
Gaiak
Hezkuntza sistemaren erronkak gizarte justuagoen eraikuntzan
Hezkuntza eta eskola gizarte justuagoak garatzen laguntzeko tresnak dira, ala injustizia sozialen problematikak erreproduzitzen eta sakontzen dituzte?
2016-2017 ikasturtean zehar ikerketa lan bat egin genuen, “Hezkuntza eta Eskola: hezkuntza jardunbideen eta gizarte justuagoen bilakaeraren arteko zubi” izenburua zuena, eta Tantak aldizkariaren 29. zenbakian[1] argitaratu zena. Ikerlanaren izenburuko galdera erantzuten saiatu ginen, edo zenbait gako azaleratzen, behinik behin, honakoa ulertzeko esperantzaz: zer dela-eta ez gara oraindik, XXI. mendean, “justizia soziala” terminoa aintzat hartzen duen jendarte batean bizi?
Aipatu ikerlanaren bidez, eta hezkuntzako profesional garen neurrian, agerian utzi nahi izan genituen jendarte justuagoak garatze bidean Hezkuntzan eta Eskolan egin beharko liratekeen baina, hala ere, egiten ez direnak. Horretarako, aztertu eta erkatu egin genituen hezkuntza sistemaren marko legalaren hainbat elementu. Eta horretarako, hainbat irakasleren hezkuntza praktika aztertu genuen, azkenean, gizarte justuagoen eraikuntzan irakasleek eta eskolak izaten dituzten zailtasunez jabetzeko.
Gizartea, hezkuntza, eskola eta irakasleak
Gure jendartea eta mundua hainbat mailatan “mugitzen” duen produkzio-sistemaren fruitu dira globalizazioa, “kontsumoa helburu duen lehiakortasuna” eta “lehiakortasuna helburu duen kontsumoa”. Eta hauek guztiek bidegabekeria soziala eta ezberdinkeria emendatzea dakarte, eta, ondorioz, gero eta arrakala-sozial handiagoa. Eta egoera honen guztiaren oinarrian, ideia bat nabarmentzen da: “zerbait eduki behar, inor izatekotan”.
Beraz, jendarteak aurre egin behar dio desberdinkeriari, eta gure ustez, saiakera horretan, eskolaren eta hezkuntzaren bitartez egitea da egokiena. Izan ere, jendarte justuagoen eraikuntzan eragile esanguratsu askoak dira hezkuntza eta eskola: “Mundua baino, mundua bera aldatzera doazen pertsonak aldatzen ditu hezkuntzak.” Freirek esana da.
Era berean, kalitatezko hezkuntzak, gainerako eskubideak garatzeko bide ematen duen eskubide moduan ulertuta, gizakion ongizatea ahalbidetzen du, jendarteen garapen integral eta jasangarria ere ahalbidetzen baititu.
Ondorioz, hezkuntza eta eskola garrantzitsuak dira garapen kultural, sozial eta, noski, baita edozein herrialdetako garapen ekonomikorako ere. Beraz, edozein herrialderen garapenerako ezinbestekoak dira hezkuntza eta eskola. Baina garapen horri begira traba ere izan daitezke, gaitasun, adin, arraza eta maila soziala medio, hainbat ikasle alde batera utzi eta baztertzen dituztelako, hezkuntzak eta eskolak “promoziorako” eskubidea baliatzen baitute horretarako. Izan ere, “promoziorako” eskubidea titulazio akademikoak jasotzeko gaitasun moduan ulertzen dute. Eta promozioa oso konpetentzia jakinen baitakoa izaten denez sarritan, ezarritako sistemaren marko barruan diren pertsonen alde egiten bukatzen du eskolak.
Horregatik, eta Connellek (1997) bere “Eskolak eta justizia soziala” liburuan iradoki bezala, etorkizuneko jendartea justuagoa izatea, orokorrean, hezkuntza sistemaz egiten dugun erabileraren baitan egongo da, eta partikularki, eskolaz egiten dugunaren baitan. Izan ere, ikasle guztiei erantzungo badie, eraldatu beharra dago eskola, edozein direlarik ere ikaslearen diferentziak, baliabideak eta/edo mugak.
Azpimarra jarri dugu jendarte justuagoen garapenerantz hezkuntzak eta eskolak duten eraginean. Baina ez dugu oraindik aipatu prozesu horretan berean irakasleak duen inplikazioa. Irakasleak dira, jendarte justuagoak erdietsi bidean, hezkuntza sistemak dituen eragile esanguratsuenetarikoak. Hezkuntza praktika eta hezkuntza politiken bitartekari aritzen dira, aniztasunarekiko miraz betiere, eta giltzarri dira ezberdintasun sozialek sortutako bazterketaren aurkako borrokan.
