737 Zenbakia 2019-03-26 / 2019-04-29

Gaiak

Amets kolektiboak eraldaketarako giltzarri: Antzuola Herri Eskolako Hezkuntza Proiektuan sakontzen

BASASORO CIGANDA, Maitane ARGUIÑANO MADRAZO, Andoni KARRERA XUARROS, Inaki

Sarrera

35 urte baino gehiago dira Antzuola Herri Eskolako Hezkuntza Proiektua garatzen eta gauzatzen hasi zenetik. Herriko eskola publikoaren eta ikastolaren fusioa gertatu ostean, prozesu eraikitzaile eta gogor zein aberasgarri batean murgildu ziren (Antzuola, 1999; 2000; 2001a; 2001b; 2003; 2004a; 2004b; 2006; 2008; 2014). Esperientzia berritzaileei zein hezkuntza teoria ezberdinei erreparatuz, haien ametsa eraikitzen joan dira. Amets amaigabea esan daiteke, gizarte aldakor honetan hezkuntzak etengabeko hausnarketa eta egokitzapena eskatzen baitu.

Antzuolako Hezkuntza Proiektuaren hastapenetatik partaide izan diren pertsona ezberdinekin hiru talde eztabaida egin ostean, Antzuolako jarduna eta hezkuntza ulertzeko modua jaso ahal izan genituen. Lortutako informazioa baloreak, harremanak, antolaketa, metodologia eta formakuntza kategorien baitan sailkatuz, Antzuolako eskolako hainbat gako identifikatu genituen, proiektuaren biziraupenerako zein eskolaren kohesiorako erabakigarriak izan direnak. Modu honetan, proiektu berritzaile batean sakondu eta etorkizunerako urrats inklusiboak izan daitezkeenak proposatu ahal izan dira, hezkuntza komunitatean praktika emergenteak partekatzeko asmoz.

Antzuola Herri Eskola

Antzuolan eskola demokratikoaren, publikoaren eta euskaldunaren aldeko apustua egin zuten fusioaren hastapenetatik. Bertako irakasleek argi zuten balore horiek haien egunerokotasunean txertatzeko lana egin beharko zutela, baina aldaketarako konpromiso pertsonala hartu zuten, helburu kolektiboak interes indibidualen aurrean gailenduz. Elkarrekin konpartituz eta elkarren babesaz, berrikuntza ibilbide batean murgildu ziren, zer lortuko zuten jakin gabe baina prestutasun eta ilusio guztiarekin.

Lankideen arteko zaintza erabakigarria izan da bide honetan. Elkarren aldamenean egoten, elkarri entzunez, besteekin lan eginez, elkarri gelako ateak irekiz eta asko hitz eginez ikasten joan dira. Berrikuntza prozesuan zehar babestuta sentitu dira beti, eta beldurrei elkarrekin egin diete aurre.

Irakaslegoak lan asko egin behar izan zuen formatzeko eta iraganean jasotako heziketa tradizionalak emandako begirada berreraikitzeko. Hausnarketa bidezko formakuntzak bidelagun izan zituzten horretarako: teoria ezberdinak partekatu, praktikan jarri, behatu, berrikusi eta hobetu. Horrela hasi zen Antzuola Herri Eskolako Hezkuntza Proiektua.

Berrikuntza prozesu guztian zehar, Antzuolako irakasleek argi izan dute beti zein den haien iparrorratza: ikaslea eta bere ongizatea. Ideia hau konstante bat da haien egunerokoan, eta haientzat zera da: “egun batean, esnatzean, eskolara joateak merezi izateak” (2ET002827).

Bi kezka profesional uztartzearen beharra ikusi dute horretarako: alde batetik haurrak nola ikasten duen, eta bestetik haurra nola sentitzen den. Bi kezka horiek modu zatiezinean ikustea beharrezkoa da, ikasi bai baina ongi sentitzen ez bada, ez duelako ezagutzara heltzea lortuko. Ongizatea beraz oso lotuta dago ezaguerarekin dagoen harremanean eta harekin ondo sentitzearekin. Gainera haurra errespetatzearen, baloratzearen, entzutearen eta ulertzearen garrantzia azpimarratzen dute, eta bide horretan, ezinbestekoa da haurra modu positiboan ikustea: falta zaiona baino, harekin dakarrena baloratzea. Akatsaren balio pedagogikoa ikustea garrantzitsua izango da zeregin honetan ere, haurra epaitua sentitu dadin ekiditeko.

