646 Zenbakia 2012-11-14 / 2012-11-21
Gaur egun, “krisi” kontzeptua entzutera ohitu gara: krisi ekonomikoa, demokraziaren krisia, krisi ekologikoa, zaintzaren krisia..., hainbat dira nozio honi atxikitu dizkiogun elementuak. Hartara, “krisia”, mendebaldeko gizarteak definitzeko egun erabil genezakeen kontzepturik egokiena dela ematen du. Halaber, krisiarekin batera, nahi eta nahi ez, hertsiki lotutako beste ideia politiko bat agertzen zaigu: “gatazka”. Etimologikoki, gatazka (lat. Conflictus= talka egin) alde bien arteko zeinahi talkari egiten dio erreferentzia. Baina kontzeptuaren erabilera modernoan, berariaz egindako topaketa inplikatzen du.1
“Gatazka” eta “krisia” nozioak dira, hain zuzen ere, Sozio-ingurumen gatazkak eta sozio-ingurumen demokrazia. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Kataluniako Autonomia Erkidegoen arteko ikuspegi konparatu bat doktorego-tesi europarrak konektatu nahi izan dituen ikerlanak (2011ko maiatzean, UPV EHU)2. Hurrengo artikuluan, arestian aipatu ikerlanaren oinarrizko nozio teorikoetan oinarrituta, afera publikoan hainbeste erabiltzen eta eztabaidatzen diren kontzeptu horien bien arteko harreman posible baten azalpena aurkezten dugu.Demokraziaren krisia eta sozio ingurumen krisia
“Demokrazia ordezkatzailea krisian dago”, maiz entzun dugu horrelako onarpena. Agerikoa da, demokraziaren jaiotzatik bertatik hasi zirela berorrekiko kritikak eta polemikak. Klasikoez aparte, egun eta batez ere 1960 eta 1970eko hamarkadetatik aurrera, demokrazia garaikideari kritikak egiten dizkiotenak asko dira. Nolabait, pentsalari klasikoek paratutako kritiken jarraipena suposatu dute, izatez, oraindik ere demokraziaren inguruan jorratzen diren eztabaidak: interes orokorra, legitimazioaren bilatzea, errekurtsoen eta eskubideen birbanaketa eta gobernu perfektua, besteak beste, eztabaidagai direlako.
Demokraziaren krisiari, sozio-ingurumen krisia gehitu behar diogu. Errekurtsoen bukaera ematen ari da. Egun, munduan kontsumitzen den energiaren gehiengoa erregai fosiletan (petrolioa, ikatza, gas naturala), eta neurri txikiago batean, energiaren generazio nuklearraren bidez lortzen da.
Argazkia: CC BY - L.C.Nøttaasen
Baina, zergatik diogu krisi demokratiko batean murgildu egin garela? Demokraziaren krisiaz hitz egiten den bakoitzean hiru ditugu, gutxienez, azpimarratu behar diren krisiaren erpinak. Lehenik eta behin, agerikoa da hiritarren instituzioekiko artegatasuna areagotzen ari dela. Errealitate horren adibide desberdinak aurkitzen ditugu gaur egun, besteen artean: Estatu espainiarrean garatutako “democracia real ya” mugimendua (2011), edota Italian garatutako “per i referendum e la democrazia” mugimendua (2010-2011). Manifestazio sozial horiek biak instituzio publiko eta botere politikoarekiko hiritarrek duten mesfidantzaren hezurmamitzeak dira: errotik kritikatzen dute botere juridiko, betearazlea eta legegilearen izaera inpositiboa, eta hortaz, ez parte-hartzailea. Bigarrenik, alderdi politiko eta aktore politiko tradizionalekiko herritarren mesfidantza nabaria sumatzen da. Estatu espainiarrean, batik bat, “klase politikoarekiko eta alderdi politikoen antolakuntzarekin” kezka zabaldua dago; CIS-aren 2701. azterlanaren arabera galdetutako hiritarren %12,2ak pentsatzen du hori dela, hain zuzen ere, espainiar Estatuan existitzen den arazorik larrienetakoa; kezka zerrenden seigarren lekuan kokatzen delarik; langabezia, terrorismoa, etxebizitza eta immigrazioaren atzetik (CIS, 2007: 4. galdera). Azkenik, herritarrek politika formalarekiko jarrera kritiko pasiboa azaltzen dutela esan ohi da. Hirugarren erpin horren erakusle: hiritarren parte-hartze formalaren beherakada da. Espainiar Estatuaren adibidearekin jarraituz, apatia horren hezurmamitze desberdinak aurkitu ahal dira: 1987tik 2007ra, hauteskunde lokaletan, parte-hartzearen beherakada %6,17an eman da; hauteskunde europarretan, berriz, 1987tik 2009ra parte-hartzearen %23,62ko murrizpena eman da.
