750 Zenbakia 2020-05-20 / 2020-06-17

Gaiak

XXI. mendeko euskal narratibako subjektu literario postmodernoa: begirada bat

ESPARZA, Iratxe

Azken hamarkadetako Mendebaldeko gizarteetan gauzatutako aldaketek XXI. mendeko euskal narratiban eragina izan dute eta postmodernismoak bere espazioa topatu du zenbait lan literariotan eta garaiko adierazpen kulturaletan. Hala ere, izen beraren bi aurpegi ditugu: postmodernismoaren lehenengo aldaeran, axolagabetasuna eta arinkeria nagusitzen dira eta ekoizpenak sistemaren esanetan daude; bigarrenean, ordea, postmodernismo kritikoaz hitz egin genezake, erresistentzia-espazioa eskaintzen duena diskurtso kritikoak eraikitzeko aukera emanez. Azken horretan erreparatuz, ikerketan (Esparza, 2019) corpuseko narrazioen pertsonaiak baliatu ditugu testuetan esanguratsua den identitatearen eraldatzeaz ohartarazteko, literatura irudikapen mekanismotzat hartzen baitugu, eta protagonista kutsu semantikoa erakusten duen esanahitzat, mezua ezartzeko orduan ezinbestekoa.

Euskal literaturan subjektuaren identitatea ardatz hartu duten lanak argitaratu badira ere (Otegi, 1976; Kortazar, 2007; Apalategi, 2015), haiek utzi duten lekuan berreskuratu eta gizabanako postmodernoaren garapenaren arloa sakontzea izan da helburua. Hortaz, narraziogintza garaikidean hitz egiterakoan Ilustrazioko subjektua, subjektu soziologikoa eta subjektu postmodernoaren (Hall, 1992) arteko banaketa eginez, lehentasuna narrazioko subjektu postmodernoaren agerpenak izan du. Ilustrazioko subjektua gizabanako orekatua eta bateratua da, esentzialismo sendoaren eta estuaren menpean dagoena, inolako aldaketarik onartu gabe bizi dena; euskal literaturaren pertsonaien eraketari begira, ohiturazko literaturan islatzen da eta adibiderik argiena Txomin Agirreren Garoa (1912) liburuaren Joanes protagonista litzateke. Subjektu soziologikoa, ordea, gizarte modernoaren konplexutasunaren isla da, eta inguruko gertaerek bere barruko mamia baldintzatzen dutela kontzientzia hartuz, lotura hori bere garapenerako ezinbestekoa dela onartzen du. Oraindik ere, nia esentzia batek osatzen duela sinetsi arren, kontuan hartzen du niak eta Besteek elkarri eragin diotela; espazio honetan Carlos kokatzen dugu, Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993) eleberriaren pertsonaia nagusia. Hirugarren subjektua postmodernoa da, alegia, identitate kulturalen aniztasunaren eta ugaltzearen ondorio zuzena;  identitate aldakorra duen subjektua eta identifikazioaren proiekzioen eginkizunetan arazoak sortzen dituena.

Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean (1993).

Hurrengo obretako subjektu narratiboek jasaten duten identitatearen krisiak bat egiten du mendebaldeko gizarteetako kulturan postmodernitateak eragiten duen desoreka identitarioarekin. Ixiar Rozasen Negutegian (2006) eta beltzurian (2014), Harkaitz Canoren Belarraren ahoa (2004) eta Twist (2011) eleberrietan eta Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (2004), Haragia (2007) eta Katu jendea (2010) narrazio liburuetan protagonisten bizipen eta istorioek XXI. mende hasierako narratibako pertsonaia postmodernoen kartografia osatzen hastea ahalbidetzen digute.

Rozasen lanei dagokienez, subjektu postmodernoaren bi aldaera guztiz ezberdin aurkitzen ditugu osagai komun bakarrarekin: protagonistak identitate indibidualaren bila dabiltza memoriaz baliatuz. Negutegia fikziozko eleberri bat da eta beltzuria, ordea, fikziorik gabeko testua. Negutegia liburuko pertsonaiak zentrorik gabe gelditu dira eta zentrorik ezak etengabeko mugimendu batera bultzatzen ditu; gai unibertsalez baliatzen da autorea orainaren eta etorkizunaren ziurgabetasuna, subjektu-ugaritzea eta desberdintasunaren imajinarioa sortzeko. Halaber, eleberrian gizarte postmodernoa definitzen duten hiru gai nagusi azaltzen dira —deserrotzea, hiri postmoderno berrien agerpena eta identitatearen krisia— postmodernitatean auzitan jartzen diren ezinbesteko hiru elementurekin batera: denbora, espazioa eta subjektua. Outsiderrak dira pertsonaiak, izaera urbanoa erakusten dute eta hirian errealitatearen eta irudimenaren artean bizi dira simulakroaren ondorioz. Argi ikusten da garai postmodernoan kultur aniztasuna areagotzen dela eta identitate kultural ezberdinak norbanakoan biltzen direla. Laburbilduz, eleberriko subjektu postmodernoak honelako ezaugarriak ditu: identitate zatitua, etengabeko lekualdatzeak eta bilakaerak ez dio uzten pertsona bera izaten espazioan eta denboran eta etengabeko eraldatzean, autoestimurik gabeko norbanako likido bihurtzen da. Rozasen aztertutako bigarren lana, beltzuria, berriz, identitate hibridoa duen testua da, eta nitasunaren narraziogintzaren barruan koka lezake. Subjektu postmodernoak bere buruaz hitz egiten du eta identitatea bera performancearen parte esanguratsua da, hau da, subjektuaren identitatea sorkuntzan eraikitzen da eta identitatearen eraikuntzaren bidez memorian, iraganean, arakatu eta intimismotik idazten da. Testua absentziaren sorkuntzaren isla da non objektuartearen lurrunketa gertatzen den, hots, ez-fikzioak fikzioa ordezkatzen du eta, fikzioaren absentzian, lengoaiaren eta ahotsaren presentzia areagotzen da.

Ixiar Rozasen Negutegian (2006).

Harkaitz Canoren lanen bidez, testuaren beraren identitatea zalantzan jartzen da Belarraren ahoa narrazioa nouvelle izendatzean, eta, horrekin batera, zeharkakotasun literarioaren gaia literaturaren testuartekotasunarekin eta identitate zeharkatuarekin (Bermejo, 2011) batzen dugu. Hortik ateratako ondorio bat, hain zuzen ere, identitatea ulertzeko eta kudeatzeko erak aldatzeko beharra izan da, hots, ikuspegi esentzialista batetik ezinezkoa da gaur egungo identitateak gordetzen dituen tasunak behar den bezala bideratzea: eraikuntza dinamikoa da, maileguek eta trukeek osatutakoa eta intermitentea. Twisten eleberriko subjektua horren adierazle da, pertsonaiak ez dakielako bere barneko aniztasuna kudeatzen eta, ondorioz, bizitzaren azaleko estetizazioa gertatzen da. Subjektua zatikatua izan daiteke, baina arazoa beste bat da: zatiketaren onarpenari uko egitea eta kudeatzeko ezintasuna ez ikustea. Beraz, Goffmanen (1997) metafora aukeratu dugu protagonistaren egunerokotasuna ezaugarritzeko, antzezlanetan gizabanakoak gehien komeni zaien maskara erabiliz erlazionatzen direlako. Esanguratsua da pertsonaia nagusiaren bizitzan antzerkiak duen erabakigarritasuna eta horrek, hain zuzen ere, egoera postmodernoaren alde heterogeneoak erakusten ditu, alde intersubjektiboak eta erlazionalek identitate ezberdinak osatzen dituztelako hausnarketa azpimarratuz. Twisten azaltzen den subjektu postmodernoak ez daki mugitzen gizarteak eskaintzen dizkion kodigo infinituen artean eta kolapsoan sartzen da. Canok zalantzan jartzen du identitatearen ikuspegi sendoa, bakarra eta trinkoa, eta aurkezten duen identitate ezegonkorrak eleberrian dauden pertsonaiak kutsatzen ditu. Lanean niaren desjabetzea gertatzen da –protagonista gero eta urrunago dagoelako niaren erdigunetik−, baita identitatearen simulazioaren bidez bikoitzaren eta bestearen irudikapena ere.

Eider Rodriguezen narrazio-bildumek subjektu postmodernoaren beste ikuspegi bat ematen dute, alegia, pertsonaiak genero identitatearen perspektibatik sortuz baliagarriak dira ohartzeko gizonezkoak eta emakumezkoak produktu historiko aldakorrak direla. Rodriguezen ipuingintzan emakumezko pertsonaiak hitzarmen sozialaren pean bizi dira eta jarduten dute; horren arabera, bakoitzaren identitatea osatuz doa. Batez ere, azpimarratu nahi dugu generoari ematen zaion garrantzia, kulturalki ulergarriak diren eta pertsona definitzen duten generoaren arauekin bat etorri ezean, pertsonaren identitatea ia ez dela existituko. Rodriguezen narrazio gehienak imajinario patriarkalaren hatsarreen arabera eraikita daude, eta emakumezko protagonistaren irudia natura, pribatu, sentsibilitate edo praktikarekin lotzen da. Ziur aski irakurleak egoera horiek ezagunak izango dituelakoan askoz errazagoa da obsesioak, beldurrak, eta lotura kulturalak antzematea. Bestalde, semiotika feminista ezinbestekoa da analisi honetan, hots, zeinu kulturalaren kodea sakontzea: esanahi kulturalak dena inguratzen du, hara hor semiotikaren garrantzia eta hara hor esanahi kulturalak, narrazioetan hutsik dauden zeinuak betetzeko eginkizunean. Rodriguezek irudikatzen duen subjektu postmodernoa emakumearen gorputz-ibilbide (Esteban, 2014) ezberdinek zeharkatzen dute, eta, era berean, subjektu postmoderno hori, sexuen hierarkizazioak ezarritako ezberdintasunak jasaten dituenean, erresistentziarako prest agertzen da. Erraz ikusten da halaber gaur egungo egoera postmodernoak emakumea muturrera eramandako merkatu neoliberalaren atzaparretan bete-betean harrapatuta daukala; ondorioz, sistema bera irauli eta birpentsatu behar delakoan gaude, beste gizarte bat non genero sistemaren oinarriak ezabatzen diren.

Harkaitz Canoren Belarraren ahoa (2004).

Edozelan ere, hiru idazleen obrak aproposak eta esanguratsuak dira euskal narratiban ‘literatur-proiektua’ deituko dugunaren barruan kokatzeko. Manuel Castellsen (1998) ustetan, hiru forma daude identitatea eraikitzeko: lehenengoa identitate legitimatzailea da eta sistema hegemonikoaren instituzioen esku dago giza-agenteak menperatzeko asmoz; bigarrenean, erresistentzia-identitatean, menderatzearen logikak gizabanako talde bat estigmatizatzen du eta, ondorioz, kanpotik datorrenaren babesean eusteko espazioak sortzen dituzte; hirugarrenik, identitate-proiektua dago eta gizartean eskura dauden osagai kulturaletan oinarritzen da identitate berri bat proposatuz; identitate berri horrek bere espazioa birdefinitzen du gizartean.  Aipatutakoak kontuan hartuta, XX. mendeko euskal literatura aztertu eta identitate kolektiboaren eta literaturaren arteko loturaz hitz egitean, uste dugu erresistentzia literatura eta literatur proiektuaren terminoak erabiltzea aproposa dela. Literatur proiektuaren alde egiten dugu, osagai kultural anitzen bidez diskurtso kritikoak sortzen baitira eta desberdina dena aprobetxatzen duen testua idazten da. Zenbait idazlek, sistema literarioan egonkortzen diren bitartean haren egituraren aldaketa bultzatuz, identitate global baten ikuspuntua jasotzen dute eta heterogeneotasunera egokitzen dira; modu ezberdin batean kudeatzen dute heterogeneotasuna eta jadanik esentziatzat hartzen ez den identitatea arazo bihurtzen dute. Orduan, erronka datza sistema zalantzan jartzen duten ideiak, hausnarketak eta adierazpen artistikoak irudikatzean eta, zalantzarik gabe, berrirakurketak planteatzean.  

Aipatutako bibliografia:

Agirre, Txomin (1990). Garoa, Donostia: Euskal Editoreen Elkartea. [1912].

Apalategi, Ur (2015). “La evolución romanesca del sujeto vasco: negociaciones literario-ideológicas entre la estrategia de diferenciación y el deseo de homologación”, in Iratxe Esparza Martin & José Manuel López Gaseni (arg.) La identidad en la literatura vasca contemporánea, Berna: Peter Lang.

Atxaga, Bernardo (1993). Gizona bere bakardadean, Iruña: Pamiela.

Bermejo, Diego (2011). La identidad en sociedades plurales, Bartzelona: Anthropos.

Cano, Harkaitz (2004). Belarraren ahoa, Irun: Alberdania.

--- (2011). Twist: izaki intermitenteak, Zarautz: Susa.

Castells, Manuel (1998). La era de la información: Economía, sociedad y cultura. El poder de la identidad. Vol. 2, Madril: Alianza.

Esparza Martin, Iratxe (2019). Identitatearen eraldatzea subjektu literario postmodernoan, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpena.

Esteban Galarza, Mari Luz (2014). “Gorputzaren antropología, gorputz-ibilbideak eta genero-harremanak”, in Alaitz Aizpuru Joaristi & Bakarne Altonaga Begoña (koord.) Diskurtsoak, eraikuntzak, gorputzak. Gorputzen eta binarismo sexualaren eraikuntzaz, Bilbo: UEU.

Goffman, Erving (1997). La presentación de la persona en la vida cotidiana, Buenos Aires: Amorrortu.

Hall, Stuart (1992). “The Question of Cultural Identity”, in Stuart Hall, David Held y Tony McGrew (arg.) Modernity and Its Futures, Cambridge: Polity Press.

Kortazar, Jon (2007). Postmodernitatea euskal kontagintzan, Donostia: Utriusque Vasconiae.

Otegi, Karlos (1976). Pertsonaia euskal nobelagintzan, Bilbo: Gero.

Rodriguez, Eider (2004). Eta handik gutxira gaur, Zarautz: Susa.

--- (2007). Haragia, Zarautz: Susa.

--- (2010). Katu jendea, Donostia: Elkar.

Rozas, Ixiar (2006). Negutegia, Iruñea: Pamiela.

--- (2014). Beltzuria, Iruñea: Pamiela.


Eusko Jaurlaritza