686 Zenbakia 2014-06-04 / 2014-07-02

Gaiak

Euskal Herriko mitologia

BERGARA, Aritza



Goiko izenburuan irakurri duzunez, euskal mitologiaz arituko gara artikulu honetan. Eta hasteko, Euskal Mitologia izenarekin zer ulertzen dudan planteatuko dut.Zer da Euskal Mitologia?

Gaiarekin hasteko, betiko galdera planteatu behar da: zer da mitologia? Pertsona guztiok erabili dugu hitz hauek, baina gaia ondo zehazteko ahalegina egin beharko da.

Nire garaian, arlo honetan interesatzen hasi nintzenean, hiztegietara jo nuen erantzunaren bila. Eta hauxe izan zen topatu nuen erantzuna: “herri edo kultura konkretu batek duen mitoen multzoa”. Hori bai erantzun zuzena, ezta? Baina orduan, beste galdera bat sortzen zaigu: zer da mito? Ba, adituek esaten dutenez, kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen duena. Mundua nola sortu zen eta nola azaltzen den, pertsonaien bitartez edo sinesmen ezberdinekin.

Eta Euskal Mitologiari buruz hitz egiten badugu herria edota kultura zehazten dugu. Beraz, euskaldunok nola ulertzen eta interpretatzen zuten mundua, zeintzuk ziren lur honetan bizitzen zirenentzako pertsonaiak eta zer nolako fenomenoak azaltzen zituzten pertsonai bakoitzarekin. Jentilak.

Ilustrazioa: Daniel Castello, “Euskal Herriko Mitologia. Jentilen aztarnen atzetik” lanatik aterata. Gure mitologiaren garrantzia

Gaur egungo gazte batzuen iritziz, mundu globalizatu honetan mitoek ez dute ezertarako balio, historiaurreko sinesmenak baino ez dira. Dena den, gauza guztiak bezala, erantzuna ez da hain erreza. Gure arbasoen sinesmenak, ohiturak, esanak... gaur egun daukagun mundua ulertzen laguntzen gaituzte. Eta, ze demontre! Nori ez zaio gustatzen edonoiz, mendiko aterpe batean gaudenean, suaren inguruan eserita, antzinako gertakari baten historiatxo bat entzutea? Gainera, orain dela mende batzuk gertatutako momentu berezienak mitoen bitartez ailegatu zaizkigute gure garaira, adibide moduan: Nola ikasi genuen errotaren ardatza egiten, edo artoa noiz landatu, edota zerra nola egin? San Martinikok Basajaunei lapurtutako sekretuak ziren.

Egon al ziren Vikingoak gure kostaldean? Kondaira batean Eskoziatik etorritako printzesa batek Urdaibai inguruan Sugaarrekin egon ostean seme bat izan zuen, Bizkaiko Jaun Zuria hain zuzen ere.

Noiz ailegatu zen kristautasuna gure lurraldeetara? Zer gertatu zen aldez aurretik zeuden sinesmenekin? Ia desagertu ziren, eta handik aurrera pagano batek Jesusen jaiotzaren berria emateko herriz herri ibili zen deskantsurik gabe, batzuen ustez Olentzero izenarekin ezagutzen dugun petsonaia hain zuzen ere.

Historia eta mitologia elkarri eskua emanda erakarri eta bizirik mantendu dituzte gertakizun garrantzitsu hauek: nekazaritzaren etorrera, Vikingoen bisitak, mendean zehar Bizkaiko linaje boteretsuaren sorkuntza, kristautasunaren zabalkuntza eta sinesmen zaharren kontrako borroka...

Beraz, mitologia ezagutzea eta interpretatzea gure herriaren lehenaldia ulertzeko ezinbesteko tresna izan daiteke. Itsaslamia.

