617 Zenbakia 2012-03-16 / 2012-03-23
Zerk motibatu zintuen duela 34 urte Lapurdiko inauteri eta neguko ohituren gaineko datuak biltzera?
Hasi nintzenean, nire ideia ez zen orain irten den bezala, publikatzeko lan bat burutzea. Lan hori egitera bultzatu ninduena, neguko jai tradizionalaren fenomenoa ulertzeko beharra izan zen, hauek babestu ahal izateko. Horrela, poliki-poliki Lapurdin zehar eta herriz herri, ia galduta dauden antzinako ohiturei buruz galdetzen eta horietan parte hartu zuten mutilekin hitz egiten ibili zen ikerketa talde bat sortzen joan ginen. Zenbait ohituren memoria salbatu eta ulertzeko lan bat bezala hasi zena, iraganarekin elkarlotzen eta herriei gaukotasuneko nortasuna eskaintzen dieten ospakizun berriak sortzeko abiapuntu bilakatu zen modu horretan.
Thierry Truffautek 1978an Lapurdiko inauterietako eta neguko ohituren datu bilketa sakona hasi zuen.
Argazkia: Iratxe Murga
Etnografia lan bat da, baina baita historia lan bat ere.
Hain zuzen, dokumentu-ikerlan garrantzitsua dago. Euskal Herrian eta baita Frantzian ezagutzen den dokumenturik zaharrena berreskuratu dugu, hain justu, zezenekin egiten ziren dibertsio herrikoien gainekoa. Inauterietan Baionako kaleetan zezen edota idiak txuliatzeko debeku bati buruzkoa da. Testua 1289koa da. Jendeak ez daki, ez dela horrenbeste denbora Iparraldeko herri askotan inauterietan entzierroak egiten zirela.
Egutegiaren antzinako ikusmolde bat eta horri lotutako erritualak zeudela frogatzen du zure lanak. Zer nolako ezaugarriak zituen denboraren gaineko ideia horrek?
Gabon ziklo bati edo inauteri ziklo bati buruz hitz egiten da, baina azkenean, negu eta udaberri arteko tentsio baten barruan sartzen da. Urritik edo azaro hasieratik Pazkora arte, ohitura zen gazteek urte zaharra ‘hil’ eta berria etorrarazteko ekintza ugari garatzea. Iragaite ohiturak dira: iragandako urtetik berrira pasatzea. Inauteria prozesu horren parte bezala ulertu behar da.
Hausnarketa sakona egin duzu Artzaren jai-figurari buruz. Nola azaldu neguko ohituretan ohiko irudi horren presentzia?
Ez da Euskal Herriko berariazko zerbait, Europa zaharrekoa baizik, non zenbait antropologo eta historialariren arabera, hartzari kultua egiten zitzaion antzinako ohitura bat egon zitekeen.
Zuberoan egindako ikerketetan, Txomin Peillenek gizakia hartzetik sortua izan zenaren sinesmena jaso zuen, hau da, hartza lehenengo gizakia edo gizateriaren fundatzailea izan zela esatea moduko zerbait.
Hartzak heriotza eta bizitza sisteman hartzen du parte. Azaro erdialdean hibernazioan sartzen denetik eta negu osoan zehar, ez da gure artean egoten eta horregatik gizon-emakumeak arriskuan daude: gizateriaren amaiera moduan da. Hartzaren irteera ematen denean, otsaila eta martxoa bitartean, bizitzaren itzulera ematen da baita ere. Horregatik, hartza esnatu asmoz gazteak zarata egiten joten dira, hartzarekin ernaberritzen baitira bizitza eta ugalkortasuna. Horregatik hartzak jaietan neskak jarraitzen ditu, ugalkortasuna transmititu behar dielako izaki bizidunei eta naturari. Hartza-jainkoa antzinako sistema bat da.
Thierry Truffaut liburuaren aurkezpen ekitaldian, bere ondoan Jose Mari Velez de Mendizabal.
Argazkia: Iratxe Murga
Uztaritzen urteak daramatzate inauterietan hartzaren iratzartzea ezagutarazten kaskaroten (dantzariak) parte hartzearekin. Etorkizunari baikor begiratu behar al zaio inauteri tradizionalen irauteari edo Lapurdi hiritarragoaren identitate sortzaile diren forma hibrido berriei dagokienez?
Zalantzarik gabe. 70eko hamarkadan, gure datuen bilketa hasi genuenean, Uztaritzek bakarrik, eta Ezpeletak eta Hazparnek apur bat, inauteriak modu oso berezian kontserbatu zituzten, gauza handirik gabe. Adibidez, Uztaritzen guztiz ahaztu zuten kaskarot taldearekin batera hartz bat irteten zela. Pertsona nagusiek, nola irteten ziren esan ziguten, nola joaten ziren etxez etxe hartzarekin, 50. hamarkada amaierara arte inauteria nolakoa zen kontatu ziguten.
Gaur egun, galdu egin da, erritua nekazal pentsamolde batetik lurraren emankortasun ekintza moduan ulertzeko era, Lapurdiko jendea egun ez baita pentsatzeko modu horretan sartzen.
Beraz, beste identitate forma bat bilatu behar da, dantzekin eta askotariko elementuekin, forma zaharrak eta modernoak nahastuta, euskal kultura modu sortzailean bizi ahal izateko denbora-espazio bat sortuz. Modu horretan, Lapurdiko mutil eta neskek nortasun momentu berezia daukate, apenas turismorik ez dagoen eta komunitatea apur bat bere baitan bakartuta bizi den urteko garai batetan euskal kultura bizitzeko unea. Herri batzuetan beste herrietako ekintza propioak burutzen dituzte; beste udalerrietan, hainbat elementu mailegatzen dituzte; zaharra modernoarekin nahasten da... Oso ongi dago: azkenean, denak kontserbazio eta modernizazio ideia ematen du.
Hitz egin dezagun azkenik obraz. “Vers un inventaire des traditions carnavalesques et hivernales de la provincie du Labourd / Euskal Herriko Lapurdi probintziako inauteri eta negu ohituren zerrendatze bati buruz”. Nola dago egituratuta eta zer nolako edukiak eskaintzen ditu?
Liburuaren ideia, nire bilduma eta beraien materialarekin ekarpena egin duten beste ikertzaile batzuena (Jean-Michel Guilcher, Xabier Itçaina, Michel Duvert, Jean-Pierre Espilondo, Pierre Gil, Franck Dolosor...) herriari bueltatzea da.
Vers un inventaire des traditions carnavalesques et hivernales de la provincie du Labourd/Euskal Herriko Lapurdi probintziako inauteri eta negu ohituren zerrendatze bati buruz, liburuaren azala.
Guztira 3500 orrialde dira, DVD formatuan editatu direnak; urritik Pazkora bitarteko ohituren egutegiaren sintesi bat, pertsonaiak eta landatarra izatetik hiritarra izatera igaro den probintziaren testuingurua ulertzeko Lapurdiren aurkezpen bat jasotzen duen 150 orri inguruko liburu baten barruan. Hiru DVDtatik lehenengoak 40 monografia hartzen ditu, Lapurdiko herri bakoitzeko bana. Monografia bakoitzak dokumentazio erreferentziak ditu, ezagutzen den lehenengo erreferentzietatik berriki idatzitakoetara. Herri bakoitzean, ohitura ezagutzeko eta gaur egunera arte edukitako garapena zein izan den jakiteko egin diren inkestak daude. Testu, argazki eta marrazkiak jaso dira, zaharrenetik (Lapurdiko inauteritako lehenengo argazkia 1887koa da) 2011ra arte. Bestalde, musika eta janzkiak aztertu dira denboran zehar. Eta monografia bakoitzaren azken atala, XIX. mende erdialdetik gaur arte prentsan argitaratutakoari eskainita dago.
Ordubeteko iraupena duen beste DVD batean, duela urte piloa inauteriak egiteko moduari buruz euskaraz hitz egiten duten pertsona nagusien testigantzak jasotzen dira. Eta azkenik, hirugarren diskoak, hau ere ordubetekoa, azken hamar urteetan Lapurdin inauteriak eta neguko jaiak nola berreskuratu eta kontserbatu diren erakusten dituzten autorearen film etnografikoak jasotzen dira, dantza, musika eta testuinguruarekin. Thierry Truffaut (Baiona, 1957) Antropologoa, eta Gizarte Zientzietan (Antropologia eta etnologia) diplomatua eta doktoregaia Pariseko École des Hautes Étudesen, eta Frantziako Tolosako Mirail Unibertsitatean Gizarte Antropologia Zentroko LISST Laborategiko kide elkartua. Bere ekimen ikertzailea, Ipar Euskal Herriko eta Gaskoniako Ondare Immaterialaren babes, transmisio, eta garapenaren aldeko konpromiso aktiboarekin txandakatzen du 1974tik. Iparraldeko ohituretan aditua, horiek, eta batez ere inauteriek, egutegiarekin duten erlazioan jarri du arreta 1978tik antzina. Artikulu eta obra ugariren egilea, elkarte kultural anitzetako kide aktiboa da, besteen artean, Eusko Ikaskuntza, Lauburu, Etniker Iparralde eta Lapurtarrak erakundeetakoa, azken horretako fundatzaile-kide izan zelarik. Halaber, Euskal Dantzarien Biltzarreko Ohorezko Lehendakaria da.