705 Zenbakia 2016-02-03 / 2016-03-02
Lan honetan, ahalmen urriko haurrak ingurumen arruntean eskolatzearen inportantzia eta zailtasuna aipatuko dira. Izan ere, azken hamar urte hauetan integrazioaren gaiak geroz eta garrantzia handiagoa hartu du. Estatua bera, ahalmen urriko pertsonen bizi sozialen integratzeari hurbiletik interesatzen hasi da. Eskolak beraz, estatuaren organismoa izanki, ahalmen urriko haurra orain arte hetsiak zitzaizkion beste esfera sozialetaruntz joaiten prestatzeko betebeharra du. Integrazio eskolarraren inguruko debatea kuadro sozial orokorrago batean sartzen da, hau da, eskolan berdintasuna denentzako. Hildo hortarik, 2005 urteko otsailaren 11an gobernamenduak ahalmen urriko pertsonentzako xantzen eta eskubideen berdintasuna ahalbidetzen zuen legea sortu zuen. Lege honen bidez ahalmen urriko haurrentzat inklusioa goraipatzen da, eskoletan haur horien integrazioa beharrezkoa bilakatuz. Legeak azpimarratzen du 3 urtetik goiti, eskolak norbera bere sektorean jasotzeko bokazioa duela.
Philip Wood medikuaren definizioaren arabera, elbarritasun edo ahalmen urritasunak, eskasia batek bultzatutako ezintasunak (iraunkorra edo ez) bere ingurumenarekin interakzioan izaiteko ahalen muga izendatzen du; honek estresa, zailtasun moral, intelektual, sozialak edota fisikoak sortzen dituenean. Elbarritasun nozioak, ahalmen urriko pertsonak bere ingurumenarekiko duen eskuragarritasun, adierazpen, ulermen eta beldurrari ere egiten die erreferentzia. Eskasia batek ezintasuna sortzen du eta horrek bultzatzen du desabantail bat, elbarritasuna deituko dena. Ondorioz nozio medikal bat baino gehiago nozio sozial bat da.
2005eko otsailaren 11ko legeak ere ahalmen urritasunaren definizio berri bat ekartzen du urritasunaren ondorio den ezintasuna konduan hartuz. Ahalmen urriko haurren eskolatzea ahal bezain baldintza hoberenetan egina izan dadin, “konpentsazio eskubidearen” izenean, desabantaila sortzen duen eskasia horri erantzuteko, ahalmen urriko pertsonei beren beharren araberako laguntzak ekarri behar zaizkiola dio. Laguntza hori haur bakoitzari egokitua izan behar denez, legeak, ahalmen urriko haur bakoitzarentzat eskolaratze proiektu pertsonal bat osatzea galdegiten du. Honi esker eskola urteetan zehar ahal bezain integrazio edo inklusio hoberena eskaintzea da helburu. Haurrari bere beharren arabera, proposatzen zaio ingurumen arruntean eskolatzea antolaketa egokitu batekin, edo denbora osoz edo partzialez eskola zentro batetan. Ingurumen arruntean eskolatze hori egin daiteke indibidualki gela arrunt batean AVS indibidual baten laguntzarekin edo kolektiboki CLIS (lehen mailan) edo ULIS (bigarren mailan) gela berezi batean AVS kolektibo baten laguntzarekin. Eskola urteetan zehar ahal bezain integrazio edo inklusio hoberena eskaintzea da helburua.
Argazkia: CC BY - Brad Flickinger
Ahalmen urriko pertsonen eskubide eta xantzen berdintasuna, parte hartzea eta herritartasuna aipatzen duen 2005eko otsailaren 11ko legeak, printzipio onak finkatu ditu, ahalmen urriko haurren eskolatzeko betebeharra inposatuz eta eskolari galdeginez haurraren beharrei egokitzea. Maleruski ohartzen gira errealitatean, nahiz eta legearen aplikazioak, eskoletan ahalmen urriko haurren kopurua argiki emendatu duen kasu askotan berdintasun hori ez dela beti errespetatua. Izan dadin eskolaren edo jendeen egokitzapen eskasaren aldetik edo gobernamenduaren medio eskasaren aldetik ahalmen urriko haurren integrazioak mugak eta oztopoak izaiten ahal ditu. Legeak abiapundu bat eskaintzen du baina ez da nahikoa hurrunago joan behar liteke inklusio erreusitu baten lortzeko.
Egoera honi aurre egiteko eta baldintzen hobetzeko elkarte asko sortu dira. Besteak beste integrazio batzordea ikastoletan diren ahalmen urriko haurrak ahal bezain baldintza hoberenetan eskolatuak izaiteko eta bereziki euskaraz integratuak izaiteko borrokan ari da. Integrazio batzordearen sortzearen arrazoinak bi izan ziren: lehena izan zen ahalmen urriko haur horiei eskola arruntean eskolatua izaiteko xantza bat uztea. Garaian eskola arruntean eskolatua izaitea aski zaila zen baina ikastola batean gainera oraindik zailago ez baitzen ezer pentsatua horretarako, euskaraz eskolatzea borroka bat bilakatu zen. Aski fite hirugarren arrazoin bat sortu zen integrazio batzordearen sortzeko beharretan, hau da gizartearen begirada aldatzea. Ahalmen urritasunari buruzko sentsibilizazio eta onarpen lan bat ezinbestekoa da egiazko integrazio bat lortu nahi bada.
Integrazio Batzordeak beraz, muga eta medio eskas horiei kontra egiteko, lan haundi bat eramaiten du. Ahalmen urriko haurrei egiazko integrazio bat eta euskarazkoa eskaintzea du helburu nagusia. Maleruski behar guziei erantzuteko askotan bere gain bakarrik kontatu behar du Estatuaren medioak mugatuak baitira ikastolentzat ere. Integrazio Batzordeak duen inklusio sistema, legeak eskolatze mailan proposatzen duena baino urrunago doa. Jarraipen hurbil batekin, haurren inguruan lanean ari diren pertsonak lagunduz eta formatuz, ahalmen urritasunari buruz sentsibilizazio lana eginez legeak dituen eskasiak betetzen saiatzen da.