Agoteak Agoteak * Ainara Iraeta Usabiaga "Hago isilik agote! Etxeko txakurrarenak baino balio txikiagoa du hire iritziak. Inor baino gutxiago haiz!", hitz hauekin islatzen da agoteenganako mespretxua 1.597. urteko dokumentu batean. Ilehoriak eta azal zuri gorrikoak, belarriko gingila itsatsia zutenak eta usai txarreko hatsa zuten pertsonak ziren agoteak; buztana ere bazutela esan ohi da. Jatorrizko bekatua zutenez, beraiengandik urrun mantentzea komenigarria zen odol txarrekoak zirelako. Hala uste izan zen behintzat denbora luzean. Baina nortzu ziren benetan agoteak? Gaixoak al ziren edo ezberdinak besterik gabe? Nondik etorri ziren? Zergatik bazterketa hori? Pirineotan eta mendikate honen inguruko bailaretan bizi ziren pertsonak ziren, agote edo cagot izenez ezagutzen zirenak. Lehenengo aztarnak XIII. mendeko dokumentuetan azaltzen dira, eta sei mendetan zehar arraza edo komunitate ezberdin bat osatuko balute bezala bizi izan ziren Euskal Herrian. Agoteak. Zeintzuk ziren agoteak? Agoteen jatorria aztertzerako orduan ere, hipotesi ezberdinak daude. Batzuen ustetan, agoteak gotuen ondorengoak dira, horregatik ilehori eta azal zuria. Musulmanen oinordekoak direla diotenak ere badira, "odol afrikarra" ukaezina dela pertsona hauen zainetan. Legenardunen ondorengoak zirela diotenak ere baziren eta horregatik ematen zela bazterketa, herritarrak gaixotzeko beldur baitziren. Teoria honen sinesleen arabera, Caro Baroja tartean dela, "cagot" hitz frantsesaren esanahi arrunta "elizkoi itxurati eta faltsua" da, beraz, honen arabera, erregeek eta Elizak hain babesturik eta pribilejiaturik zeuzkaten legenduntegietan biltzen ziren pertsonen ondorengoak ziren. Alizia Stürtze historialariaren ustetan, "legendunez gain, bestelako azal gaixotasunak zituztenek eta ihesean zebiltzen beste hainbatek, bere burua legenduntzat aurkeztu eta ohea eta jana dohain lortzen zuten. Honela, nahasketa sortu zen legendun zirenen eta planta egiten zutenen artean". Bazterketaren arrazoiak Alboraketahonen zergatia aurreritzian eta herriaren ezjakintasunarengatik azal daiteke. Agotea ez zen baztertua kristaua ez zelako, ez eta etnia ezberdinekoa zelako. Garai hartako herritarren ustetan, bere gain jatorrizko bekatua zutelako baizik, heredentziaz zetorkion odol txarra eta gaiztoa. Stürtzeren iritziz, bazterketaren benetako arrazoiak ekonomikoak ziren. Agoteek auzo eskubideak eta kaparetasuna lortzeko ahaleginean ez zuten mende luzeetan etsi eta baztandar eta erronkariarrek sutsu borrokatu zuten agoteei eskubide hauek ukatzearren. Alizia Stürtzeren hitzetan, "mendi aldeko Euskal Herria pobrea izan da eta baserrietan maiorazkoa mantentzen zen heinean, seme bakarrarentzat bakarrik bait zegoen bertan aberastasuna, era berean, ez zegoen tokirik kanpotarrentzat. Beraz, bertakoak agoteen esku lanaz baliatzen dira baina ez dizkiete auzo eskubideak eman nahi." Arazo honetan oinarritzen da bazterketaren jarraipena eta borroka, honen inguruan ematen da behin eta berriro. Auzo eskubideak lortzeko, bertakoa zela azaldu beharra zegoen, odol garbitasuna, eta honetarako baziren kanpo erakusle batzu; adibidez, harrizko etxea izatea, armarria izatea edo eta teilatudun etxea izatea besteak beste. Agoteek urteak eta mendeak pasa zituzten eskubide hauek lortzearren, alde batetik bestera mugituz eta beraien benetako jatorria eskutatuz. Denborak aurrera egin ahala, harrizko etxe finkoak eraikitzen hasi ziren, foruen arabera, ezinbestekoa baitzen harrizko etxea edukitzea auzotasun eskubideak izateko; ondorioz, borroka eta epaiketak ugaritu ziren. Eskubideen ukazioa Agoteak, beraz, esan bezala, guztiz baztertuak zeuden eta haien eskubideak oso urriak ziren. Ez zuten lur amankomunik lantzeko eskubiderik, ez eta errota erabiltzerik ere. Bertako herritarrek agoteekin aurrez aurreko harremana ekiditen zuten, gaixotasun edo madarikazioaren beldur zirelako. Bazterketa honen adierazle Nafarroako elizetako "Agoten Athea", albokoa atea da; honez gain, beti elizako azken aulkietan eseri behar zuteneta ponte berezia ere bazuten, honen ezean, makila baten laguntzaz hartu behar zuten ur bedeinkatua. Historialari donostiarrak azaltzen digun moduan, "agoteek ukitzen zuten guztia pozoindu egiten zen eta horregatik, abereak hazi eta lurra landuz gero, ezin zuten inolaz ere produktua saldu. Agoteren bat oinutsik harrapatzen bazuten, burdina gorituaz erretzen zitzaizkion zangazolak, legeak agintzen zuen bezala. Bestalde, ezin zuten herri dantzetan parte hartu, eta euskaldunekin ezkontzea guztiz debekatua egon zen urte askotan zehar". Interes ekonomikoak direla eta, sineskeria ugari zabaldu ziren Pirineo inguruko bailaretan, eta pertsona hauen estereotipo bat sortuz joan zen bazterketa justifikatzeko. Ilehorikoak zirela, eta begi argiak zituztela, azal gorri zuria, larru azala mantxaz betea eta belarriko gingila itsatsia. Estereotipo hau endogamiaren ondorioz azpimarratuz joan zen, ezin baitzuten inguruko herritarrekin erlaziorik eduki. Odola ere beroagoa omen zuten eta esaten zenez, sagar bat eskutan hartuz gero, ximel ximel egina gelditzen zen berehalaxe. Agoteen ogibideak Kutsatzeko arriskua zela eta, pertsona hauen ogibideak ere mugatu zituzten herritarrek. Hasiera batean borreroak eta zurginak izan zitezkeen, egurra oso gaixotasun erohale txarra baitzen. Ostean, musikari lanak ere bete zituzten eta igeltsero eta artisauak ere izan ziren. Nafarroako jaun feudalak, bazterketa hau aprobetxatuz, agoteez baliatzen ziren herritarrei presioa egin eta eskubide feudalak mantentzeko eta agoteak jopu bezala erabiltzen zituzten. Stürtzek azaltzen duenez, Arizkungo Ursuatarrek babesa eta lurra eskaini zizkieten XIV. mendean ihes etorritako Bozateko agoteei. Jaun haiek eskainitako babes eta gozamenen truk (arrantzan egiteko baimena, basoen erabilera...) morroien lanak egitera behartuak zeuden eta horrez gain, zerga astunak ordaindu beharra ere bazuten. Agoteen integrazioa Beraien aurkako neurriak gogortzen ziren heinean, batetik bestera mugitzen ziren agoteak. Erronkari alderamugitzen ziren Biarnon bizi baldintzak kaskartzen zirenean edo Baigorritik Baztan aldera eta alderantziz. Mugikortasun honi esker, agote batzuk euskal gizartean integratzea lortu zuten, eta beste asko Ameriketara joan ziren XIX. mendean; itzuli zirenak Elizondo inguruan finkatu ziren dirutza eta guzti. Bozateko herria. Bestalde, Erregimen Zaharreko ekonomia desagertu zen heinean, lur komunalak saldu egin ziren, pribatizatu, eta auzo eskubideak desagertu ahala, marjinazio horren zentzua bertan behera geratu zen. Hala ere, agoteen aztarnak baditugu oraindik, endogamia dela eta, abizen gutxi batzu ugari errepikatzen baitira; hala nola, Bidegain, Errotaberea, Zaldua eta Maistruarena adibidez. Agoteak XX. mendearen haserararte bizi izan ziren Bozaten komunitate berezi bat bezala, eta gaur egun integratuak egon arren, arizkundarrei ez zaie agoteetaz hitz egitea gustatzen. Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria Argazkiak: Alicia Stürtze ren "Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian" liburutik Euskonews & Media 70.zbk (2000 / 3 / 10 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.