Ikuskera honek antolaketa ereduan eta eredu metodologikoan hainbat aldaketa ekarri ditu. Ongizatea sustatzeko hezkuntza eredua aldatzearen beharra ikusten dute, eta egunerokotasunean jardunez, hurrengo pausua edota aldaketa zein den antzematen dela adierazten dute. Izan ere, haien ustetan antolaketa beharrak identifikatu ostean dator, eta ez alderantziz: “hemen garbi dagona da, zela hartzen dien erabakiak antolaketa bat sortzeko eskolaren beharren arabera. Ta ez antolaketa egon bidalako ta aber eskola zela egokitzen dan antolaketa horren arabera…aldaketia hor dago” (3ET004645). Beharren araberako antolaketa honen hainbat adibide garbi ikus daitezke eskolan. Ezagutza prozesuak ahalik eta gehien aberasteko asmoarekin koordinatzaile figura sortu zuten. Pertsona hau liberatu egiten da, tutoreei haien proiektuen garapenean laguntzeko eta sostengua eta babesa emateko. Bestetik, ordutegietan Gorputz Hezkuntza eta Ingelera elkarren jarraian jartzen dituzte, tutoreak astean bitan goizak libratzeko eta koordinatzailearekin bildu ahal izateko. Berrantolaketa honek asko lagundu die haien helburuetan zentratzen eta indarrak horien lorpenean jartzen.

Eredu metodologikoan ere errotiko aldaketak egin zituzten haien berrikuntza hastapenetatik. Hezkuntza Proiektu bateratu eta bakar bat garatzen da eskolan, etapen arteko koherentzia metodologikoa mantenduz.

Haurra errespetatzearen, baloratzearen, entzutearen eta ulertzearen garrantzia azpimarratzen da, eta bide horretan, ezinbestekoa da haurra modu positiboan ikustea: falta zaiona baino, harekin dakarrena baloratzea.

Txiki-txikitatik, haurrak haien interesguneak ezagutzen eta erabakiak hartzen hasten dira. Erabakiak hartzen ikastea oso garrantzitsua iruditzen zaie, eta irakasleek, ikasleek erabakiak har ditzaten markoa sortzen dute. “Guretzat poderea da poderea emotea. Gaur egun empoderamiento esaten dan ideia hori ez? Orduan guk e poderea ematen diegu: ez zuk hartu erabakia, egin zuk nahi duzun bezala” (3ET004134). Hortaz, ikasleak jartzen dira jardueraren abiapuntu gisa: ikasleek zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten, mundua ikusteko modua… eta hortik abiatzen dute lanketa, arloak globalitate batean eman behar direla ulertuz.

Haur Hezkuntzan, ikasgela irekien funtziondua dago ezarrita. Ikasgela irekiekin lan egiteak ikasleen arteko, irakasleen arteko edota ikasle eta irakasleen arteko komunikazioa errazten du. Modu honetara, egoera sozial konplexuagoekin eta errealagoekin egiten dute topo: adin eta jatorri soziokultural ezberdinetako haurrak elkarrekin interakzioan egoteko aukera, eta baita heldu batekin baino gehiagorekin interakzionatzeko aukera ere.

Ikasgela ireki hauetan gainera pentsamenduaren zirkulazio librearen printzipioa jarraitzen da. Ikaslearen funtziondu autonomoan oinarritzen da, eta akzioaren bitartez, norberak erabakitzen du zein espazio erabili, norekin, zein material erabiliko duen eta zenbat denboraz egongo den bertan. Modu honetara, ikasleak aukera izango du bere garapen pertsonalaren prozesu propio bat eraikitzeko, iniziatiba hartzeko, esploratzeko, esperimentatzeko eta harremantzeko. Hezkuntza proposamen hau haien bizitzetan, jolasetan, nahietan eta desioetan oinarritzen da, eta beraz, zentzu pertsonal eta esanguratsu bat barne hartzen du.

Aurreko etapako balioei jarraipena emanez, Lehen Hezkuntzan proiektuak dira ezagutzaren eraikuntza bidean ardatz. Haientzat proiektuka lan egitea ikaslea errealitatearekin harremanetan jartzeko modua da, eta abiapuntua ikaslea bera da. Horregatik proiektuetarako gaiak ikasleek aukeratzen dituzte: zer ikasi nahi duten eta gai horren barruan zer egin nahi duten. Haurrek gaiak asanbladatan aukeratzen dituzte. Lehenengo proiektu posibleen zerrenda egiten dute, ondoren proiektu bakoitzak eskaintzen duena adierazi, eta azkenik aukeraketa bera.

Proiektuak ikasleentzat esanguratsuak eta adierazgarriak dira, haien interes propioetan oinarritzen direlako eta errealitatearen konplexutasunean ematen direlako. Lan egiteko era honek ezaguera era integratu batean garatzea ahalbidetzen du, arloen arteko loturak modu koherente eta natural batean emanez. Gainera, aniztasuna, komunikazioa eta kooperazioa ahalbidetzen da, ongizate giro bat elikatuz eta ezagutza prozesu aberasgarriak eraikiz.

Metodologia honek rolen inguruko hausnarketara garamatza. Ikasleen kasuan, haiek dira ikasketa jardueraren abiapuntu, eta erabakiak hartuz, euren ezagutza prozesuaren protagonista bilakatzen dira. Ideia honek haurra modu alternatibo batean ikustera behartu zituen. Adibide bat hizkuntzan ikus daiteke: zerbait “nola den” galdetu beharrean “zein iritzi duten” eskatzen diete. Modu horretara galdetuta badakite erantzun irekiagoak jasoko dituztela, eta bakoitzak pentsatzen duena adierazteko aukera izango duela.

Irakasleen kasuan, “hor bai apurtzen dala lehenengotik “irakasleak dana daki”…ez ez. Osea hor bai daukagula lasaitasun hori esateko: ba ez dakit, ez ez dakit baina bilaukogu denon artian” (2ET004612). Bidelagun hitza erabiltzen dute irakaslearen rola definitzeko: haiekin batera doaz ikasten, aurkikuntzak egiten, eta aldi berean laguntzen. Horrez gain, tutoreak ikasgelan egin beharrekoa interpretatu, aztertu eta berregin behar du, arrazondu prozesuetan eragiten saiatuz. Haien esanetan irakasle batek estrategia didaktiko eta pedagogikoak behar ditu izan, egoera anitzei aurre egiten jakiteko. Baita bere ideien eta jarreren arteko koherentzia bat adierazi ere.

Koherentzia mantentze horretan asko lagundu du aurretik aipatutako hausnarketa bidezko formakuntzak; haien arrazoiketek oinarri teoriko sendo bat izateaz gain, haien diskurtsoan argi geratzen da duela 35 urte baino gehiago hasitako eraldaketa sinesmen eta aldarri batzuetatik elikatzen dela.

Ikaslearen ongizatea bermatzea izan da haien helburua, eta horretarako, ikaslegoa jarri dute ezagutza-prozesuen abiapuntu. Baina ezin dute ulertu ideia hau ikasleei parte-hartzeko eta erabakitzeko marko bat eskaini gabe, eta beraz honek antolaketa ereduan eta eredu metodologikoan eragin zuzena izan du.

Guzti hau egingarria izateko, ordea, ezinbestekoa izan da talde izaera indartzea eta elkarren zaintza bermatzea. Sinesmen indibidualak partekatuz amets kolektibo bat eraiki zuten: orduan sortutako eta gaur egun bizirik dirauen Antzuola Herri Eskolako Hezkuntza Proiektua.

Erreferentzia bibliografikoak:

Antzuola Herri Eskola. (1999). Infantil y Primaria ¿Dos mundos independientes? Cuadernos de Pedagogía, (282), 40-44.

Antzuola Herri Eskola. (2000). Gestión del Currículum y concepciones del alumnado. Cuadernos de Pedagogía, 290, 70-73.

Antzuola Herri Eskola. (2001a). El qué, cuándo, para qué... de las matemáticas. Aula de Innovación Educativa, 10 (103-104), 20-24.

Antzuola Herri Eskola. (2001b). Niños y niñas investigadoras: ¿de qué hablamos? Aula de infantil, (1), 7-14.

Antzuola Herri Eskola. (2003). La cantidad y...¡ cantidad de significados! Aula de infantil, (13), 6-8.

Antzuola Herri Eskola. (2004a). En la escuela, lo que digo yo también es importante. Aula de Innovación Educativa, 132, 41-46.

Antzuola Herri Eskola. (2004b). Una comunidad que acaba. Aula de Innovación Educativa, 140 (132), 40-46.

Antzuola Herri Eskola. (2006). El Viaje a Marte. Cuadernos de Pedagogía, 355, 55-58.

Antzuola Herri Eskola. (2008). Experiències primària: Un claustre que indaga i aprèn com a comunicat. L`escola d`Antzuola. Perspectiva escolar, 323, 27-31.

Antzuola Herri Eskola. (maiatza, 2014). La escuela de Antzuola: las personas y sus interacciones en contextos de aprendizaje inclusivos. Non: XXI Encuentro de Consejos Escolares Autonómicos y del Estado.  Las escuelas de éxito. Características y experiencias. Consejo del Estado, Oviedo. (Azken kontsulta: 2018ko abendua)


Eusko Jaurlaritza