595 Zenbakia 2011-10-07 / 2011-10-14

Gaiak

Europako krisiari begira

LARRAÑAGA SARRIEGI, Mertxe



Noski, askok diotenarekin bat gatoz eta oraingo krisia finantzetatik haratago doa; are gehiago herri aberatsen krisi honek beste krisi larriago eta kroniko batzuk ezkutatzeko ere balio izan du, elikagaien krisia eta ingurugiroarena besteak beste. Hala ere ukaezina da finantzen protagonismoa, krisi finantzario bezala sortu baitzen eta finantza krisi gisa jarraitzen baitu. Hori bai, nazioarteko krisi finantzario guztiak ez dira berdinak izaten eta oraingo hau gainera denborarekin eraldatu egin da: krisi bankario itxura hartu zuen hasieran eta orain berriz kanpo zorraren krisia bilakatu da. Amaitu ezinik dabilen Atzeraldi Handia 2007ko amaieran sortu zen kapitalismoaren bihotz-bihotzean —Wall Streeten— eta etengabeko sustoak bizi izan ditugu harrezkero, azkena 2011ko uda honetan bertan. Baina Europako ekaitz bortitz honek ez du udako ekaitzen antz handirik ez baitu une batetik bestera atertzeko itxura handirik.

1929ko Depresio Handia ezkeroztik izan den krisi globalik larrien hau laburbiltzeko kreditua eta gainfinantziazioaren krisia dela esan daiteke, hau da, mundua, bai agente pribatuak eta baita publikoak ere zorpetuz gastatzen ohitu dira seguru asko eredu hori bultzatu delako norbaiten onerako eta bai familiak eta baita gobernu batzuk ere ahalmenaren gainetik bizi izan dira, espejismo antzeko egoera batean. Horrek, noski, burbuila ezberdinak sortu ditu eta puzten ziren bitartean makina bat jende aberastu izan da. Baina burbuila ekonomikoak, xaboizkoen antzera zulatu eta desegin egiten dira eta horren ondorioak oraingo honetan behintzat oso oso larriak izaten ari dira.

Bretton Woodseko Nazioarteko Moneta Sistema mitikoa 70.hamarkadan jauzi zenetik finantzen desarauketa etengabea izan da eta horrek krisi finantzario ugari sortu izan ditu munduan zehar baina orain arte gehien gehienak epizentroa Hegoaldeko ekonomietan zuten eta gaurkoaren kolpe handienak berriz Iparraldeak eman eta jaso ditu. Hegoaldeko herrietan finantzen krisiei aurre egiteko nazioarteko instituzio ekonomikoak —Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak— doikuntza programak inposatu zituzten bezalaxe, oraingo honetan doikuntza neurri horiek Iparraldera eta batez ere Europako herrietara iritsi dira. Beraz, behingoz, ez legoke txarto hegoaldera begiratzea ikusteko zer ondorio izan zituzten murrizketak Latinoamerika eta Asiako hainbat herrialdeetan aurreikusteko zer gertatu daiteken hemendik gutxira gure inguru aberats honetan. Noski, garai hartako Hegoko herrien egoera eta gaurko Europakoa oso diferenteak dira baina segurua da lezio bat baino gehiago ikasiko genukeela.

“Ez legoke txarto hegoaldera begiratzea ikusteko zer ondorio izan zituzten murrizketak Latinoamerika eta Asiako hainbat herrialdeetan aurreikusteko zer gertatu daiteken hemendik gutxira gure inguru aberats honetan.”

Argazkia: CC BY - Public Domain Photos.

Orain arte gertatutako honetan erantzunkisun handiena finantza erakundeetako agintariek, kalifikazio agentziek, agintari politiko eta ekonomikoek eta nazioarteko instituzioek daukate. Lehenek negozio itzelak egin dituztelako baina mundua arrisku handiegian ipinita, bigarrenek oso arrisku altuko titulo pribatuei AAA nota —“ohorezko matrikula”— eman ohi ditelako eta agintari eta nazioarteko instituzioek berriz finantza mugimenduen askatasunaren alde egin dutelako eta ez direlako gauza izan ezer aurreikusteko, ez 2008ko cracka baina ezta horren ostean Europan gertatu dena ere.

Finantza erakundeetako agintarien portaera salatzeko modukoa izateaz gain ez legoke gaizki hauek epaitu eta zigortzeko neurriak hartzen hastea ere. Horrela gertatuko balitz, seguru asko zigortuen artean ez genuke apenas emakumerik aurkituko sektore guztietan emakumeei goi mailako postuetara ailegatzea kostatzen bazaie finantzen munduan aurkitzen dituzten trabak oraindik handiagoak direlako, hau da, finantza sektoreko “kristalezko sabaia” nabarmen lodiagoa eta gogorragoa dela ematen du. Jakina, emakume ugari sartzen dira bankuetan, aseguru konpainietan eta antzeko negozioetan lan horietarako ondo prestatuta baitaude baina pixkanaka pixkanaka desagertu egiten dira eskalafoian gorantza egin ahala, hau da elite finantzarioak monopolio maskulinoak dira eta honek sektore finantzarioak duen botere erreal itzelarekin zerikusi estua daukalakoan gaude. Antza, boterea benetakoa denean beste batzuen esku eta batez ere norberaren antz handirik ez duenaren esku lagatzea asko kostatzen da. Beraz, krisi honek balio izan du ikusteko finantza erakundeetako zuzendaritza taldeak gizonezkoen txokoak direla eta nola gauzak hain gaizki egin diren batek baino gehiagok pentsatu izan du behar bada krisia aukera izan zitekeela emakume gehiago sartzeko finantzen elitean nahiz eta posible izan baita “kristalezko amildegia” sortzea, hau da, emakumeei ateak irekitzea baina oso momentu latzean, porrot arriskua handia denean. Egia esan 2008tik hona ez dugu horrelako mugimendu handirik ikusi eta adibidez baten batzuk Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren buru ipintzean “kristalezko amildegia” ikusi duten arren gure uste apalean erabaki horren atzean beste erabateko interes handiagoak egon dira. Hori bai, lehenengo aldiz emakume batek hartzeak nazioarteko erakunde inportanteenetako agintea kritika bat baino gehiago isiltzeko balio izan du.

2010etik aurrera merkatuak eta baita horietan eragiten duten kalifikazio agentziak ere titulu publikoen kalitatea zalantzan jartzen hasi ziren eta titulu horien salmenta errazteko kontu publikoak garbitzea ezinbesteko baldintza bihurtu da. Aurrekontu publikoen oreka lortzeko aukeratu den bidea gastu publikoen jaitsiera izan da eta horretarako oso doikuntza programa zorrotzak martxan jarri ziren. Antza onartutako neurriak nahikoak ez eta aurtengo uda hau gobernu askorentzat amesgaiztoa izan da. Horren adibidea da hainbat herrietan lege nagusi eta konstituzioak aldatu izana eta orain demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta antzeko baloreen alboan defizitaren kontrola dugu. Honek balio izan du ikusteko sakratuak uste ziren legeak ez zirela hain ukiezinak baina aldi berean jainko berriak sortu dira —merkatu finantzarioak— eta hauen haserrea baretzeko edozer egiteko prest gaudela ematen du. Baina zer dira mekatuak? Mamu bizidunak ematen duten arren ez da ahaztu behar horien aztean agente finantzario oso konkretuak daudela eta eragile horietan agintzen dutenak izen-abizenak dauzkaten pretsona gutxi batzuk direla.

