688 Zenbakia 2014-08-06 / 2014-09-03
2015ean mende erdia beteko da Eñaut Etxamendik literaturako bere lehen lana plazaratu zuenetik. 1965ko uztailean euskal literaturaren mundura azaltzean, Eñaut Etxamendik 30 urte zituen.1 Zerk bultzatu ote zuen laborantxako ingeniadore, ekonomiako erakasle, Esterenzubiko semea zen Eñaut Etxamendi ekoizpen literariora? Horren ulertzeko lehen eginbeharra, XX. mendeko 60. urteetako Ipar Euskal Herriko egoera kulturala, politiko eta sozialera hurbiltzea da. Aztertzekoa da baserriko jendarte menditarra, horren usadio eta bizipenak. Baita ere, aitzinako bizimoldearen desorekatzea eta desagertzea. Osagai hauetan errotzen baitira Etxamendiren narraziogintza berezi egiten duten aipagaiak eta kokagune literarioak. Honela, Etxamendi modernizatu aintzineko Baxe Nafarroako laborantxako jendarte menditarraren narratzaile dela zalantzarik gabe baiezta daiteke.
Eñaut Etxamendi Ezterenzubin (Nafarroa Beherea) jaio zen 1935eko abuztuaren 22an.
Argazkian Ezterenzubiko eliza.
1965ean, Herria astekariak Eñaut Etxamendiri bere orriak eskaini zizkion lehentze, Laminak eleberriaren argitaratzeko. Plazaratzea puskaka egin zen, 1965ko urriaren 8tik, 1966ko urtarrilaren 21a arte, hamahiru emaitzatan. Goi titulua “Ixtorio mixterio” zeraman, hizki larriz idatzirik eta azpimarraturik. Emanaldi bakoitza ezizenez izenpeturik zetorren: Rafael Intzaurreta. 1966ko uztailaren 28an berriz, plazaratu zen Urtzuak aldatu urrian Eñaut Etxamendiren bigarren ekoizpen literarioa. Herria astekarian izan zen hau ere, emanaldi bakarrean, ordea. Aldi hartan, Etxamendik R. Zuhañeta gisa izenpetu zuen prosazko bere lehen olerki luzea. Eta horren goialdean zegoen; ironia puntuaz; ondoko galdera erretoriko hau hizki larriz irakurgai: KONDAIRA?
Eñaut Etxamendik ez du izen propioz argitaratzen, hasieran behintzat, bere ekoizpen literariorik. Ikusi dugun bezala, hamahiru alditaraino izenpetu zuen Rafael Intzaurreta. Ba ote du horrek loturarik garai hartan euskal literaturak Ipar Euskal Herrian zuen ospe txikiarekin eta irakurlego kopuru hertsiarekin? Hots, 1960. urteetako Ipar Euskal Herrian euskal literaturak pairatzen zuen aitorpen eskasiarekin, ote? Badaiteke ere, orduko eremu literario eta kulturalaren endogamia sozialak idazlea kikiltzea. Hots, Etxamendiren anonimotasun gogoa zehazki interpretatzeko bide bat baino gehiago dago. Ahantzi gabe, ordurako Eñaut Etxamendi erakasten ari zela eta beraz, objektibotasunean eta protagonismo ezan aritzea aholkatuko ziola hasi berrien zuhurtziak.
Ohargarri da izengoitien aukeraketa: Rafael Intzaurreta, R. Zuhañeta eta Mikelau Ainerabelar, hurrenez hurren. Bateratzen ditu izadiako osagaien jite amankomuna. Lehen bi izenak zuhaitzei loturik datoz. Hain zuzen, intzaurrondoari lehena, zuhainari modu orokorragoan bigarrena. Biek ala biek osaketa bera dute: arbola hitz erroa + “-eta” atzizkia. Aldiz hirugarren ezizenak erreferentzia gehiago hunkitzen ditu. Hasteko, “Mikelau” behialako euskaldunen gizon izen propioa da. Jatorria ezagutu gabe ere, euskal kutsua dario, “Mikel” izenetik hurbil nahiz zentzu esoterikoagoarekin: “Mikelau” delakoak Erdi Arora garamatzala dirudi. Segitzeko, “Ainerabelar” deituratzat jo daitekeena bi hitz arrunten osaketatik dator: ainera (edo ainara, elaia, enara) + belar. Botanikaren eredua darraiela erran daiteke. Izan ere, leka belarra edo Rumex acetosa, lobelarra edo Papaver somniferum, ahamendabelarra edo Artemisia absinthium eta horrelako hamaika landare izen badaude.
Hots, “Intzaurreta” eta “Zuhañeta” osaketek euskal abizenen morfologia errespetatzen duten eta horrela euskaldun jator iduri dezaketen bezala —libreki asmatuak badira ere— hala-hala “Ainerabelar” deituraren kasua ezberdina da. Asmaketaren zantzua nabariagoa du honek. Horra Etxamendiren ekoizpen literarioaren bereizgarri izanen den beste marka: espresibitate handiko hizkuntz baliabide asmatu ala berreskuratu asko erabiliko dituela, hizkuntza literarioaren aberastasunerako. Berreskuraturikoetan, hitzen osaketaren inspirazio iturri nabaria natura, landaredia eta abereen mundua izanen direla. Izengoitien aipamenarekin bururatzeko, konturatzen gara 1965ean literatur ekoizpenak argitaratzen hasirik, Eñaut Etxamendik hamar urte behar izan zituela ezizenaren bitartekorik gabe plazaratzeko bere sormen literarioa. Aldi berean ekoizpenaren forma aldatu zen prosazko olerki luzetik eleberrira iraganez.
Etxamendi modernizatu aintzineko Baxe Nafarroako laborantxako jendarte menditarraren narratzaile dela zalantzarik gabe baiezta daiteke.
Gatozen orain, XX. mendeko 60. urteetako giro sozial, kultural eta politikora. Urte haietan, Ipar Euskal Herria aitorpen urriko Frantziako eskualdea da, batetik. Eta bestetik, gerla zibiletik jalgi diktadurapean bizi den Hego Euskal Herriaren ahaide historikoa. Jendetzari dagokionez, biztanlez husten ari da Ipar Euskal Herria, gizon eta emazte gazteek Amerikako bidea abioitaraka hartzen dutelako. Pariseko nahiz Frantziako beste eremuetako erbestera ere, ehunka doaz. Ekonomikoki, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa nekazaritzatik bizi dira. Alor ekonomiko hau berregituratzen ari da Europa mailan eta argikiago Frantzian, Bigarren Mundu Gerlaren ondotik industrializazioaren ildoan sartuz. Aurreko bi aldagaiak loturik, baserriaren hustea eta iraganeko bizimoduaren pitzatzea gertatuko da. Ipar Euskal Herria helmuga turistiko bihurtzea izanen da eragile ekonomiko eta finantziarioen helburua. Sozialki, jendartea arautzen zuten lehengo baloreak kolokan jartzen dira: non eta zer erakunderen gain ote dago autoritatea, zer leku eman erlijioari, gizon eta emazteen arteko harremanak zer irizpideren arabera finka... hauek bezalako zalantzak berriak dira, orduan. Horrela, elizak kristau —irakur bedi jende— ororen bizia oraindik arautzen badu ere, iheska joaten hasi zaizkionak izan, badira. Emazteak parekotasuna eskatzen hasiak dira. Lanaren munduan langileek sindikalgintzan abiatu dira, beste herrialdeetan nola Ipar Euskal Herrian ere, mobilizazioaren ondorioz haien eskubideak onartarazten dituztela hango eta hemengo lantegietan. Luze gabe, alta higiezina zirudien nekazarien munduak hortatik jaliko du erakaspenik. Azkenik, kultura mailan, adierazpen eredu nagusia frantses kulturarena da. Haatik, azken hau 60. hamarkadan nagusitzen ari den anglo-saxoi adierazpidearen jarraitzaile dela, gero eta gehiago. Testuinguru honetan, modernotasun beharrak apaletsiko ditu orobat euskara eta honen baitako unibertso mentala. Hots, garai haietan euskarak eta euskal kulturak izatekotan, folklorizaturik behar zuten, ala zokoraturik. Politikaren alorrean urrentuko dugu, ezen bertan jazotzen den koloka mugimendua oinarrizkoa baita. Urte haietako gertakari inarroslea egituraketa kolonialaren gainbehera da, ezbairik gabe. Besteak beste, Indotxinako gerla edota Aljeriakoa gertatzen edo gertatu berri dira. Inperio oroahalduna izatetik, buztinezko zangoak dituen erraldoia izatera iragaten da Frantzia, bortizkeriaren eta urradura politiko gehiagoren artean. Badago pentsatzerik bereziki Aljeriaren deskolonizazioak herri urratuko kidea izatearen konzientzia zuen Etxamendi idazletzera bideratuko zuela. Izan ere, Laminak argitaratu baino hiru urte lehenago, 1962ko uztailean independentzia aldarrikatu zuen Aljeriak. Bestela erranik, Eñaut Etxamendi idazten abiatu bazen abiatu, menperatuen oldarrez zen bideratu, idazkera engaiamendu gisa ulertuz.
Baina badu Etxamendik beste zimikorik akuilu: baserri munduaren, bere haur denborako jatorrizko munduaren desagertzea, hain zuzen ere. Esterenzubi Mendiburiako umearentzat, laborantxa eta mendia oreka, bake eta harmonia ekarle dira. Gauzak horrela, XX. mendeko 60. urteetako jendartearen modernizatzeak baserri mundua errautsiko duelarik, Eñaut Etxamendi lekuko izanen da. Luma hartuko du idazteko, bidenabar bere bihotz hertsiduraren arintzeko.
1Etxamendiren lehen agerpen literarioa 1965ean izan zen.