604 Zenbakia 2011-12-09 / 2011-12-16

Elkarrizketa

Mª José Ibáñez. ADDENEko lehendakaria: Obesitatea epe luzerako tratamendua eskatzen duen gaixotasuna da

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Mezu kontraesankorrak jasotzen ditugu bizitzaren hainbat alderditan, baita honetan ere: alde batetik, obesitate arazoak gero eta gehiago dira, bestetik, gizartea fisikoa zaintzearekin obsesionatuta dago. Harro defendatzen dugu dieta mediterraneoa, baina elikadurarekin zerikusia duten gaixotasunak gero eta ugariagoak dira... Addene Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkartea da eta Mª José Ibañez bertako lehendakaria. Gaur egun, 200 bat profesionalek osatzen dute Elkargo Ofizialean bilakatzeko bidean dagoen elkarte hau.

Noiz eta zergatik sortu zen Addene?

2001. urtearen bukaeran hasi ginen lanean eta elkartea 2002ko otsailean sortu zen, haren beharra ikusten genuelako. Estatuan bazegoen elkarte bat, baina Euskadin ez zen jarduerarik antolatzen. Hortaz, hasiera batean, jarduerak, prestakuntza-ikastaroak... antolatzeko asmoz sortu zen elkartea, eta, batez ere, profesionalok elkargune bat izan genezan. Elkartea sortzeko prozesuan ari ginela, gogoeta estrategikoa egin genuen, eta ondorio honetara heldu ginen: lanbideak aurrera egingo bazuen, nahitaezkoa zen lanbide-elkargoa sortzea. Urte hauetan, lanbide-elkargoa sortzea, profesionalak elkartzea eta prestakuntza iraunkorreko jarduerak antolatzea izan dira gure eginkizun nagusiak.

Abian da lanbide-elkargoa?

Eusko Legebiltzarrak 2008ko abenduan onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortzeko Legea. Hortik aurrera, badira bete beharreko legezko izapide batzuk. Espero dugu 2012ko otsailerako edo martxorako elkargoa abian egotea. Une horretan, elkartea desegin egingo da, bere helburu nagusia lortua izango duelako.

“Gogoratu behar genuke dietista-nutrizionistaren zeregina ez dela argaltzeko dietak jartzera mugatzen; izan ere, gaixotasun batzuen tratamendu bakarra elikadura da.”

Argazkia: CC BY - Pedro Valle Luna.

Joaten dira herritarrak dietista-nutrizionistaren kontsultara? Gizarteak aintzat hartzen duen figura da?

Bi maila bereizi behar genituzke. Alde batetik, lan-maila. Horretan, egoera zaila da. Izan ere, herrialde hau dietista-nutrizionista osasun-sistema publikoaren barruan sartuta ez duen bakarra da Europan eta, ia, munduan. Profesional gehienek kontsulta propioan lan egiten dute.

Bestetik, galdetu behar genuke ea gizarteak aintzat hartzen duen lanbide hau eta ea erabiltzaileak dietista-nutrizionistaren kontsultara jotzen duen. Alde horretatik, uste dut hobetzen ari garela. Herritarrak gero eta hobeto ezagutzen du dietista-nutrizionistaren figura, gero eta kontzientzia argiagoa du dietetikaren inguruko gaietan aholkurik onenak emango dizkion profesionala dela. Hala ere, badugu oraindik egin beharreko bide luzea, intrusismoa oso handia delako.

Agian, galdera hau hasieran egin behar nukeen: ezberdintasunik dago dietistaren eta nutrizionistaren artean?

Legearen arabera, lanbidea dietista-nutrizionista da. Beraz, batzuetan dietista eta bestetan nutrizionista esaten badugu ere, profesional berberaz ari gara. Ildo horretan, bi eginkizun ditugu: alde batetik, edozergatik termino bat edo bestea erabiltzen duten profesionalak kontzientzia hartu eta termino osoa eta legala erabiltzen hastea: dietista-nutrizionista; bestetik, termino horiek erabiltzen dituzten intrusoek erabiltzeari uztea. Zentzu horretan, erabiltzaileari esan behar diogu, kontsultara joaten denean, artatzen duen pertsonaren titulazioaz galdetzeko. Titulazioa honako hau da: Giza Nutrizioan eta Dietetikan Unibertsitate Diplomatua edo Graduatua. Profesional egokiak artatuko duen berme nahikoa emango dio horrek.

Dietista-nutrizionistaren kontsultara pisua galdu nahi dugunean joatea izaten da ohikoa. Baina haren lana urrunago iristen da...

Jakina, dietista-nutrizionistaren lana askoz konplexuagoa da. Elikadura prebentzioaren funtsezko osagaia da. Hori dela eta, gure gomendioa bizimodu osasungarria eramatea da, hau da, elikadura osasuntsua eta ariketa fisiko pixka bat egitea, pisu orekatua izateko. Hobe da prebentzio hori argaltzeko tratamenduetara jotzea baino.

