731 Zenbakia 2018-06-06 / 2018-06-04

Gaiak

Zer da soziolinguistika?

MARTÍNEZ DE LUNA, Iñaki

Gizartearen eta hizkuntzaren arteko interakzioaz arduratzen da Soziolinguistika izeneko diziplina zientifikoa. Ikuspegi bikoitz horretatik sortzen diren ikerlerroak ugariak dira. Esandako interesgune horietatik abiatuz, bi multzo nagusitan sailkatu ohi dira lantzen dituen arloak. Batetik, hizkuntzaren corpus-a jomuga dutenak daude eta, bestetik, hizkuntzak gizartean duen estatus-a jorratzen dutenak.

Hizkuntzaren kapitalak eta aktiboak

Hizkuntza-komunitate batek hainbat kapital eta aktibo izaten ditu. Adibidez, Eusko Ikaskuntza euskararen etorkizunari begira lantzen ari den e5 izeneko proiektuan sei kapital mota zehazten dira, horietako bakoitzak hainbat hari-mutur duela:

  • Giza kapitala: Jendearen abileziak eta gaitasunak; ezagutza areagotzeko kanpoko baliabideak eta jakinduria-esparruak lortzeko abilezia (atxikimendua / hiztunak / gaitasuna / ezagutza / lidergoak ...).
  • Kapital soziala: Jendearen eta erakundeen arteko elkarrekintzak (erakundetzea / nahikundea / saretzea / ekintzaletasuna / zeharlerrotasuna ...).
  • Azpiegitura kapitala: komunitatea sostengatzen duten ekimen, tresna eta baliabideak, sarritan komunitatearen garapenerako saiakeren ondorioa direnak (lurralde antolaketa / hedabideak / hezkuntza...).
  • Kapital ekonomikoa: komunitatearen garapenean inbertitzeko eskura dauden baliabide ekonomikoak eta falta direnak eskuratzeko ahalmena (euskararen BPG-a ekonomian...).
  • Kapital politikoa: komunitateak boterea bereganatzeko edo agendan eragiteko gaitasuna (lege-babesa / erakundetzea / ideologia – diskurtsoa...).
  • Kapital kulturala: komunitatearen eta bere kideen “mundua ezagutzeko” modua, kosmobisioa, ohiturak, ondare eta sinesmenak (sinbolikoak / nortasuna / arnasguneak / balioak / ondarea / ekimenak...).

Kapital mota horiek, gutxi-asko, elkarri eragiten diote, eta horien sendotasunak zein berauek kudeatzeko moduek baldintzatuko dute hizkuntzarentzat amestutako helburuen lorpena.

Soziolinguistikaren heldulekua

Soziolinguistikaren lehenbiziko helburua hizkuntzaren egoera aztertzea da: corpusaren bilakaera eta egokitzapena (hizkuntzaren aldaerak, aldakortasuna...), hizkuntzaren gizarte estatusa (estatus juridikoa, usteak, jarrerak...), erabilera eta abar. Baita arlo horien guztien nondik norakoak eta zergatiak ere.

Diagnosia burutzetik harago, zenbait helburu lortzeko neurriak proposatzea (estandarizazioa, hizkuntza-politika eta -planak) eta halakoen inplementazioa ebaluatzea ere badagozkio soziolinguistikari.

Soziolinguistikak aktiba ditzakeen palankak

Beraz, soziolinguistikak kapital ugarietako arloak har ditzake aztergai, eta aktibo mota askori ekarpena egin diezaioke. Lehendabizi, komunitatearen eta bere kideen ezagutza soziolinguistikoa areagotuz; baita oinarri zientifikoen gainean eraikitako irizpideak proposatuz ere. Adibidez, zuzenbidean, hizkuntza-eskubideez; ekonomian, hizkuntzaren balio estrategikoaz; hirigintzan, lurraldearen plangintzak hizkuntza-komunitatean duen eraginaz; psikologian, norbanakoen barne munduaz (sentipenak, motibazioak...); antropologian edota soziologian, komunitateen eta gizarte orokorren hizkuntzaren inguruko portaerak, esanahiak, asmoaz, atxikimendua eta abar.

Horregatik, zenbat eta ingurune akademikoetan gehiago hedatu eta pisua lortu, hainbat eta aktibo ezberdin ugariago indartuko edo sortuko dira. Horrela, helduleku ugari bezain baliotsuak eskain diezazkioke euskara bizi-indartzeko asmo hedatuari.

e5 proiektua

Hizkuntza-komunitate batek hainbat kapital eta aktibo izaten ditu. Adibidez, Eusko Ikaskuntza euskararen etorkizunari begira lantzen ari den e5 izeneko proiektuan sei kapital mota zehazten dira.

Soziolinguistikaren ametsak

Edozein zientzia arlori gertatzen zaion bezala, soziolinguistika ez da neutroa, ezta hurrik eman ere. Adibidez, diziplinaren sorreran pisu handia izan zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoko giro berriak, hala nola Afrika eta Asiako deskolonizazioak eta Amerikako herri indigenen askapen mugimenduak. Sentsibilitate berri horiek hizkuntzen desagerpenaz kezkatzera bultzatu zituzten ingurune akademikoak.

Euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten kasuan, korronte akademiko batzuek hizkuntza-komunitate guztien duintasuna eta iraupen-baldintza egokiak lortzea dituzte jomuga, ikerkuntzaren eta ezagutzaren hedapenaren baitan. Ikuspegi unibertsaletik ikusita, hizkuntza guztiak bilduko dituen ekosistema linguistiko armoniatsua lortzea izango litzateke helburua.

Euskararen komunitatea testuinguru horretan koka liteke; alegia, berdintasunean eta bizi-baldintza duinetan euskaraz baliatu ahal izatea. Lekutan gaur egun pairatzen dugun hizkuntza-estresetik, hain zuzen.

Soziolinguistikaren etorkizuna gurean

Euskararen komunitatea, kulturalki, ekintzaile peto-petoa da, eta askotan herri-mugimendua lanketa zientifikoaren aurretik joan da. Hori argi ikusten da hizkuntza horren ezagutza zabaltzeko eta estatusa hobetzeko abian jarri diren ekimen ugarietan. Horien eraginez, soziolinguistika aplikatua garatuagoa egon da soziolinguistika zientifiko petoa baino.

Egia da azken urteotan, belaunaldi berrien eskutik, soziolinguistikaren dimentsio aplikatuak lekua irabazi duela giro akademikoetan, batetik, eta, bestetik, herri-mugimenduko eragileek urratsak egin dituztela ezagutza zientifikorantz hurbiltzeko eta bere ekarpenez baliatzeko. Joera konbergente horrek ezagutza / ekintza binomioaren atalak elkarrengana hurbilarazi ditu, zientzialarien zein aktibisten probetxurako.

Aldi berean, nazioarteko giro zientifikoak marfilezko dorretik irten eta HizkuntzaPolitika eta Plangintzarekiko interesetara hurreratuz, ardura horietan diziplinari dagokion rol aktiboa aldarrikatzen hasi dira. Joera hori bulkada handia ematen ari zaio euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoari.

Dinamika horien guztien ondorioz, euskararen bizi-indartzea arrakastatsua izango bada, soziolinguistikak gizartearen botere-muinetan ekonomikoa barne gero eta txertatuago egon beharko du. Ezinbesteko baldintza da hori, euskaratik harago, gurean gero eta nabarmenagoa den eleaniztasunean eredu armoniatsua eraiki eta modu arrakastatsuan bideratzeko.

Nola lagundu dezake e5 proiektuak

Proiektu hori Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuari begira garatzen ari den ataletako bat da eta, euskararen soziolinguistikaren ikuspegitik, izaera eta ezaugarri baliotsu ugari ditu. Euskal Herriaren aldeko ekarpenak egitea jomuga duen erakunde zientifiko-kultural baten proiektua izanik, e5 proiektuak bat egiten du beste hainbat erakunde, lantalde eta norbanakorekin, denek partekatzen duten euskara indar-berritzeko asmoaren atzetik.

Bertan zientzialarien zein herri mugimenduko aktibisten laguntzarekin, honako gaiak dira aztergai hiru mintegitan: Euskaraz Garatu nahi duen Komunitatearen Egungo Aktiboen mapa osatzea, lehendabizi; hau da, euskararen komunitateak dituen baliabideen balantzea egitea. Bigarren mintegian, 2040 urterako eszenarioak irudikatzeari ekin zaio, euskararentzat etorkizuneko eszenatoki desiragarria irudikatuz. Azken mintegiaren planteamendua Bide-orriaren arkitektura lantzea da, horren bitartez 2040 urterako irudikatutako kapitalen (aktiboen) konstelazioa eskuratzeko / eraikitzeko zer egin daitekeen zirriborratzeko asmoz.

Parte-hartzaile ugari bezain askotarikoa bilduta, e5 egitasmoak bulkada garrantzitsua eman diezaieke euskararen inguruko jakituria soziolinguistikoari eta gure hizkuntza indarberritzeko saiatzen ari diren gizarte zein erakunde guztien estrategiari.