602 Zenbakia 2011-11-25 / 2011-12-02
Iñaki Eizmendi Manterola, Basarri.
Errezilgo Granadaerreka baserrian sortu zen baina gazterik joan zen Zarautzera bizitzera.
Bertsolari eta kazetari ofizioz, sona oso gaztetandik zetorkion, eta ez bakarrik bertsolari zelako. Hizketarako eta idazteko zuen trebeziak jende askoren estimua ekarri zion. Bai irratian egin eta baita prentsan idatzi ohi zuen “Nere bordatxotik” sailak oso ezagun egin zuten.
Eskola handirik gabe, gizon jantzia eta ikasia izan zen. 21 urteko mutil gaztea zela Txirritaren aurretik txapela jantzi zuen Basarrik, 1935ean antolatu zen lehen Bertsolari Egunean. Gerra ondorenean bertsolaritza galtzorian zela, bera ibili zen Uztapiderekin batera herriz herri. 49 urte zituela txapelketetan aurkezteari utzi zion. Baina ordurako jantzia zuen Euskal Herriko Txapelketa Nagusia bigarren aldikoz, 1960an hain justu.
Bertsoak kantatzeaz gain, asko eta asko idatzita utzi ditu. Bertsolaritzako lehen teorikoa izan dela esan izan da, bertsolaritza antzokietara sartu zuena, bertsolaritza duindu zuena eta bertso moldeak beste tankera batez eman zituena.