613 Zenbakia 2012-02-17 / 2012-02-24
Zure aurrekariak ezagututa, eleanitza zarela zalantzarik ez dut. Baina esan, zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Maila ezberdinetan, baina esan nezake oso ongi dakizkidala bost: gaztelania eta portugesa txikitatik, euskara, ingelesa eta katalana. Frantsesez eta italieraz ere defendatzen naiz. Halere, tranpa txiki bat daukate hizkuntza latindar direnek, bat edo bi ikasita besteak erraz barneratzen dituzula. Egia da okertzeko ere aukera gehiago ditudala!
Euskara nire euskal etxean ikasten hasi nintzen. Beno, berez nire amak ikasi gura zuen euskaraz, eta ez zeukan ni norekin utzi, eta berarekin eramaten ninduen. Printzipioz ikastaroak helduentzako ziren —nik 11 urte besterik ez nituen— baina ni onartzeko konbentzitu zituen arduradunak. Azkenean berak utzi beharra izan zuen, eta nik jarraitu nuen.
Beraz euskara, zure hirugarren hizkuntza dela esan genezake. Nola izan zen horren urrutitik lengoaia ikasteko prozesua?
Egia esateko, geneukan erritmoa nahiko motela zen, astean bi orduko eskolak genituen, eta kontuan hartu garai hartan ez zegoela ez Internetik, ez satelite bidezko telebistarik eta ondorioz, oso denbora gutxi zen benetan hizkuntza barneratzeko. Kaseteak eta Bai Horixe! saioko bideoak erabiltzen genituela gogoratzen dut...
Maite Iturre Brasilen jaio zen baina bere gurasoak argentinarrak dira, eta gaztetan bueltatu zen familiarekin batera La Plata hirira.
Gerora, 17 urte inguru nituenean, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeetarako euskara irakasleak trebatzeko programan sartu nintzen, eta nabarmen egin zuen hobera nire euskarak. Barnetegi modukoak antolatzen zituzten Argentinan bertan, eta herrialde osoko parte-hartzaileak elkartzen ginen, Euskal Herriko irakasleekin.
Baina akordatzen naiz egunerokoari dagokionez, beti arazo bera naukala, teoria bai baina hizketarako gaitasuna falta zitzaidala. Euskal Etxean euskaldun zahar bi besterik ez zeuden, bata Ondarroakoa —ulertzeko zailtasun itzelak nituen!— eta Bergarako beste bat.
Ondoren, eta programa hari amaiera emateko, Lazkaora bidaiatu nuen, eta Maizpide Barnetegian egonaldia egin nuen eta ikaragarri lagundu zidan esperientzia hark.
Euskal Herrira etorri eta hemen kokatu duzu bizimodua. Hala, EHUn matrikulatu eta ikasle fina zinela erakutsi zenuen!
Ez nuen denbora asko igarotzen ikasten, baina denbora ahalik eta gehien aprobetxatzen zuen horietarikoa nintzela esango nuke. Adibidez, klasera joaten nintzenean, apunteak hartu, garbira pasatu, eta gauzak buruan grabatuta geratzen zitzaizkidan. Gaiak egunean eramaten saiatzen nintzen eta azterketen aurreko astean, nahiz eta esprinta egin behar, ez nuen behintzat zerotik hasi behar. Eta balio izan zidan, Karrera Amaierako Ez-Ohiko Saria eta Espainiako Estatuko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako 2005-2006ko Karrera Amaierako Lehen Sari Nazionala jasotzeko.
Nazioarteko Harremanetan aditua zaitugu. Zerk erakarri zintuen eremu horretara?
Nire historiak berak bultzatuta uste dut hartu nuela bide hori. Birramona eta birraitona emigratzaileak izan ziren; baita nire gurasoak ere —Argentinatik Brasilera eta buelta— eta nik neuk zirkulu bat itxi dut Euskal Herrira bueltatzen. Gehien bat horrexegatik hasi nintzela iruditzen zait, baina bestalde, egia da betidanik erakarri nautela nazioarteko politika gaiek.
Askotan badirudi estatuek kanpo harremanei larregi begiratzen dietela, eta etxeko aferetan harreman horiek ez dituztela zaintzen.
Bai. Baina iruditzen zait gaur egun ezin direla banatu barne zein nazioarteko politika kontuak. Oso lotuta daude beraien artean, nahiz eta askotan ezetz dirudien. Bizi garen mundu honetan kanpoan eta barruan gertatzen dena oso lotuta dago, ekonomiari begiratu besterik ez dugu egin behar. Eta ez hori bakarrik. Azken denboraldian denon ahotan dabil Wikileaks famatua baita ere. Eta hor argi eta garbi geratu da zer nolako harremanak dauden kanpo eta barne mailan gertatzen diren gauzen artean. Horregatik ez dut pentsatzen bi politika maila horiek bereizgarriak izan daitezkeenik.
