688 Zenbakia 2014-08-06 / 2014-09-03

Gaiak

Pirritx, porrotx eta marimotots

ARANO, Aizkoa



Pirritx, Porrotx eta Marimotots, euskaraz hartzeko pailazo taldea da eta gaur egun oso ezagunak dira. Euskal Herriko umeen pailazorik kutunenak dira eta horretaz jabetzeko, euren ikuskizunetara hurbildu baino ez da egin behar. Garaiotan, hainbat gai euskaraz lantzen dituzte beren ikuskizunetan, umeak ilusioan, alaitasunean, osotasunean eta maitasunean hezteko modu eraginkor batean.

Koloreetako begiak dituztenez egunero bizi ditugun egoerak, latzak zein politak, beraien koloreetako filtroetatik pasatzen dira. Ondorioz, mezu itxaropentsua eta alaia ateratzen dute beti. Ilusioz keinua egiten diote etorkizunari. Beren leloa hau da: bihotza, burua eta eskuak; hots, sentitu, pentsatu eta ekin.

Euskal jendarteak erabaki beharko du zenbaterainoko pisu eta garrantzia edukiko duen euskarak bere kultura eta nortasunean. Hau da, izango al da euskara osagairik erabakigarriena euskal kulturan eta nortasunean? Onartuko litzateke euskara bigarren mailako elementutzat daukan euskal kultura eta nortasun bat? Nazioarteko erreferentziekin edo nazioarteko pertsonaiekin soilik hazi eta hezi behar ditugu gure umeak?

Aurrera begira beraz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen laguntzarekin, euskal gizarteak izango duen erronka garrantzitsuenetako bat izango da euskarak eta euskal kulturak zer leku izan behar duten erabakitzea, euskarari eta euskal kulturari zer nolako papera eman nahi zaion argitzea.

Baina, zer datorkigu burura Pirritx, Porrotx eta Marimotots aipatzean: euskara ala pailazoak? Pirritx, Porrotx eta Marimototsek kultur eta hezkuntza proiektu zoragarria sortu eta garatu nahi dute.

Ezer baino lehen, beste gauza guztien gainetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek kultur eta hezkuntza proiektu zoragarria sortu eta garatu nahi dute. Beraiek oso onak dira, jende oso ona dute inguruan eta kalitate handiko lana egiten saiatzen dira: musika, koreografiak, marrazkiak, diseinuak, arropa, gidoiak, letrak, ikasmateriala... Dena da landua oso.

Beste edozein arte edo kultura espresibo bezala, hauek ere eredu eta balore batzuk erakusten, irakasten eta sustatzen dituzte. Eta eredu eta balore horien bitartez umeak hezten dituzte. Nola egiten dute beraz haurren hezkuntza bultzatzeko?

Haien musika, letrak eta jolasak bidelagun dira gure umeen formazioan, umeen garepenean, eta garapen eta hezkidetza hori kolorez beterikoa da. Aurrerakoia, integratzailea, errespetuz eta maitasunez beterikoa. Eta horrela lortzen dute, modu sutilean bada ere, jendarte-eredu justuago baten aldeko mezua zabaltzea lau-haizetara.

Kalitate hori euskaraz lortzea luxu bat da euskararentzat, luxu bat Euskal Herriarentzat, luxu bat euskaltzaleentzat. Azken batean, kalitate hori lortzea da kulturgintzan, euskalgintzan edota herrigintzan ari direnen erronka. Euskaraz eta euskaratik haurrak hazi eta hezi, gero plazara, mundura idekitzeko.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak testuingururatzeko beraz, lehen parte batean, modu orokor batean, euskal antzerkigintza eta euskal pailazoei buruzko datu historikoak azalduko ditugu. Pailazogintza ikertuz eta aztertuz asko luza gaitezke. Horretarako, munduko pailazoen sorrera eta garapena bazter batera utziz eta euskal eremuetan mugatuz, euskal pailazoak, zehatz eta mehatz, landuko ditugu.

Horregatik bigarren partean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen fenomenoa goitik behera aztertuko dugu ardatz historiko eta pedagogikoak ezberdinduz.

Geroari begira, euskarari, euskal kulturari eta euskal umeei begira, gai oso interesgarri eta aberasgarria dela ikusiko dugu materiala, proiektu eta aurrera pauso berri, sendo eta iraunkorrak euskal gizarte osoari proposatzen dituztelako.

Urtez urte, pailazogintza garatu egin da. Gaur egun, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek sekulako arrakasta dute. Bazter guztietan barna ibiltzen dira, beti euskaraz jardun eta kalitate oneko ikuskizunak emanez. Ikuskizun, materiala edo proiektu berriekin euskal kulturaren esparruak handituz eta sendotuz, haurren hezkuntzari heltzen diote.

Argazkia: CC BY - Donostia Kultura

Alaitasunean, euskaraz eta euskaratik umeak hezten ibiltzen dira. Horretarako, pausoz pauso, ikuskizun, materiala edo proiektu berriekin euskal kulturaren esparruak handituz eta sendotuz, haurren hezkuntzari heltzen diote.

Euskararen indarberritze ahaleginetan, besteak beste, eskoletan, euskara eta euskal kultura uztartzeko urratsak ematen dituzte egunerokotasuneko gaiak tratatuz.

Munduko neska-mutilei, gelatako zein bizitzako ikasle diren horiei eta, hala, etorkizuneko jendartearen gidari izango direnei alegia, umoreaz lehen egunetik bertatik jakinarazi eta erakutsi behar zaizkien gaiak tratatzen dituzte. Pedagogia ariketa handia proposatzen dute, topiko ugari hausten lagunduz. Eta hain zuzen ere, nahitaezkoa gertatzen den ariketa horrek oinarri moral eta etiko berriak ezartzera gonbidatzen du, guraso/seme-alaba harremanean eragitera zuzendua dela kontuan hartuta.

Mundu globalizatu honetan asko dira haurraren arreta erakartzen duten erraldoiak: telebistan, sare sozialetan, aldizkarietan, pijametan , galetetan agertzen direnak. Horiek hiru pauso ematerako pailazoek bakarra eman dezakete, baina eman egiten dute. Kanpotik datorrenari ezin zaio mugarik jarri, baina proiektu propioa bultzatu daiteke, Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egina.

Eta horrela, geroz eta anitzagoa den jendarte nahiz hezkuntza komunitatean eta elkarbizitzak saiakera gisa ulertua porrot egin duen horretan, harreman fluxuak berregitera zuzentzen zaio pailazogintza mota honek, oinarritik, geletan eta edozein etxetako zokoan.

Koloreetako mundua lortzeko, animalia, landare, herri eta hizkuntza askorekin, munduari euskaldunok gure koloreak eman behar dizkiogula ulertzen dugu, euskararen, Euskal Herriaren eta euskal irriaren koloreen bidez.

Argi uzten dute hizkuntzak, bestelakorik adierazi arren, ez direla ideiak, nahiak eta esperientziak pertsonen artean trukatzeko bitarteko soilak baizik. Esandakoaz gain, hizkuntzak, besteak beste, beraiei lotutako kulturen erakusle eta adierazpen sinboliko ere badira, eta modu horretan, hizkuntzak kultura horien zati dira eta haiei, hein handi edo txiki batean, komunikaziorako oinarri ematen diete.

Ez dago, hortaz, kultur edukirik gabeko euskararik, ez dago, azken batean, hizkuntzak eta haiei lotutako kulturak bereizterik.