651 Zenbakia 2012-12-19 / 2013-01-02
Europeana, Europar Batasunak bultzatutako liburutegi digitala1, 2011-2015 bere plan estrategikoaren hirugarren urtean sartzera doa. Beste hainbat proiekturekin gertatzen den moduan, zalantza ekonomikoak egon badaude biltegi handi honen etorkizunaren inguruan. Baina horrek ez du esan nahi 2012 urtean proiektuak aurrera jarraitu ez duenik ez eta 2013rako ideia faltarik dagoenik.
Joan den azaroaren 27an Berlinen Europeana Network sarearen urteko bilera ospatu zen. Europeana Network Europeanara euren metadatuak gehitzen dituzten datu-hornitzaileen sarea da, horien artean Euskomedia Fundazioak kudeatutako Hedatuz gordailua. Bertan 2012an emandako pausuak aztertu genituen, bai eta 2013ra begira irekitzen diren aukerak eta proiektuaren finantziazioarekin sor daitezkeen arazoak ere.
2012 urte interesgarria izan da Europeanarentzat. Jasotzen dituen dokumentu kopurua izugarri igo da: soilik irailetik azarora bi milioi objektu berri gehitu dira, gaur egun hogeita bi milioitik gora direlarik Europeanan aurki daitezkeen argazki, liburu, kartel, bideo, mapa eta bestelako dokumentuak.2 Halaber, erabiltzaile kopurua geroz eta altuagoa da, urteko lehenengo bederatzi hilabeteetan sei milioi erabiltzailek euren jakin-mina asetzeko Europeanara jo dutelarik.
Joan den azaroaren 27an Berlinen Europeana Network sarearen urteko bilera ospatu zen.
Argazkia: CC BY - Europeana EU
Gainera Europeanan bildutako metadatuen erabilera geroz eta errazagoa da, bai alderdi legaletik, bai eta alderdi teknikotik ere. Alderdi legaletik, ekainetik aurrera bertan jasotako metadatuak Creative Commons Zero lizentzia baten pean argitaratzen dira, edonork nahi duen proiekturako (webguneak, appak, mashupak) berrerabiltzeko aukera duelarik. Hau 2011ean onartutako Data Exchange Agreement edo datuak elkartrukatzeko akordio berriari esker izan da. Akordio honi esker, datu-hornitzaile guztiek —liburutegiak, museoak edo bestelako kultura-erakundeak direla— Europeanari kudeatzen dituzten dokumentu edo objektuen metadatuen lagapena egin diote, azken honek horiek modu irekian argitaratu ditzan.
Metadatuen argitalpen ireki honek eragin zuzena izan du hauen berrerabilpena alderdi teknikotik errazteko bidean ere. Irailetik aurrera hogei milioi dokumenturen metadatuak RDF moduan deskargagarriak dira. Horietatik 2.4 milioi objektu Linked Data moduan atzigarriak dira. APIaren berritzearekin batera, pausu guzti hauek Europeanan jasotako informazio edozein webgune edo programan erabiltzea geroz eta errazagoa egiten dute, bai irabazi asmorik gabeko proiektuetarako bai zerbitzu komertzialetarako ere, kultura informazio iturri honen berrerabilpena bultzatuz.
Orain arte egindako bideaz gain, Berlinen Europeanak aurrera begira dituen asmoak ere azaldu eta aztertu ziren. Aurkeztu ziren proiektu eta ekimenetatik bi azpimarratu nahi genituzke: Europeana Cultural Commons Europeana Cloud eta.
Europeana Cultural Commons jadanik martxan dagoen ekimena da. Metadatuak modu irekian argitaratzeko bidetik aurrera eginez, ekimen honek edukiak ere edonork erabiltzeko moduan sareratzea bultzatu nahi du. Lan lerro hau ez da berria eta asko dira azken urteotan informazioa askatzeko jorratu diren bideak —Open Archives eta Creative Commons bera, batzuk aipatzearren—. Bi berezitasun ditu, ordea: erakunde kulturalei zuzendutako ekimen bat dela eta Europeanaren bultzada izango duela, Europeana Networkeko parte diren erakundeen arteko harremana indartzea bigarren helburu nagusi bezala.
Bileran 2012an emandako pausuak aztertu ziren, bai eta 2013ra begira irekitzen diren aukerak eta proiektuaren finantziazioarekin sor daitezkeen arazoak ere.
Argazkia: CC BY - Europeana EU
Europeana Cloud proiektuak ere metadatuetatik haratago joan nahi du, baina oraingo honetan alderdi teknikoago batetatik. Aipatu moduan, orain artean Europeanak metadatuak baino ez ditu bere sisteman jasotzen, dokumentuak datu-hornitzaile bakoitzak gordetzen dituelarik. Baina digitalizatutako dokumentuen kudeaketa —gordetzea, zaintzea, sareratzea— erakunde askorentzat buruhauste bat da. Hori dela eta, Europeanak dokumentuak jasoko dituen azpiegitura bat sortu nahi du, dokumentazio digitalaren zaintzarako estandar eta baldintza guztiak beteko lituzkeena. Europeanan parte hartu nahi duten erakundeentzako —bide horri ekiteko nahian dauden euskal erakundeentzat ere— Europeana Cloud beste arrazoi bat izan daiteke, askotan euren lan-eremutik urrun ikusten duten
Egitasmo guzti hauek izan dezaketen arazorik handiena finantziazio gabeziarena izan daiteke. 2013rako aurrekontua ziurtatuta duen arren, Europeanak oraindik ez du argi 2014etik aurrera zer nolako diru iturriak izango dituen. DG Connect programako Detlef Eckert argi utzi zuen Europeana oinarrizko zerbitzu bat dela Europar Komisioaren agenda digitalean, digitalizazio proiektuak ere finantzatzeko aukera ireki zuelarik. Baina ekonomia atzeraldi egoera honetan, estatuak Connecting Europe Facility —Europeana eta beste hainbat programa finantzatu beharko lituzkeen markoa— onartzeko arazoak jartzen ari omen dira.
Egia da egoera ekonomikoa ez dela xamurra. Baina egia da, aldi berean, ezin ditugula kultura dokumentazioaren digitalizazio, sareratze eta zabaltze programa guztiz bertan behera utzi. Espero dezagun Europeanak aurrera jarraitzeko arazorik ez izatea eta geroz eta dokumentu gehiago biltzea. Bide horretan euskal erakunde gehiagok parte hartzea guztiz pozgarria litzateke.
1 Europeanaren azalpen zabalago bat: ARRIETA BARO, Iñaki; CUESTA EZEIZA, Arantza; RONCAL GONZÁLEZ, Aitor: Europeana. Euskal Kulturaren Europarako zubia. Euskonews, 590. alea, 2011.
2 Europeanan jasotzen diren eta etorkizunean jaso nahi diren dokumentu-kopuruaren bilakaera Europeana Object Numbers orrialdea modu grafikoan ikus daiteke.