686 Zenbakia 2014-06-04 / 2014-07-02
Psikopatologiak nahaste psikikoen bereizgarriak eta garapena deskribatzen ditu, nahasteak diagnostikatzeko bitartekoak eskaintzen ditu, nahasteen prognosia egiten du eta nahasteak gainditzeko terapia egokien berri ematen.
Psikopatologian aztertzen diren nahaste nagusiak honako hauek dira:1. Aldarteko nahasteak
Aldarteko nahasteak oso maiz gertatzen dira, eta ugaritzen ari dira gainera, batez ere pertsona gazteen artean.1 Aldarteko nahasterik ezagunenak depresioa eta mania dira. Depresioa bakarrik duenak polo bakarreko aldarte-nahastea du. Depresioa eta mania txandakatzen dituenak polo biko aldarte-nahastea du.
Depresio-nahaste nagusiak iraupen mugatua du. Nahaste distimikoak iraupen luzeagoa eta larritasun-maila arinagoa du. Nahaste bipolarretan, depresio-pasarteak eta mania-pasarteak txandakatzen dira. Nahaste ziklotimikoa ere nahaste kronikoa da, baina nahaste bipolarrek baino larritasun arinagoa du. Eskuarki, barne-herstura agertzen da depresioa baino lehen. Buru-hiltzea depresioari lotua gertatzen da, baina gerta daiteke aldarteko nahasterik gabe ere. 2. Barne-hersturako nahasteak
Kontrola ezin ditzakegun arriskuak etorkizunean bistaratzen ditugunean, barne-herstura sentitzen dugu. Arrisku errealak orainaldian ikusten ditugunean, beldurra sentitzen dugu. Izu-ikarazko erasoa sentitzen da, benetakoa ez den arrisku baten aurrean beldur erreala sentitzen denean. Izu-ikarazko nahastea gertatzen da, beste izu-ikarazko eraso baten beldur garenean. Barne-herstura orokortuko nahastea duena eguneroko hainbat arazoren aurrean kezkatuegi agertzen da, beti tentsioan eta zelatan.2 Nahaste fobikoa duen pertsonak barne-herstura edo izu-ikara sorrarazten dioten egoerak ekiditen ditu. Fobia espezifikoa duenak egoera edo objektu jakinak ekiditen ditu. Fobia soziala duenak jendaurrean aritzea edo performanceak egitea ekiditen du. Gertaera traumatiko intentsu bat bizi izan duten pertsonek, erresilientzia gutxi edo zaurgarritasun handia baldin badute, trauma osteko estreseko nahastea garatzen dute. Nahaste obsesibo-konpultsiboa duenak bere burutik pentsamendu beldurgarriak (obsesioak) urrundu nahi izaten ditu, errituzko portaera batzuk (konpultsioak) eginez. Deliriuma intoxikazio baten bidez, trauma baten bidez, estresagarrien bidez edo kirurgia bidez sor daiteke.
Argazkia: Pedro Etxebeste 3. Eskizofrenia
Eskizofreniak emozioen eta kognizioen disfuntzio anitz eragiten ditu: eldarnioak, haluzinazioak, emozio desegokiak, portaera eta hizkera desantolatua. Eskizofreniaren sintoma positiboen artean kokatzen ditugu eldarnioak, haluzinazioak eta portaera desegokia. Sintoma negatiboen artean sailkatzen ditugu motibazio gabezia, afektuen kamustea eta hizkerako gabeziak. Sintoma desantolatuen artean sartzen ditugu hizkera inkoherentea, afektu desegokia eta portaera aldakorra.3
Nahaste eskizofreniformea duenak eskizofreniaren sintomak jasaten ditu, baina 6 hilabete baino denbora gutxiagoz. Nahaste eskizoafektiboa duenak depresio nagusiarekin edo maniarekin batera eldarnioak eta haluzinazioak izaten ditu. Eldarniozko nahastea duenak errealitatean oinarririk ez duten usteak izaten ditu. Nahaste psikotiko laburra duenak haluzinazioak, eldarnioak, portaera desegokia edo hizkera desegokia agertzen ditu hilabete baino denbora gutxiagoz. 4. Nahaste somatomorfoak eta disoziatiboak
Gorputzaren itxurak eta funtzionamenduak kezkatzen ditu nahaste somatomorfoak dituztenak, eta sarritan joaten dira osasun-zerbitzuetara. Hipokondriasia duenak benetan gaixo dagoela uste izaten du, eta horrek barne-herstura handia sortzen dio. Somatizazio-nahastea duenak hainbat sintoma fisiko sentitzen ditu, haren bizitza eta harremanak kaltetzen dituztenak. Min-nahastea duenak sufrikario fisikoa eragiten dioten arazo psikologikoak ditu. Konbertsio-nahastea duenak ez du ageriko arazo fisikorik, baina funtzionamendu fisikoa hondatua du. Gorputz dismorfikoko nahastea duenak hutsune fisiko batzuk dituela irudikatzen du, eta horrek kezka obsesiboak eragiten dizkio, forma fisiko normaleko pertsona baldin bada ere. Nahaste faktizioa duenak sintomak dituenaren itxurak egiten ditu, nahiz eta horretarako motibo jakinik eduki ez, simulatzaileak izan dezakeen bezalakorik.4
Disoziazio-nahasteetan pertsona bereizi egiten da bere buruarengandik, bere oroimenetik eta inguruneko mundutik, gertaera traumatikoen oroitzapenari ihes egin nahian. Despertsonalizazio-nahastean norbere identitatearen zentzua galtzen da. Desrealizazioan, inguruneko errealitatearen zentzua galtzen da. Disoziazio-amnesian, norberarentzat garrantzitsuak diren oroitzapenak galtzen dira, eta ezin izaten dira oroimenera ekarri. Amnesia selektiboan, aldi bateko gertaerak ezin izaten dira gogoratu. Amnesia orokortuan, ezin izaten da ezer oroitu. Disoziazio-ihesean, oroimen-galera eta bat-bateko bidaia bat konbinatzen dira. Identitate disoziatuko nahastea duenak identitate berriak agertzen ditu. Disoziazio-trantzeko nahastea duenak kulturarekin lotutako disoziazio batzuk izaten ditu. 5. Loaren nahasteak
Loaren nahasteen edo disomnien arteko nahaste nagusia insomnio primarioa da: lo hartzeko, lotan jarraitzeko edo indarberrituta esnatzeko gaitasun gabezia. Disomnien artean honako hauek sartzen dira: gehiegizko loa edo hipersomnia, lotako erritmo zirkadianoaren nahasteak edo loaren erritmoa egunarekin edo gauarekin sinkronizatu ezina, narkolepsia edo loaren bat-bateko erasoak, loaldiko apnea edo arnasketarekin lotutako loaren arazoak.5 Parasomnien artean amesgaiztoak, sonanbulismoa, gau-izualdiak, REM loaldiarekin elkarturiko portaera-nahastea eta loaldiko paralisia sartzen dira.6. Substantziekin lotutako nahasteak eta mendekotasun-nahasteak
DSM-IVak honako substantzia hauekin loturiko nahasteak bereizten ditu: substantzia lasaigarriak (barbiturikoak, alkohola, bentzodiazepinak), substantzia kitzikatzaileak (kokaina, anfetaminak, nikotina), substantzia haluzinogenoak (LSD, marihuana) eta substantzia opioideak (heroina, morfina, kodeina).
Substantzia lasaigarriek nerbio-sistema zentralaren jarduera apaltzen dute, aktibazio fisikoa jaisten dute eta erlaxatu egiten dute.
Substantzia kitzikatzaileek jarduera fisiologikoa suspertzen dute, eta pertsona erne eta kementsu jartzen dute.6
Substantzia haluzinogenoek mundua ikusteko, entzuteko, usaintzeko, ukitzeko eta hautemateko modua aldatzen dute.
Substantzia opioideek mina desagerrarazten dute, eta loa eragiten. Endorfina naturalek (entzefalinak, beta-endorfinak) ere opioideen efektu berak eragiten dituzte.7. Elikadurako nahasteak
Anorexia nerbiosoan jateari uko egiten zaio, gizentzeko beldurrez, eta pisua galtzen da gorputzaren osasunerako arriskutsua den modu batean. Bulimia nerbiosoa duenak gehiegizko betekadak egiten ditu, eta gero goitika egitera, diuretikoetara edo libragarrietara jotzen du.7 Betekada-nahastea duenak ez du jotzen libragarriak erabiltzera. Merizismoa duenak janaria irensten du, berriro ahora nahita ekartzen du, berriro murtxikatzen eta berriro irensten edo botatzen du, eta horrek galarazi egiten dio pisua irabaztea. Alotriofagia edo pika duenak elikadurarako ez diren substantziak irensten ditu. Ortorexia duenak dietaren gehiegizko garbitasunaren aldeko ahalegin obsesiboa agertzen du. Gorputzaren itxurak eta funtzionamenduak kezkatzen ditu nahaste somatomorfoak dituztenak, eta sarritan joaten dira osasun-zerbitzuetara.