Ildo beretik doaz Francisco Mora Doktorearen hitzok: “irakasleak edozein herrialderen harribitxia dira”. Hori hala bada, ezinbestekoa izango da irakasleen praktika profesionalaren analisi kritikoa egitea, eta baita haien jarduera profesionalak ikasleengan duen eraginarena, azken hauek etorkizuneko jendarteko kide aktibo izango baitira.

Jendarteak aurre egin behar dio desberdinkeriari, saikera horretan, eskolaren eta hezkuntzaren bitartez egitea da egokiena.
Eraldaketarako egiak eta zantzuak
Artikulu honetan aipatzen den ikerketan galdekatuak izan ziren irakasleek aitortu zuten jabetzen zirela irakaslearen praktikak eta hezkuntza sistema osatzen duten erakundeek eragina dutela jendarte justuagoak lortzeko prozesuan, eraldaketa soziala bultza dezaketen eragile izan daitezkeelako. Aipatu zuten ere irakasleek beraiek ikasleengan duten eragina, irakaslea, oro har, erreferente izaten baita ikaslearentzat. Gainera, irakasle-ikasle harreman horrek kategorikoki eragiten du ikasleengan. Honen adibide, Albert Camusek 1957an Nobel Sasia jaso zueneko hartan eginiko eskertza, zeinetan haurtzaroan izandako irakasle zoragarri baten aipamena egin baitzuen.
Baina era berean, ikerlanean galdekatutako irakasle horiek berek azpimarratu zuten haien eguneroko lanean hainbat eta hainbat trabarekin egiten dutela topo. Esate baterako, irakasleen kolektiboarekiko konfiantza falta, lan egin ahal izateko herririk herri ibili beharra, lan baldintza prekarioak, ezberdintasun sozialak eta “normalizazioa” sustatzen duten hezkuntza politikak. Izan ere, azken hauek irakasleen ezinegonean eragiten dute, eta lanerako traba izaten dira.
Irakasleek diote jendarteak ardura handia egozten diela eurei eta eskolari, eta beste erakunde batzuek, aldiz, oso kritika gutxi jasotzen dituztela; esaterako, unibertsitateak eta hainbat mandatari eta hezkuntza eragilek. Irakasleen esanetan, azken hauek, guztion ongizatearen alde lan egin beharrean, haien interes propioen alde egiten dute lan.
Amaitzeko, hezkuntza sistema (unibertsitateak, eskolak, irakasleak, eta abar.) krisian dela ondorioztatu genuen artikuluaren egileok; hezkuntza eta haren baitako erakundeak eraldatu behar direla egungo mundu zaharkitu eta zalantzazko honek aurkezten dizkigun beharrei aurre egiteko. Zertan ari gara, baina? Hezkuntza-berrikuntzaz mintzo gara sarri, baina horretan ere miraririk ez da, eta ohartzen garenerako, sarritan ikusten dugu gure burua hainbat proiektu berritan leporaino sartuta, eta hezkuntza sistema krisi egoeratik atera nahi eta ezinean. Zein helbururekin ari gara? Sarritan, aldaketak egite hutsak bizi gaitu, eta funtzionatzen ez duten zenbait jardunbide aldatzen hasten gara, gerora eraginkorrak izango ote diren ez dakigun beste batzuengatik, eta gainera, ez gutxitan, aldaketa horiek goitik behera aldatu ohi dute gure eguneroko funtziondua. Halako neurriak hartu aurretik, orain arte baliagarri izan denari eta izan ez denari buruz hausnartu beharra dago, eta hausnarketa horren ondorioak estrategia berriak garatzeko erabili. Horregatik, eta jendarte justuagoak garatu nahi baditugu, uste dugu aztertu eta ikusarazi egin behar dela hezkuntza erakunde eta zentroek justizia sozialarekiko duten eskola gramatika.
(Eskerrak Aitor Errazkini testua itzultzen laguntzeagatik.)
Bibliografia:
Connell, R. W. (1997). Escuelas y justicia social. Madrid: Ediciones Morata.
[1] Santamaría-Goicuria, I., de Orbea, I. eta Martín-Etxebeste, J. (2017). Hezkuntza eta Eskola: hezkuntza jardunbideen eta gizarte justuagoen bilakaeraren arteko zubi. Tantak: Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza aldizkaria, 29(2), 25-45.