675 Zenbakia 2013-10-16 / 2013-10-30
Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua
Arkeologian ekin zion ibilbide profesionalari eta arkeologiak etnologiari eman zion bide. Hala ere, Susana Irigarayk dioenez, kontziente da bere oraingo lanean arkeologiaren eragina nabari duela, batez ere ondare materialari berezkoa dion atxikimenduarengatik. Arkeologo edo etnologoa izanda ere, garbi dago iruindarra maitemindua dagoela bere ofizioaz eta gogo osoa jartzen duela eguneroko bere ihardunean.
Nafarroako Museo Etnologiko zuzendaria da egun, eta bestalde Nafarroako Gobernuaren Museoetako sailburua eta kargu horretatik —Nafarroako Museoaren salbuespenarekin— nafar museoen aholkularitza eta kudeaketarako ardura dagozkio. Nafarroako lurraldean museo desberdin ugari dira eta horiei zuzentzen zaie lana.
Lizarran kokatzen den Museo Etnologikoari dagokionez, berriz, 1966an sortu zen erakundea, Julio Caro Barojaren ekimenez, berari eskatu baitzion garaiko Diputazioak museo etnologiko baten diseinua. Hogeita hamar urte geroago Susana Irigarayk eskuratu zuen Museoaren zuzendaritza. Berak dioen moduan:
“Julio Caro Barojak bere “Nafarroa, lau sasoi” dokumentalean aurreratu zuen Nafarroa oso aberatsa dela etnografiaren aldetik. Txikia izango da geografikoki baina desberdintasunez beterik dago, nortasun historiko eta etnografiko garrantzitsu batekin apainduta. Singulartasun eta desberdintasun horren zumeekin daukagu daukaguna, hau da hamalau mila objektu baino gehiago, eta ideia orokorra eskaintzen digute Nafarroa historian izan denaz eta ohiko bizimoduak adierazi duenaz. Artisautza, nekazaritza, etxea eta oinarriko industria ditugu arlorik esanguratsuenak, mugarri kronologikoei begiratu gabe. Interesatzen zaiguna, piezak berezko bere balioa erakuts dezala da, nafar etnografiari buruzko ideia zehatza eskain diezagun”.
Museoak hiru bide erabiltzen ditu bere bildumak hazteko: erosketa, dohaintza eta gordailatzea. Azken kasu honetan objektuaren titularitatea ez da Museoarena eta formula hau, gehien bat, erakundeen ondareekin erabiltzen da. Azken urteotan ugaldu egin dira partikularretatik iritsitako bildumak eta horrek egundoko garrantzia du Museoaren beraren garapenerako. Hala ere, Museoa publikoari normaltasunez irekita ez egoteak zaildu egiten du erakundearen bilakaera, ondarearen ugazabak nahi duena bere altxorraren ahalik eta dibulgaziorik zabalena edukitzea baita. Eta egun hori ezina da, Museoaren etorkizun hurbilean ez baitago ateak zabaltzea.
Susana Irigaray jakin badaki ondare materiala eta ez materialaren artean lotura izan behar dela, objektuen adierazpenak behar bezala funtziona dezan.
“Museoaren eskuduntzen barruan ere dago ondare ez materialari dagokiona. Ukiezina den zerbait dugun arren, ondare etnologikoaren oso zati garrantzitsua da, nahiz eta nire ikuspuntutik ez material den orok ez duen balio etnologikorik. Baina zalantzarik gabe, ondare etnologiko gehienak oso balio ez material handia dauka. Objektuen bildumetan ez da balio materiala gehien interesatzen zaiguna —zaharra den, estetikoa dugun, nork egin duen ...— baizik eta bere alde ez materiala —ekoizteko modua, sinesmen eta erritu batzuekiko erlazioa ...— horrexek ematen baitigu objektu horiek erabili zituen iragan gizartearen pentsamoldean sartzeko aukera. Ondare ez materiala gauza ukigarrietan mugatu behar da. Musikak instrumentuak behar dituen bezala, dantzak soineko, buruko eta abarren premia dauka. Beraz, bada lotura jarraikia ondare mota bien artean. Eta ez dugu bakarrik ondare higigarriaz pentsatu behar, baizik eta higiezinetan ere —elizak, baserriak eta abar— lotura sendoa dugu, premia eta bizimodu zehatzei begira eraiki baitira.
Egia da ondare ez materiala oso zaila dela katalogatzeko. Badira ikerketa batzuk, metodologia eta lanabes egokiak erabili dituztenak eta emaitzak aintzat hartzekoak gertatu dira. Horra hor, adibidez, Unescoren 2003ko Aitorpena eta Espainiako Ondare Ez Materialeko Plangintza Nazionala. Plan horretatik lan ildo batzuk sortu dira katalogazioa ahalik eta modu erosoenean gizartera azaltzeko. Nafarroan, guk Museo Etnologikoan egin dezakegunaz gain, Ondare Ez Materialeko Artxiboa dugu, Unibertsitate Publikoan kokatua. Udalez doan egitasmoa da, auzokoak elkarrizketatuz, eta indexazio, ikerketa eta publikoarentzako zerbitzuko lan handi bati ematen dio bide, plataforma digitalen bitartez. Nafarroako ondare ez materialaren inbentarioa laster izango dugulakoan nago”.
Susana Irigarayk bere Museoaren ateak irekitzea du beste helburuetako bat, edozein museok eduki behar duen funtzioa hanka motz geratzen baita, gordetzen duena publikoari erakusterik ezean.
Susana Irigaray 2008tik Nafarroako Gobernuko Museo Saileko buru da.
“Museoak alde horretatik erronka handi bat dauka eta nik uste dut ez dela hain zaila, gure objektuek hunkitu egin baitezakete, transmititu. Objektua ikusteak bakarrik eraman gaitzake ulertzera zein nolako ahalegina egin behar izan duten aurreko belaunaldikoek eguneko teknologia eta errealitate sozialaren maila heltzeko. Beraz, abantaila horrekin baliatu behar dela iruditzen zait eta dibulgazioari behar bezala ekitea da helburua. Horrek hobeto eta gure buruekin gusturago bizitzen lagunduko digu, beraren gaineko ezagutzarik ez duena ezingo baita inoiz zoriontsu izan”.Susana Irigaray Soto (Iruña, 1966)Iruñan jaio eta bertan burutu zituen eskola ikasketak eta Historia karrerako lehendabiziko 3 urteak, Nafarroako Unibertsitatean. Salamancako Unibertsitatean 2 urtez Arkeologia eta Aurre-historia espezializazioa egin zuen bertan Historia titulua lortuz.Arkeologian egiten du lan urtebetez eta 6 urtez irakaskuntzan, gaur egungo DBHan klaseak ematen. 1996. urtean Nafarroako Gobernuan etnologia lanpostua ateratzen du, Nafarroako Etnologia Museoari lotutako lanpostua, alegia. Orduz geroztik bertan egiten du lan. 2008tik Nafarroako Gobernuko Museo Saileko buru da horrek dakartzan aginpideekin: alde batetik Nafarroako Museo Etnologikoaren Zuzendaritza eta bestetik, gainontzeko museoen aholkularitza, laguntza eta gestioa.