653 Zenbakia 2013-01-09 / 2013-01-16
Azken urte hauetan krisi ekonomikoa eta krisi honen ondorioak alor guztietan eragina izan dutela argi badago ere, oraindik zaila egiten zaigu aurreikustea etorkizuna nola izan liteke gehienbat krisia oraindik amaitu ez delako eta berarekin batera etorri diren ezaugarri berriak —hauetako asko krisia hasi baino lehenago gure artean genituenak— ekarriko dituzten aldaketak ere antzematen ez ditugulako.
Arkitekturaren alorrean krisiaren eragina handia eta sakona izan da. Krisiak ez baititu soilik hainbat proiektu eta eraikin geldi arazi, baizik eta arkitektura eraikitzeko hainbat usadio eta ohiturak gainera barneratuak genituenak ere zalantzan ipini dituelako. Ondorioz, arkitekturarekiko arazoa ez da bakarrik izan orain bapatean dirua agortu egin dela, baizik eta krisiaren ispilu berriak erakutsi digula bertan irudikatzen den gure irudia ez dela guztiz zuzena, arkitektura neurri batean errealitatetik kanpo bizi izan dela, herritarretik urruti, eta hainbat akatsetan modu errepikakorran behin eta berriro eroriz: testuinguru desberdinak kontutan hartu gabe, krisi aurreko susperraldi ekonomikoaren eta politikarien interesen menpe, izar bihurtutako arkitektoen distiren eraginpean, eta beste ezaugarri eta akatsen artean, formalismoa edo fatxadismoa ere deitu izan dena neurriz kanpo erabiliz.
Guzti honek ez du esan nahi krisi aurreko arkitektuta txarra izan denik edo arkitektoak egoera honen errudun bakarrak direnik, orokorrean azken hamarkadetan eraikin onak egin dira gure artean eta arkitektoak azken finean eraikuntzarekin lotura duen egitura konplexu baten piezak besterik ez dira izan —nahiz eta pieza garrantzitsuak izan, filmetan zuzendariak jokatzen duten paperaren antzera—, baina hemendik aurrera arkitektura ere aldatu egingo dela argi dago, garai berriak desberdinak izango direla eta ondorioz arkitektura garaikideak Euskal Herrian erronka berriak izango dituela. Azken finean, ez dugu ahaztu behar arkitektura gure gizarte eta bizitzetan oso garrantzitsua dela, eraikinetan bizi gera, askok bertan lan egiten dute, gure aisiaren zati handi bat bertan garatzen dugu eta ondorioz gure behar gehienak eraikinetan hasetzen ditugu. Eta eraikinez inguraturik bizi garenez argi dago eraikuntza hauek gure bizitzan, pentsamenduan, izaeran edo harremanetan duten garrantzia, eta ondorioz, arkitektura bera ez bada ere arte eder bat lehenik eta behin funtzio bat bete behar duelako, behar zehatzak hasetu ondoren bere formak ederrak izan daitezke —edo esanguratsuak, edo liluragarriak, edo sinbolikoak, edo ziragarriak ere— eta orduan, justu momentu horretan, une labainkor batean, eraikina arkitekturan bihurtzen da eta gizakia eta gizarterengan onurak besterik ez ditu eskaintzen.
Ozeanoa eta Surfaren Hiria, Biarritz (Steven Holl).
Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna
Onura hauek etorkizun batean gure artean amaiatu ez daitezen, aurrena artikulu honetan baina geroago beste hamar artikuluetan ere —urte amaiera arte hilabete bakoitzean bat, otsailetik hasi eta abendura arte— Euskal Herriko arkitektura garaikideak hurrengo urtetan izan ditzazken hamar erronka aukeratu eta garatuko ditugu, lehen artikulu hau sarrera eta aurkezpen moduan, eta hurrengo artikuluetan banan bana erronka bakoitza garatuz, horrela hamaika artikuluz egituratutako saila osatuz. Erronka bakoitzari eskainitako artikuluan azalpenekin batera hainbat eraikin esanguratsuen adibideak aztertuko ditugu non erronka hauetan planteatzen diren ezaugarriak gauzatuak eta islatuak aurkituko ditugu; adibiden aukeraketan espazioarekiko Euskal Herrira mugatzeaz gain denborarekiko azken hiru urte hauetan eraiki eta zabaldu diren eraikuntzen artean hautaketa egingo dugu, guztira hogeitamar bat eraikin aztertuz, eta aukeraketan muga bat ipintzekotan hautatu dugun data 2010 urtea izan da, uste baitugu urte horretatik aurrera krisia nabarmenki somatzen hasia dela arkitektura alorrean nahiz eta proiektu asko krisi aurrekoak izan; amaierarekiko aipatu, azken artikulua 2013ko abenduan argitaratuko denez aurten zabaltzen diren eraikin berri interesgarriak ere artikuluetan kokatzen saiatuko garela.
