62 Zenbakia 2000-01-14 / 2000-01-21

Elkarrizketa

Jean Haritschelhar: "Gure belaunaldiak Euskaltzaindian egin duen lana oroitzekoa izanen da"

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Jean Haritschelhar Jean Haritschelhar, euskaltzainburua "Gure belaunaldiak Euskaltzaindian egin duen lana oroitzekoa izanen da" * Maria Agirre Jean Haritschelhar Baigorrin jaio zen, orain dela 76 urte, baina duela 35 Angelun bizi da. Urte horietan guztietan une garrantzitsuak bizi izan ditu euskaltzainburuak. Azkena, joan den abenduan, urrezko ezteiak ospatu baitzituen bere familiartekoez inguratuta. Gezurra badirudi ere, Haritschelhar orain dela 14 urte jubilatu zen. Jubilatua den arren, lehen bezala lanean dihardu eta ordu asko eskaintzen dizkio Euskaltzaindiari. Zeintzuk izan dira, Haritschelhar en bizitzan, urterik garrantzitsuenak? 1962ko urtea berezia izan zen. Urte horretan, Baionako euskal erakustokiko buru izendatu, Bordeleko unibertsitatean sartu, eta euskaltzain oso izendatu ninduten. 1986 arte Bordeleko unibertsitatean egon naiz, eta erakustokian 1988 arte. Bestalde, 1966an, euskaltzainburu orde izendatu ninduten, eta 1988ko abenduan honoris causa doktore EHUn. Hamabost egun beranduago, berriz, euskaltzainburu. Noiz arte euskaltzainburu? Ikusiko dugu. Pentsatzen dut orain, adin batetara heldu naizenez, beharko dudala utzi. Euskaltzaindia epe desberdinetan ezagutu dut. Batetik, frankismo garaian, frankismo indartsu eta zorrotzean. 50 eta 60. hamarkadako garaiak ere ezagutu ditut, Euskaltzaindia ahal zen bezala bizi zelarik. Orain egoera bestelakoa da, eta ezin da konparatu orain dela berrogeita hamar urtekoarekin. Giroa erabat aldatu da, eta Euskal Herria euskalduntzen ari da. Iazko azaroan Madrilen izan zineten euskaltzaindiako hainbat kide, eta zuk esana da aurrekontuak direla eta, aurrekoak baino eskuzabalagoak suertatu direla Aznarren gobernukoak. Hala da? Egia esan gauzak aldatu egin dira, eta urtetik urtera diru gehiago ematen digute. Duela hiru edo lau urte berrogei milioi jasotzen genituen, gero laurogei izatera iritsi ziren, ondoren ehun, eta aurten ehun eta hamabost milioitara iritsi gara. Kopurua nabarmen gehitu da, bainaguk egiten dugun lanerako milioi horiek beharrezkoak dira. Arrazoia da, gobernuak akademien lerroan ezarri gaituela, eta horregatik, diru gehiago jasotzen dugu. Baina era berean, uste dut hemengo politikoek, bereziki EAJkoek, lan handia egiten dutela hau horrela izan dadin. Frantziako Gobernuaren jarrera bestelakoa da? Iparraldean militantismoa bada, borrokatzen gara, baina gure agintariek badakite elkorrarena egiten. Ez dute entzun nahi. Onartu dute euskarak onura publikoa izatea, eta hori ez da aise lortu, baina ez da hegoaldean bezala. Hemen akademien mailan gaude, baina Frantzian ez. Izan gara Akitaniako burua ikusten, baina dirurik ez. Ez da berdina dirua galdegitea Espainiako gobernuari edo Frantziakoari. Hala ere, hemengoek ez didate galdetu ea Frantziak zer egiten duen. Gure eginahalak egiten ditugu, baina debaldetan. Bakarrik ukaiten dugu ehun mila libera kontseilu orokorrarengandik. Gainontzean zein da iparraldean euskarak bizi duen egoera? Esaten denez, iparraldean euskara galtzear dago. Niretzat egoera ez da hain tragikoa, nahiz eta batzuek erraiten didaten optimistegia naizela. Egia da beherakadan sartuak garela, eta azken ikerketak erakusten du euskaraz dakitenen kopuruak behera egin duela. Hau da, 18 urtetik 25 urtera arteko %11k bakarrik dakiela euskaraz eta mintzatzen dela euskaraz. Kopuru hori txikia da, baina orotara %26 gara, eta hori ez da gutxi. Gertatzen dena da EAEn kopurua igotzen ari dela, eta Iparraldean jaisten. Ikerketan bestalde, ez da ikastolen eragina jasotzen. Hau da, 18 urtetik abiatzen da, eta ikastoletan, guztira, %17 dira euskara hutsean edo zerbait euskaraz ikasten dutenak. Kopuru hori, gainera, handitzen ari da. Pentsatzen dut beherakada bukatua dela, eta kopurua pixka bat gehituko