
Gaiak
Osasun Izurriteak “media pandemia” ere ote?
IDOIAGA MONDRAGON, Nahia BERASATEGI SANCHO, Naiara MUNITIS EIGUREN, Amaia OZAMIZ ECHEVARRIA, Naiara DOSIL SANTAMARIA, Maria PICAZA GORROTXATEGI, Maitane
Gaur egungo gizartean komunikabideek berebiziko garrantzia dute jakintza maila zientifikotik egunekotasunezkora pasatzean. Izan ere, jendeak normalean osasun izurriteak bezalako gertaera mehatxagarriak komunikabideen bidez ezagutzen ditu lehenik eta behin (Joffe, 2003). Alabaina, komunikabideak ez dira zientzialari, jakintsu edo botere esferek jakintza horri buruz plazaratutako ideien errepikatzaile hutsak. Komunikabideek, audientzia erakarri nahian arriskuei garrantzia berezia eman edo kentzen diete (McCombs, 1981) eta marko edo eskema interpretatibo konkretu bidez azaltzen dituzte (Entman, 1993), arriskuaren diskurtsoak sinplifikatuz eta sentsazionalizatuz erantzun eta erruduntasunei buruzko eztabaidak abiaraziz (Joffe, 2003).
Hau da, gertaera berriaren irudikapenaren erroak beronen interpretazio zientifikoan daude eta adituen unibertso horretatik jakintza komunera edo pertsonen egunerokotasunera komunikabideen lanaren bidez transmititzen dira batik bat (Wagner, Kronberg, & Seifert, 2002). Halere, premisa honek galdera nagusi bat plazaratzen du: Nola txertatzen da egunerokotasuneko pentsamenduan komunikabideek transformatzen duten jakintza zientifikoa? Gizarte psikologiak errotik ukatu du komunikabideek audientzian efektu zuzena eta aldebakarrekoa dutela. Hau da, besteak beste pertsonen esperientzia pertsonalak, talde identitateak, uste politikoek edota kritikarako gaitasunak komunikabideetako edukia barneratzeko era baldintzatuko dute (Corner, 1991; Joffe & Haarhoff, 2001). Alabaina, gertaera mehatxagarri berriak egunerokotasuneko pentsamenduan txertatzeko unean komunikabideen diskurtsoak duen eragin eta garrantzia ez dago nahikoa operazionalizatua ez psikologia sozialean ezta bertatik kanpo ere (Wagner, Valencia, & Elejabarrieta, 1996). Adibidez, framing-aren ikuspuntu teoriko eta metodologikotik, ondorio berbera hau azpimarratzen da burututako ikerketa gehienetan (Muñiz, 2007). Igorleak ez du berak bakarrik mezuak barreiatutako esanahia determinatzen; mezuaren eta barreiaduran presente diren aldez aurreko ikuspuntuen arteko interakzioa baita. Halere interakzio horretan komunikabidek izurriteei buruz egindako estaldura masiboak eragin zuzena duela begibistakoa da.
Gainera, framing-aren teoria horretan sakonduz garrantzitsua ez da soilik komunikabideek zein gai plazaratzen duten, baizik eta gai hau nola enmarkatzen duten ere. Osasun izurriteen kasuan erantzukizun egozpen eta pertsonekiko interes markoak izan ohi dira erabilienak (Faridah, Normah, & Chang, 2010; Idoiaga, Valencia, Gil de Montes, & Ortiz, 2012). Eta bata zein bestea erabiltzeak inplikazio zuzenak ditu arriskuaren irudikapenaren eraikuntzan, emozioetan eta orokorki gizarte irudikapenetan.
Pertsonekiko interesaren markoa aztertuaz intrintsekoki lotu behar dugu gizarteak ikusmira krisietan jartzeko duen joerarekin. Kasu hauetan, komunikabideek pertsonen sufrimendu gordina ikustarazten duten irudiak masiboki plazaratu ohi dituzte, giza sufrimenduari publizitatea emateko orduan oinarrizko rola izanik (adibide gisa Italiako eta Txinako zaintza intentsiboko unitateetako irudiak) . Honen aurrean, irakurleek errukia eta konpromiso arrazionala sentitzea espero da “hiritar on” bezala erantzunaz (Höijer, 2004). Izan ere, gure ikerketek baieztatu dute pertsonekiko interes markoa duten albisteek erantzun emozional handiagoa sortzen dutela -eta baita arriskuaren irudikapen sendoagoa ere- eta, beraz, errez ondoriozta daiteke pertsonen atentzioa eta konpromisoa eskuratzeko gako izan daitezkeela. Horregatik, pertsonekiko interes markoaren erabilera politikoa anitza da. Alde batetik, egunkariei beraiei leporatu izan zaie arriskuaren diskurtsoa areagotzeko marko bezala erabili izana, pertsonen arreta lortuaz audientzia erakartzeko instrumentu gisa. Baina bestalde, ezin dugu ahaztu badituela beste erabilera politiko batzuk ere, adibidez 2016an, ebolaren kasuan Gobernuz Kanpoko Erakundeek erabiltzen zuten (MSF, Gurutze Gorria etab.), bai sare sozialetan eta baita komunikabide tradizionaletan ere Afrikako errealitatearen berri ematen zuten kontakizunak zabalduaz, mendebaldeko herritarren arreta erakartzeko eta beraien laguntza eskatzeko.

Pertsonekiko interes markoa duten albisteek erantzun emozional handiagoa sortzen dute.
Halere, zein puntu arte da framing hau arreta erakartzeko bide egokia? Zein ondorio ditu bere erabilerak? Izan ere, komunikabideen ikerketan sarritan azpimarratu izan da hauek eginiko sufrimenduaren merkantilizazioak urrutiko gaitzekiko audientziaz ikusle pasibo bihurtzen duela, inolako konpromiso moralik gabe (Höijer, 2004). Hots, pertsonekiko intereseko markoko diskurtsoak bultzatuta ematen diren diru-laguntzak subjektibitate kapitalistako seinale nartzisisten isla lirateke, karitate bidez “besteen” gaitzetatik gure self-ak babesteko tresna (Zizek, 2001). Honen ildora, baliteke pertsonok komunikabideen sufrimendu diskurtsoak eraginda nolabaiteko “errukiarekiko nekea” edukitzea (Tester, 2001). Alegia, aspertuta egotea komunikabideen bidez pertsonen sufrimendu irudiak jasotzeaz (gerra irudiak, pandemien irudiak, hondamendien irudiak etab.); ondorioz errukia igartzeari uzten diogularik, biktimekiko distantzia hartuaz. Beraz, pertsonekiko interes framing-ak gizartearen arreta ahalbide dezakeen arren bere erabilera tentuz neurtua izan beharko litzateke konpromiso moral gabeko erantzunak edota “errukiarekiko nekea” saihesteko.
Erantzukizun egozpen framing-dun diskurtsoari dagokionez, duen erronka nagusia osasun izurriteetan gobernu, agintari zein mundu mailako erakundeek izan duten gizarte irudikapen negatiboari aurre egitea da. Izan ere, gobernu, OME eta antzekoei osasun izurriteen agerraldien aurrean behar gisa erantzuten ez jakitea eta jendartea behar bezala informatzen ez jakitea leporatu izan zaie (Cohen & Carter, 2010; Doshi, 2011; Enserink, 2010; Flahault & Zylberman, 2010; French & Mykhalovsky, 2013).
Mundu mailako agintariei arriskuaren komunikazioa burutu beharrean, krisi komunikazioa burutzea egotzi izan zaie (Rocamora, 2012). Zehazki, ikerketek aurkitu dute (Idoiaga, Valencia, Gil de Montes, & Ortiz, 2012; Rocamora, 2012, Wagner-egge, 2011) osasun izurriteen hasierako faseetan arrisku komunikazioa burutuaz agintariak arazoen soluzio iturri gisa identifikatu izan direla, haiengandik arriskuaren aurrean babesteko baliabideak, informazio eta aholkuak komunikatzea esperoaz. Baina osasun izurriteak aurrera joan ahala, eta izurritez izurrite komunikazio-kanalen eraginkortasunik eza agerian geratzean, agintariek diskurtsoaren fokua beraien buruak babestean jarri dute, krisi komunikazio bidez. Agintarien autodefentsa horretan ez dago komunikazio gardenik audientziarekin, berauen konfiantza gutxituaz eta ondorioz mesfidantzatik agintarien bilau ikuspegia eta goranzko erruduntze prozesuak berrelikatuaz. Horregatik, erantzukizun egozpenaren framing-a krisi bukaeretan bereziki erabilia da.
Deskribatu berri dugun patroi hau oso kaltegarria izan daiteke. Izan ere, agintariei krisiei aurre egiteko eraginik eza egoztea behin eta berriz, krisi amaieretan errepikatzen den framing-a dela behatzen gaude, osasun krisiak aingura daitezkeen gizarte irudikapen bihur daitezkeelarik. Hau da, osasun izurriteetako gizarte irudikapenenen osagai intrintseko bihurtu da (edo bihurtzear dago) gobernu eta OME-aren diskurtsoaren helburua ez dela gizarte arriskua (jendarteak jasoko dituen kalteak) gutxitzea, beraiek erakunde gisa izan ditzaketen kalte sinbolikoak samurtzea baizik, honela arriskuaren komunikazioa izan beharko litzatekeena edukiz hustuaz (Gonzalo & Farre, 2011).
Honenbestez, epidemien psikologiaren teoriak planteatutako erara, guk ere osasun izurriteetako lehen faseetan alarmismo edota sentsazionalismo framing-ak identifikatu ahal izan ditugu, beldur epidemiaren erakusgarri. Bestalde, agintarien jokaerak eta erantzukizun egozpen framing-ak azalpen eta ekintza epidemien adierazgarri gisa identifikatu ahal izan ditugu. Bukatzeko, komunikabideen diskurtsoak eta, bereziki, erabilitako framing motek gizarte irudikapenen prozesuan duten garrantzia azpimarratu nahiko genuke eta, baita, framing-a bera eredu kognitibo indibiduala izatetik haratago doala aldarrikatu ere (Farré i Coma, 2005), pertsonatik haratago doan prozesu psikosozial gisa birdefinituaz eta osasun izurriteen kasuan arriskuaren kultura kolektiboak eraikitzeko lanabes bihurtuaz.
Epidemien psikologian izurriteekin batera, aldi berean garatuz doazen beste hiru epidemia identifikatzen dira (Strong, 1990): beldurraren, errezeloaren eta estigmatizazioaren epidemia; interpretazio, azalpen eta moralizazio epidemia; eta proposamen eta ekintzen epidemia. Gizarteko partaide guztiak epidemiekiko zaurgarriak garen heinean, beldurrarekiko, azalpenak jasotzearekiko eta ekintza eskakizunekiko sentikorrak ere bagara, komunikabideek izurriteetan joera metakomunikatiboa izanik beldur sorrarazle eta hedarazle baitira aldi berean. Horregatik, esan izan da osasun izurrite berriak sarritan “media pandemia” ere badirela.