689 Zenbakia 2014-09-03 / 2014-10-01
Euskaldunak eta Lehen Mundu Gerra lotzen dituen leku nagusia Andereen Bidea da, Aisnes ibaiaren eta Craonne herrixkaren gainekaldean. Han egon ziren 1914ko irailetik 1916ko apiril arte, eta gero berriz ere 1917an. Goi lautada batean zegoen Andereen Bidea, baina gain hartan alemanak zeuden, eta dena kontrolpean zeukaten. Frantziako armada zegoen beherean, eta milaka euskaldun haiekin. Aski zuten gauean zigarreta bat piztea edo egun argiz ur bila joatea alemanen jomugan izateko eta lehergailuak burutik behera biltzeko.
Gerra hasi ondoan hemezortzi urte bete zituztenek edota etxean aste bateko oporraldia iragaiteko baimena ukan zutenek, leku hartara heltzen edo itzultzen zirenean, lehenik lehergailuen azantz ikaragarria aurkitzen zuten. Borrokak zeuden gunera hurbildu ahala, lurra mugitzen sentitzen zuten beren oinen azpian. Are gehiago hurbiltzean, hildako gorpuen usaina. Eta lubakietara heltzean edo lubakietarako bidean gorpuak non nahi. Etxeko goxotasuna eta herriko bakea urrun zeuden bat-batean.
18 eta 49 urte bitarteko 25.000 gizon pasatu ziren Baionatik, uztailaren 31 eta agorrilaren 7a bitartean. Denak gerrara deituak. 1914ko udan lehertu zen gerra haren zain egon ziren 43 urtez, 1871n Frantziak Prusiaren aurkako gerra galdu zuenetik. Frantziako gobernuak, armadaren eta eskolaren bitartez, etengabe prestatu zituen herritarrak Alemaniaren kontrako errebantxa baterako. Halaber, garai berean, ikaragarriko indarra egin zuten Frantziaren baitako eremuetako biztanleak frantsesteko: hizkuntzaz batetik, eta aberri sentimenduz bestetik. Orduan garatu ziren “aberri handia” eta “aberri txikia” kontzeptuak: Euskal Herria zen aberri txikia, Frantzia aberri handiaren osagai zena.
Giro hartan, gerra lehertu zenean, batasun zabal bat izan zen Frantzian, eta Ipar Euskal Herriko politikari, kazetari eta elizgizonek ere bat egin zuten Frantziarekin. Izan ziren zenbait istilu bakezaleen eta gerraren aldekoen artean. Baionan Maurice Elosu mediku bakezaleak mitina antolatu nahi izan zuen San Izpiritun, baina erakunde publikoek debekatu zuten. Agorrilaren 2tik aitzina, Baionako gatazkak gelditu ziren, gainerako lekuetakoak bezala. Euskaldunak eta Lehen Mundu Gerra lotzen dituen leku nagusia Andereen Bidea da, Aisnes ibaiaren eta Craonne herrixkaren gainekaldean.
Argazkia: CC BY - Yann Caradec
Hego Euskal Herritik beste gisa batera ikusten zituzten gauzak. Espainiak neutroa izateko erabakia hartu zuenez, distantziaz ikusi zuten gertakari hura. Karlistak, oro har, Alemaniaren aldekoak ziren. Abertzale gehienak Frantziaren eta Ingalaterreren aldekoak ziren; Luis Arana Goiri germanofiloagoa zen. Kasu guztietan, denek nahiago zuten neutro gelditu eta ez gerran sartu.
