670 Zenbakia 2013-07-17 / 2013-07-31

KOSMOpolita

Guaraintciac Zacatecasetik. Ipar euskal emigrazioa Amerikara XIX. mendearen hasieran: amets baten errealitatea eta itzuleraren arazoa

ARAGÓN RUANO, Alvaro

Euskal Herriko Unibertsitatea



Gutxitan aztertu da zer esan nahi zuen emigranteentzat eurentzat itzulerak Amerikan zeuden bitartean, hau da, nola sentitu eta irrikatu zuten itzulera garailea beren etxeetara eta bitartean nola bizi izan zituzten handik jasotako berriak, nola helarazi zituzten euren bizipenak, e.a. Gaiaren inguruko lan ezak horrelako datuak eman diezaguken dokumentazio urritasunean du bere iturburua noski. Gure artxiboetan gordeta dagoen emigranteei buruzko dokumentazio epistolarra ez baita batere ugaria eta dagoenean gutxitan uzten baitigu hainbeste sakontzen.

Euskal emigranteen artean, Iparraldeko euskaldunen kasua berezia da, kontutan izanik garai hartan Frantziako herritarrak zirela eta Espainiaren kolonietara zihoazela, horrek egoera berezi bat sortzen zien; dena den, Amerikan ipar nafarrak, ipar euskaldunak eta hego euskaldunak denak euskaldunak ziren eta normalean ez ziren bereizten.

Oro har, posta zen etxekoekin kontaktuan egoteko ia modu bakarra; gutun bakoitzean herriaren eta senideen zatitxo bat zihoan, altxor moduan jasoko zutena eta hurrengoa jaso arte, behin eta berriz irakurriko zutena, herrimina elikatuz. Horregatik edozein gertakarik edo gerrak ardura sortzen zuen, gehienbat postaren ailegatzea zailduko zuelakoan; dena den, garai hartan ohikoa zen gutunak urte bat baino beranduago ailegatzea edo bidean galtzea. Nolanahi ere, bi aldeek gutunak ailega zitezen beste bideak eta azpikeriak erabili zituzten, Estatuen arteko gerretan harrapatuak zeudenean. Ohikoa zen gainera bitartekariak erabiltzea, normalean administrazio funtzionarioak edota merkatariak. Emigranteentzat oso garrantzitsua zen lotura mantentzea, are gehiago itzultzeko asmoa bazuten. Berarekin gogoratzen zirela ziurtzeaz gain, etxekoak ondo zeudela jakiteko parada zen. Harreman eta gogaidetasun honek itzulera baketsua eta erosoa ziurtatzen zuen nolabait, hau da, etxekoekin harreman ona mantenduz gero beti izango zuten itzultzeko parada. Angulo Moralesek esaten duen moduan, jatorrizko lekuekin mantendutako loturen atzetik badago interes izkutu bat: aberatsa bueltatu herriko auzokoen begirunea eta giza kontsiderazio altuagoa jasotzearren.1

Etxetik gutunik jaso ezean, emigratuaren kontra zeozer zutela edo berarekin amorratuta zeudela pentsarazten zion2:

Erraiten darotaçu eztaquiçula cer dudan çure contra eta cer eguin den elkharrentçat guinduben amodioa, phentxamendu hau fundatcen duçu ez ne ichiltasunian; ez ene Mariun maitea ezta ene baithan holacoric causitcen; eguia da uste nubela etcinela guehiago nitaz orhoitcen eta mudantca hau hartuaraçi çarotcula çuc daquiçun eta nic pasatu duban fortuna gaichtoac ceren gure Anaya maitea hiltcenaz gueroz eztut horco guaraintci bat errecibitu.3

Sarako Juan Martin Lehetechipik 1803an Zacatecasetik Sarako bere arrebari bidalitako gutunaren lehen orria da.

Signatura: Archives Départamentales des Pirénées-Atlantiques, IIIE9734_00366.

Zenbait kasutan, etxean diru bidalketen zain zeuden eta horrek zenbait egonezak eta gaizki-ulertzeak sortzen zituen senideen artean, are gehiago kontuan izanik zer nolako oztopoak zeuden dirua Europarantz bidaltzeko itsasoko arriskuak zirela medio, gehienbat gerra garaian.4

Kasu askotan emigratuek ez zuten idatzi nahi izan pairatutako zailtasunak eta aberastasun ezak bultzatuta. Emigratuak nolabaiteko lotsa sentitzen zuen, bertan igarotako urte ondoren ez baitzuen berak —eta bere familiak— amestutako aberastasunak lortu. Honek ematen digu adira zein zen emigrazioaren benetako helburua, bai emigranteentzat bai beren familientzat: aberastasunak lortu eta etxera bueltatu.5

Honek ere egiaztatzen digu noraino zegoen errotuta porrotaren inguruko kultura. Gutunetan errazago zen arrakastak deskribatzea porrotak baino, baina hauek ere ezin ziren estali. Agi denez, emigratuen artean emigratzeak etendura bat suposa zezakeen, porrotaren ondorioz harremanak ez mantentzea, harremanak izatea mingarria gertatzea edota denboran poderioz ahaztea. Dena den, badago arrakasta lortu ez zuenik eta Amerikan bertan geratu zenik, itzuli gabe.6

Emigrazioaren inguruan nolabaiteko legenda sortu zen euskal lurraldeetan: emigrazioak aberastasuna eta onurak besterik ez zizkien ekartzen emigratuei eta beren familiei. Amerikatik esku hutsik etortzeak mezprezua sor zezakeen ez bakarrik senideen artean, baita herrikideen eta auzokoen artean ere. Berri on horiek Euskal Herriko herri eta haranetik hedatzen ziren ziztu bizian, askotan handituak eta moldatuak; horien adibiderik garbienak dira kapilautzen, miserikordia kutxen eta elizkoi obren sorrera, dontzeilak, eskolak edota irakasleak mantentzeko diru-ematea, edota herriko elizaren berreraikuntza.7

Kontutan izan behar dugu, emigratzen zuena pribilegiatu moduko bat zela, aukera baitzeukan baserria eta bertako miseriak uztezko eta agian bizi “oparoa” eramateko Amerikan. Emigratzearen arrazoiak anitzak ziren eta kasu bakoitzean ezberdinak: zailtasun ekonomikoa eta zorpetzea, familia arazoak, egoera sozio-ekonomikoa hobetzea, abenturak aurkitzea, aurretik senideren bat izatea, e.a. Horretarako etxeko jaunak, hau da, familia buruak, aitak edo osaba aberatsen batek, bere semeetakoren edo hilobaren bat aukeratzen zuen eta itsasontziaren pasajea eta mantenua ordaintzen zion. Angulo Moralesek goraipatu bezala, ezin da ahaztu garai hartako gizartean famili, herri, adiskidetasun edota nagusitasun harremanek zuten pisua.8

Beraz, senideren emigrazioa inbertsio bat zen familiarentzat, nolabaiteko kontratua emigratuarekin: bidaia egiteko aukeraren truke honek bueltan Amerikan lortutako aberastasunak banatu behar zituen senideen artean. Elkartruke hori argi ikusten da gutunetan bidalitako goraintzietan, bai familiakoei bai ingurukoei. Hauek ziren bere familia zabala eta hauek Amerikatik ekarri beharreko altxorraren onuradunak.9

Are gehiago, emigratuak aberastasunak lortu ezean familiaren begirunea galduko zuela eta gaitzespena jasoko zuela beldur zen, Juan Martin Lehetechipik 1803an idatzitako gutunak adierazten duen moduan:

Bainan orai çure letra maitagarriarequin causitcen naiz dudarican gabe, çuri ene alderaco amodio fidelaz; erraiten darotaçu comprenitua çarela ene fortunaren gainean eta nohala çure aldera, partituco duçula çure ontasuna enequin eta eguinen darotaçula compainia ona çure alabac ere bai, mila eskher darotçuet çuen borodate onaz.10

Ez zen bakarrik begirune edo mezpresu kontua, emigratuak berak bere ohoreari zor zion arrakasta. Arrakasta lortu ezean ez zen gai izango lotsa gainditzeko eta bere senideen aurrean egoteko.11 Egia esan, emigratuak bazuen nolabaiteko erantzukizuna leinuarekiko, bera baitzen leinuaren izena mantenduko edo berreskuratuko zuena; beraz, arbasoen, orduko senideen eta leinuaren etorkizuna bere esku zuten. Aipatutako Lehetechipik, gonbita jaso arren etxera bueltatzeko, ez zuen onartzen, itzultzeko desiratzen egon arren, askorentzat hura ez zela bizitza osoa igarotzeko lurra eta herrimina sentitzen baitzuten12:

ene desirac parerican gabiac dire çuen aldian egoteco, choilqui nic daquit, hemen pasatu dituban trabailu handiac; bainan ene Mariun bihotcecoa ¿cer ohore nuque hogoi eta lau urtheren buruan diruric gabe hor aguertceco?.13

Emigranteentzat oso garrantzitsua zen lotura mantentzea, are gehiago itzultzeko asmoa bazuten. Berarekin gogoratzen zirela ziurtzeaz gain, etxekoak ondo zeudela jakiteko parada zen.

Zer nolako aurpegiarekin begiratuko zioten herrian, senideek zein auzokoek, hogeita lau urte Amerikan eman ondoren esku hutsik itzultzen bazen? Non geratuko ziren orduan senideek amestutako asmoak eta planak? Non leinuaren irudia? Pairatutakoak eta sufritutakoak bera bakarrik bizi eta jakin arren, inork ez luke ulertuko bere porrota. Horrexegatik, bueltatu nahi arren, ezin zuen eta bertan iraun behar zuen behintzat halamoduko fortuna egin arte. Fortuna eskuratzea zen emigratuen helburu nagusia eta ia bakarra, lehen baino lehen itzultzeko. Horrela idazten zion bere aitari 1733an Zacatecasetik Alfonso Martin Brihuegak:

Señor, por la Virgen santísima le pido a vuestra merced me hatienda, si, porque soy su hijo, pues dejándome vuestra merced alguna cosa para buscar la vida puedo hazer fortuna, la que será en venefizio de vuestra merced y de mi madre y hermanos, pues yo sólo tiro a ser gente y no zángano pues siempre he procurado mantenerme con onrra...14

Egia esan, etxekoek ederki asko zekizkiten anaiaren abenturak eta zoritxarrak, hain urrun egon arren. Kasu honetan, senideen eta ingurukoen garrantzia goraipatu behar da. Emigranteen joan etorriak ez ziren hain arraroak, noski baldin eta zorte ona izan bazuten, bestela zaila izango zen garraioaren kostua ordaintzea. Zortea izan zutenek eta hori aprobetxatuta, noizean behin jatorrizko lekuetara bidaiatu eta bertakoei emigratuei buruzko berri emango zieten; Marcelino Irianiren esanetan, bidai hauek ez ziren hain arraroak izango, XIX. mendea behintzat.15 Horretarako ezinbestekoak ziren adibidez lehengusuak edota osabak.16

