731 Zenbakia 2018-06-06 / 2018-06-04

Gaiak

Generoa euskal dantzen historia ikertzeko tresna gisa

ALTONAGA BEGOÑA, Bakarne

Azken urteetan 80. hamarkadatik hona emakumeen historiak eta genero-historiak irabazi duten garrantzia dela-eta Euskal Herriko dantzei buruzko ikerketek emakumeek hain tradizionala eta herrikoia den jarduera horretan izan duten papera azpimarratu dute. Bereziki Iñaki Irigoienek eskainitako lanei esker emakumeek dantzan izan duten protagonismoa eta garrantzia azpimarratu ahal izan da XVI. mendetik hasita gaur egun arte (IRIGOIEN, 2007, 2018). Dantzen inguruko eztabaidek —elizgizonen, idazle kultuen, politikarien edota bidaiarien artekoak— garrantzi berezia hartu zuten XVIII. eta XIX. mendeetan zehar Joxemiel Bidadorren lan mardulak erakutsi duen moduan (BIDADOR, 2005). Emakumeen historiaren inguruko elementu asko ezagutarazteaz gainera, dantzaren inguruko eztabaiden analisiak genero harremanak nola irudikatzen ziren ikertzea ahalbidetzen du. Alegia, sexuen arteko hartu-emanak nola arautu eta garatu ziren ikertzea errazten du. Honekin batera, dantzen inguruko eztabaidetan genero idantitatearen eraikuntza nazio identitatearen edo identitare erlijiosoaren garapenarekin izan zuen harremana ikertzea beharrezkoa da. Ikerketa hori Manuel Larramendi Kultur Bazkunak eskaini duen ikerketa sariari esker posible da orain burutzea eta hemen proiektu horren aurkezpena eskaintzea da gure asmoa.

Dantzaren inguruko juzgu gogorrenak, zalantzarik gabe, elizgizonen eskutik sortu ziren XVIII. mendean zehar eta bereziki gogorrak XIX. mende hasieran. Jai egunetan eta leku publikoetan burutzen ohi ziren dantzei egotzitako eragozpenak asko ziren. Zenbait egilek argudiatu duten moduan, jarduera honen gaitzespena XIX. mendean zehar Elizak aurrera eraman zuen proiektu ebanjelizatzailearen barne ulertu beharko genuke (ALTUNA, 2003). Sexuen arteko harremanak definitzea ikuspegi katolikotik egin ziren ohituren erreforma proposamenen ardatz egituratzaileetako bat izan zen. Gizonen eta emakumeen arteko elkartzea zen, hain zuzen ere, dantzari egotzitako arriskuen artean nagusiena. Adibide ezin argiago bat Bartolome Madariaga markinarrak, Fray Bartolome Santa Teresa izenagatik ezagunagoa zenak, Euscal-errijetaco olgueeta, ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpinduba (1816) lanean dantzei egindako kritiketan ikuspegi antropologiko, sozial eta sexual konkretu bat erakusten digu, emakumeen eta gizonen arteko harremana halabeharrez pekatutzat jotzen zuena. Auzia karmeldar oinutsak euskal nortasunaz zeukan irudiarekin ere lotura ertsia zeukan, izan ere, euskaldunek jarraitu behar zuten santutasun eta perfekzio moralaren eredua guztiz bateraezina zen dantza mistoetan hautematen zuen arrisku sexualarekin, Juan Antonio Moguel bezalako egileek ere aurretik adierazi izan zuten moduan.

Hauxe da, hain zuzen ere, dantzaren inguruan garatu ziren adierazpenen ezaugarrietako bat: genero identitatea komunitate identitatearekin gurutzatzen zen bai dantzaren gaitzespena egiten zuten diskurtsoetan, eta baita bere defentsa egiten zutenen adierazpenetan ere. Zentzu honetan baliteke Manuel Larramendi andoaindarrak Corografía de Guipuzcoa (1754) lanean egin zuen Gipuzkoako dantzen defentsa adibiderik argiena izatea. Historiografiari esker jakin badakigu Larramendik Jesusen Lagundiko bere kide zen Sebastian Mendibururekin zenbait desadostasun izan zituela dantzen izaera moralaren inguruan. Gipuzkoako probintziaz egin zuen aldarrikapenaren markoan, Larramendik leku berezia eskaini zien dantzei. Dantza tradizionalei buruz egin zuen gorazarrean generoaren ikuspuntutik bereziki interesgarriak ziren elementuak aurkitzen ditugu, horien artean esanguratsuena gizonen eta emakumeen arteko dantzaren defentsa. Ikuspuntu hau mantentzeko andoaindarrak bi motatako arrazoibide eskaini zituen: erlijioari eta komunitatearen izaera tradizionalari zegozkionak. Gipuzkoako dantza tradizionaletan emakumeak eta gizonak elkar dantza zitezkeen komunitate erlijioso eta politiko bikain baten parte zirelako. XVIII. mendeko mentalitate katolikoaren baitan gizonen eta emakumeen gertutasunak ekar lezakeen arriskua erabat deuseztatuta geratzen zen Gipuzkoako dantzetan dantzariak, gizonezkoak eta baita emakumezkoak ere gipuzkoarrak, eta hortaz, zintzoak eta bikainak zirelako. Beraz, bere dantzen inguruko argudiaketan generoa identitate politikoarekin eta identitate erlijiosoarekin harilkatu zen, bere garaiko erlijiokide askok defendatu zutenaren aurkako ondorioetara helduz.

Basque Celebration (dance at El Antiguo, San Sebastián), Darío de Regoyos

Basque Celebration (dance at El Antiguo, San Sebastián), Darío de Regoyos.
Jatorria: Museu Nacional d’Art de Catalunya, Barcelona
Iturria: https://www.europeana.eu/

Juan Antonio de Zamácola eta Juan Ignacio de Iztueta bezalako egileek ere ohiko jarduera honen inguruan luze aritu ziren hainbat lanetan XIX. mende hasieran. Berriz ere, genero idantitatearen eta nazio identitatearen arteko harremana kontuan hartzea beharrezkoa da beraien defentsa ulertzeko. Zamacolaren Historia de las Naciones Bascas (1818) lanean ere dantza euskal nortasuna osatzen zuen elementutzat definitu zen, iraganeko indar gerlaria eta probintzietako biztanleen, bai gizonen zein emakumeena ere, izaera naturalki xaloa eta poetikoa barnebiltzen zituen ekintza izanik. Berriz ere emakumeen eta gizonen arteko harremanaren definizioa jarduera honen egokitasun morala defendatzerako orduan instrumentala zen: sexuen arteko talkak ez zuen bekaturako bidea ematen hain zuzen ere euskal probintzietako biztanleriak ez zituelako desira lizunik garatu. Zamácolak dantzari buruz adierazitakoek ezaugarri garrantzitsu bat zeukaten: bizkaitarren, eta gainerako euskaldunen —baita emakumeen— moraltasuna defendatzerakoan erlijiosotasunaren argudioak indarra galdu zuen tradizioen eta ohitura publikoen garbitasunak hartzen zuten indarraren alboan.

