711 Zenbakia 2016-09-07 / 2016-10-05
“Zuhaitza landatzen duten gizasemeak miresten ditut, horren itzalpean esertzeko aukerarik ez dutela izango jakinik”. El nuevo exótico Hotel Marigold (2015) filmako esaldia.
Margaret Bullen (M.B.): Xabier, nik eskuzabaltasuna miresten dut jendearengan, eta esaldi honek eskuzabaltasuna burura ekartzen dit. Gure sistema kapitalista honetan, askotan, gauzak emaitza jakin bat lortzeko egiten ditugu. Nire bizitzan, gauzak ongi iruditzen zaizkidalako egitea gustuko dut eta ez emaitzak lortzeko. Hori ere miresten dut jendearengan eta bizitzan egiten duguna erantzunean ezer jasotzeko esperoan egiten dugula uste dut. Baina nik hori egiten dudanean, bizitzaren sarean, azkenean niregana itzuliko dela uste dut. Gauzak eskuzabaltasunez egiten jarraitu behar dugula uste dut. Denon onurarako eta ez emaitza materiala lortzeko.
Xabier Insausti (X.I.): Zurekin ados nago. Gure sisteman, ohituta gaude gauzak derrigorrez egin behar ditugulako egiten. Agian, askotan gauzak egiteko jakin-mina ahaztu dugu, interesa... Umeak bezala bizitzen ikasi beharko genuke. Umeek, nahi dutelako egiten dituzte gauzak. Askotan oso polita, jolas moduan... Nire ustez, puntu hori berreskuratu beharko genuke. Gure sisteman gauza guztiek behar dute zerbait, emaitza, gauza handiak, etab. Azkenean diru truke egiten ditugu gauzak. Ideia hori oso filosofikoa da, oso Nietzsche-rena da.
M.B.: Umeen ideia hori diozu, baina proiektu handietan ere pentsatuz, askotan proiektuak hasten dira non egileek badakite ez dutela bukatuko. Adibidez Gaudi-ren kasua, Familia Sakratua ez zen amaitu eta ez da bukatu oraindik ere. Berak ez zuen gozatu bere obrarekin baina bera gai izan zen hori abian jartzeko gero beste batzuk disfruta zezaten. Agian bizitzan ere hala gertatzen da, ingelesez esaten den moduan “to put the ball in motion”, pilota martxan jartzea... eta hori izango da gauza gehiago egiteko abiapuntua.
X.I.: Unibertsitatean ere, jendeak gogorik gabe egiten ditu lanak, disfrutatzen egin behar dira gauza horiek, disfrutatzen ez baduzu, utzi, ez du merezi. Bizitza honetan badira gauzak disfrutatzeko egin behar direnak. Nire ustez gizakiak badu sen bat gauzak disfrutatzeagatik egiteko. Emaitza? Ikusiko dugu, baina nire ustez oso garrantzitsua da jakin-mina, jendeak gauzak gustura egitea. Eta nik uste dut landa-kulturan, hiri-kulturan baino gehiago, gauzak besterik gabe egiten dituela jendeak, beraien bizitza hori dela pentsatuz, hau da, gustura. Eta unibertsitatean jendearen ilusio falta sumatzen dut gauzak egiterakoan. Agian gure akatsa izango da, ikasleen akatsa ere. Ni askotan kezkatuta nabil horregatik. Lehenengo disfrutatu eta gero... Ikasleek galdetzen didate, lana, zeren inguruan egin behar da? Nahi duzunari buruz, baina lana disfrutatuz egin. Nire ustetan puntu hori berreskuratzea ezinbestekoa da. Nietzscheren hitzetan “musika disfrutatzeko da, dantzatzeko, baina ez entzuteko soilik”. Filosofian berdina da, nik nire ikasleei “ez da ikasi behar, parte hartu behar da” esan ohi diet. Demokrazia ere zer da? Parte hartzea eta kito. Gero zer aterako den? Ba ikusiko da. Nik nirea eskuzabaltasun osoz jartzen dut.
M.B.: Baina hor ez al dago arriskua zerbait hedonista egiteko? Guztia disfrutatzea bada? Alde batetik, ulertzen dut, gaur egun dagoen presio handia dela gauzak lortzeko ezta? Tituluak lortzeko, gazteek ahalik eta titulu gehien izan behar dituzte zerbait egiteko. Eta ados nago zurekin disfrutatu egin behar dugula eta disfrutatze hori izan behar duela nolabait gure motibazioa baina planetari begira ezin dugu pentsatu disfrutatu egingo dugula eta bost axola inguruan gertatzen dena...
