68 Zenbakia 2000-02-25 / 2000-03-03

Gaiak

Hiri jasangarrien erronka

REKONDO, Julen

Hiri jasangarrien erronka Hiri jasangarrien erronka * Julen Rekondo Kezkagarriak dira hiriek bizi dituzten arazoak. Krisi sakonagoen adierazle dira, eta egungo hiri antolaketa eta garapenaren ereduak zalantzan jartzera bultzatzen gaituzte. Esaldi dramatiko horrek ematen dio hasiera Hiriko ingurugiroari buruzko Liburu Berdea delakoari, hots, 1990eko uztailean Europako Kontseilu eta Parlamentuko Erkidegoen Batzordeak egindako txostenari. Ordudanik Kontinente Zaharrean aldaketarik egin den arren, funtsean berdin dirau egoerak. Egia esan, uneotan ez da erraza Europako hiriei buruz hitz egitea; egokiagoa litzateke gune hiritarrei buruz aritzea. Hasiera batean bizi eta lan egiteko proiektuak ziren hiriak, baina gaur egun hiriosteko fenomenoak dira, gune historikoak, aldaketa handien ondorioz lo egiteko bloke eta auzo pobre bihurtu diren kanpoaldeak. Narratsak dira, komunikazio sare mota guztiekin nahastuta daude, eta natura etengabeko presio gizatiartzaile bati makurtuta dagoen hondakin bat besterik ez da. Horrelakoxeak dira Euskadiko gune hiritar gehienak. Azken urteotan maiz hitz egiten da jasangarritasunari buruz; krisi ekologikoaren inguruko saio eta hitzaldi orotan aipatu ohi da garapen jasangarria. Gainera, etorkizuneko erronkarik nagusienen artean lekutzen dute gobernu, enpresari, sindikatu eta GKEek. Garapen jasangarria zer den modu desberdinetara azaltzen den arren segun eta nork darabilen ahotan , honakoa da 1992an Río de Janeiroko Gailurrean Garapen eta Ingurugiroari buruz onartu zen agiri nagusiak (XXI Agenda delakoa) ematen duen definizioa: "belaunaldi honetako beharrei erantzuten dien garapena, datozen belaunaldiek beraienei erantzuteko gaitasuna kolokan ipini gabe". Helburu horiek lortuko badira, funtsezkotzat jotzen du Administrazio lokalek parte hartu eta elkarlanean aritzea, eta horretara bultzatzen ditu bere 28. artikuluan: mundu osoko Administrazio lokal bakoitzak bere XXI Agenda prestatzera. 1994ko maiatzean, hiri europar batzuek "Aalborg eko Karta"onartu zuten, Ríoko gailurrean hitzarturiko XXI Agenda aplikatuko duen lehenengo erreferentzia europarra dena, eta dagoeneko 350 hiri eta udalerri baino gehiagok sinatu dutena. Hitz gutxitan esateko, esperientzia aberasgarri honen helburua, besteak beste, "garapen lokalerako filosofia berri" bat ezartzea da, ingurugiroarekin, behar sozialekin eta ekonomiarekin bateragarria izango den ikuspegi orokor batean oinarrituz, xede berri batzuk finkatu ahal izateko, betiere maila lokal eta globala nahiz epe labur eta luzea kontuan hartuz. Hiriek ekosistema modura daukaten jokaeraren azterketa kontuan hartzea. Horrela, hiri bakoitzeko ingurugiroaren balantzearen ikuspegi bat eduki eta ingurugiroari eginiko kalteak neurtzeko aukera izango genuke. Era berean, energiari, urari, garraioei, hondakinei, etab.ei buruzko politika berriak zehaztu ahal izango lirateke. Elkarbizitzaren, ingurugiroaren eta hiriko bizitzaren kalitatearen onerako diren balore zahar eta berriak berreskuratzea. Hiriaren banaketa zorrotza gainditzea da asmoa, eta berriz ere hiri konpaktu, integratu, anizkoi eta hurbilaren abantailak eskura izatea, bere ahalmen guztiak ingurugiroarekin bateragarriak izango diren moduan errentabilizatuz. "Hazkunde mugagabearen" ideia baztertu, eta, horren ordez, hiria garatzeko beste oinarri batzuk finkatzea. Gizartearen beharrak ahaztu gabe, hirian bizitzeko beste modu bat eskainiko duen eredu bat aukeratzea, "etengabeko berziklapenaren" printzipioa aplikatuko duena, eta ez oraindik ere gure hirietan daukagun bestea: "sortu, erabili, bota, berriz ere sortu…". Hiria, hiritarren proiektu komuna denaren ideia berreskuratzea. Hiriaren eredua aldatzeko eta gizartea proiektu berrien inguruan egituratzeko, ezinbestekoa da informazioa ematea eta hiritarren parte hartea sustatzea. Euskal Autonomia Erkidegoan ez da mugimendu gehiegi somatu jasangarritasun lokalari dagokionez, nahiz eta azken bi urteotan ekimen eta esperientzia ugari ari diren sortzen. Aipatzekoa da Gasteizen kasua, 21 AgendaLokala moldatu duen lehenengo hiria izan baita espainiar estatu eta Euskal Herri mailan. Hiriburu arabarreko Udala osatzen duten sei taldeek 1998ko uztailean aho batez onartutako Agenda horrek udal politika berri bat aldarrikatzen du, ingurugiroaren jasangarritasun kontzeptua hiri politika guztietara zabalduko duena, agente sozial eta ekonomikoek ere jarraituko dutena, sentiberatasun ekintzak areagotuko dituena, eta, azken batean, hiritarren bizi kalitatea hobetuko duena. Gure udalerrietako ingurugiroaren kudeaketak bere egin behar ditu maila komunitarioko "hiri jasangarriak" edo "ekologikoki jasangarriak diren udalerriak". Gainditu egin behar da hiriko ingurugiro arazoak banaka aztertzeko joera, eta horren ordez, prozesu guztietarako integrazio sendo bat finkatu: erabaki politikoak hartzeko, arazoak aztertzeko, ondorioak balioesteko eta hiritarrek parte hartzeko. Garraioen planifikazioaren kasuan, esaterako, ibilgailuen trafikoa da euskal hirietan ingurugiro arazorik larrienak sortzen dituena, eta garraio publikoari eta kaleak eraikitzeari dagozkion erabakiak hartzeko apenas dago garraio jasangarriaren estrategia globalik. Honekin guztiarekin esan nahi dena da Europan hasitako prozesuan sartu beharra daukagula. Jada nahikoa informazio eta erreferentzia dauzkagu hasi ahal izateko; borondate politiko gehiago beharko litzateke ordea. Etorkizunerako koska ez dago gauza gehiago egitean, gauza desberdinak egitean baizik; egituraketa sozialeko prozesuetan ingurugiroaren eskakizunak kontuan hartuz jendearekin batera aritzean. Ireki ditzagun erakundeetako ateak, bil ditzagun hiritarrik dinamikoenak, antola ditzagun eztabaida guneak eta ausar gaitezen balore berrietan oinarritutako ingurugirokoak adibidez etorkizuneko eszenatokiak sortzen eta biharko egunak eskatuko dizkigun egitarauak antolatzen. Julen Rekondo, ingurugiro gaietan aditua. Ingurugiro arloko Estatuko saria.Ingurugiro tekniko eta kazetaria Euskonews & Media 68.zbk (2000/ 2 25 / 3 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria