614 Zenbakia 2012-02-24 / 2012-03-02
Ixaka Lopez Mendizabal.
Gipuzkoako idazle eta argitaratzailea (Tolosa, 1879 - Tolosa, 1977). Filosofiako, Letretako eta Zuzenbideko ikasketak egin zituen. Eskualzaleen Biltzarra elkartearen sortzaileetariko bat izan zen 1902an. Lopez Mendizabalen lehen idazlanak: Cantabria, la guerra cantábrica y el País Vasco en tiempos de Augusto (1899), Fueros de Guipúzcoa (1900), biak doktoretza tesiak, Aita Santu amargarren Pio’ren dotriña laburra (1907), Manual de conversación castellano-euskera (1908), Zenbakiztia (haurrentzako aritmetika, 1913) eta Diccionario vasco-castellano (1916), lau argitaraldi izan dituena. Umearen laguna, euskaraz irakurtzeko ikasbidea, argitaratu zuen. 1925ean Xabiertxo, haurrek irakurtzeko liburu ospetsua, plazaratu zuen, eta handik urtebetera Nekazaritza.
Euskaltzaindia sortu zuen taldeko kide izan zen 1918an, baina ez zen euskaltzain izan.
Errepublika garaian hainbat ikastola sortu zuen. Tolosako zinegotzi ere hautatua izan zen EAJ alderdiaren eskutik (1931), eta EBBko lehendakari izan zen. Garai hartan idatziak dira Martin Txilibitu (1931), ¿Quiere vd. hablar en euskera? (1932) eta Erleak, beren bizitza eta oiturak (1933) idazlanak.
Gerra Zibilaren garaian, frankistek bere Tolosako liburutegi osoa erre zioten plaza erdian. Frantziara erbesteratu zen lehenbizi, eta Buenos Airesa gero; hiri horretan Ekin argitaletxea sortu zuen. Argentinan egon zen garaikoak dira Otoitzak (1942), La Lengua Vasca, Gramática. Conversación, Diccionario (1943), Breve Historia del País Vasco (1945), El País Vasco, descripción general (1946), Gramática abreviada (1954) eta Etimologías de apellidos vascos (1958).
1965ean Euskal Herrira itzuli zen, eta inprimeria bat zabaldu zuen Tolosan.