614 Zenbakia 2012-02-24 / 2012-03-02

Gaiak

EITB aro digitalean: Hedabideak, kazetariak eta edukiak uztartzen

AGIRREAZKUENAGA ONAINDIA, Irati LARRAÑAGA ZUBIZARRETA, José LARRONDO URETA, Ainara MARTÍNEZ MONGE, Pedro Manuel MESO AYERDI, Koldo



Komunikazio taldeek aldaketa erabakigarriak jasan dituzte azkeneko hamar urteetan, batik bat, digitalizazioaren eta hedabide taldeetan Interneterako sortutako komunikabideen garapenak bultzatuta. Zurrunbilo honetan, komunikazio taldeek konbergentzia multimediara egokitu beharrean ikusi dute euren burua; gaur eguneko komunikazioa ulertzeko giltzarria dugun termino horrek, konbergentzia multimediak, hedabide taldeetako erredakzioen mailaz-mailako integratzea helburu duen prozesua barne-hartzen du. Europa mailan BBC (Erresuma Batua), SVT (Suedia), NRK (Norvegia), DR (Danimarka) edo YLE (Finlandia) bezalako ikus-entzunezko korporazio publikoek eragindakoak ditugu konbergentzia kasu aipagarrienak.

Testuinguru honetan, hemen aurkezten dizuegun ikerlanak Europan nazio mailan egituratutako lehenengo irrati-telebista talde publikoaren esperientzia du aztergai, Euskal Irrati Telebistarena (EITB) alegia. Era honetan, azken hau digitalizazio eta konbergentziaren bide-erdian kokatzen dela ikusiko dugu, prozesu honen hasierako faseetako ohizko estrategietatik abiatuz; prozedura hauetako batzuk ditugu prentsa-aretoak espazio fisiko berean elkartzea, hedabide desberdinetako kazetariak ere erredakzio bateratu batean finkatzea, produktuak euskarri anitzetan hedatzeko sinergiak aprobetxatzea edo oinarrizko koordinazio editorialak indarberritzea.

“Kazetaritza-konbergentziaren” ikerketa zeregin konplexua da, batik bat, kontzeptu horrek izaera polisemikoa duelako. Halaber, metodologikoki lantzea korapilatsua suerta daiteke, besteak beste, “konbergentzia” hitzak esanahi ugari dituelako (ikus Salaverría et al., 2010). Izan ere, hedabideen konbergentziaren gaineko definizioak desberdinak izango dira kontuan hartzen den ikuspegiaren arabera, hots, ikuspegi enpresariala, plataformen artekoa, profesionala, kulturala, legala edota arautzailea. Alabaina, orokorrean konbergentzia —elkarganatze, batze, bat-etortze— erredakzioak biltzeko prozesua eta plataforma anitzeko banaketarako edukiak sortzea dela esan dezakegu.

Komunikazio taldeek aldaketa erabakigarriak jasan dituzte azkeneko hamar urteetan, batik bat, digitalizazioaren eta hedabide taldeetan Interneterako sortutako komunikabideen garapenak bultzatuta.

Ondorengo taulak laburbilduta azaltzen ditu azterketan aplikatutako teknikak. Ikusi dezakegunez, datuen bilketarako prozedurak arakatu beharreko taldearen dimentsioaren arabera aplikatu dira. Horrez gain, ikuspegi kualitatibo eta kuantitatiboak batera aurkezten dira, eta beraz, metodoen arteko triangelatzea lortu dela baiezta daiteke. Triangelaketa kudeaketaren, ordezkari sindikalen eta kazetarien diskurtsoa behatzera zuzendutako teknika kualitatiboen erabileraren bitartez gauzatu da.

Taula 1: EITBren kasuan aplikatutako analisi-unitateak eta behaketa-teknikak.

Historikoki aurretik SER katearen menpean zegoen Radio Vitoria irratia izan zen EITBren baitako lehen hedabidea, nahiz eta Erakundearen legepean sortu ez izan. Izan ere, Radio Vitoria 1934tik dago uhinetan, eta 1981ean igaro zen Euskal Gobernuaren jabetzara, EITBren sortze-legea oraindik itzalpean zegoela. Ordutik aurrera bai, EITBk 5/1982 legeaz gorpuztutako aurreneko masa-hedabidea euskara hutsezko irratia izan zen, Euskadi Irratia alegia, sorrerako lege horretan zehazten zen hizkuntzaren aldeko helburua beteaz. Urtebete geroago, 1983an azaleratu zen taldearen lehenengo telebista-katea, ikusmin izugarria piztu zuena. Euskal gizarteak bizitako urte askotako telebista bakarraren monopolioaren ostean, Euskal Telebistak kontrasterako ikuspuntua ekarri zuen. Hala ere, Euskal Irrati Telebistaren sortze legearekin batera kate euskaldunak ez ezik, gaztelaniazkoak ere bultzatu ziren, besteak beste, ETB2 eta Radio Euskadi.

1982an, Euskal Parlamentua osatu eta bi urtetara, Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta bereziki, Ramón Labaien sailburuak, euskararen zabalkundea ezarri zuen bultzatu beharreko lehentasunen artean. Era berean, beharrezkotzat jotzen du “euskal irrati eta telebisten sorrera hizkuntzaren beronen homogeneotasun, bateratasun eta duintasuna lortzeko” (Labaien apud Ibáñez, 50). Orobat, Joan Mari Torrealdaik Euskal Telebista eta euskara idatzian, euskara hutsezko hedabideen sorrerak “euskara gaurkotu, moderno, kultu eta erabilgarri bat garatzeko” duen garrantzia berresten du (Torrealdai, 1985: 190). Horrela, 1982ko maiatzaren 20ko 5/1982 legearen bitartez, Eusko Jaurlaritzak “Euskal Irrati-Telebista EITB” erakunde publikoa sortu zuen (EHAA, 71. zk.). Gaur egunean EITB bost sozietate anonimok osatzen dute: Bi irrati elkartek (Radio Vitoria, S. A. eta Eusko Irratia, S. A.), telebista elkarte batek (Euskal Telebista, S.A.) eta Internet elkartea (EiTBnet, S.A.) taldeko interneteko hedabide guztien kudeaketaz arduratzen dena. Era berean, hauxek ditugu EITB taldeko sozietate anonimo bakoitzaren barnean lekututako hedabideak: Radio Vitoria-Gasteiz Irratia 1934; Euskadi Irratia 1982, Radio Euskadi 1983, Euskadi Gaztea 1990 eta EiTB Irratia 2001; ETB1 1982, ETB2 1986, ETB3 2008, ETB Sat 2001, Betizu 2001 eta Canal Promo 2001; www.eitb.com 2008.

XXI. mende hasieran, EITBk bere ikuspegi estrategikoa garai berrietara egokitzea erabaki zuen, euskarri anitzetarako produktuen ekoizpen eta kontsumoa bultzatzean finkatuz begirada. Horretarako, EITBk 2007. urtea mugarri izango zuen digitalizazio plan estrategikoa finkatu zuen DIGIBat izena hartu zuena; akronimoak EITBren digitalizazioaren bitartez lortutako euskal hiriburu guztien batura digitala adierazten du. Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako Programa-kontratuaren bidezko finantza egonkortasunerako lau urteko formulari esker (2002-2006), prozesuak arrakasta izan zuen, eta 2007an osotu zen, EITBren Bilboko egoitzan instalatutako azpiegitura teknologikoa martxan jarri zenean. Garai honetatik aurrera euskal komunikazio talde publikoa aro berri bati ekin zion irrati, telebista eta interneterako erredakzio gelak espazio fisiko berdinean bateratzeko ahaleginek ezaugarrituta. 2008an, EITBk marka bakarreko (monomarka) estrategia bultzatuz, Eitb.com atari globala sortu zuen ordura arte sarean zituen lau orrialdeak (Eitb.com, Eitb24.com, Egaztea.com eta Betizu.com) web gune berean bateratuz. Hurrengo urtean, 2010-2013 bitartean betetzeko plana sinatu zen, zeinaren bitartez EITB taldeak bere burua konbergentzia mediatikoaren erritmora mugitzen den merkatuan lehiakorki ezartzeko konpromisoa berresten duen.

Behin EITBren Bilboko egoitza inauguratuta, komunikazio taldeko hiru hedabideak, informazio-input bera eskuratzen hasiko dira. Honek, lengoaia mediatiko berrien sorrera eragin zuen taldean, eta horrela, zuzendaritzako lau kideek enpresa-estrategia aldakorra barneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza-ikastaroak hartu zituzten. Horrez gain, lehenago aipatutako 2010-2013 bitarteko estrategia berrira egokitzeko zuzendaritza-taldeak antolakuntzara mugatutako aldaketak bultzatu zituen, hau da, eraldaketok ez zuten eraginik izan albistegietako ekoizpen-egituretan ezta errutinetan ere. Konbergentzia-ekimen bakarrak Eitb Kultura markaren inguruan sinergiak sortzea eta “Eitb Erreportajeak” erredaktore-taldea martxan jartzea izan ziren (erreportajeen taldearen ibilbidea lehengo zuzendaritzarekin batera bukatu zen).

EITB taldeko sozietate anonimo bakoitzaren barnean lekututako hedabideak: Radio Vitoria-Gasteiz Irratia 1934; Euskadi Irratia 1982, Radio Euskadi 1983, Euskadi Gaztea 1990 eta EiTB Irratia 2001; ETB1 1982, ETB2 1986, ETB3 2008, ETB Sat 2001, Betizu 2001 eta Canal Promo 2001; www.eitb.com 2008.

Horrez gain, irratiko eta telebistako erredaktoreen zereginak, kategoriak eta perfil profesionalak ez dira aldatu 1988an eta 1989an ereduak ezarri zirenetik. Beraz, bi langile-talde, bi kultura profesional eta soldata desberdineko bi hitzarmen ageri dira gaur eguneko EITB taldean. Gainera, EITBNETeko langileak eta Eitb.com webgunerako lan egiten dutenenak gehitu behar zaizkie. Interneteko langileen kasuan gainera, enpleguaren egonkortasunik eza eta bereizkeria nabarmenagoak dira, eta jakina, horrek ez dio mesede egiten komunikazio taldearen erredakzioetako antolakuntzari ezta profesionalen konbergentziari.

Bestalde, esan beharra dago nahiz eta konbergentzia teknologikoak EITBko hiru hedabideetan tresna komunak eta bateragarriak erabiltzea ahalbideratu, antolaketan eta arlo profesionalean ez dira konbergentzia integrazioa eta harreman koordinatuak gorpuztu. Hedabideetako kazetariak espazio berean trinkotuta daude, baina aldiz, beraien artean ez da edukien partekatze sistematikoa ematen. Dena dela, kazetariei enpresak aro berrira egokitzeko prestakuntzarik eman al dien galdetzean, enpresak prestakuntzarik eman ez diela adierazten duten erredaktoreak baiezkoa erantzun dutenak bezainbeste dira ia. Hala, prestakuntzari dagokionez, lengoaia berriaren protagonista eta kudeaketa-estilo “berritzailearen” bultzatzaile den zuzendaritza-taldearen eta profesionalek osatutako oinarriaren artean tarte handia dagoela agerian geratu da.