X.I.: Agian arriskua hori izango litzateke baina ez da beharrezkoa adibidez, disfrutatzea eta hedonista kontrakoak izatea. Gauza askotan disfrutatzeko sufritu ere egiten da. Nik arriskua alderantzizkoan ikusten dut gehiago. Zerbait derrigorrez egitean galtzen duzun gogoan, ez duzu disfrutatzen beraz ez du merezi. Elementu hori egon behar duela uste dut. Sufrimendua ere dudarik gabe. Artean, sorkuntzan, oso argi ikusten da hori. Agian ezertarako izango ez den zerbait sortzen da, baina disfrutatu bada, hori da garrantzitsuena. Zergatik egiten duzu hori? Ba ez dakit, sortzeagatik. Sortzeagatik egin behar ditugu gauzak eta nik uste dut ideia hori galdu dugula, kasu askotan unibertsitatean, baita gizarte beran ere. Unibertsitatean, norbaiti zerbait egiteko eskaria egiterakoan, nahi duenaren inguruan egin dezala, disfrutatuz egin dezala. Hori da nire ustetan inportanteena. “Gure sisteman, ohituta gaude gauzak derrigorrez egin behar ditugulako egiten. Agian, askotan gauzak egiteko jakin-mina ahaztu dugu, interesa...”.
“Jakin-mina, zerbait erabilgarria eragiten badu edo ez, pentsamendu modernoaren ezaugarri nagusia da zalantzarik gabe”. Abraham Flexner
X.I.: Ildo horretatik joanda badaukagu pentsatzekorik... azkarra edo ez azkarra izatea ez da arazoa. Bada jende azkarra eta jende ez azkarra. Garrantzitsuena nire ustez, bakoitzak bere buruarekin zerbait egitea da, hau da, pentsamendua. Aristotelek zihoen moduan, gizakiok badugu pentsatzeko eta ikasteko joera hori. Badira esperimentu batzuk, adibidez, frantses batek umeekin egindakoa, non umeei nahi duten moduan margotzen uzten die. Umeei uzten badiezu nahi duten moduan margotzen, beraiek beren kabuz garatuko dute beren estiloa. Baina ume horiek ikastetxean sartu eta norbaitek beraiek egindakoa ongi ez dagoela, edo hala dela esaten badie, zalantzan jartzen dute beraiek egindakoa. Bere burua zalantzan jartzen dute, arraroa den zerbait, alienatzen hasten dira. Hauxe da gure kulturaren ustelkeria esate baterako. Jendeak geroz eta gehiago jartzen du bere burua zalantzan eta horregatik zerbaiten inguruan galdetzerakoan ere zalantza egiten du. Oso garrantzitsua da norberak bere iritzia izatea, pentsatu egiten dut.
M.B.: Nik uste dut hor unibertsitate berak baduela zerikusirik. Nik adibidez, badakizu ingelesa naizela, nire bizitzan baloratu izan dudan gauza bat eta nire hezkuntzan, pentsatzen ikastea izan da. Gure sisteman pentsamendu kritikoa zer zen ikasi genuen eta nola garatu. Guk batxilergoan, zein unibertsitatean, askoz klase gutxiago ditugu hemen baino, ze lana askoz gehiago egin behar izan genuen gure kabuz, liburutegian, eztabaida taldeak ere egiten genituen, eta hor baloratu izan dut, ez edukiak. Nik uste dut hemengo sisteman gure seme-alabei, gure ikasleei, edukiak erakusten dizkiegu, datak, gertaerak, etab. Bai filosofian eta baita antropologian aldiz, pentsatzeaz ari gara, baina hor ere askotan gure materia irakurketa bat, laburpen bat, baina inoiz pentsarazteaz oroitu gabe. Hau oso garrantzitsua da, ez bakarrik edukiak jakin, horren gainean sortu, pentsatzea baizik. “Nire bizitzan baloratu izan dudan gauza bat eta nire hezkuntzan, pentsatzen ikastea izan da”.