Bestalde, gogoratu behar genuke dietista-nutrizionistaren zeregina ez dela argaltzeko dietak jartzera mugatzen; izan ere, gaixotasun batzuen tratamendu bakarra elikadura da. Adibidez, zeliako baten tratamendua bere bizitzatik glutena kentzea da; proteinei alergia dien pertsona bati, berriz, esnea eta esnekiak ez ezik, ostendutako proteina duten bestelako elikagaiak ere dietatik kentzen lagunduko diogu; diabetiko batek ere laguntza dietetikoa behar du... Oro har, gaixotasun kroniko guztietan, elikadurak funtsezko eginkizuna du.

Orduan, Osasun Sistema Publikoan artatutako gaixo kroniko batek ez luke bere gaixotasunaren alde hori bermatuta izango, dietista-nutrizionistak sisteman ez daudelako... Arazorik ekar lezake horrek?

Hala da. Erizaintzatik eta medikuntzatik aholkularitza ematen zaie, baina profesional horiek elikaduraren arloan oso prestakuntza-maila txikia dute. Osasun publikoak pazienteei laguntza ematen die, baina ez behar duten guztia, horretarako prestatutako profesionalik ez dagoelako sisteman.

“Egunean 5 anoa fruta eta barazki jatea: egunean hiru fruta-pieza eta bi aldiz barazkia, ahal dela horietako bat entsaladan.”

Argazkia: CC BY - La. blasco.

Obesitatea gaixotasuntzat hartzen da?

Obesitatea gaixotasun kronikotzat hartzen da. Adibidez, guztiok ezagutzen ditugu argaltzen eta berriro gizentzen diren obesoak, pisua etengabe irabazten eta galtzen ibiltzen direnak. Argaltzeko tratamendu desegokien ondorioa da hori. Obesitateari aurre egiteko ezarri beharreko argaltze-tratamenduaren bidez, pazienteak, pisua galtzeaz gain, ondo jaten ikasi behar du; horrek lagunduko dio bizitza osoan pisu osasungarriari eusten.

Obesitatearen tratamendurik onena mediku, erizain, psikologo eta, jakina, dieta jarriko duten dietista-nutrizionistez osatutako diziplina anitzeko talde batek emango luke. Gainera, obesitateak beste arazo bat dakar: hari lotuta beste gaixotasun batzuk daude, hala nola 2 motako diabetesa, hipersolesterolomia, artikulazio-arazoak... Egia esan, arazo larria da, eta gizarte osoan handitzen ari da, batez ere haurren artean. Hori oso kezkagarria da eta epe luzerako diziplina anitzeko tratamendua eskatzen du.

Neska-mutil obesoen inguruko datuak gero eta altuagoak dira...

Garrantzi handikoa da ikastetxean bertan aztertzen hastea. Elikadura egokia zer den ikastea, ikasleen menuak ahalik eta orekatuenak izatea, gurasoei eguerdiko menua osatzeko afari eta asteburuetako otorduen inguruko prestakuntza ematea. Horrez gain, funtsezkoa da gure haurrek bizimodu aktiboa izatea.

Eta hori ez da egiten askotan, ez ikastetxean ez familian...

Nire ustez, eredu izan behar dugu eta eginkizunak banatu. Ikastetxeak nutrizioaren inguruko hezkuntza eskain dezake, baina familiari dagokio jaten irakastea. Guk etxean arrainik jaten ez badugu, ezin dugu espero haurrak eskolan arraina jatea, edo 20 edo 30 haur bere ardurapean dituen ikastetxeko jangelako monitorearen esku utzi gure umeak arraina edo barazkiak jan ditzan lortzea. Gurasoei eredu izan daitezen gomendatu behar diegu. Amak edo aitak zerbait jaten ez badu, nekez jango du haurrak. Horrez gain, irudimenezko irtenbideak gomendatu behar ditugu, esaterako umeak sukaldean gurekin jardutea. Izan ere, jatekoa prestatzen laguntzen badu, gertuago egongo da prestatutako hori jateko edo janari berriak dastatzeko.

“Guk etxean arrainik jaten ez badugu, ezin dugu espero haurrak eskolan arraina jatea.”

Argazkia: CC BY - rahego.

Duela gutxi irakurri dudan berri batek zioenez, herritarrek duela 20 urte baino 250 kaloria gutxiago kontsumitzen dituzte egunean, baina obesitate-tasak % 17 eta % 21 bitartean egin du gora. Suposatzen dut, elikaduraz gain, beste eragile batzuek ere zerikusia izango dutela horrekin...

Duela 50 urte pertsona gehienek karga fisiko handiko lanak izaten zituzten; horregatik energia gehiago kontsumitzen zuten eta, gaur egun baino kaloria gehiago bereganatzen bazituzten ere, erre egiten zituzten. Gaur egun, berriz, lanak egonekoak dira eta jarduera fisikoa nabarmen jaitsi da. Hori dela eta, balantzak ez dio orekari eusten.

Jarduera fisikoa eta elikadura berdindu egin behar dira...

Hala da. Izan ere, “dieta” hitzak “bizimodua” esan nahi du. Beraz, ez da nahikoa elikadura egokia egitea. Horrez gain, gutxieneko jarduera fisikoa ere egin beharra dago, eta horretarako ez da ezinbestekoa gimnasiora joatea. Egunean ordu-erdiz edo hiru ordu-laurdenez erritmo bizian ibiltzea aski izan daiteke. Horrela, energia gastatuko dugu eta geure gorputza hobeto egongo da.

Gaixotasunen gaira itzulita. Lehenago esan duzu gaixotasun batzuk tratatzeko biderik onena dieta dela, baina ¿izan daiteke elikadura txar bat gaixotasunen eragile?

Bai, jakina. Gantz saturatu asko duen dieta batek odoleko kolesterola gehitzea eta gizentzea eragingo du; gatz asko duen dieta batek hipertentsioa eragin dezake; zuntz gutxiko dieta bat koloneko minbizirako arrisku-faktoretzat hartzen da... Adibide asko ditugu.

Argaltzeko mirarizko dietak daude, Dukan delakoa kasu, baina ehunka aipa genitzake... Zer diote profesionalek dieta horietaz?

Obesitatea gaixotasun bat dela eta epe luzerako tratamendua eskatzen duela esan dugu. Miraririk ez da, eta pisua azkar-azkar galtzea agintzen duten dieta horiek guztiak desorekatuak dira. Horien benetako ondorioa pazienteak behar baino kaloria gutxiago kontsumitzea da. Izan ere, pisua hain azkar galduta, kendu behar duten gantza kendu beharrean, muskulu-masa kentzen dute, eta hori ez da batere komenigarria. Dukan delako dietaz, Elikagaien Segurtasunerako eta Nutriziorako Espainiar Agentzia horren aurka azaldu da, baita Frantziako agentzia ere. Izan ere, dieta hori desorekatua eta arriskutsua zela zioen beste mediku baten aurkako epaiketa galdu du Dukanek. Dieta hori proteinetan aberatsa da eta, fruta eta barazki gutxi kontsumiarazten duenez, zuntz, mineral eta bitaminetan, batez ere, pobrea da. Gainera, proteinetan hain aberatsak diren dietek arrisku handia dute giltzurrun eta gibelarentzat.

“Dietan osoko elikagaiak sartzea, zuntz kopuru handia dute eta. Zuntz horretan osasunarentzat onuragarriak diren filoelikagai asko daude.”

Argazkia: CC BY - visualpanic.

Nik jendeari zentzuz jateko eskatuko nioke. Argaltzeko denetarik jan behar dugu, ohi baino gantz gutxiagorekin, eta ariketa egin. Hau da, bizimodu osasungarria eraman behar dugu, sobran dugun pisua pixkanaka galtzeko, eta ondo jaten ikasi behar dugu, galdutako pisua ez berreskuratzeko. Egia esan, mirarizko dieta guztiek, osasunean berez eragin dezaketen kalteaz gain, defizit handia dute: ez dizute behar bezala jaten irakasten. Denboraldi batez, zure ohiko elikadurarekin zerikusirik ez duen dieta bat egiten duzu, eta argaltzen zara; ondoren, dieta amaitzen denean, zure ohiko elikadurara itzultzen zara eta galdutako kilo guztiak berreskuratzen dituzu, gehi beste batzuk opari.

Aholku osasungarri batzuk.

- Egunean 5 anoa fruta eta barazki jatea: egunean hiru fruta-pieza eta bi aldiz barazkia, ahal dela horietako bat entsaladan.

- Haragiaren aldean, arraina hobestea. Arrain zuria, urdina, haragi gihartsua (oilaskoa, indioilarra, untxia...) eta arrautzak tartekatzea, eta haragi koipetsuenak noizean behin baino ez jatea.

- Dietan osoko elikagaiak sartzea, zuntz kopuru handia dute eta. Zuntz horretan osasunarentzat onuragarriak diren filoelikagai asko daude. Osoko ogia, pasta, arroza... jan daitezke.

- Esneki gaingabetuak edo erdigaingabetuak kontsumitzea. Esneki koipetsuenak, hala nola gazta onduak, noizbehinka soilik jateko dira. Mª José Ibañez Rozas (Bilbo, 1975) Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatua EHUn. Elikadurari lotutako 2 gradu-ondoko egin ditu “Nutrición y Salud Pública” eta “Alimentación Hospitalaria”. Horretaz gain, masterra egina du “Nutrición y Calidad Alimentaria” gaiaren inguruan. Lan arloko esperientzia zabala du, Basurtuko ospitalean dietista-nutrizionista lanetan ibili da, besteak beste. ADDENE Euskadiko Dietetikan eta Nutrizioan Diplomatuen Elkartearen sortzaile da eta 2005etik bertako lehendakaria. Modu berean, Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkarteko (AED) Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da 5 urtez eta Zuzendaritza Batzordeko idazkaria beste 5 urtez. Hainbat ikastarotan txostengile aritu da, argitalpen desberdinekin kolaboratu du eta hainbat Kongresuetako batzordean ibili da ere.