639 Zenbakia 2012-09-21 / 2012-09-28
Artikulutxo honetan Translation in the Basque Language Film Polysystem (link pdf) disertazioaren euskarazko aurkezpena egiten da. Lan hau Londreseko Roehampton Unibertsitatean entregatu zen 2011ko irailean, bertako Ikus-entzunezko Itzulpengintza masterraren azken moduluaren barruan.
Aldian aldian, bikoizketa vs azpidazketa debatea haizatzen da euskarazko hedabide idatzietan eta ezinbestean iritzi kontrajarriek elkar jotzen dute maiz iruzkin-hari luzexkak izaten dituzten artikuluen bueltan. Iritzi horiek irakurrita, konstatazio batera irits daiteke, alegia, argudio gehienak subjektiboak direla eta sarri preferentziazko kuestio batera mugatzen direla.
Debate hau aspaldi samarrekoa da hizkuntza gehienetan. Teknika batak eta besteak aldezleak nahiz kontrarioak dituzte, eta asko idatzi da itzulpen modu bakoitzaren abantailei eta desabantailei buruz.
Bata edota bestea lehenestea eskuarki izaten da ohituraren poderioz eratutako jarrera bat. Espainiaren kasuan, esaterako, bikoizketak du pisu handiena tradizioan, eta ikusleek film eta telesail bikoiztuak nahiago dituzte. Orain, hitz egin iezaiozue bikoizketaren abantailei buruz azpidazketa nagusi den herrialde bateko biztanle bati eta ikusiko duzue.
Edonola ere, arlo honetako hainbat adituk (adibidez, Frederic Chaume eta Jorge Díaz Cintas) argi dute bikoizketaren eta azpidazketaren artekoa “polemika faltsu bat” dela. Bi itzulpen moduak dira balekoak, eta areago, osagarriak. Egoera ideal batean, bi-biak erabiliko lirateke neurri bertsuan, beharrizan eta interes ezberdinak asetzeko.
“ETB hasi zenean 1980ko hamarkada hasieran, bere programazioaren parte handiena atzerriko ekoizpenek osatzen zuten.”
Argazkia: CC BY - espensorvik.
Guztiarekin, egoera ideal horretatik alde, argi dirudi ezen gizatalde jakin baten testuinguru, ezaugarri eta beharrizan ezberdinek faboratzen dituztela ikus-entzunezko praktika batzuk beste batzuen gainetik, eta, kasu gehienetan, aukeratu beharra dago (aldiz, gogora dezagun ezen DVDaren industrian, Espainia bezalako herrialde batean, gaur egun teknika biak konbinatzen direla).
Gai honetaz arduratzen direnek zerrendatu izan dituzte hizkuntz komunitate bat “azpidazketa” edota “bikoizketa” eremuan kokarazten dituzten arrazoiak. Horrelako sailkapenen irizpideak kontuan hartzen ditu alderdi teknikoak nahiz finantzazkoak, eta baita ere hizkuntza politikaren, hezkuntzaren eta politika sozialaren inguruko faktoreak.
Herrialde bat bikoizketaren edo azpidazketaren arte erabakitzera mugidatzen duten faktore historiko eta ekonomikoak gorabehera, hizkuntza gutxituekiko komuniteateen kasuan, hautua hizkuntza politikako faktoreetan datza nagusiki.
Asier Larrinagak, EITBko Euskara Zerbitzuen Arduradunak, euskarazko bikoizketaren historiari buruzko artikulu batean esaten digu ezen “Euskal Telebistan azpidazketa ez da filmak euskaratzeko alternatiba bat [...], Euskal Telebistak euskaraz esana den emisioari ematen baitio lehentasuna lehen kanalean”. Ahozkoa idatzizkoaren gainetik. Beraz, badirudi gurean hautuaren arrazoi nagusiak hizkuntzaren normalizazioari erantzuten diola.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoan, kontsiderazio hauexek eraman zuten telebista publikoa bikoizketaren alde egitera, inportatutako saioak itzultzeko modu egokiena zelakoan. Hain zuzen ere, ETB hasi zenean 1980ko hamarkada hasieran, bere programazioaren parte handiena atzerriko ekoizpenek osatzen zuten.
Halere, ikusle heldu eta gazteei zuzenduriko film eta telesailen kopuruak behera egin du nabarmenki urteek aurrera egin ahala (haurrentzako produktuen kasua beste kontu bat da) eta, gaur egun, haien presentzia anekdotiko hutsa da. Egoera honetan, bikoizketak hizkuntza normalizazioari begira izan lezakeen balioak zalantzazkoa dirudi.
“Ikusle heldu eta gazteei zuzenduriko film eta telesailen kopuruak behera egin du nabarmenki urteek aurrera egin ahala.”
Argazkia: CC BY - .reid.
Aurkezten dugun lan honetan auzi guzti hauek kontuan hartzen dira. Gure helburua da nabarmentzea itzulpengintzak izan dezakeen garrantzia euskarazko filmen polisistema txikian (hau da, bai jatorriz euskaraz egin diren bai euskaratuak izan diren film eta telesailen multzoan) eta kontsideratzea zein puntutaraino azpidazketa izan daitekeen bikoizketaren alternatiba egoki bat ikus-entzunezko itzulpengintzan. Nolanahi ere, hemen ez gara sartuko bikoizketa vs azpidazketa kontrobertsian; aitzitik, gure premisa da bi itzulpen sistemok berdin baliagarriak direla eta maiz elkarren osagarri.
Defenditzen dugun tesiaren arabera, merkea, egite bizkorrekoa eta inplementatzeko erraza izaki, azpidazketak sustatu dezake euskarazko filmen proliferazioa. Honek egin beharreko urrats saihestezina dirudi, areago normalizaziorako bidean orain arte zinema alde batera utzi duen kultura batentzat.
Gutxienik objektiboa den ikuspuntua hartu ahal izateko, nahitaezkoa izan da euskarazko filmen polisistema definitzea eta zedarritzea —horretarako, lehenik eta behin hura ezagutzea— kontuan harturik jatorrizko ekoizpena eta itzulitako ekoizpena ikus-entzunezko medio nagusietan: zinema, telebista, etxe-bideoa eta Internet. Ondoren, sistema horren azterketa egin da euskarazko kulturaren eta inguruko sistema kultural indartsuenen markoan, bereziki Espainiakoan. Kontestualizazio lan guzti horren emaitza lan honetan jasotzen da.
Ondorioen kapituluan polisistema indartzeko bi ideia aurkezten dira. Lehenengo ideiak proposatzen du azpidazketa praktikaren hedapen planifikatua garatzeko ekinbide bat, atzerritar produktuen presentzia areagotzeko helburuarekin. Bigarren ideiak mahaigaineratzen du euskarazko film produkzio osoa, jatorrizkoa nahiz itzulia, katalogatzeko eta jendartearen eskura jartzeko egokitasuna.
Eranskinean, beste gauza batzuen artean, Euskal Herriko hainbat pertsonei egindako inkesta xume baten emaitzak jasotzen dira. Bertan, euskarazko filmak ikusteko ohiturak eta ikus-entzunezko itzulpen preferentziak azaltzen dira.
Irakurri lana bere osotasunean: Translation in the Basque Language Film Polysystem (link pdf)