“Kontua ez da azkarra naizela, pentsatu egiten dudala baizik”. Philippa Foot
X.I.: Filosofian idealismo alemana eta gero, orokorrean, pentsamendua historizismoan erori zen (hermeneutika eta horrelako gauzak interpretatzea). Baina filosofo handienek (Aristoteles, Platon, etab.) ez zuten filosofiarekin hori egin. Beraiek mundua interpretatu eta aldatu nahi zuten. XIX eta XX. mendean ere filosofian hau galdu egin da. Nik uste dut, XX. mendean, teoria kritikoa, Benjamin nahiz Marcus bezalako jendearekin, berriz puntu, estilo, joera hori berreskuratu nahi zuten filosofian. Filosofia ez da bakarrik ikasteko, hemen edukirik ez dago, hemen pentsamendua dago, orduan praktikatu egin behar da. Demokrazian bezala, zer da demokrazia? parte hartzea. Telebistan, adibidez, politikariak beren artean nola eztabaidatzen duten ikus dezakegu eta hau ez da demokrazia, demokrazia parte hartzea da eta zerbait egitea. Lehen esan bezala inportantea da zerbait egitea, zerbaitetan parte hartzea.
M.B.: Eta gero hori, nola baloratzen dugu? Honi buruz askotan nola pentsatzen dugu? Jasaten ez dudan zerbait, “baina hori ez al dakizu?” bezalako galderak egitea da. Denok dugu gure ezagutza eta hori da baloratu behar dena. Hori ez da ezagutzen duguna, horri buruz nola pentsatzen dugun baizik.
X.I.: Niri lehenengo puntu hori, duela urte batzuk ere, katedratikoekin, bereziki oso goian daudenekin, gertatzen zitzaidan. Liburu hau edo bestearen inguruan galdetzen zidatenean. Egun, liburu bat ez baduzu irakurri ez da ezer gertatzen, nahi baduzu ondo eta ez baduzu nahi ere... liburu garrantzitsu pila dago irakurtzeko baina norbaitek zerbait irakurri behar duzula esatea... zertarako? Prozesu hori inbertitzea oso garrantzitsua da. Lehenengo zerbait egin behar da eta gero hausnartu. Hemen unibertsitatea justu alderantziz planteatuta dago, filosofia ikasi egin behar da. Eta jendeak ez du esperientziarik eta esperientzia duen jendearekin hitz egitean hori nabaritzen da. Gauzak esperientziatik galdetzen dituzte, hor badago edukirik. Hemen, askotan, gazteen artean esperientzia gutxi dago, jendea ez dago filosofia egiteko prestatuta, pentsatu beharreko zerbait den zentzu horretan. Filosofiak zure bizitzan lagunduko dizu baina ez da zuk duzun hutsunea betetzera etorriko, zu zeu izan behar zara egingo duzuna erabakitzen duena nire ustetan. “Filosofiak zure bizitzan lagunduko dizu baina ez da zuk duzun hutsunea betetzera etorriko, zu zeu izan behar zara egingo duzuna erabakitzen duena nire ustetan”.
“Europako jakintsuek mundua arrazionala dela esan dute, baina irrazionala eta ankerra da. 1945etik laurogeiko hamarkada arte bizi izan dugun garaia salbuespena izan da, oparotasunez betetako eta basakeria gutxiko garaia. Ankerkeriara itzultzea normaltasunari berriro heltzea besterik ez da”. David Rieff
X.I.: Europari buruzkoa ere galdera nahiko konplexua da. XX. mendeko Europan hiru kosmobisioak izan dira nire ustetan, nazismoarena, stalinismoarena eta beste bat neoliberalismoarena. Nire ustez, hirurek ahaztu duten gauza bat, subjektua. Subjektuak beti pairatzen du bai nazismoan, bai stalinismoan eta baita neoliberalismoan ere. 1945ean bukatu zen gutxi gora behera nazismoa Alemanian, Espainian Franko egon zen denbora luzean, Errusian stalinismoa ere mantendu zen denbora luzean, eta 1945koa nire ustez eta Alemaniakoan pentsatuz, oso garaia interesgarria izan zen kulturalki adibidez. Baina nire ustetan XX. mendea nahiko krudela izan da nahiko basatia. Gainera gizabanakoa eta gizarte soziala ahaztuta zegoen, zapalduta. XXI. mendean hasten ari da gizarte soziala berriz dagokion lekua berreskuratzen saiatzen. Politika ez da lehenengoa, politikaren atzean dagoen jendea baizik. Egun, apustua, gizarte zibila berriz indarra hartzea da. Gaur stalinismoa eta nazismoa desagertu dira baina neoliberalismoa orain inoiz baino indartsuago dago. Horregatik garrantzitsua da neoliberalismoarekin nola bukatu daitekeen ikustea. Gauzak mugitzen ari dira, azken gertakariekin (‘Panamako paperak’, adibidez).