Elizgizonen tratatuek, sermoiek eta idatziek adierazi zituzten kritikak sutsuak baziren ere, eta emakumeen eta gizonen arteko dantzaren kontrako hainbat dekretu kaleratu baziren ere, agiritegietako espedienteek erakusten digute dantza ekintza arrunta izan zela. Are gehiago, zenbait kasutan dantza publikoen kontra zuzendutako salaketen aurka herritarrek agertutako desadostasunaren aurrean, autoritateek emakumeak eta gizonak elkarrekin dantza egitea bahimendu eta bermatu zuten. Euskal dantzak XIX. mendearen bigarren erdialdeko Euskal Pizkundearen mugimendu kultural zabalaren baitan gai garrantzitsua bilakatu ziren eta ikuspuntu historiografikoetatik, etnografikoetatik zein artistikoetatik arreta handia jaso zuten. XIX. mende amaieran Estanislao Jaime de Labayruk, Bizkaiko Jaurerriko ohorezko kronista zenak, euskal dantza “primitiboetan” emakumeak eta gizonak elkarrekin dantzatzen ez zirela adierazi zuen. Labayru bezalako hainbat egileren ahotan, batez ere prentsaren bidez, dantzari egozten zitzaion iraganeko izpiritu gerlaria eta gimnastikoa —80 hamarkada arinago Zamacolaren ikuspuntuan bai gizon zein emakume euskaldunen bereizgarri zena— gizonen gorpuzkerarekin eta birilitate maskulinoarekin identifikatuz joan zen. Hala ere, XIX. mendeko dokumentuek eta prentsak, baita zenbatezin margolanek ere, erakusten duten moduan erromeria bezalako topaketa popularretan adin eta egoera desberdinetako emakumeak eta gizonak batu ohi ziren denak batera dantzan.

Mende amaieran, Sabino Aranak garatu zuen nazionalismoaren baitan dantza elementu esanguratsua izan zen identitate nazionala ezaugarritzerako orduan. Aranak ez zuen dantzaren inguruan gehiegi idatzi, baina idatzi zuen hori bizkitarren nortasuna ezaugarritzera zetorren. XX. mendeko 20. eta 30. hamarkadetan zehar euskal dantzak nazionalismoak aldarrikatu zuen identitatearen elementu adierazgarri bilakatu baziren ere, XIX. mende amaierako nazionalismoaren lehen formulazioek dantzen oso irudi ezkorra erakutsi zuten Bizkaitarra eta Baserritarra bezalako argitalpenetan. Aranaren bertutearen ideia katolizismoaren ulerkera integrista baten markoan kokatu behar dugu. Ikuspegi honetatik dantza tradizionalak, eta bide batez dantzariak, erabat kutsaturik irudikatu zituen. Dantzaren gaia euskaldunaren bestetasuna sortzeko elementu bilakatu zen. Herritarrek atzerriko doinuengan eta dantza ereduengan agertzen zuten preferentziarekin batera, emakumeak eta gizonak elkarri oratuz dantza egin nahi izatea tradizioaren endekapenaren seinaletzat irudikatu zituen. Azken finean, tradizio horren endekapenaren salaketaren bidez Aranak aberria “beste” absolututzat irudikatzen zuen “espainiarraren” eraginez jasaten ari zen gainbehera salatu nahi zuen.

Artikulu labur honetan egitasmo baten zertzeladak baino ez dira aurkeztu. Dantzari buruzko eztabaiden historia ezagutuz Euskal Herriari eta bere norasunari buruzko alderdi asko argitu daitezke. Lan hori genero ikuspegitik burututa are eta argitasun handiagoa lortuko dugu dantzaren inguruko diskurtsoetan izaera anitzeko kezkak gurutzatu zirelako: generoa, moralitatea, nortasun politikoa edota erlijosoa.

Bibliografia:

ALTUNA, B. (2003). Euskaldun Fededun: euskaldun ona izateko modu baten historia, Zarautz, Alberdania.

BIDADOR, J. (2005). Dantzaren erreforma Euskal Herrian, Bilbo, Bilboko Udala.

IRIGOIEN, I. (2007). “Andrazkoak durangaldeko jai eta dantzetan”, Astola. Ikerketa eta Historia. Durangaldeko Urtekaria, 1, 19-33.

IRIGOIEN, I. (2018). “Andrazkoen Soka-dantza”, Auñamendi Entziklopedia [on line]. [Kontsulta data: 2018ko Maiatzaren 02a]. gy efficiency and economic growth Report.