602 Zenbakia 2011-11-25 / 2011-12-02

Euskobooks

Aipamena. Gau Lana: Kontrabandoa Bidasoa aldean

Egilea: Rosa Arburua Goienetxe Argitaletxea: Alberdania, 2011 Orrialde kopurua: 304 ISBN: 978-84-9868-335-6 Ezaugarriak: Ez duzu jakiten nola hartu paketia, nola ibili... Eta gero... gabaz... Hamabost bat egun pasatu nituen, hau ez da neretzat, pentzatzen baina gero berriz... anaiak berotu eta animatu nintzen.

Euskal Herria lurralde txikia izanik, geografikoki eta ekonomikoki guztiz estrategikoa izan da. Horregatik, sarritan gertatu da banaturik mugak ezarrita. Jada, erromatarrek beren Inperioaren garaian, administratiboki bi eremutan banatu zuten Euskal Herria. 1659an sinatu zen Pirinioetako Bakea eta orduan ezarri zen, besteak beste, Espainia eta Frantzia arteko muga geografikoa. Bestalde, dirua lortzeko, agintariek beti jarri izan dizkiote zergak merkataritzari. Hala, esate baterako, XIII. mendean zehar Nafarroatik atzerrirantz ateratzen ziren produktuak Tolosa-Donostia-Baiona edo Belate-Bidasoa-Hondarribia bideari ekiten zioten. Bide horietan aduanak zeuden, eta zergak ordaindu behar izaten ziren bertatik pasatzen zen merkataritza legala izango bazen. Mendez mende gainditu izan dira, ordea, muga horiek aduanak saihestuz Euskal Herrian. Debekatuta zeuden produktuak alde batetik bestera pasaz edota zergak ordaindu gabe, euskaldunentzat kontrabandoa errekurtso ekonomikoa bihurtu zen. Kontrabandoaren fenomenoa oso zabaldua egon da Euskal Herrian eta fenomeno horren inguruan era askotako egoerak sortu dira, gizon-emakume askoren parte hartzearekin. Rosa Arburuak bi zati nagusi osatu ditu. Lehenean, alderdi historikoa ikertu du; bigarrenean, protagonisten lekukotasunak bilduz abentura humanoaren erreportaje literarioa osatu du.