Euskal Herriko Unibertsitatean Politika eta Administrazio Zientziak ikasi eta Nazioarteko Harremanetako bidea hautatu zuen.
Lanari dagokionez, irakasle ere aritu izan zara.
Bai Argentinan eta baita Euskal Herrian ere. Aurrenekoari dagokionez, euskara irakasle moduan hiru urtez aritu nintzen; eta gero EHUn orain gutxira arte Nazioarteko Harremanak ikasgaia emateko aukera eduki dut hiru urtetan.
Egia esan asko gustatzen zait irakasle beharretan aritzea. Baina bestaldetik, nire esperientziarekin ikusi ahal izan dut unibertsitatearen egiturak ikaragarri mugatzen gaituela gauza berriak egin nahi izanez gero. Bestalde, ikasteko dagoen eredu bertikala hautsi gura izanez gero ere traba ugari daude, bai lankide eta baita ikasleen aldetik... Baina kontuak kontu, lanbide bezala izugarri gustatzen zait!
Hitz egin dezagun diasporaz. Maiz esaten da bertan bizi diren euskaldun askok Euskal Herria idealizatuta edukitzen dutela.
Egia da horrelako irudia edukitzen genuela, bai! Halere, egun gauzak aldatu dira, Internet eta telebistari esker, neurri handi batean. Dena dela, nahiko idealizatuta egoten da Euskal Herria, oro har, euskal etxeetan —eta nire kasuan, baita sendian ere— lur haietara joandakoen istorioak entzuten baikenituen; normalean, Euskal Herri nekazari baten berri ematen ziguten.
Oroitzen dut Lazkaora iritsi nintzen aurreneko aldian izugarrizko kontrastea ikusi nuela; ardiak bai, baina zelaiak industriak inguratuta zeuden. Bestalde, euskararen erabilerari dagokionez ere, harrituta geratu nintzen; ezen euskaraz moldatzeko gai izango ote nintzen ala ez zen momentu hartan neukan beldurra. Eta errealitatearekin ikaragarrizko talka eduki nuen.
Eta urte hauetan nabaritu duzu aldaerarik euskararen erabilerari dagokionez?
Duela hamar urte iritsi nintzen hona, aurrena Gipuzkoan egon nintzen, gero Araban, orain Orozkon nago... Leku oso ezberdinetan bizi izan naiz, eta ez nuke jakingo benetako egoerak hobera edo txarrera egin duen esaten. Baina harritzen nauen zerbait aipatuko dut; hain justu, zenbait pertsonek euskararen inguruan dituzten errezeloak atentzioa ematen dit. Zaila egiten zait ulertzea, nola bizi daitekeen jendea hizkuntza propioa duen toki batean eta ikasteko ahalegin minimo bat ez egitea. Bartzelonan egon nintzenean justu horrexegatik hasi nintzen katalana ikasten, ez nuelako nire burua eroso ikusten bertako hizkuntzan mintzatzeko ahalegina egin ezean. Errespetu kontua falta da Euskal Herrian gai honen inguruan.
Politikaren eraginez, ziur aski.
Zalantzarik ez! Errespetu hori egongo balitz, politikatik at egongo litzateke hizkuntza, eta batez ere, gauza kultural bat moduan hartua izango litzateke. Maite Iturre (Sao Paulo, 1979) Brasilen jaio zen baina bere gurasoak argentinarrak dira, eta gaztetan bueltatu zen familiarekin batera La Plata hirira. Txikitatik egon da euskal kulturarekin lotuta, Euskal Etxean euskal dantzen eskolak hartu zituen eta gerora euskara ikasi zuen. Euskal Herrira hogei urterekin etorri zen aurrenekoz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeetan irakasleak trebatzeko zeukan programako azken urratsean parte hartzera: Lazkaoko Maizpide barnetegian egonaldia egin zuen. Ostean, Euskal Herriko Unibertsitatean Politika eta Administrazio Zientziak ikasi eta Nazioarteko Harremanetako bidea hautatu zuen. Espainiako Sari Nazionala eman zioten 2005-2006 ikasturte amaieran, karrerako emaitza onak zirela eta. Komunikazio Politikoko masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Nazioarteko Harremanen Ikasketa Aurreratuen Diploma ere burutu zuen. EHUn hiru urtez aritu zen gai horretako eskolak ematen aritu zen. Orain tesia idazten dihardu.