581 Zenbakia 2011-06-03 / 2011-06-10

Gaiak

Zeluloidezko begiradak. Zine zuzendari (ona) izatea

GARCIA, Mikel



Zine zuzendari izatea “Jainkoa izatera jolastea bezala da hein batean, gure istorioen Jainko txikiak gara. Nik hau egin dut, kaka bat da munduaren handitasunean, baina nik sortua da, nik nahi nuen bezala”, azaldu dit Koldo Almandozek, Zeluloidezko begiradak liburuan parte hartu duten 13 zuzendarietako batek.

Euskal zinema modernoaren abiapuntu izan zen Ama Lur filmarekin hasi eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak maisuki eta samurtasunez errodaturiko 80 egunean lanarekin bukatzen da Zeluloidezko begiradak. Tartean, euskal zinemagintzaren bidean arrastoa utzi duten Ke arteko egunak, Kalabaza tripontzia, Yoyes, Mikelen heriotza, Burgosko prozesua, Behiak, Euskal pilota. Larrua harriaren kontra, Tasio, 27 orduedota Aupa Etxebeste! bezalako pelikulak mintzagai dituzte zuzendariek eurek. Liburua ez da, dena den, elkarrizketa bilduma bat, zuzendarien hitzak testuinguruarekin, filmen inguruko azalpenekin, autore honen iritziekin... janzten duen kontakizuna baizik.

Zeluloidezko begiradak liburua.

Zentsura, kritika eta jazarpena; zuzendariaren begirada propioa; hizkuntza eta bikoizketa; errodajeetako anekdotak; gizartean eztabaida eta aldaketa eragiteko zinemak duen boterea; dokumentalgintza versus fikzioa; industriaren barrunbeak; negozioaren bilakaera; umorea, sexua, heriotza, politika, matxismoa, erlijioa... gisako gaiek pantailan izan duten tratamendua; zinemagintzaren etorkizuna... Hain da anitza zuzendarien ahotik liburura ekarritako gai sorta, helduleku bakarra hautatu behar izan dudala artikulu hau idazteko: sortzaile eta zinegile izatea zer den eta nola bizi duten protagonistek beraiek.

Julio Medemek, psikiatra izateko medikuntza ikasi zuen zuzendariak, hala deskribatzen du prozesua: “Gidoi lanean oso aske sentitzen naiz, neure buruaren menpe baino ez nago eta neure buruari ematen diodan denbora guztia dut. Oso fase polita da: eskua sartzen duzu sartzen hain erraza ez den lekuetan, gauzak ateratzen zoaz, gainontzeko gauzen mailan jartzen dituzu, begiratzen dituzu eta zeure buruari galdegiten diozu: ‘Baina hau nondik atera da?’, ‘beste honek zer esanahi du?’. Eta pertsonaiak, giroak... irudikatzen joaten zara, imajinatzen eta imajinatzen... Lo egiten dudanean izugarri gustatzen zait horrekin guztiarekin pixka bat amets egitea: hau daukat, nola jarriko dut, nola joango da... Une txundigarria da, pelikula sortzen ari zarelako, asmatzen. Izan ere, errealitatearen behatzailea izanagatik, ez ditut filmak egiten aurrean dudan errealitatea erabiliz, baizik nire aurrean jarriz beste leku batetik ateratako egoera jakinak. Leku hori nolakoa den ere ez dakit, ez didalako begiratzen uzten, baina ateratzen uzten dit. Noski, nik esaten dudana eta errealitatea dena lotuta dago, dena nigan dago, baina barrutik askoz gehiago gara, beste gauza bat. Errealitatea hemen dago, baina gure azaletik barrura jada ez da errealitatea, humoreen magma gara, bakoitzak bere filtro propioak ditu, bere subjektibitatea, eta hortik lan egitea gustuko dut. Gogoko dut oso ondo nora noan ez jakitea. Hasieran inkontzienteki egiten nuen eta orain kontzienteki planteatzen dut. Probatzen joaten naiz eta horrek deskubritzeke dagoen sekretu ezkutu bat deszifratu behar dudan sentsazioa sortzen dit oraindik”.

