633 Zenbakia 2012-07-13 / 2012-07-20
Elias Gallastegi.
Merkataritza ikasketak egin eta euskara ikasi zuen gaztetan. Bilboko Euzko Gaztedija taldean hasi zen politika lanetan eta geroago, talde horretako buru zela, Euskal Herriko independentziaren aldeko joera politikoa bultzatu zuen Aberri izeneko astekariaren bidez, Comunión Nacionalista taldeko autonomisten aurka. Harreman estuak izan zituen irlandako Sinn Fein talde abertzalearekin, eta Irlandako esperientziez baliatu nahi izan zuen euskal abertzaletasuna independentziarantz abiarazteko. 1921. urtean erabat moztu ziren Comunion Nacionalista taldearen autonomiaren aldeko joeraren eta Eli Gallastegiren independentziaren aldeko joeraren arteko loturak.
1925. urtean Donibane Lohitzunera jo behar izan zuen eta ondoren Mexikora 1926. urtean.
1931. urtean Hego Euskal Herrira itzuli zen, euskal nazionalismoko bi adar nagusiek bat egin ondoren. Ez zuen estatutuaren bidea onartu, hasieran haren aurka ageriko joera ez erakutsi arren. 1931. urteko irailean preso hartu zuten berriro eta gose grebari ekin zion kartzelan beste hamabi lagunekin batera. 1932. Urtean I. Aberri Egunaren antolakuntzan parte hartu zuen, buruzagi nazionalistekiko aldeak gero eta handiagoak ziren arren.
1933an Por la libertad vasca artikulu bilduma eman zuen argitara eta hurrengo urtean utzi zuen betiko Eusko Alderdi Jeltzalea, Jagi-Jagi taldeko mendigoizaleekin batean, independentziaren aldeko joera garbia bultzatzearren. 1936ko Gerra Zibilaren hasieran, Euskadiren neutraltasunaren aldeko azaldu zen eta faxistek Bilboko hiria hartu ondoren Frantziara jo zuen. Irlandara igaro eta handik Donibane Lohitzunen egokitu zen Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren.