
Gaiak
Berrikuntza eta ekintzailetza kazetaritzan: egungo gakoak
Ikertzaile nagusia ‘Gureiker’ ikertalde finkatuan (Eusko Jaurlaritza, IT112-16). Talde horrek komunikazioko berrikuntza eta sareko kazetaritza aztertzen ditu teknologiaren, enpresa munduaren, profesionalen eta edukien ikuspegitik (produkzioa eta hartzea –ikusle/irakurle/entzule kopurua, agenda eta iritzi publikoa–). Era berean, sareko eta multimedia kazetaritzaren irakaskuntzako berrikuntzaren azterketa ere sustatzen du taldeak, UPV/EHUko Hezkuntza Berrikuntzako Talde Espezializatuen sarean (SAE-HELAZ) parte hartuz, KZBerri gisa. Taldekideak: Simón Peña, Koldo Meso, Jesús Á. Pérez, Terese Mendiguren, Irati Agirreazkuenaga, Leyre Eguskiza.
Komunikazioaren mundua une erabakigarrian dago, aurrerapen teknologikoak eta, zehatzago esanda, joan zen mende amaieran hasitako digitalizazio prozesuak aukera ugari ekarri baitizkiote. Mende hasieran, weba buru zela eta hedabideen laugarren plataforma handi gisa finkatzeko prozesu bete-betean zegoela, teknika zein sistemen bilakaerari lotutako prozesuek protagonismo handia hartu zuten, eta hedabideen sektoreko hobekuntzaren eta berrikuntzaren froga-harri bilakatu ziren. Webak ekarritako berrikuntza-iraultza handia hasi zenetik hogei urte igarota, gaur egun ere eboluzionatzen jarraitzen dugu izaera teknologikoko berrikuntzei esker, zeinak, aldi berean, erronka edo aldaketa premia berriak planteatzen dizkiguten (Larrondo, Fernandes eta Agirreazkuenaga, 2017).
Horregatik, agian, ziberkazetaritzak eta antzeko beste arlo batzuek “nerabeak” dirudite oraindik (Alves, 2016). Arlo horretan bereziki nabaria da editoreen eta kazetarien berrikuntzarako joera, prentsa, irrati eta telebistako bitarteko tradizionaletako editoreekin alderatuta. Sektore horrek on-line komunikazioaren lehen etapetako determinismo teknologiko bereizgarriaz libratzea lortu du, eta beste gai berritzaile batzuk jarri ditu erdigunean, hala nola sormen prozesuei eta edukiei lotutakoak –narratibak, formatuak eta generoak, etab.–. Hori dela eta, berrikuntzak aukera handiak aurkitu ditu kazetaritzaren arloan, bereziki kontakizunarekin eta datu zein gertaeren hedapenarekin lotutako alderdietan (transmedia estaldurak, infojolasak, dokumental interaktiboak, data-journalism, etab.).
Garrantzitsua da azpimarratzea berrikuntzaz ari garenean ez garela ari soilik baldintzatzaile teknologiko berriei buruz; baldintzatzaile profesionalei, merkatukoei eta kontsumokoei ere egiten diegu erreferentzia (Sádaba, 2016). Hori dela eta, arlo horretako ikerketa akademikoak produkzioarekin eta publikoarekiko harremanarekin zerikusia duen ororekin erlazionatzen ditu kazetaritzako egungo zein etorkizuneko berrikuntzaren gako nagusiak (Peña et al., 2018). Berrikuntza nolabaiteko mantra bilakatzeaz gain, komunikazio eta kazetaritzako ikertzaileentzat berrikuntza funtsezko kontzeptua da, aurrerapen teknologikoaren ondorioz sortutako arazo edo premiei irtenbidea bilatzeko, baita prozesu jakin bat egiteko modua aldatuko duen kontzeptu, produktu edo zerbitzu berri bat ezartzeak dakartzan arazo edo premiei irtenbidea bilatzeko ere (Storsul & Krumsvik, 2013; García Avilés, Carvajal eta Comín, 2016; Sábada, 2016; Peña et al., 2018).
Kasu askotan, kazetaritzan berrikuntzari esker lortutako bultzada hainbat hedabide eta plataforma multimedia talde edo informazio enpresa bakar batean biltzeak ekarri du. Elkarketa prozesu horien ondorioz, prentsa, irrati eta telebistako lan kultura tradizionalak berritu eta egokitu egin behar izan dira, diziplina eta hedabide anitzeko taldeak sortuta aberasten diren beste dinamika mota batzuk sortzeko. Talde horietan elkarlanean aritzen dira hainbat hedabide, sail edo ataletako kazetariak eta bestelako profesionalak, era askotako profilak edo espezializazioak dituztenak, bai hedabideari dagokionez, bai gaiei edo teknikei dagokienez.

Kazetaritzaren arloan eta Interneten, zehazki, edukien eremuko berrikuntzaren bultzatzailea zera izan da, egungo banaketa formatuen ezaugarriei begirako interes gero eta handiagoa; banaketa formatu horien artean formatu mugikorrak nabarmentzen dira.
Bere garaian, bateratze mediatikoko edo multimediako prozesuek agerian utzi zuten elkarren arteko mendekotasuna zuten arlo osagarriak existitzen zirela (teknologiak, enpresa, profesionalak eta erredakzioak, edukiak edo produktuak) (López García y Pereira, 2010), eta modu berean, berrikuntza mediatikoa elkarri lotutako hainbat arlotan antzematen da. Izatez, nahiz eta berrikuntza den aukera argienetako bat testuinguru teknologiko jakin batek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko, lerro hauetan ziberkazetaritzako berrikuntza eremu nagusietako bi nabarmenduko ditugu: enpresaren eta profesionalen eremua eta edukien eremua edo produktiboa.
Hedabide enpresen testuinguruan eta profesionalen eremuan, ekimen berritzaileenak Berrikuntza Laborategi edo Medialab direlakoen eskutik etorri dira, hein handi batean. Adibide adierazgarrietako batzuk bakarrik aipatzearren, gaur egun hedabide laborategi garrantzitsuak daude El Confidencial, El País edo RTVE komunikabideetan, eta horiek arduratzen dira web eduki berritzaileak sortzeaz. On-line hedabideetako start-upen bultzada izan daiteke egitura eta kultura profesional desberdin eta berritzaileak dituzten enpresa proiektuetaranzko joera horren beste adibide adierazgarri bat (Weiss, eta Domingo, 2010).
Kazetaritzaren arloan eta Interneten, zehazki, edukien eremuko berrikuntzaren bultzatzailea zera izan da, egungo banaketa formatuen ezaugarriei begirako interes gero eta handiagoa; banaketa formatu horien artean formatu mugikorrak nabarmentzen dira. Azken urteetan produktuetan eta edukietan sortzen ari diren berrikuntza nagusiek helburutzat dute, hain zuzen, euskarri horiei erantzutea eta formatu horietara egokituko diren berezko edukiak sustatzea.
Berezko edukiekin ez ezik, beste eremu batzuetan arrakasta izan duten produktu eta formatuen behaketarekin ere lortu da komunikazioko berrikuntza. “Gamifikazio” ezaguna, adibidez, horren adierazle egokia da, adierazten baitu bideo-jokoetatik edo entretenimenduaren industrietatik jasotako teknikak edo estiloak asimilatu direla, transmedia narratibaren aukerei lotutako tekniketatik abiatuta; narratiba mota horretan, istorio edo trama batek hedabide batetik bestera egiten du jauzi, horietako bakoitzean alderdi desberdin baina osagarriak eskainiz. Visual thinking delakoak ere berrikuntza ekarri du ikusle/entzule/irakurleei informazioak eta edukiak transmititzeko formula berriak sortzeko moduan. Gaur egungoaren moduko komunikazio testuinguru batean, zeina baitago irudiaren mende haren forma guztietan (Renó, 2018), irudian oinarritutako narrazio formulak berrikuntzaren buruan daude formatu, genero eta edukietan. Hori dela eta, genero bisualak gailentzen ari dira, baita Twitterren gisako bitarteko sozialetan ere, jada kategorizatuta dauden era askotako aukeretatik abiatuta (García-Avilés eta Arias, 2016).
Edukiei dagokienez, garrantzitsua da gogoratzea berrikuntza sustatu nahi bada, arreta erabiltzailearengan jarri behar dela ezinbestean, hartzaileengan, jakin egin behar baita non dauden eta zer behar duten; azken batean, zerbitzuzko jarrera sustatu behar da. Era berean, ikuspegi osagarriarekin, gogorarazi behar litzateke produktuen merkaturatzean ere ari dela sortzen berrikuntza, publizitate formula berrien bidez, babestutako edukiaren (branded content) bidez, besteak beste.
Azken finean, aukerak ez ezik, erronkak ere badakartza berrikuntzak, hala nola sortzeko ahalmena, enpresa lidergoa eta lidergo profesionala, edo proba-akatsa saioei eta errentagarritasunari lotutako arriskuak onartzeko gaitasuna. Alderdi horiek berekin dakarte kultura aldaketa, eta, kultura berritzaile baterantz aurrera egin ahal izateko, galdu egin behar da ekimen arriskutsuak abian jartzeko beldurra. Kazetaritza enpresetako berrikuntza prozesuak kazetariei bideratuta daude zuzenean, haien lan egiteko moduari. Hori dela eta, berrikuntzarako beharrezkoa da ikuspegi estrategiko proaktiboa, bateratze testuinguru batean sormena sustatzeko gai izango diren egituretaranzko joera izango duena. Bestela esanda, komunikazio eta edukien arloko berrikuntzaren erronka da barne kudeaketako ereduetan eta kultura profesionalean ere berritzea. Gaur egun, berritu nahi badute, enpresek oinarrizko baldintza bat bete beharko dute; hots, euren enpresa egiturak malgutu beharko dituzte. Hortaz, komunikazio arloko ekintzailetzak eta berrikuntzak proiektu edo ideia bat garatzearekin eta proposamenak gauzatuko dituzten kolaboratzaile edo profesionalak bilatzearekin du zerikusia bereziki, eta ez hainbeste komunikazio enpresa baten sorrera prozesu zorrotzarekin.
Erreferentziak
Alves, R. (2016). “Prólogo. Veinte años después, el ciberperiodismo aún parece un adolescente”. Salaverría, R. (koord.). Ciberperiodismo en Iberoamérica. Madril: Ariel eta Fundación Telefónica.
García Avilés, J.A. eta Arias Robles, F. (2016). “Géneros periodísticos en los formatos visuales de Twitter: una propuesta de tipología”. Textual & Visual Media, 9, 101-132.
García-Avilés, J.A., Carvajal, M. eta Comín, M. (2016). Cómo innovar en periodismo. Entrevistas a 27 profesionales. Murtzia: Diego Marín.
Larrondo, A.; Fernandes, J.; Agirreazkuenaga, I. (2017). Editoriala. Gai honi buruzko monografikoa: “Comunicación, innovación y cambio social en la Red”. Teknokultura, 14. lib., 2. zk. (199-208). Eskuragarri hemen: https://revistas.ucm.es/index.php/TKN/article/view/573734/52580
Pereira, X. eta López-Garcia, X. (2010) (koord.). Convergencia digital. Reconfiguración de los medios de comunicación en España. Santiago de Compostela: USC.
Peña, S., Lazkano, I., Larrondo, A., Agirreazkuenaga, I., Pérez, J., Meso, K., Mendiguren, T., Rivero, D. (2018). Innovation in Communication. Engaging Citizens in Media Discourse. Leioa: UPV/EHU.
Sádaba, R. (2016). “Epilogo. Innovación en el sector de los medios”. Salaverría, R. (koord.). Ciberperiodismo en Iberoamérica. Madril: Ariel eta Fundación Telefónica.
Storsul, T. eta Krumskvik, A. H. (arg.). Media Innovations. A Multidisciplinary Study of Change. Gothenburg: Nordicom.
Weiss, A. eta Domingo. D. (2010). “Innovation processes in Online newsrooms as Actor-Networks and Communities of Practice”. New Media & Society, 12(7), 1156-1171