564 Zenbakia 2011-01-28 / 2011-02-04
Nola testu bat berridatzia izan daiteke, beste hizkuntza batera itzulia edo egokitua, zein irizpideren arabera? Zein da idazlearen edo itzultzailearen tokia aldaketa horietan? Zein harreman du jatorrizko testuaren idazleak bukaerako testuaren irakurlearekin? Galdera horiei erantzunak aurkitzeko gogoarekin eta itzulpengintzarentzat interes berezi batekin, lan hori testuen arteko harremanen inguruko gai baten ikertzeko xedez idatzi dut. Hiru uhainak ipuina irakurri ondotik, euskaraz, Daniela Albizuk (Pilotte ezkontizenaz izenpetua) idatzia. Itzulpen baten bidez euskaratua izan zela jakinik, euskal toponimoak dituen testu hori nolaz itzulpen baten bidez euskaraz irakur daitekeen jakiteko gutizia sortu zait, testu honen jatorriaren eta testuetan zehar izan duen migrazioaren aztertzeko xedea piztuz.
Marizulo kobazuloa Txindokin.
Argazkia: Pello Lopez.
Horregatik, tituluan hiru uhinen aipamena egiten duten testuen biltzeko erabakia harturik, ipuinaren eitea duten narrazio zenbait titulurik gabeak izanik ere. Hautatu ditudan ipuinen bertsioek haien hizkuntzaren edo hizkeraren arabera izen ezberdinak dituzte, hiru hizkuntzatan izendatuak izan baitira : zaharrena, “Las tres olas”, ondotik, “Les trois vagues” eta euskaraz azkenik, “Hiru uhainak”, “Hiru uhinak” eta “Hiru olatuak”. Bertsio horiek liburutegi frankotan (Baionako Euskal Erakustokiko liburutegian, Baionako Herriko Liburutegian, Baionako Florence Delay liburutegian eta Uztaritzeko Ikas euskal pedagogia zerbitzuko liburutegian), haien ezagutzak eskaini dizkidaten Daniela Albizuren, Koldo Amestoyen eta Claude Labaten dokumentu eta obra pertsonaletan edota interneteko obren eskuratzeko salerosketa web guneetan saltzaile pribatuen bigarren eskuko obrak eta obra digitalizatuak proposatzen dituen Google Books web gunean bilaketak eginez. Gazteleraz, frantsesez, euskaraz eta ingelesez Hiru uhinak titulua duten liburuak, eskuizkribuak eta interneteko iturriak kontsultatu ditut horrez gain. Ipuin bildumen kapituluen izenenetan, mitologiari buruzko liburuetan aipamenak xerkatu ditut, idatziz, baita ere ahozko kontaketaren etsenpluak bilatuz, Europako argitalpenetara mugatuz. Bilketaren hedadura zabaldu dut gaitzat ipuineko pertsonaiak edo ingurumena dituzten obra franko kontsultatu dut ere, hala nola, sorginak, laminak, arrantzaleak edo itsasoa aipagai dituzten obrak. Hiru uhinak bi ikuskizunetan kontatua izan zela jakinik eta horiei buruzko informazioen eskuratzeko, ikuskizunen sortzailearekin elkarrizketa bat egina izan da, Koldo Amestoy, 2010ko maiatzaren 10ean. Ipuinaren biltzea ez dut genero bati mugatu, gehienetan ipuinek narrazio baten forma baldin badute, beste genero batzuetan agertu baita, hala nola, operan. Euskarazko, frantsesezko edo gaztelerazko bertsioak aurkitu ditut, baina ingelesezkorik ez. Orotara, ene lanaren 2. tomoa osatzen duten 26 bertsio ezberdin aurkituak izan dira, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez.
Gure ikerketa galdera hauetan zentratu da : Hiru uhinak-en bertsio guziak euskal tradizioko ipuin bakar bat ote dira eta ahozko literaturarekin zein lotura badute? Ala ipuina honen idazleek eta obren argitaratzaileek berridazketaren, itzulpenaren eta obren aurkezpen eraiki baten bidez euskal ipuin bezala aurkeztu dute?
Aurkitu dudan Hiru uhinak ipuinaren bertsio zaharrenetik eratorriak diren hipertestuak (hots, beste testu batetik eratorriak direnak) direnez aztertu dut eta migrazio horiek nola gertatu diren argitzea izan da helburuetarik bat, ipuinaren narrazioak, aipamenak, ikuskizunak baita ere opera kontutan hartuz. Bestetik, ipuinen harreraren bilakaera deskribatu da ere, hartzaileen arabera ipuinaren hizkuntzen bilakaeraren eta paratestualitatearen analisia eginez, landu dudan ipuinaren bertsioak irakurleen edo ikus-entzuleen arabera, nola aurkeztuak diren jakiteko xedearekin. Bestalde, ipuinak gure korpusaren arabera oralitatearekin zein lotura duen jakitea izan da beste helburuetarik bat.
Lehen zati batean, bertsio ezberdinek zein jatorri eta elkarren arteko lotura duten aztertzeko, ipuin bakoitzaren idazteko edo itzultzeko zein jatorrizko testutik abiatu diren xerkatu dut. Idazleek ipuinaren bertsioak ez dituzte baitezpada ipuin bezala aurkeztu, alegiazko kontakizunek izen ezberdinak ukan ditzaketelako idazleen arabera eta hizkuntzaren arabera. Bertsio zaharrena, gaztelerazkoa, eman dezagun, Tradiciones vasco-cantábras obran agertzen denez, “tradición” gisa definitua da. Ipuinaren izendatzeko erabili hitzen bariazio terminologikoak aipatu ditut, Hiru uhinak hizkuntzaren eta paratestuaren arabera zein kontakizun motatan sailkatzen duten zehaztuz (legenda, ipuina...). Ipuinaren narrazioen edo aipamenen arteko bariazioen aztertzeko, Gérard Genettek narrazioetan denboraren eta espazioaren tratamenduaren aztertzeko kontzeptuetan oinarritu naiz, Figures III kritika literarioko obrakoak. Narrazioen eiteen eta ezberdintasunen aztertzeko, alde batetik, narrazioen kronotopiaren (denborarena eta espazioarena, toponimoak eta denbora antolatzaileak orokorki aipatuz) eta, bestetik, pertsonaien izaeraren aurkezpen erkatu bat egin dut (heroiak, laguntzaileak eta etsaiak identifikatuz). Horrez gain, ipuinen morfologia aztertu dut, bertsio ezberdinetan Vladimir Proppek (Morphologie de conte obran) teorizatu pertsonaien 31 funtzioak xerkatuz eta molde sintetikoan azalduz. Morfologiaren aldetik, Proppek aipatu sekuentziaren kontzeptua eta ipuinetako motiboak (ipuinaren gaiak edo irudiak) konparatu ditut ere, ohartzeko pertsonaien funtzioak, motibo beraren bitartez agertzen direnez edo bi motibo ezberdinek funtzio bera adierazten dutenez. Horretarako, Natalia Mikhaïlovna Zaïkaren definizio batean oinarritu naiz.
Jean Beaudet-en ilustrazioa (1944). Contes et légendes du Pays Basque.
Bigarrenik, ipuinen narrazio idatzien eta aipamenen harreraren bilakaeraren analisiaren egiteko, bertsioetako hizkuntza ezberdinen tokia deskribatua izan da. Horretarako, pertsonaien izenen jatorriak aztertu ditut, Euskal Onomastikaren Datutegiaren kontsultaren bidez eta Charles Videgainen euskal izenei buruzko Izendegian oinarrituz. Euskararen ezaugarri dialektologikoen aztertzeko, Euskara Batuaren eta euskalkien ezaugarriak aztertu ditut, Orotariko Euskal Hiztegia-n eta nafar-lapurteraren ezaugarrien ikertzeko Koldo Zuazoren euskalkien azterketetan (Euskalkiak : euskararen dialektoak), Pierre Laffitte Grammaire basque (Navarro-labourdin littéraire) eta Pedro de Irizarren Morfología del verbo labortano lanetan oinarrituz, irakurlego potentzialei buruzko hipotesien egiteko. Ipuinen bertsioak euskal ipuinak direla kontsideratu dut soilik euskaraz idatziak baldin badira. Bestalde, ipuinen paratestualitatea, aztertu dut, Gérard Genetten Seuils obran teorizatua eta Hiru uhinak ipuinaren narrazioa duten obren peritestua (testuaren ingurukoak, tituluak edo oin-oharrak bezala) : obren tituluak, estaliak, aitzinsolasak, aurkezpenak, oin-oharrak eta ikonografia. Paratestuaren beste elementuek Hiru uhinak-en epitestua (liburuaren inguruko honen aipamenak) osatzen dute eta kategoria horretako paratestua ez da aztertua izan, salbu Hiru uhainak ipuinaldia eta Bilintx ikuskizunen inguruko dokumentuak (aurkezpen txosten edo liburuxka, ikuskizun baten kontaketaren testua, prentsako artikulu bat), ikuskizunen epitestu gisa kontsideratzen ahal genituzkeelako, obra idatziak ez badira ere. Charles Bordesen Les trois vagues operaren harrera ez dut aztertu, ez baitzen argitaratua izan.
Hirugarrenik, aurkitu dudan 1866ko lehen obraren agerpenetik, Hiru uhinak ipuinaren kontaketak oralitatearekin ukan duen loturan zentratu naiz, Hiru uhainak ipuinaldia eta Bilintx kontalaritzako ikuskizunen kontakizunen eta taularatzearen sormen prozesuak aztertuz ; Koldo Amestoy kontalariak, hainbat taula gaineko eta inguruko parte hartzaileren laguntzarekin (taula zuzendari, musikari, kantari, argi antolatzaile, zizelkari, soinugile), Hiru uhinak ipuinaren kontaketa eta emanaldientzat eszena gaineko antolaketa nola egin zuen deskribatuko dut, kontalariak kontatu dizkidan xehetasunetatik eta dokumentuetatik abiatuz. Ikuskizunaren publikoaren ezaugarriak aztertuko ditut eta prentsako artikulu bat aipatu, Hiru uhainak ipuinaldia-ren emanaldi bat aipatzen duena. Ipuinaren eite duen José Miguel de Barandiaránen Obras Completas II obrako narrazio baten ahozko kontaketa prozesuaz informazioak eman zituen eta horien oralitatearen ezaugarriak aipatu ditut. Ene ondorioak ipuinen oralitateari eta idatziari lotu ezaugarriak aztertu zituen Nicole Belmonten Poétique du conte entseguan oinarrituak dira.
Hiru uhinak ipuinaren bertsio anitz aztertu dira lan honetan, gehienak bakarrik idatzizko literaturakoak. Bertsioen eta haratago Hiru uhinak ipuinaren jatorriaren definitzeko xedearekin bildu ditut. Eranskinetan, 1866 argitalpen urtetik 2004ko azken dokumentuaren artean, bertsio zaharrenak XIX. mendearen bigarren zatiaren XX. mendearen hastapenaren artean idatziak izan ziren. Aurkitua izan den lehen bertsioa gaztelerazkoa da, J. V. de Araquistainena eta bigarrena frantsesezkoa, Julien Vinsonena. Euskaraz bildu diren lehen bertsioak 1921koak dira, bi ipuin motz, J. M. de Barandiaránek bilduak. Gaineratiko bertsioei dagokienez, gehienak frantsesezkoak izan ziren, hamar obratan argitaratuak izan baitziren. Gaztelerazko narrazio guti aurkituak izan dira, “Hiru olatuak, Las tres olas” bakarrik, baina beste bertsioen aipamenak lortu ditut, hala nola, Leyendas de Euskal Herria obrakoa, Toti Martinez de Lezearena, eta Julien Vinsonen Folk-lore du Pays Basque obra gazteleratua. Lehenik Pragan argitaratua izan zen frantsesezko bertsio bat aurkitu dut, segur aski txekieratik itzulia. Iturri eskasagatik itzulpenen eta sorburu testuen arteko loturen analisia aski zehaztugabea gelditzen da. Argitaratua izan zen bigarren euskarazko bertsioa 1979koa da eta, ondotik, berriz euskarazko zazpi bertsio argitaratuak izan ziren, 2002 arte.
Hiru uhinak, batez ere, ipuin bildumetan agertu zen narrazio gisa. Bestalde, bi liburutan ipuin hori baizik ez da kontatua, bat euskarazkoa, Hiru uhainak eta bestea frantsesezkoa, Les trois vagues : un conte basque. Eranskinetan, ipuina narrazio osorik gabe laburbiltzen duen pasarte bat aurkitua izan da, José Duesoren Mitos, leyendas y costumbres I obran. Bertsio batzuk ez ziren argitaratuak izan, Charles Bordesen Les trois vagues opera bukatugabea eta dokumentu numeriko pertsonal bat, Daniela Albizurena, Hiru uhainak, Las tres olas, Les trois vagues, J. V. de Araquistainen eta Julien Vinson bertsioak biltzen dituena, Hiru uhainak obraren bertsio batekin, doi bat aldatua. Bestalde, Hiru uhinak ipuina bi kontalaritzako ikuskizunetan kontatua izan zen, korpuseko bi idatzizko bertsio oinarritzat harturik.
Ipuinen morfologia propiarra aztertuz, bertsioen arteko bariazioak badira ere, gehienek oinarri bertsu bat badutela ohartu naiz, ipuinaren sekuentzia bati dagokionez, hala ere, motibo ezberdinen bitartez kontaturik usu. Bestalde, bertsio zaharrenaren zati bat bestalde bi narraziotan ipuin beregain gisa aurkitua izan da, ipuinen denboraren eta espazioaren tratamenduan bariazioak baldin badira ere, gehienak Euskal Herrian kokatzen dira eta bertsio gehienak ez dira historikoki kokatuak.
Hiru uhinak ipuinaren bertsioen aniztasunaren aitzinean, oharpen franko egin ahal izan ditut obren testuartekotasunari buruz.
Alde batetik, bertsio anitz J. V. de Araquistainen “Las tres olas” ipuinaren hipertestuak dira, lotura zuzena edo zeharkakoa baitute hipotestu horrekin, itzulpenen edo konpilazioen bitartez : euskaratua izan zen (Lukas Dorronsoren lanean) edo Julien Vinsonen frantsesezko itzulpenaren bitartez ezagutua ; Julien Vinsonen ipuina gazteleraz itzulia izan zen eta euskaratua ere bai. Horrez gain, hiru obratan Julien Vinsonen bertsioarekin eiteak aurkitu ditut, haren bertsioaren egokitzapenak egin dituztela pentsaraz dezaketenak. Gainera, bertsio hori hitzez hitz hartu duten hiru bilduma aurkitu ditut. Orotara, itzulpenaren bitartez 1866ko “Las tres olas” hipotestuarekin hamar bertsiok lotura hurbil edo zeharkako bat dute. Bestetik, lotura bakanak argiak dira beste bertsio batzuen artean, Michel Cosemen frantsesezko “Les trois vagues” bertsioa Sabin Berruetabeñak euskaratua izan baitzen. 1998ko “Hiru olatuak” 1996ko frantsesezko bertsioaren hipertestu bezala kontsidera daiteke.
Aipatu behar da hala ere, obretan iturrien aurkitzeko denbora eskasagatik batetik, eta ipuinen erreferentzia bibliografiko eskasagatik bestetik, Hiru uhinak ipuinak testuetan zehar izan duen migrazioaren aztertzeko mugatua izan naizela, zortzi narrazioren edo operaren testuaren iturriak ezezagunak gelditu baitzaizkit. Orduan, argi gelditzen da bertsio guzien iturrien azterketa sakondu beharko litzatekeela.
Ipuinaren bertsio ezberdinen harreraren bilakaera garrantzitsua eta adierazgarria da, bi faktorek baldintzatua : idazketa hizkuntzek eta obren aurkezpenak, irakurlego ezberdinak hunki baitzitzaketen. Aurkitu bertsioak hiru hizkuntzatan argitaratuak izan dira, hizkuntza bakoitzaren erabilpena garaiaren arabera aldatuz, XX. mendeko bigarren zatiko bertsioak ele-hirutan argitaratuak izanik ere (gazteleraz 1866tik 1988 arte, frantsesez 1883tik 2002 arte eta euskaraz 1921tik 2002 arte). Lehenik, gaztelerazko irakurlego bat hunki ahal izan zuen, ez bakarrik Espainiakoa, baizik eta Hego Amerikakoa ere, ondotik frankofonoa, Frantziaren eremuko irakurlego bati zuzenduak izanez. Azkenik, euskaraz irakurtzeko gisan idatzi izan zen, bertsio gehienetako euskara (Daniela Albizuren 1979ko Hiru uhainak bertsioa salbu, euskal bertsio gisa ezaguna izan zen lehena) euskararen eremuko hegoaldeko hiztunen hizkerari egokitua izanki hiztegiaren aldetik, Euskara Batuko ezaugarriak izanik ere. Euskararen erabilpenak obren arteko loturei buruzko pistak eman dizkigu, adibidez, Araquistainen eta Panneelen ipuinen arteko eiteak eta Panneelen eta Société Régionale des basques d’Alger-ek agertu bertsioaren artekoan agerian emanez.
Obren paratestualitatearen azterketaren bidez, Hiru uhinak, gehienik, publiko zabalari zuzendu obra batzuetan argitaratua izan zela pentsatzen dut, ñabardura batzuekin. Obren eta beraz, Hiru uhinak-en aurkezpena garaien eta harreraren arabera ezberdina da. Bertsio zaharrenak XIX. mende bukaerako eta XX. mende hastapeneko folklorismoaren mugimenduari interesatzen zaion irakurlego bati zuzenduak dira, helburu kultural, politiko edo zientifikoak dituztenak.
Publiko zabalarendako bulgarizazio bildumak aipa daitezke bestetik, ipuinak publiko egin ahala zabalari eta adin guzietakoari zuzentzeko helburua dutenak, eta, bestalde, obra tematikoak, gai berezi baten inguruko ipuinak agertzen dituztenak.
Obra bakan batzuk irakurlego berezi batentzat idatziak izan ziren, Haur eta Gazte Literaturakoan hain zuzen. 1944tik goiti, obren apainketari kasu gehiago egin zaio, obren aurkezpenari, liburuen azalak gero eta gehiago apainduz eta barneko ilustrazioei eta argazkiei garrantzia gehiago emanez. Hiru uhinak obren arabera jatorri ezberdinetako ipuin bezala agertzen da, argitalpen gehienek Euskal Herrian kokatzen badute ere, usu ipuinaren ahozko transmisioa aipatuz. Aurkezpen moldeek ipuin tradizional eta antzinako bezala erakusten dute.
Hiru uhinak-en bertsio bakan batzuek ahozko interpretazioari erreferentzia egiten diote. José Miguel de Barandiaránen Eusko-Folklore agerkariarentzat 1921an bildu ipuin batek ahozko kontaketa bat bildua izan zelako xehetasunak ematen ditu. Ondotik, egin diren Hiru uhinak ipuinaren ahozko kontaketak sorkuntza berri batzuetan agertu ziren, Koldo Amestoyek bertsio batzuk idatzizko tradiziotik berriz oralitatera pasaraziz, ipuinak girotuz beste adierazpen moldeei esker (musika, kantua, eszenografia). Kontalariaren ahozko tradizioaren transmititzaile bat izan ordez, Hiru uhinak liburuetatik aterarazi zuen ikus-entzulego bati ezagutarazteko edo gogorarazteko.
Aurkitu bertsioen obren aurkezpenak usu ipuinaren jatorria iradokitzen du, baina jatorri hori eraikuntza bat da eta ipuinen erreferentzia bibliografikoak edo ahozkoak eskasak dudan jartzen ahal du. Aurkitu dudan bertsio zaharrena J. V. de Araquistain idazleak, besteak beste, Euskal Herriko ipuin bezala aurkezten du, baina ez du ipuinaren bilketaren egoeraren berri ematen. Euskal tradizioko ipuin gisa kontsideratzen duten bertsioek eraikuntza baten bidez jatorri euskalduneko obra bezala erakusten dute.
Hiru uhinak idatzizko transmisio baten bidez ezagutzen den ipuina da batez ere, idazleek idatzi, itzuli eta berridatzi zutena. Ipuinaren bertsioek idazleak dituzte, ahozko kontalaria ere idazle izanez. Denek ipuina finkatu zuten eta idatzizko sorkuntzaren bidez aldarazi, ondotik, oralitatean berriz interpretatu ahal izan bada ere.
“L’écriture fait du conte un texte définitif, alors que, raconté oralement, il n’est jamais le même, puisqu’il ne peut être mémorisé mot à mot.” (Belmont, Poétique du conte)
Orduan, Hiru uhinak, bertsioen garaiaren eta haien arteko loturen arabera, Vladimir Proppek garatu funtzioen arabera, ezaugarri linguistikoen eta paratestualen arabera, euskal ipuina izatea dudan eman daiteke. Gure korpuseko testuetan oinarrituz bere jatorria ez da ezaguna, hain zuzen aurkitu ipuinaren bertsio zaharrena ez baita euskaraz idatzia izan. Euskal Herriko ipuina dela zalantzan eman daiteke, ez baita bakarrik Euskal Herriko ipuin gisa aurkeztua izan, Veneziako eta Norvegiakoa bezala aurkeztu bertsioak aurkituak izan baitira ere. Baina obra horiek ipuinaren jatorriari buruz ez digute informazio zehatzik ematen. Ipuina tradizio europar batekoa dela frogatzeko, ipuinaren beste bertsioak bilatu beharko lirateke autoreen erreferentzia bibliografiko zehatzetan baizik ez fidatuz.