ warning to humanity: a second notice. BioScience, 2017. 67(12): p. 1026-1028.

4. MCPFE, Ministerial Conference on Protection of the Forest in Europe. Conference Proceedings. 1993, Ministry of Agriculture and Forestry Helsinki, Finland.

5. von Carlowitz, H.C., Sylvicultura oeconomica. 1732.

6. Puettmann, K.J., K.D. Coates, and C. Messier, Crítica de la silvicultura: el manejo para la complejidad. 2016: ACCI (Asociación Cultural y Científica Iberoamericana).

7. Brus, R., et al., Extent, distribution and origin of non-native forest tree species in Europe. Scandinavian Journal of Forest Research, 2019. 34(7): p. 533-544.

8. Mauri, A., G. Strona, and J. San-Miguel-Ayanz, EU-Forest, a high-resolution tree occurrence dataset for Europe. Scientific data, 2017. 4(1): p. 1-8.

9. Michel Rodríguez, M., El pino radiata (Pinus Radiata D. Don) en la historia forestal de la Comunidad Autónoma del País Vasco: análisis de un proceso de forestalismo intensivo. 2003, Montes.

10. Bindewald, A., et al., Site‐specific risk assessment enables trade‐off analysis of non‐native tree species in European forests. Ecology and evolution, 2021.

11. Mooney, H.A., A. Cropper, and W. Reid, The millennium eco assessment: what is it all about? Trends in Ecology & Evolution, 2004. 19(5): p. 221-224.

12. Puettmann, K.J. and C. Messier, Simple guidelines to prepare forests for global change: The dog and the frisbee. Northwest Science, 2020. 93(3-4): p. 209-225.

13. Hulme, P.E., Unwelcome exchange: International trade as a direct and indirect driver of biological invasions worldwide. One Earth, 2021. 4(5): p. 666-679.

14. Forzieri, G., et al., Vulnerability of European forests to natural disturbances. Publications Office of the European Union: Luxembourg, 2020.

15. Coates, K.D., Managing Forests as Complex Adaptive s.

16. C., et al., The functional complex network approach to foster forest resilience to global changes. Forest Ecos, 2019. 6(1): p. 1-16.

17. Jactel, H. and E.G. Brockerhoff, Tree diversity reduces herbivory by forest insects. Ecology letters, 2007. 10(9): p. 835-848.

18. Neophytou, C., M. van Loo, and H. Hasenauer, Genetic diversity in introduced Douglas-fir and its natural regeneration in Central Europe. Forestry: An International Journal of Forest Research, 2020. 93(4): p. 535-544.

19. Schall, P., et al., The impact of even‐aged and uneven‐aged forest management on regional biodiversity of multiple taxa in European beech forests. Journal of applied Ecology, 2018. 55(1): p. 267-278.

20. Hanewinkel, M., et al., Vulnerability of uneven-aged forests to storm damage. Forestry, 2014. 87(4): p. 525-534.

21. Gartzia-Bengoetxea, N., I.M. de Arano, and A. Arias-González, Forest productivity and associated soil eco services remain altered 15years after mechanized site preparation for reforestation with Pinus radiata. Soil and Tillage Research, 2021. 213: p. 105150.

22. Susse, R. and P. Morgan, Management of irregular forests: developing the full potential of the forest. 2011: Azur Multimedia.


Eusko Jaurlaritza