dela. Hori da nire analisia, baina batzuek diote optimistegia naizela. Euskara galduko dela Iparraldean? Ez dakit, beharbada bai. Baina Euskal Herri guztian ez da euskara galduko, indarra hemen baitago, hegoaldean. Hala ere, esandakoa, Iparraldeanere bada militantismoa eta badira gurasoak euren haurrak ikastolan edo B ereduan sartzea erabakitzen dutenak. Jakina, ez denek, baina bai %17k, eta emeki emeki kopuru hori emendatuko da. Bestalde, iparraldeari gagozkiolarik, askotan aipatzen da ofizialtasunaren kontua ere. Ofiziala izateak asko aldatuko luke euskararen egoera iparraldean? Hemen aldatu badu, iparraldean ere bai. Hemen, Jaurlaritzak bere eskuetan du bai hezkuntza eta baita kultura ere, eta hori ez da guti. Frantses jakobinoek ez dute Frantzian berdina gertatzen utziko. Euskaltzaindiak ofizialtasuna galdegina dio Frantziako Gobernuari, baina hori ez dugu aise lortuko. Hala ere, dudarik gabe, behin eta berriz egingo dugu eskaria, hori baita gure eginbidea. Euskarak bi giro ezagutzen ditu, bata hegoaldekoa, bere ofizialtasunarekin, eta bestea iparraldekoa. Baina hizkuntza bakarra da, eta euskaldunek ezin dute hori jasaten ahal. Nik uste dut urrats bat aski handia izanen dela iparraldean ofizialtasuna ukaitea, baina honetan ez naiz hain optimista. Orain dela hamalau urte hasi zen Euskaltzaindia Euskal Atlasa egiten, eta oraindik ez da ezer kaleratu. Zein da atzerapenaren arrazoia? Ez da atzerapena. Lehenik inkestak egin dira, eta inkesta horiek lan handia ekarri dute. Pentsa, 145 tokitan aurkitu dugu lekuko bat, eta lekuko bakoitzari 2.800 galdera egin dizkiogu. Gero horiek behar dira entzun eta ezarri alfabeto internazionalean. Atlasa agertzen denean, ezingo da konparaketarik egin Bonapartek egin zuen lanarekin. Lehenengo liburukian izango dira 300 mapa, denak koloretan. Diruari dagokionez, bide onean gaude behar den dirua lortzeko. Argitaratuko dira bi gauza, batetik entzunezkoak, CD ROM gisa, eta bestetik, atlasa. Lehenengo liburukia prest dago, badira lau hilabete prest dagoela, baina dirurik ez. Pentsatzen dut orain lortzeko bidean gaudela, dagoeneko erdia lortu baitugu eta beste erdiaren zain gaude. Hori gauzatzen denean, argitaratzen hasiko gara. Orotara hamar liburuki izango dira. Atlasa zinez ikusgarriaizango da. Jendea konturatuko da zer diren gure euskalkiak, eta argi geratuko da nork egin duen gehiago euskalkien alde, Euskaltzaindia ez baldin bada. Atlasak, beraz, aurrerapen ikaragarria ekarriko digu. Nik ez dut ukatzen Bonapartek lan handia egin zuela bere garaian, baina atlasa, gure belaunaldiak egina ukanen duen lan handia izanen da. Beraz, batetik atlasa izanen dugu, eta bestetik, Orotariko Euskal Hiztegia, gramatika, onomastika.... Nik argi eta garbi erraiten dut: gure belaunaldiak egin duen lana oroitzekoa izanen da. Euskaltzaindian 1960tik 2010garren urtera arte egina izanen den lana, beste belaunaldiek kontuan hartuko dute. Garai historiko batean bizi gara, eta garai horrek erakusten du alde batetik, euskararen berpiztea, eta bestetik, euskara ez dela sekula hain sakondua izan Euskaltzaindian eta EHUn. Zinez, lehenbiziko euskaltzainen ametsa gauzatzen ari gara. Hauek aipatzen zuten hiztegi bat, gramatika bat, atlasa... eta horiek guztiak guk eginen ditugu. Beraz, sekulako aurrerapen zientifiko bat ekarri dugu. Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna? Ikusten dudana da, emeki emeki euskaldunen kopurua emendatzen ari dela eta Euskal Herria euskaldunagoa izanen dela. Hala ere, beti izanen gara elebidunak. Nik pentsatzen dut, hegoaldean, euskara eta gaztelera beharrezkoak direla eta hirugarren hizkuntza frantsesa beharko lukeela izan. Iparraldean, berriz, euskara eta frantsesa beharrezkoak, eta hirugarrena gaztelera. Beraz, euskaldunak behar du izan hiru hizkuntzaren jabe. Hori da etorkizuna. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 62.zbk (2000/1/14 21) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria