594 Zenbakia 2011-09-30 / 2011-10-07
Martin Ugalde.
Martin Ugalde 1921ean jaio zen Andoainen. Hamalau urte zituela sortu zen gerratea. Erbestera alde egin behar izan zuen eta Venezuelan eman zituen bizitzako urte luzeak. 1969an Euskal Herrira itzuli zen. Harrezkero ezaguna dugu kazetari, elkarrizketatzaile, historialari eta literatur idazle gisa. Venezuelan ernatu zitzaion literatur sena, eta hango idazle hego amerikarren eragina dute bere lehen narrazioek. Ezagunak dira oso Hiltzaileak (1961, 1985) eta Mantal urdina (1984) narrazio liburuak, euskal ipuingintzaren nola-halako aitzindaritza bat bete zutenak. Aipagarriak dira, bestalde, Itzulera baten historia (1990) eta Pedrotxo (1994). Beti ere erbesteratuaren esperientzia bazterrezina gertatuko zaio egileari.