Aukeratu ditugun erronkak hamar izanik, beraien artean oso desberdinak dira arkitektura mundua osatzen duten alderdi diferenteak jorratzen baitituzte; hala ere, hamar erronken artean taldekatzeak, harremanak eta norabideak sortzen saiatu gara, nolabaiteko ildoa, istorio bat sortu nahian Euskal Herriko arkitektura garaikidearen hurbileko historia honetan. Eta sarrera ondoren, goazen erronka bakoitzaren aurkezpenarekin:1. Erabilera anitzeko eraikuntzen aldeko apustua
Krisiaren ondorioz baina baita ere garai berrien eraginez egun eraikuntzak erabilera anitzak jasotzeko prest egon behar dira. Garai berriekin beharrak aldatu diren neurrian, eta krisiarekin eraikin kopurua eta asmoak murriztu, azken hamarkada honen lehen urtetan nabarmentzekoa da zenbat eraikin altxatu diren erabilera anitzak jasotzeko asmotan; aldaketa honetan alde batetik tipologiekiko irakurketa berri bat aurkitu dezakegu, eta bestetik zatikatze printzipioaren eragina, non eraikin bat zatika ere erabili daiteke eta ez bakarrik osotasunean. Erronka honen islada Abaltzisketan kokatzen den Goibegi eraikinan aurkitu dezakegu (Javier Mozas eta Eduardo Aguirre arkitektoen lana), Salazar bailaran kokatzen den Balioanitz Zentroan (Natalia Gutierrez eta Julio de la Fuente) edo Pasai Donibanen eraikitzen ari diren Erabilera Anitzeko eraikinean (Iñaki Begiristain eta Ane Andonegi).2. Eraikuntza sistemen eta materialen inguruko hausnarketa
Oraingoan ere krisiaren ondorioz baina bereziki garai berrien eraginez —alde batetik material eta eraikuntza sistema berriak garatu direlako eta bestetik ingurugiro kontzientzia zabaldu delako—, eraikuntza sistemak aldatzeko aukerak zabaldu dira bereziki aurrefabrikatutako piezak erabiliz —prozesua azkartu eta merketu egiten baitute—, baina baita materialen aukerak hobekiago aztertuz ere, bai berriak direnak bai ohikoagoak eta hurbilekoak. Aldaketa sakon hauen eraginez eraikinak bai eraikuntza prozesuan aurrena bai mantenimendu lanetan ondoren, gero eta gutxiago kutsatu beharko lukete eta baliabideak eta energia aurreztu. Erronka honen ezaugarriak gauzatutak Tolosan kokatzen den Laskorain ikastolan aurkitu ditzazkegu (Juan Jose Gurruchaga, Maria Gurruchaga eta Ander Auzmendi), Iruñan eraiki den Biomedikuntza Ikerketa Zentroan (Antonio Vaillo eta Juan Luis Irigaray) edo Donostian aurkitzen den Carlos Santamaria Liburutegia eraikinean (Jaam Estudioaren lana).3. Arrazionalismo abstraktua eta minimalistaren garaipena
Eraikinen formekiko eta batez ere kanpoko itxurarekiko joera hau azken hamarkadetan garatzen joan bada ere, azken urte hauetan nabarmenki besteen gainetik ipini da. Aurreko urteetan gure artean formalismo adierazkorra eta esanguratsuaren aldeko joera nabarmen bat garatu bazen ere non forma organikoak eta kurboak modan jarri ziren Frank Gehryren Bilboko Guggenheim Museoaren eraginez, hamarkada berri honetan Rafael Moneoren Donostiako Kursaal proiektuaren geometria arrazionalista abstraktua eta minimalista gailendu da, Moneo berak Donostian Iesu elizan argi utzi duen bezala, Alvaro Sizak Bilbon Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaia Aretoa Paraninfoan, edo Ortuellako Kultur Etxean ere ikusi daiteken bezala (Aq4 Estudioaren lana).
Carlos Santamaria Liburutegia, Donostia (Jaam Estudioa).
Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna4. Adierazkortasuna eta komunikazio dimentsioa salbuespen
Baina orain ere, nahiz eta krisia gogor jo gure artean eraikuntza esanguratsuak, adierazkorrak, formalista joerarekin eta komunikazio dimentsioarekin ere eraikitzen dira; eta ez bakarrik zenbait proiektuak krisi garai aurrekoak direlako eta orain amaitu dira, baizik eta egungo denborak ere zenbait tipologietan eta eskaintzetan honelako eraikin motak behar dituztelako. Eraikin hauek ikusgarriak izan nahi dute, liluragarriak, harridura sortu sentimenduak mugituz, eta horretarako edukiak formen bitartez azalarazten dituzte, askotan arkitektura figuratiboa jorratuz, sinbolikoa, irudiz eta eta irudimenez hornituta. Erronka honetan txertatutak aurkitu daitezkeen eraikinen artean Donostiako Basque Culinary Center (Vaumm estudioa), Miarritzeko Ozeanoaren eta Surfaren Hiria (Steven Holl) eta Hernani eraikitzen ari diren Orona enpresaren egoitza berria (Xabier Barrubieta, Eneko Goikoetxea, Javier de la Fuente eta Santiago Perez) adibideak izango lirateke.5. Arkitektura jostun lana gisa ulertuta
Krisiaren ondorioz azken urte hauetan eraikin gutxiago altxatu badira ere, gure lurraldeko hiri eta herrietan oraindik lan asko egiteko dago. Eraikin, auzo eta pertsonen arteko harremanak eta loturak hobetu behar dira eta horretarako hirigintza plangintza orokorrez gain partehartze zuzenagoak eta zehatzagoak behar dira, plazak, zubiak, igogailuak, aterpeak edo beste eraikin txikien bitartez jostun lanak eginez egunerokotasunak inposatzen duen errealitateari aurre egiteko. Lan hauek azken urtetan gure herri eta hiri askotan egin badira ere, orain izan liteke garaia gehiagotan egiteko gehienetan partehartze merkeak eta azkarrak izaten baitira baina ongi egin ezkero gizakian eta gizartean onura handiak ere sortzen dituztenak. Erronka honen adibide gisa Iruñako Labrit zubia (Carlos Pereda, Oscar Perez eta Ignacio Olite) edota Potxonea eraikina Usurbilen (Juan Pedro Otaduy eta Ainara eta Maider Sagarna) aipatu ditzazkegu.6. Eskala txikiko arkitekturaren aldarrikapena
Aurreko erronkarekin jarraituz, jostun lan hauen artean eskala eta tamaina txikiko eraikinak nabarmendu eta aldarrikatu behar ditugu, askotan herri eta hirietan eraikin txiki hauek haundiak baino garrantzitsuagoak izaten baitira. Gainera modu honetan, partehartze txikiak defendatuz hezkuntza arkitektonikoa ere zabalduko baitugu, hau da, arkitekturarekiko errespetoa, eta hau lortu ezkero gizakia eta gizartearekiko errespetoaren eremuak ere bide batez handituko ditugu. Eta kontutan hartu behar dugu ere partehartze hauek askotan detaileak besterik ez direla izaten, etxebizitza eraikuntza multzo baten fatxadak koloreztatuz —Donostiako Herrera auzoan gertatu den bezala—, edo eraikin baten barne antolamendua birmoldatuz, Getariako Balentziaga Museoan egin den bezala (AV62 Estudioa). Guzti honekin lotuta, jarrera aldaketa bat antzematen da goi eta behe mailako arkitekturaren artean, hots, lehen arkitektura goi mailako eraikuntzak soilik izan zitezketen, eta orain, alderantziz, edozein eraikuntza ongi egina badago arkitektura ere izan liteke, betetzen duen funtzioa edo tamainarekin harremana izan gabe.7. Eraikuntza zaharrentzat erabilera berriak
Azken hamarkadetan iraganeko eraikuntza zaharren balio orokorra onartu bada ere eta asko izan dira aurrera eraman diren zahaberritze prozesuak, egun oraindik ere askotan zalantzazko jarrerak sortzen dira zenbait eraikinen birgaitze edo berreskuratze prozesuaz hitz egiten denean. Arazo hau batez ere sortzen da eraikina iraganeko garai historiko batean kokatuta ez badago, eta gainera, tipologia erligiosoa edo zibila garrantzitsu bat bete ez badu; ondorioz, adibide gisa, gure artean XX. mende hasieran eraikitako lantegi gehieneak ez dira salbatu. Horrela, ondare artistikoa eta gizarte oroimen garrantzitsuak galtzeaz gain, eraikin hauei ez diegu eskaini erabilera berriak jasotzeko aukerarik, askotan irtenbide hau merkeagoa eta azkarragoa denean. Erabaki honekin ondare orokorra kaltetzen dugu, artistikoa eta historikoaz gain, gizartearena. Ildo honetatik abiatu diren eraikinen artean Bilboko Alhondiga nabarmenduko dugu (Philippe Starck) edo hiri berean Erriberako Merkatua (Emilio Puertas).
Labrit Zubia, Iruña (Carlos Pereda, Oscar Perez eta Ignacio Olite).
Argazkia: Jose Javier Fernandez Altuna8. Eraikuntzen txertaketa testuinguru zabalean
Garai berri hauetan eraikuntzak testuinguru zabal batean txertatzen jakin behar dute, eta testuinguru honek ertz asko dituen forma bat da: iragana, paisaia, hirigintza, errealitatea, beharrak, gizakia, gizartea, e.a. Orain arte bereziki iragana eta paisaiarekiko errespetoa eta jarrera adeiatsuago bat eskatu bada ere, orain arkitekturari errealitatearekiko —nabarmenki errealitate ekonomiko berria— errespetoa eskatu behar diogu, ahal den neurrian eraikinak funtzionalak eta merkeak izan behar baitira, eta helburu hauek arkitekturaren bitartez eta ez bakarrik eraikuntza eginez lortu daitezke. Testuinguru anitz eta zabal honetan osotasunean eraikuntzak txertatzen erreza ez bada ere, zenbait eraikuntza hasi dira testuinguru honen zenbait alderdiak jorratzen eta bereziki azken urtetan paisaiarekiko sentsibilitate berri bat garatu dela argi dago Donostian San Telmo Museoaren eraikin berriak (Fuensanta Nieto eta Enrique Sobejano) edo hiri berean Aieteko kultur etxeak (Isuuru Estudioa) erakutsi duten bezala.9. Arkitektura talde lanen errealitatetik abiatuz
Gero eta gehiago arkitektura lanbidea talde lana gisa ulertuko da, eta ez bakarrik arkitektoak taldeetan elkartuko direlako beraien lanak aurrera eramateko asmotan, baizik eta beste lanbide eta jakintza arloko profesionalen partehartzea gero eta beharrezkoagoa izango delako; orain arte partehartze hau egituren kalkuloak egiten dituzten ingenieroei mugatuta bazegoen ere, orain eta bereziki etorkizun batean lanbide desberdinetako pertsonen elkarlana ezinbestekoa izango da. Eta gainera partehartze hau zabaltzen joan da, gizartearen partehartzea gero eta beharrezkoagoa eta zuzenagoa izango baita, azken finean eraikinen erabiltzaileen iritzia oso garrantzitsua baita proiektua diseinatu eta aurrera eramateko orduan, Bilbon Mariaren Bihotzeko plazan (5+1 Estudioa) gertatu zen bezala.10. Eta arkitektura lanbidean ere erronka berriak
Hurrengo urtetan arkitektura lanbidean aldaketa handiak gertatuko dira, ziurrenik ikasketak aldatuko dira edukiak arinagoak izanik, ondorioz aurreko jakintza multzo zabalak mugatuko dira eta sortuko diren hutsune berriak aipatutako talde lanak edota beste lanbidetako profesionalak bete beharko dituzte. Bestetik ziurrenik ere tamaina ertaineko estudioak desagertzen joango dira eta egoera berriak profesioa bi muturretara eramango du, estudio haundi eta txikietara. Baina estudioak handiak edo txikiak izanik hurrengo urteetan lehiakortasuna handia izango da eta gure artean kanpoko estudioen presentzia gero eta ohikoagoa izango denez gure estudioak ere lana bila kanpora atera beharko dute. Egoera honetan belaunaldi gazteak lanbidean txertatzea ez dute erraza izango baina egoera berri hauetan egokitzeko aukera gehiago ere izango dituztenez belaunaldi aldaketa baten aurrean kokatuko gara. Gazte hauen artean gero eta gehiago emakumeen parte hartzea esanguratsuagoa izatea espero dugu, kostata gertatzen ari bada ere eta oraindik proiektu garrantzitsuak gizonezkoen eskuetan badaude ere, dinamika hau hurrengo urtetan aldatu egin beharko luke.
Hamar erronka hauek hobekiago ulertu eta aztertu nahi dituenak azalpen gehiago eta adibideen bitartez —aurkezpen honetan aurreratutakoak eta aipatu ez diren beste batzuen bidez—, hurrengo hilabetetan beste hamar artikuluetan aukera izango du. Animatu zaitezte ibilbidea egiten.
Lotutako artikuluak