Gerra urteak aberasgarriak ziren Bizkaiarentzat, 1916tik aitzina bereziki. Bizkaiko enpresek, 1915 arte, urtean 5 eta 50 milioi pezeta bitarteko kapitala inbertitzen zuten. 1917an, aldiz, kapitala 164 milioi pezetakoa izan zen eta 1918an 427 milioikoa. Etekin handiena atera zuen sektorea ontziolen sektorea izan zen, itsas garraioan eta ontzigintzan. Alemaniako ontziek eta urpekariek ingelesen merkantzia ontzi batzuk suntsitu zituzten, eta honekin batera merkantziak tonaka eta tonaka desagertu ziren. Honen eraginez Espainiako estatuko itsas garraioak %500 eta %700 bitarteko hazkundea lortu zuen (horren zati handiena Bizkaiari zegokion). Konpainia handiena, Sota y Aznar zen, urtean 2,5 milioiko etekina lortzetik 35 milioi pezetako etekina lortzera pasatu baitzen 1914tik 1918ra. Etekin handiak egiten ari ziren bitartean, abertzaleen indarra ere handitu zen Bizkaian.
Bitartean, Ipar Euskal Herriko euskaldunak saltsaren erdian zeuden. Gerrako lehen egunetan ez zuten gudurik bizi izan, baina abuztuaren 20an gauzak bortizki aldatu zitzaizkien, Charleroiko (Belgika) guduan parte hartzean. Egun hartan 47 euskaldun hil ziren, bi egun geroago 68 eta hurrengoan 61. Lehen hilabetearen azken hamar egunetan, 261 euskaldun hil ziren. Irailaren 21ean, ordea, 167 euskaldun hil ziren egun bakarrean, Andereen Bidearen inguruetan.
Ez zuten halakorik espero. Gerra egun gutxiko epean airez aire irabaziko zutela uste zuten denek. Udako saparen erdian gerrara joan zirenean, ez zuten uste negu mina ere suaren erdian pasatu beharko zutenik. 1914 bukaerarako argi gelditzen ari zen gerra espero baino gehiago, beharbada anitzez gehiago, luzatuko zela.
Lehen etsipen zantzuak gerra hasi eta laster agertu ziren Frantziako armadan, 1914ko irailean berean, Charleroi-ko porrotetik landa. Gerrako ministroak armadako agintariei botere berriak eman zizkien irailaren lehenean, borroken denboran obeditzeari uko egiten zietenak berehala tiroz hiltzeko. Frantziako Justizia militarrak 2.500 soldadu kondenatu zituen hiltzera, eta haietatik 670 hil zituen. Horietarik bi lagun Euskal Herrikoak ziren, bata Izpurakoa eta bestea Baionakoa.
Ipar Euskal Herriko soldaduen artean, ordea, desertore eta intsumitu anitz bazen. Euskal Herriko soldaduek aiseago zuten ihes egitea, mendialdean bizi zirenek bereziki, Nafarroa hurbil zeukatelako. Oro har, Pirinioetan, Frantzian baino desertore eta intsumitu gehiago zegoen. Frantziako desertoreen bataz bestekoa %1,5 ingurukoa bazen, Pirinioetakoa %4en inguruan zegoen, eta Pirinio Behereak departamendukoa %17,06koa zen. Departamendu horretan 14.355 intsumitu eta 948 desertore izan ziren. Intsumituak ziren gerra aitzineko urte eta hamarkadetan soldaduskara agertu ez zirenak (Amerikara emigratu zutenak ziren gehienak).
Gizon anitz joan bazen ere, beste milaka lagun etorri ziren Baionara. Batzuk gerran zaurituak, beste batzuk Belgikatik ihesi jinak. Agorrilaren 25ean 75 zauritu heldu ziren Baionara, arin zaurituak. Geroago zauri larriagoak zituztenak etorri ziren, frontetik hurbil lehenbiziko artak eta ebakuntzak jaso ondoan. Lehen hilabeteetan berean, ospitale militarreko 1.025 ohe egokitu zituzten zaurituentzat. Horrez gain, hiriko eta ondoko herrietako ikastetxeak ere hartu zituzten zaurituak artatzeko.