Amerikarantz bidaia egin baino lehen egindako egitasmoak askotan bertan behera geratzen ziren hango errealitatearekin talka egin ondoren. Gauzak ondo joanez gero egonaldi gozoa egingo zuten emigratuek, lan eta lan burubelarri xedea lortzen, lehen baino lehen itzultzeko. Baina dena okerrera eginez gero egunetik egunera egoneza areagotuko zitzaien, beren buruei galdetuz zertarako utzi zuten etxea eta joan ziren hain urruneko lurretara; euren buruak harrapatuak ikusiko zituzten, irtenbiderik gabe. Egoera zail horietan etxekoak hain urruti izateak tristura areagotu eta egoerari aurre egiteko indarrak ahulduko zizkien. Zenbait senide gertu izateak lagunduko zuen, baina une horietan etxekoen oroitzapenak nagusituko ziren seguruenik; gutunetan antzeman daiteke haiek bizitutako bakardadea eta isolamendua, are gehiago bertan lagunik, emazterik edota sseniderik izan ezean. Momentu horiek gainditzeko etxekoen berri eta gutunak ezinbestekoak izango ziren, galdutako bidea brreskuratzearren, indarberritzeko, azken baten han zeuden eurek eta euren familiek bizi berri bat has zezaten Amerikan bildutako aberastasunei esker. Horrelakoetan aldiro itzulera buruan izango zuten, noski. Beraz, gauza bat zen arrakastak sortutako oparotasunaren istorioak eta beste bat benetako errealitatea. Batzuk hainbeste desiratutako helburua lortuko zuten azkenean beren herrietara bueltatuz eta beren aberastasunak partekatuz, baina beste asko bidean geratu ziren.

1 ANGULO MORALES, A. “El más feliz exitto de su destino...” Medios de integración del emigrante vasco en América y Europa durante el siglo XVIII”, in ÁLVAREZ GILA, O. eta ANGULO MORALES, A. (ed.) Las migraciones vascas en perspectiva histórica (siglos XVI-XX), Bilbo, EHU, 2002, 103 or.

2 USUNARIZ GARAYOA, J.M. Una visión de la América del siglo XVIII: Correspondencia de emigrantes guipuzcoanos y navarros, Madril, Mapfre, 1992, 38 or.

3 Archives Départamentales des Pyrénées-Atlantiques (ADAP), 3E 9734, f. 366.

4 BLÁZQUEZ, A., BRUNETON-GOVERNATORI, A. eta PAPY, M. “La documentación privada y la emigración: La correspondencia de emigrantes bearneses hacia América”, in ÁLVAREZ GILA, O. eta ANGULO MORALES, A. Op.cit., 216 or.

5 DURAND, J. “Los inmigrantes también emigran: la migración de retorno como corolario del proceso”, Revista Interdisciplinar da Mobilidade Humana, Año XIV, 26-27 (2006), 176-189 or.

6 ANGULO MORALES, A. Op.cit., 211 eta 213 or.

7 ANGULO MORALES, A. Op.cit., 109 or. eta USUNARIZ GARAYOA, J.M. Op.cit., 34-39 or.

8 ANGULO MORALES, A. “El más feliz exitto...”, Op.cit., 97-101 or. eta MÁRQUEZ MACÍAS, R. Historias de América: la emigración española en tinta y papel, Huelva, Ertoil, 1994, 15-21 or.

9 ADPA, 3E 9734, f. 369.

10 Ibidem, f. 367.

11 OTTE, E. Cartas privadas de emigrantes a Indias 1540-1616, México, Fondo de Cultura Económica, 1993, 32 eta 415-416 or.

12 Ibidem, 75-76 or eta USUNARIZ GARAYOA, J.M. Op.cit., 39-41 or.

13 ADPA, 3E 9734, f. 367.

14 MARTÍNEZ MARTÍNEZ, M.C. Desde la otra orilla. Cartas de Indias en el Archivo de la Real Chancillería de Valladolid (siglos XVI-XVIII), León: Universidad de León, 2007, 60-61 or.

15 IRIANI ZALAKAIN, M. “Hacer América”. Los vascos en la pampa húmeda, Argentina (1840-1920), Bilbo, EHU, 2000, 217 or.

16 ANGULO MORALES, A. Op.cit., 107-108 or. eta ETCHEVERRY, L. “L’expansion familiale consideré comme source de l’expansion coloniale: l’example des Basques”, Réforme Sociale, XLVI (1903), 799-808 or.