M.B.: Baina, ez zaizu iruditzen mugimendu guzti horietan indarkeria dagoela? Barbaritatea edo ankerkeria denbora luzez normaltasuna izan dela?
X.I.: Nire ustetan, jendea jada kalera irteten hasia da. Siriako jendearekin adibidez gertatzen ari dena normaltzat ez hartzea, politikan, ustelkeriarekin gertatzen ari dena onartezina da... XX. mendean ez zen halakorik gertatu. Egun, nire esperantza mugimendu horiek indartzea da eta demokraziaren antzeko zerbait berreskuratzea. Jendea hasi da parte hartzen eta nola bizi nahi duen esaten. Zentzu honetan nik esperantza badut. Badakit neoliberalismoarekin Grezia eta Sirian gertatzen ari dena oso gogorra dela, Iraken gertatzen ari dena, etab. Mundua nahiko desastre dago, baina hala ere zerbait lortzeko zenbait puntu ere ikusten ditut etorkizunari begira.
M.B.: Ni zurekin ados nago eta hain optimista izan nahiko nuke baina... ez dut barbariea humanitatearen oinarrizko ezaugarria bat denik pentsatu nahi. Irakurketa idealista bat dela ere uste dut, 1945etik atera garela barbarietik pentsatzea. Ilusio bat dela pentsatzea, nazismoa zela okerrena, eta hobetzen joan garela ze egun gure inguruan ikusten duguna, nahiz eta zenbait mugimendu egon, nire ustez ez da nahikoa.
X.I.: Bai, ez da nahikoa baina 1968a inflexio-puntu bat izan zen, ikasleek galdu zuten borroka baina aldi berean irabazi egin zuten, hortik aurrera edozein egitarau politikoan agertzen baita askatasuna, berdintasuna, feminismoa edo ekologia bezalako pentsamolderen bat. Burgesiak 68an irabazi zuen borroka baina hortik aurrera pixkanaka galdu zuten boterea eta egun beren boterea oso ahul ikus daiteke. Bankuen kasuan ere, adi ibili behar dute, edozein momentuan jendeak bankuen sistema kolokan jar dezakeelako. Egun, jendeak ikusten du gertatzen ari diren zenbait gauza onartezinak direla. Agian ez dago errekurtsorik hau aldatzeko oraindik baina jendeak badaki zer gertatzen den. Jendea mugitzen ari da.
M.B.: Hala izan dadila... (ojalá!) Xabier Insausti eta Margaret Bullen. Margaret Bullen Antropologo britainiarra. 1991. urtetik Euskal Herrian bizi da. Filologia Hispanikoa eta Frantsesean lizentziatua (University of Bristol, UK, 1987) eta Gizarte Antropologian doktorea (Institute of Latin American Studies, University of Liverpool, UK, 1991). 2005 urtetik Euskal Herriko Unibertsitatean Gizarte Antropologia irakasten du. 1993tik University Studies Abroad Consortium (USAC) patzuergoan parte hartzen du. Xabier Insausti Munich-eko Ludwig-Maximilians-Universität–etik Doktorea. Euskal Herriko Unibertsitatean Ezagutzaren Teoriaren irakaslea. Hainbat argitalpen kaleratu ditu Alemaniako Idealismoaren inguruan, batez ere Hegel-en gainean, eta filosofiarekin lotutako beste gairen inguruan, esaterako: Pensar la filosofía hoy (2006) Euskal Herria. Errealitatea eta utopia (2010) Badiou: baldintzarik gabeko filosofia (2012) Filosofía e inmanencia (2015) Diálogos de pensamiento crítico (2012). Pentsamendu Kritikorako Nazioarteko Sarearen fundatzaileetako bat izan zen. Hegel-en Phänomenologie des Geistes lana euskaratu zuen, Adorno eta Freud-en beste liburuekin batera.