Argazkia: Pedro Etxebeste 8. Nahaste neurokognitiboak edo dementziak
Deliriuma intoxikazio baten bidez, trauma baten bidez, estresagarrien bidez edo kirurgia bidez sor daiteke. Burua nahasia eta desorientatua du deliriuma duenak. Dementzia duenak gaitasun kognitiboak poliki-poliki galtzen ditu: oroimena, planifikatzeko gaitasuna, abstrakziorako gaitasuna, segidak egiteko gaitasuna, hizkuntza. Nahaste neurokognitiboen artean honako hauek sartzen dira: Alzheimer-en gaixotasuna, Lewy-ren nahaste neurokognitiboa, dementzia edo nahaste neurokognitibo fronto-tenporala, dementzia baskularra edo nahaste neurokognitibo baskularra, baldintza mediko orokorrek eragindako dementzia (hartutako immuno eskasiaren sindromea, Creutzfeldt-Jakob-en gaixotasuna, Hungtington-en gaixotasuna, Parkinson gaixotasuna, Pick-en gaixotasuna), garezurreko traumatismoak eragindako dementzia, substantzien edo sendagaien kontsumoak eragindako nahaste neurokognitiboa edo dementzia iraunkorra, sindrome amnesikoa, Wernicke-Korsakoff sindromea.8 9. Arretagabeziako nahaste hiperaktibitateduna
Arretagabeziako nahaste hiperaktibitateduna dutenen artean honako azpimota hauek bereizten dira: arretagabezia bakarrik duen nahastea; hiperaktibitatea eta oldarkortasuna dituen nahastea, eta arretagabezia, hiperaktibitatea eta oldarkortasuna konbinaturik dituen azpimota.910. Parafiliak eta genero-identitateko nahasteak
Desegokiak diren pertsonenganako edo objektuenganako erakarpen sexuala gertatzen da parafilietan. Exhibizionistak bere genitalak pertsona arrotzei erakutsiz lortzen du atsegin sexuala. Voyeuristak, biluzik dauden pertsonak edo eranzten ari direnak ustekabean ikusiz lortzen du kitzikapen sexuala. Fetitxistak objektu desegokiekin harremanean jarrita lortzen du kitzikapen sexuala. Fetitxista transbestistak beste sexuko jantziak edo soinekoak jantzita lortzen du kitzikapen sexuala. Masokistak mina eta tratu txarrak jasanez lortzen du kitzikapena.10 Sadikoak, berriz, besteei mina edo sufrikarioa eraginez lortzen du atsegin sexuala. Pedofilia duenak haurrenganako erakarpen sexuala sentitzen du, eta haiekin harremana izanez lortzen du atsegina.
Pertsonaren genero fisikoa haren identitate-zentzuarekin bat ez datorrenean gertatzen da genero-identitateko nahastea.11. Bulkaden kontroleko nahasteak
Nahaste hauen artean honako hauek sartzen dira: diru-xahutzaile eta erosle konpultsiboak, joko patologikoa11, kleptomania, piromania, eztandazko nahaste etenkaria eta trikotilomania.12. Psikopatologiari buruzko liburua
Gai hauetaz ikuspegi zabal bat eskuratu nahi duenak honako liburu hau azter dezake:
Izenburua: Psikopatologia Egileak: Haranburu, M., Balluerka, N., Gorostiaga, A. eta Guerra, J. Argitaldaria: Udako Euskal Unibertsitatea. Urtea: 2014Erreferentzia bibliografikoak
1 Lewinsohn, P. M. eta Essau, C. A. (2002). Depression in adolescents. In Gotlib, I. H. eta Hammen C. L. (arg.), Handbook of depression (or. 541-559). New York: Guilford Press.
2 Barlow, D. eta Durand, V. M. (1999). Abnormal psychology. New York: Brooks/Cole Publishing.
3 American Psychiatric Association. (2000). Diagnostic and statistical manual of mental disorders (4. arg., testu berrikusia). Washington, DC: American Psychiatric Association.
4 4 Iezzi, A., Duckworth, M. P. eta Adams, H. E. (2001). Somatoform and factitious disorders. In P.B. Sutker eta H. E. Adams (arg.). Comprehensive Handbook of Psychopathology (or. 211-259). Third Edition. New York: Kluwer/Plenum.
5 5 Medina Ortiz, O., Sánchez Mora, N., Conejo Galindo, J., Fraguas Herráez, D. eta Arango López, C. (2007). Alteraciones del sueño en los trastornos psiquiátricos. Revista Colombiana de Psiquiatría, 36 (4), 701-717.
6 Colado, M. I. eta O’Shea, E. (2006). Alucinógenos, anfetaminas y drogas de síntesis. Bases biológicas. In J. C. Pérez de los Cobos, J. C. Valderrama, G. Cervera eta G. Rubio (arg.), Tratado SET de trastornos adictivos (or.181-187). Madrid: Médica Panamericana.
7 Fairburn, C. G. eta Harrison, P. J. (2003). Eating disorders. Lancet, 361, (9355), 407-416.
8 American Psychiatric Association. (2013): Diagnostic and statistical manual of mental disorders (Fith Edition. DSM-5). Washington, DC: American Psychiatric Association.
9 Haranburu, M., Guerra, J., Torres, E. eta Zumalabe, Tx. eta GIEko Orientazio Mintegia (2006). Arreta gabezia eta hiperaktibitatea. Donostia: Erein.
10 Baumeister, R. F. eta Butler, J. L. (1997). Sexual masochism: Deviance without pathology. In D. R.Laws eta W. O’Donohue (arg.), Sexual deviance: Theory, assessment, and treatment (or. 225-239). New York: Guilford Press.
11 Echeburúa, E., Corral, P. eta Amor, P. J. (2005). El reto de las nuevas adicciones: objetivos terapéuticos y vías de intervención. Psicología Conductual, 13, 511-525.