Lehen saioa digitalizatzearekin, erredakzioak batzearekin eta Interneteko saila sendotzearekin batera, EITBk aldatzeko ahalmena erakutsi zuen aldaketa ezinbestekoa zenean. Gaur egun, edukiak zabaltzeko fasean elkarlan-maila altua bada ere, benetako talde-kultura indartu behar da. Telebistako, irratiko eta Interneteko erredakzioek autonomiari eutsi badiote ere, espazio fisikoa partekatzea funtsezkoa izan da informazioa koordinatzeko eta edukiak zeharka lantzeko garaian, eta hori seinale ontzat jotzen dugu. Ekintza horien helburua ekoizpena optimizatzea eta irratiko eta telebistako edukiak webgunera zabaltzea izan da funtsean, erabiltzaileen nahiz etxekoen artean talde-irudia sustatzeko. Hala ere, EITB oraindik multimedia talde bat osatzeko heldu gabe dagoela erakutsi du, ez duelako euskarri guztietan ibiliko diren kazetari talde indartsu bat ezartzea lortu. Egiazki, EITBren egungo plataforma anitzeko azpiegitura ez dago informazio-fluxua kudeatzeko erredakzio zentral baten bidez kontrolatuta. Edukiak irratiko, telebistako edo Interneteko erredakzioetan nagusiki monomedia profila duten profesionalek lantzen dituzte, argitaratuko dituen euskarriaren arabera. Hortaz, ezin da erabateko integrazioa edo bat-egitea lortu denik esan.

Audientziei dagokienez, ikus-entzuleek etengabe parte hartu dute EITBko hedabideetan Taldearen ia 30 urtetako historian. Era berean, gizarte-eskarien eta hedabideen aukera teknikoen arabera, Taldeak hainbat adierazpen-sistema ezagutu ditu. Sortu zenez geroztik, euskal erakunde publikoak bi ikuspuntu zehatzetatik izan du kontutan herritarren presentzia bere hedabideetan baita programazioan. Alde batetik, lehenik irrati eta telebistan eta ondoren Interneten, erabiltzaileen partaidetza bultzatu da eskaintzaren eduki batzuk prestatzeko. Bestetik, hiru hedabideak audientziekin laguntasun loturak sortzen saiatu dira, herritarren bizipenak eta Taldearen marka erlazionatu nahian. Horrez gain, komunikazio-sistema berrien erabilerak indartu egin du audientzien partaidetza Taldeko hedabide guztietan. Era berean, EITB osatzen duten hedabideak (webgunearen kasuan, beharbada nabarmenkiago) gizartearen partaidetzarako bide berritzaile bezala aurkezten dira, audientziaren eta erakundearen arteko elkarreragina eta interes komunak dituzten erabiltzaileen arteko elkarreragina erraztuz. Alabaina, audientziak Taldeko hedabideetan gero eta presentzia handiagoa edukitzeak ez du eragin nabarmenik izan langileek audientziekiko duten erlazioa.

Era berean, zuzeneko emanaldiekiko modu sinkroniko eta diakronikoan, parte hartzeko modu berriak sortzen dira. Hiru bide nagusiren bidez ezartzen dira: eduki eta zerbitzuen erabilera edo eskaintzaren bidez; audientziak sortutako eduki berrien ekarpenaren bidez; eta Taldearen eta audientziaren arteko eta audientzien arteko zuzeneko elkarrizketaren bidez. Hasierako unetik EITB Taldeak argi izan du audientzien partaidetza-forma eta teknika berrien erabilera areagotzeko erronkari aurre egitea. Forma eta teknika berri horiek bide berritzailetzat hartzen dira, hedabideak aberasteko eta erabiltzaileekiko diskurtso-elkarrizketa aberasteko. Hori guztia lan-ereduan aldaketarik eragin gabe. Azkenik esan, tresna konbentzionalez gain, audientziaren eta komunikabidearen artean eta audientzia osatzen duten pertsonen artean elkarreragin arinago eta bizkorragoa sustatzen duten tresna berri batzuk daude. Esaterako, sare sozialek oso garapen bizkorra izan dute audientziaren partaidetza sustatzeko tresna gisa. Ohiko lau elkarreragin teknikak sare sozialak, posta elektronikoa, telefono finkoa eta SMSen bidalketa dira.

Artikulu hau José Larrañaga Zubizarreta irakasle doktoreak Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean zuzendutako ikerketa taldearen emaitza da. Ikerketa proiektuaren erreferentzia: EHU08/57