Ilustrazioa: Daniel Castello, “Euskal Herriko Mitologia. Jentilen aztarnen atzetik” lanatik aterata.Gure mitologiaren ezaugarri nagusiak

Herri zaharren arteko elkar trukaketak betidanik existitu dira, arlo ezberdinetan, baina sinesmenen edo mitoen atalean ere. Hori dela eta, mitologia ezberdinetan antzeko ezaugarriak topa ditzazkegu. Baina azaletik barnerantz joaten garenean ezberdintasun ugari ere agertzen dira. Gure kasuan, bost baino ez ditut aipatuko, niretzako azpimarragarrienak direlako: Emakumearen papera. Euskal Mitologiaren jainkosa nagusia emakume bat da, Mari Jainkosa. Beste kulturetan hauxe ez da horrela: Jupiter, Zeus, Manitu... gizonak topatzen ditugu ia beti. Bera da boteretsuena, eta Mariren aginpean beste izaki magiko guztiak daude. Hauxe horrela da, bai, baina gugana ailegatu diren kondairak aztertzen baditugu, pertsonai femeninoen eginbeharrak soziologikoki emakumeei lotutakoak dira: arropa garbitzen agertzen dira, haurgintzan laguntzen... askotan entzun dugun euskal matriarkatua mugatzen.

Izen ugari. Herri txikia gara, baina mitologia arloan izugarrizko aberastasuna dugu, bailara batetik bestera izenak, kondairak, ea. aldatzen baitira. Pertsonai mitologiko askok izen bat baino gehiago dute, lekuaren arabera, bizitokiaren eraginez... Anbotoko Mari, Txindokikoa, Dama, Señorie, Sorgina... Izen ugarirekin izendatu zituzten baina askotan pertsonai baten ezaugarriak beste leku batean beste izena duen beste pertsonaiak ditu.

Mitologia hurbila. Izaki magiko hauek, gure artean bizitzen dira. Eta kultura klasikoetara jotzen badugu, berriro ezberdina dela ikusi dezakegu. Pertsonai gehienen iturburua eta bizitokia Amalurra da, ez Olimpo edo zerua. Beraien arazoak gizakion arazoak ziren, harreman naturalak zeuden gizaki eta pertsonai mitologikoen bitartez: izaki batzuk onak ziren, beti laguntzeko prest, beste batzuk arriskutsuak...

Ahozko mitologia. Kondairak eta jakinduria herrikoia belaunaldiz belaunaldi pasatu da, ahoz aho, idatzi gabe XX. mendera ailegatu arte. Idatzitako lehenengo datuak bisitariek jasotzen zituzten, erromatarrek... Beraiei ezker jakin dezakegu zeintzun ziren pertsonai magiko batzuk, ze nolako erritoak burutzen ziren lurralde hauetan, ea. Eta suaren inguruan kontatzen ziren istorioei esker bizirik diraute beste mito batzuk jaso ditugu ere.

Kristautasunaren aurrekoa. Gure lurraldeetako ohiturak eta mitoak paganoak ziren, Kristautasuna ailegatu baino lehen zeudenak. Eta, handik aurrera, sinesmen berriekin batera nahastuak agertzen dira askotan, mestizaje berezi moduan. Kristautasuna transposizio hitzarekin azaltzen dena egin zuen askotan: paganoen kontra egin beharrean, haien mitoak erlijio berrian barneratu zituzten, haien leku sakratuetan eraiki zituzten tenplu berriak. Udako eta neguko solstizioak dira adibide argienak, eguzkiari lotutako erritoak kristautasunaren bi momentu bereziekin bat egin zuten modu artifizial batena, San Juan eta Jesusen jaiotzarekin hain zuzen ere. Odei.

Ilustrazioa: Daniel Castello, “Euskal Herriko Mitologia. Jentilen aztarnen atzetik” lanatik aterata.Mantendu beharreko altxorra

Gaur egun daukagun informazioa pasaden mendeko ikerlariei ezker ailegatu zaigu. Azkue, Barandiaran, Baroja... geroxeago Satrustegi, Juan Manuel Etxebarria, Jose Dueso... Beraiek bildutako informazio asko eta asko dugu. Kontutan hartu behar dugu, hori bai, XX. mendearen erdian transmisio kate naturala apurtu zela, errealitate hori aldatuz joan zela, gero eta arinago. Indar argia hasieran, gero irratia, telebista, ordenadoreak... Hori guztiak gure mitologia galtzeko bidean jarri zuen. XXI. mendean mitoak ez dira pasatzen belaunaldi berriei suaren inguruan; ordenagailuekin, liburuekin eta gisa honetako artikuluekin egin behar dugu lan, gure mitologia, kultur altxor txiki hau, bizirik mantentzeko.