Nolako zuzendaria da Helena Taberna, Yoyes, Berri Ona, Nagore filmen egilea? Bere hitzetan, alaia eta exijentea, modu orekatuan. “Eta gauzak ongi ateratzen ez diren unean, alaitasuna gogortasun bilakatzen da”. Zuzendariak magoak direla dio, “hareazko gazteluak eraikitzen ditugu airean, gotorleku miresgarriak bailiran, eta zuzendariaren talentua da pasio hori kutsatzea. Nik gaitasun hori badaukat, zorionez. Asko gozatzen dut, iruditzen zaidalako film bakoitzarekin pribilegio handi bat dudala eta beraz ahal dudan bezain ondo egiteko ardura daukat. Exijentzia eta disfrutatzea, horiek nire gakoak”. Eskultorearekin ere parekatu du bere burua, harria zizelkatzen: “Fede handia daukat egiten ditudan pelikuletan, baina tentsio bat ere sortzen didate, zailtasunak, erronkak proposatzen dizkidaten lanak aukeratzen ditudalako eta ezinegona eta zalantza ditut lagun... benetako harri hori lortu arte”. Zinegile gisa, emozioa bilatzen du altsasuarrak, zinema emozioa delako: “Emoziotik dator gogoeta, baina benetako emozioaz ari naiz, sakonenean ukitzen zaituenaz, eta hor ukitzen zaituenean hainbeste aldatzen dira gauzak! Arrazionalizatzea oso ondo dago, baina gizarteak oso bananduta ditu bi elementuak, batetik logika, arrazoia, eta bestetik emozioa. Eta ez, bat gara, dena elkartuta dago, eta emozioari esker identifikatu gaitezke guregandik urruti dagoen norbaitekin. Enpatia horrek eragiten du narrazioak aurrera egitea, istorioak ikuslea harrapatzea”.

“Zuzendariak puzzlearen pieza guztiak ditu buruan eta besteei hori transmititu behar die, ilusioa eta energia, zuzendariak bakarrik ez duelako pelikula egiten, talde lana da funtsean. Ez da norabide bakarreko zerbait, feedback-a dago, hartu-emana, emaitza kolektiboa da”. (Imanol Uribe)

Imanol Uriberi zuzenean egin diogu galdera: zer da zuzendari ona izatea? “Zuzendariak puzzlearen pieza guztiak ditu buruan eta besteei hori transmititu behar die, ilusioa eta energia, zuzendariak bakarrik ez duelako pelikula egiten, talde lana da funtsean. Ez da norabide bakarreko zerbait, feedback-a dago, hartu-emana, emaitza kolektiboa da”. Guztia koordinatzen jakin behar dela azpimarratzen du, izarrak eta egoak daudelako, eta suak itzali behar direlako hainbatetan: “Dekoratzaileak nahi du bere dekoratua ikustea, argazki arduradunak aldiz alde hori ilunago agertzea...”. Ez da lan erraza, baina Uribe ezingo litzateke bizi errodatu barik: “Une gorena da niretzat, gainontzekoa da bizitzea errodatzeko; ahalko banu, egun guztiak pasako nituzke errodatzen. Ez duzu lorik egiten, tentsio handiko bolada da, baina droga gogorra dut. Egunerokoan, bere gaitasunen %50era dagoen tipoa naiz, pixka bat gogogabea, eta errodatzen berriz, %110a ematen dut, zentzu guztiak topera, estasian... Fisikoki ere prestatzen naiz aurretik, argaldu eta zaindu, gero errodaje sasoian bi ordu baino ez ditudalako lo egingo. Ia hiru urteko lana da, gero bederatzi asteko errodajerako, eta hala ere merezi du”.

Errodajeen tentsioa gordin bizi duen beste bat Koldo Almandoz dugu, film laburrekin sari ugari jasotako zinegile donostiarra: “Nik ez dut seguru ikusten neure burua filmaketan, beldur naiz, barne tentsioekin (hotzikarak ateratzen zaizkit ezpainean, ez dut bi egunetan jaten...) baina zalantzak galdetzen dizkidatenean dena oso landua dudala konturatzen naiz, badakit zer nahi dudan, eta hori transmititzen dut”. Eta zer nahi du Koldok bere pelikuletan? Bada, iradoki: “Ikusleari, baita niri neuri ere, asko gustatzen zaio inteligentea dela pentsatzea, zuzendariak zer planteatu dion asmatzea, gertatuko den zerbait aurreikustea... Joko hori, interakzio hori ondo dago, eta horregatik atsegin dut iradokitzea, dena agerian jartzea baino nahiago dut. Ez zait gustatzen zuzendari-Jainko moduko horrek esaten digunean zer dagoen ongi eta zer gaizki”. Baina gatozen harira, Almandozi ere egin diogulako urrezko galdera: zer da sortzaile izatea? “Ez dut uste beste jende batek baino talentu gehiago dudanik, eta gainera, ez dut uste sortzaile izatea denik besteek baino talentu gehiago edo ideia hobeak edukitzea, baizik ideia horiek martxan jartzea, urratsa emateko gai izatea, egingo nuke-tik egitera”.