Seguru asko aldaketa guzti hauek uste baino eragin handiagoa izango dute gure bizitzan etorkizuneko hamarkadetan. Euroguneko herriek ziklo ekonomikoei aurre egiteko moneta politika erabiltzeko ahalmena galdu zuten moneta bakarra onartu ostean. Beraz krisitik irtetzeko gelditzen zitzaiena politika fiskala zen eta orain defizitaren kontrola helburu apurtezina bihurtzean politika horren autonomia nabarmen murriztu egiten da eta nola ez duen ematen inor erreforma fiskal progresiboak onartzeko prest dagoenik defizitaren kontrola gastuaren kontrol bezala irakurri behar da. Kontu publikoak kontrolatu behar horrek gastu publikoen murrizketa ekarriko du eta historiak hainbat aldiz erakutsi duena errepikatzen bada —eta horrela dela ematen du— hau gastu sozialen murrizketan gauzatuko da.

“Aldaketa guzti hauek uste baino eragin handiagoa izango dute gure bizitzan etorkizuneko hamarkadetan.”

Argazkia: CC BY - Images_of_Money.

Gastu sozialen gainbeherak eta bereziki osasun eta hezkuntzan emango diren murrizketak hainbeste kostatu izan den Ongizate Estatuan oso atzerapausu arriskutsua ematea da. Ongizate Estatuari lehen kolpea pentsioen erreformarekin eman zaio eta oraingo honetan berriz beste bi hanka nagusi, osasuna eta hezkuntza, hausteko zorian daude eta seguru asko laugarrena izan behar zuen hanka, dependentziarena, ez da sekula behar bezala eraikiko. Zer eragin izango du guzti honek jendearen bizitzan? Noski populazioaren gehiengoarentzat eraginak negatiboak izango dira baina ez dute talde guztietan eragin berdina izango. Begibistakoa da kalte handiena klase ertain eta batez ere klase baxuko jendeak izango dituela eta espero daiteke baita emakumeak gizonak baino okerrago ateratzea oraindik batzuk eta besteek dituzten rolak, bai merkatuan eta baita etxean ere, ezberdinak direlako.

Alde batetik, enplegu publikoak enplegu osoan duen pisua jeitsi egingo da eta ez da ahaztu behar emakumeen partehartzea merkatuan gizonena baino baxuagoa den arren, sektore publikoan aritzen diren emakumeen portzentajea gizonena baino altuagoa dela. Eta horrela da arrazoi askogatik, besteak beste, setore publikoan sartzeko diskriminazio gutxiago egon ohi delako eta baita sekore publikoan garrantzi handia eduki ohi dutelako zaintzekin zerikusia duten sektoreek eta zaintza betidanik emakumeen kontua izan da.

Baina merkatuko langile gisa emakumeak kalte berezia izateaz gain etxeko langile gisa ere hauen egoera ez da ez hobetuko etorriko diren murrizketekin. Sektore publikoak eskaintzen dituen osasun, hezkuntza eta beste hainbat zerbitzu gutxitzeak ez du esan nahi jendearen beharrak txikituko direnik. Beraz administrazio publikoak betetzen ez dituen lanak beste norbaitek bete beharko ditu eta aukera asko ez dagoenez ia segurua da horrek etxeetan egiten diren zaintza lanen igoera ekarriko duela eta nola etxeko eta zaintza lan gehien gehienak emakumeek egiten dituzten, seguru asko emakumeen lan zama handitu egingo da.

Historio hau bestelakoa izango zen lanaren zatiketa sexual tradizionala —male breadwinner eredua— apurtzen hasi zenean etxeko lanen banaketa ezberdina bultzatu izan bazen eta gizartearen funtzionamendua beste era batean antolatzeko neurriak hartu izan balira. Kontua da orduan ez zegoela presarik gauzak aldatzeko, ez bahintzat antolaketak nola edo hala funtzionazten zuen bitartean. Eta orain berriz ez omen da garaia horrelako txikikerietan jarduteko, baina horrela al da ala ez al genuke garai trumoitsu hau aprobetxatu beharko antolaketa desberdin bat eta aldi berean berdinago bat bilatzeko?