Ipar Euskal Herriko etxeetan haurrak, emazteak eta zaharrak baizik ez zeuden. Horien gain gelditu zen etxaldeko lan guztien ardura eta zama. Emazteak aritu ziren baserriko lanetan, belar eta garia mozten, biltzen eta bizkar gainean kargatzen, adibidez. Familia mailako etxalde txikiak zeuden, orduan ere, Ipar Euskal Herri barnealdean. Lagun gutxiagorekin lan guztiak egin behar zirela kontuan harturik, hainbat herritan etxalde desberdinetako kideek elkar laguntzen zuten lanak aiseago aitzinatzeko. Gerlako lekutik, soldadu bakoitzak bere emazteari idazten zion lanak nola egin aholkatzeko. Aldizkarietara igorri zituzten gutunetan ere bazuten joera laborantzaz mintzatzeko, zehazkiago ikusten zituzten eremuetako laborantza nolakoa zen deskribatzeko. Ia 6.000 euskaldun hil ziren gerra hartan. Agintariek, elizgizonek edota kazetariek beti errepikatzen zuten hildako semea, anaia edo aita Frantziarentzat hil zela, “aberriarentzat”.
Argazkia: CC BY - tofedupin
Baina kontatzen zutena ez zen bazterren deskribapena bakarrik. Nahiz eta gerrako harat-honatez ahal bezain gutxi kontatu behar zuten, Verdunetik berri ilunak heltzen zitzaizkien, 1916an. Euskaldun anitz oraino Aisne eskualdean zeuden, Andereen Bidearen inguruan. Baina noizbait Verdunera joan beharko zutelako solasa zabaltzen ari zen haien artean. Ikaraturik zeuden han gertatzen ari zenarekin. Euskaldunentzat, egun gogorrenak maiatzaren 23a, 24a eta 25a izan ziren. Hiru egun horietan 135 euskaldun hil ziren, hamar hilabeteko epean hil ziren euskaldun guztien laurdena.
Urte bat geroago, beste gudu lazgarri batean parte hartu zuten euskaldunek, Andereen Bidean. Nivelle jeneralak ofentsiba handi baten agindua eman zuen, alemanak hurrun haizatzeko helburuz. Lehen bi egunetan, Frantziako armadan 30.000 hildako izan ziren. 1917ko apirilaren 16 hartan, 43 euskaldun hil ziren Craonne, Paissy, Ailles eta Cerny inguruetan. Nivellek berak hitz eman zuen alemanen frontea ez bazuten osoki deusezten 48 oreneko epean, operazioa bertan behera utziko zuela. Ez ziren inondik ere nahi bezainbat aitzinatu, ez zen izan espero zuten operazioa; hala ere, Nivellek ez zuen ofentsiba bertan behera utzi. Segitzeko agindu zuen. 23.000 soldaduk uko egin zioten borrokara joateari, alferrik hiltzera ez zutela joan nahi erranez. Maiatzaren 4tik aitzina, gero eta gehiago ziren sarraskiaren erdira joan ez zirenak. Eta mugimendua zabaldu zen beste fronteetara ere, soldaduen gutunen bidez besteak beste. Baionako 49. Infanteria Errejimenduko soldaduengana ere iritsi zen armak uzteko eskaera. Petizio bat ere ibili zen batetik bestera, Craonne, Verdun eta Sommeko guduetako hilak gogora ekarriz. 49. Infanteria Errejimendukoek, ordea, ez zituzten eskaera haiek jarraitu, eta aitzindari militarrei obeditzea erabaki zuten.
Ia 6.000 euskaldun hil ziren gerra hartan. Agintariek, elizgizonek edota kazetariek beti errepikatzen zuten hildako semea, anaia edo aita Frantziarentzat hil zela, “aberriarentzat”. Besoa edo zangoa galdu zutenak edo aurpegia desitxuraturik itzuli zirenak ere beren buruaz harro egoten ahal zirela azpimarratu zuten. Heriotza heroikoa zen, sakrifizioa, eta horrek ohoratzen zituen. Mingarriago izanen zitzaien alferrik eta zuzen kontra hil zirela onartzea; eztigarriagoa zen pentsatzea garaile gisa eta justiziaren eta “zibilizazioaren” alde eta “barbaroen” kontra hil zirela. Horrela lagundu zuen Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herriaren frantsestea.