Fernando Larruquertek berriz, Nestor Basterretxearekin batera Ama Lur enblematikoa zuzendu zuen irundarrak, zinemagintzari buruzko teoria bitxia du: “Pelikulak badaki nolakoa izan nahi duen, gu gara oraindik ez dakigunak nolakoa izan nahi duen filmak”. Pelikula bakarrik muntatzen dela dio Larruquertek, ulertu egin behar dela, eta ondoren, pelikulari bere bidea egiten lagundu baino ez.

“Zuzendaria besteengandik desberdintzen eta definitzen duena da istorio horretara zein begiradarekin gerturatzen den; greziarren arotik kontatuta dauden amodio, gorroto, traizio istorio horietara hurreratzeko modua eta ikuspegia”. (Montxo Armendariz)

Montxo Armendarizentzat, begiradan dago zuzendaritzaren gakoa: zuzendaria “besteengandik desberdintzen eta definitzen duena da istorio horretara zein begiradarekin gerturatzen den; greziarren arotik kontatuta dauden amodio, gorroto, traizio istorio horietara hurreratzeko modua eta ikuspegia”. Eta bera nola hurbiltzen den? Bada, txikitasunaren baitako mamia azalera ekarriz. “Zailena da, egunerokotasunaren bidez lortzea gauza sakonagoez hitz egitea, erraztasuna delako zailena. Niretzat antzezpen zailenak, onenak eta inork baloratzen ez dituenak, pertsonaia arruntarenak dira, publikoak esan dezakeenean ‘nire bizilaguna bezalakoa da, egunkaria erosi eta lanera doa, haserretzen da, ardo bat hartzen du...’. Hori askoz zailagoa da, tipo paranoiko eta ero baten rola antzeztea baino. Istorioekin berdin: istorio arruntak dira zailenak, bizitza funtsean egunerokotasun hori delako”.

Juanba Berasategiri, Kalabaza tripontziaren aitari, barru-barrutik ateratzen zaio zinemarako joera: “Zergatik egin animazioa? Bada, beharrezkoa dudalako, nire energia delako, ezin dudalako bizi marraztu gabe. Eta zergatik egin zinema? Bada, komunikazio tresna delako, eta ahal duzulako istorio xinple batean zure ideologia eta pentsaera helarazi; herriarekin, gatazkarekin, hizkuntzarekin... dituzun harremanak transmititu; komunikatzaile baten helburua hori baita, azken finean”. Marrazki bizidunetako zuzendariaren rola asko aldatu da urteotan, ordea: “Jada ez duzu latekin egon behar; galdu dira 35 milimetroak, mobiola, muntaia, moztu eta pegatzen ibiltzea... Erromantizismo hori, artisau edo alkimistaren moduan aritzea, fisikoki ukitzea galdu da, eta plazer hori gustuko dudala aitortu behar dut, baina bost axola zaizkie kontu horiek guztiak egungo belaunaldiei, edozein programa digitalekin egin dezakete-eta. Jende asko liluratzen du ordenagailuaren gaitasunak, baina gakoa ez da konputagailuak zer egiten dakien, zuk zer egiten dakizun baino. Lehenengo hartu behar da papera eta marraztu, eta marraztu, eta marraztu... ikasteko, eta gero erabiliko duzu ordenagailua”.

Eta zuzendari bakarra izan ordez, pelikularen gidariak bi direnean? Asier Altunarekin batera Aupa Etxebeste! filmatu duen Telmo Esnalen aburuz, abantaila dakar tandemean lan egiteak: “Bi izaterakoan, helburua ez da ‘nire’ filma egitea, puntu egoista hori kendu egiten duzu gainetik, pelikula bera da garrantzia duena, eta erabaki guztiak dira filma hobetzeko, ez niri gustatzen zaidana egiteko”. Berdin pentsatzen du Jon Garañok, Jose Mari Goenagarekin 80 egunean zuzendu duen zinegileak: “Momentu oso frustranteak daude, nahi duzuna ezin delako beti egin eta desadostasunak dauden uneak txokanteak dira gainerakoentzat, bi zuzendariak ero moduan diskutitzen, kar, kar, kar. Baina ona da, eta zure ideia besteak zalantzan jartzen duenean hausnartzeko balio behar du”.