Hala ere, artikulu honen sarreran esan bezala, demokraziaren krisia ez da gaur egun agertzen zaigun krisi egoera bakarra. Horri sozio-ingurumen krisia gehitu behar diogu. Bigarren krisi hau ere, “krisi hirukoitza” da, hots, hiru erpinetan deskribatu daitekeen krisia (Riechmann, 2008: 6). Lehenik, errekurtsoen (energetikoak, hidrikoak, elikadurazkoak, errekurtso edafikoak eta faunistikoak) bukaera ematen ari dela azpimarratu behar dugu. Egun, munduan kontsumitzen den energiaren gehiengoa erregai fosiletan (petrolioa, ikatza, gas naturala), eta neurri txikiago batean, energiaren generazio nuklearraren bidez lortzen da. 1989an jada, petrolioa 40 urte gehiago iraunen zuela adierazten zen, eta gas naturalak 60 urte gehiago. Iparraldeko Estatu hiper-garatuen auto-hornitutako energia ez da kontsumitzen duten energiaren erdira ere heltzen eta, beraz, petrolioaren inportaziora jo behar dute. Horrek kalte bikoitza dakarrelarik; garraiorako energia gehiago erabiltzea eta beste lurraldeetako errekurtso finituen ustiakuntza (datuak Fernández Buey eta Riechmann, 1998: 112 eta Hernandez, 1985: 109 aterata). Bigarrenik, gizakiaren jardueraren ondorioz kutsadura eta hondakinen hazkundea ematen ari dela esan behar da. “Egungo gizarteak sortu dituen kutsadura gaseoso, edafiko, hidrosferiko eta psiko-sozialaren zifra altuak ez dira historiaren zehar ezagutu” (Hernandez, 1985: 150). Munduko Osasunaren Erakundeak (MOE) dioenez, kutsadura atmosferikoak urtero 1.2 milioi hildako eragiten ditu (MOE, 2009: 9). Halaber, hondakinen kudeaketari dagokionez, Espainiako Ingurumen Ministerioren datu ofizialen arabera, Estatu Espainiarrean, 2005ean, 22.353 miloi tona hiri hondakin solido jaso ziren. Hondakin mota hauen produkzioa 1996tik 2003 tartean %40ean igo egin zen Estatu Espainiarrean (Greenpeace, 2006: 10). Beraz, ondorioztatu daiteke hondakinen sorrera eta kutsadura tasa gutxitu ezean, handitu egin dela urtez-urte, honen gizakiarenganako eta planetarenganako eragina eta zama handituz ere. Krisi honen azken erpina gizakia eta naturaren arteko gerra harremanean hezurmamitzen da, hots, “teknosfera eta biosferaren arteko gerran” (Riechmann, 2008)3. Mendeetan zehar naturaren menpe bizi izan ziren gizakiak. Industri iraultzak arrazoiaren irabazia ekarri zuen eta natura, arrazoi antropozentrikoaren menpe gelditu zen. Horrek, denboraren zehar naturarekiko harreman botere desorekatuak mantentzera eraman gaitu, alegia, natura errekurtso-hornitzaile gisa antzematera. Naturak ematen dizkigunak inoiz bukatuko ez balira.
1. Irudia. Sozio ingurumen krisia eta demokraziaren krisiaren arteko harremana
Iturria: egileak berak egina
Hartara, 1. irudian aurkezten den bezalaxe, aipatu bi krisiek konektatuta agertzen dira errealitatean. Krisi horien erdigunean, berriz, gatazka agertzen zaigu. Izan ere, gatazka, alde batetik, gizakiek ingurumenarekiko duten arduraren seinale dugu. Bestalde, herritarrek afera publikoan parte-hartzeko duten interesaren hezurmamitzea da. Interes hori, zehazki, gobernarien erabakien arteko eta hiritarren nahien arteko deskonekzioan du oinarria.Gatazkak: krisien kontrapozoi
Konfliktoarekiko oinarrizko jarrera teoriko-praktikoa kontuan izanda, hiru multzotan bana ditzakegu gatazkarekiko jarreraren araberako autore taldeak: gatazkaren ezeztatzaileak (gatazka aurkatu nahi dutenak), konstruktibistak (gatazkak harreman sozialen ondorioetako bat dela uste dutenak) eta gatazkaren desiratze irrazionalaren jarraitzaileak. Horrela, bada esaterik, historikoki gatazkaren ezeztatzaileen planteamenduak gainjarri direla besteen gainetik eta horrek, gatazkaren kriminalizazioa jarrerarik zabalduena bihurtu du.
Hala ere, Sozio-ingurumen gatazkak eta sozio-ingurumen demokrazia. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Kataluniako Autonomia Erkidegoen (EAE) arteko ikuspegi konparatu bat ikerlanean detektatutako 218 sozio-ingurumen gatazken artean (218 gatazka horien banaketa geografikoa ezagutzeko ikusi 2. eta 3. irudiak) aukeratutako zortzi azterketa kasu oinarri izanda4, gatazkak, oro har, eta sozio-ingurumen gatazkak zehazki, demokraziaren demokratizaziorako aukera politikoaren egitura irekitzeko mekanismoak direla hauteman ahal izan dugu.
2. Irudia. 2000 eta 2007 urteen artean Kataluniako Autonomia Erkidegoko sozio ingurumen gatazkak (%).
Iturria: egileak berak egina
3. Irudia. 2000 eta 2007 urteen artean Euskal Autonomia Erkidegoko sozio ingurumen gatazkak (%).
Iturria: egileak berak egina
Aipa dezagun, “demokrazia ordezkatzailearen eredua, gerra hotzaren bukaeraz geroztik, demokrazia eredu bakarra balitz inposatu egin dela” (Bourg eta Whiteside, 2010: 42). 4. Irudian antzematen den legez, eredu ordezkatzaile honek, prozesu demokratiko itxia sortzen du. Herritar eta ordezkarien arteko elkarguneak aurretik mugatuta daude, alegia: lau urtero hauteskundeak, noizean behin erreferenduma eta beste botere esku-aldatze forma mugatuak aurkezten dira. Ildo horretan, gatazkek oro har, eta sozio-ingurumen gatazkak zehazki, demokraziaren izaera itxiarekin eta zehaztuarekin haustura bat suposatzen dute. Pluralismoaren erakustaldi diren heinean, demokraziaren bestelako ibilbideetan sakontzeko adarrak jorratzeko abagunea da. Zehazki: mekanismo parte-hartzaileak sortzeko eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko; demokrazia saretzeko eta sakontzeko, hots, aktoreen arteko harremanak sortzeko abagunea. Demokrazia prozesuaren irteera zentrifugo horren adibide anitz digu gaur egun, besteen artean: munduaren zehar peak oil prozesuagatik sortutako Transition towns ekimenak; Ekuadorren petrolioaren bukaerari erantzuna emateko Yasuní-an dagoen petrolioa lurperatuta uzteko proposamena, edota Brasilen sozio ingurumen gatazken ondorioz hiritartasun nozioari paratu zaion kritika eta alternatiba kontzeptuala (florestania). Hala eta guztiz ere, gatazkek kontrako inpultsoa sor dezaketela aipatu beharra dago, alegia, demokraziaren sakontzea mekanismo parte-hartzaileen bidez albo batera uztea eta Estatua eta botere faktikoen izaera errepresiboa sakondu esparru demokratikoa itxi arte. Azkenen honi demokraziaren irteera zentripetoa deituko diogu. Irteera mota hau, administrazioaren partetik estrategia desberdinen bidez hezurmamitu ahal da. Bada: gatazken oposizioko aktoreen kriminalizazioa egin daiteke konfliktoaren desaktibazioa sustatzeko, gatazka beraren eta oposizioaren ikusezintasuna (mediatikoa eta soziala) sustatu ahal da, konfliktoa beraren existentzia murriztu egin da kasu batzuetan ere, edota oposizioaren zatitzea bultzatu zein profitatu gatazkaren disoluzioa emateko.
4. Irudia. Sozio ingurumen gatazkak eta demokrazia ordezkatzailearen arteko harremana.
Iturria: egileak berak egina
Aurreko guztia esanda, azpimarratu behar dugu gatazken irakurketa estatiko eta negatibisten aurrean, hots, gatazka mehatxutzat hartzen dutenen aurrean, badela ideia politiko hori aukerabidetzat hautematen duen ikerketa lerroa. Horren ildotik, bada esaterik, gatazkak oro har, eta sozio-ingurumen gatazkak zehazki, gizarteari berez atxikituta agertzen zaizkiola nahi eta nahi ez. Hauek marko orokorra, konplexua eta globala eskaintzen dute, non (botere) harremanak sortu eraiki eta berreraiki ahal diren. Zentzu horretan, sozio-ingurumen gatazken izaera, gutxienez, hirukoitza dela esan dezakegu. Lehenik eta behin, bizi garen krisi egoeraren hezurmamitzeak dira. Bigarrenik, krisiaren kulturaren sustatzaile konkretuak dira eta hirugarrenik, demokraziaren demokratizazioa garatzeko behar den emergentziaren kulturaren sortzaileak dira.Erreferentzia bibliografikoak
BOURG, Dominique eta WHITESIDE, Kerry, 2010. Vers une démocratie écologique. Le citoyen le savant et le politique. Seuil. Frantzia.
CIS. ___, 2007. Sobre la calidad de la Democracia. 2701 ikerlana.
FERNANDEZ BUEY, Francisco eta RIECHMANN, Jorge, 1998. Trabajar sin destruir; trabajadores sindicatos y ecologismo. HOAC. Madril.
GREENPEACE, 2006. La situación de las basuras en España. Greenpeace. Madril; [Kontsulta: 2012-02-14].
HERNANDEZ, Rafael, 1985. La crisis ecológica ¿De dónde viene, a dónde nos conduce? Laia/ Divergencias. Bartzelona
KASSAS, Mohamed, 1990. “Los tres sistemas ecológicos” Papeles para la Paz, 37 (83- 92). Madril.
MOE, 2009. Protecting health from climate change Connecting science, policy and people. MOE. Ginebra
RIECHMANN, Jorge, 2008a. ¿En qué estamos fallando? Cambio social para ecologizar el mundo. Icaria. Bartzelona.
1 Politika eta Administrazio Zientzian doktore europarra. Egun, UPV-EHUko Politika eta Administrazio Zientzian doktore osteko ikerlaria da, doktore berriak kontratatzeko eta horiek doktorego ondoko prestakuntza-programetan sartzeko programaren bidez. jone.martinez@ehu.es
2 Ikerlan honek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Jesus María Leizaola ikerketa-sariaren accesit-a jaso du 2011.
3 Soziosfera, ekosfera eta teknosfera, M. Kassas-ek (1990: 83- 92) argibideturiko kontzeptuak dira. Soziosfera; gizakien antolakuntzarako sortu diren formula juridiko, legal, politiko eta administratiboak dira, alegia, politikaren gestiorako formulak. Ekosfera; ingurumena osotzen dituen elementuei egiten die erreferentzia, finean, teknosfera; gizakiak teknologien garapenarekin sortu dituen makina eta teknologien multzoa da. Hiru hauei, laugarren sistema bat gehitzeko proposamenak izan dira, hots, “noosfera”, bada, “gizakia eta biosferaren arteko harremanen gestiorako ideia eta ezagutza aplikatuen multzoa” (Kassas, 1990: 84).
4 EAEn: Asparrenako ecofuel fabrika, abiadura handiko trena —Atxondon—, Mutrikuko portuaren handitzea eta Urnietako errauskailu proiektua. Katalunian: Castellolí-ko zabor-lekua, AHT —Sagrada familiako ibilbidea—, Montcada i Reixac-eko errauskailu eta Montcada i Reixaceko Lafarge fabrika.